Elkarrizketak

«Igelak bere horretan segituko du, buruargi: kultura murtxikatu gabea edonorentzat eskuragarri»

Asteartea, 2021-02-09

2020ak haize berriak ekarri zituen Igela argitaletxera; Lander Majuelorekin hitz egin dugu: bera da etxeko editore berria. Irudian: Majuelo eta Fernando Rey, Odolik gabe liburuaren aurkezpenean; argitaletxeak utzia.

«Igelak bere horretan segituko du, buruargi: kultura murtxikatu gabea edonorentzat eskuragarri»

2020ak haize berriak ekarri zituen Igela argitaletxera. Aurrez ikusi gabeko koloreak ikusi genituen udazkeneko argitalpenen azaletan: Odolik gabe (Alessandro Baricco; itzultzailea: Fernando Rey); Sherlock Holmesen abenturak (Arthur Conan Doyle; itzultzailea: Fernando Rey) eta Hilketa lokartua (Agatha Christie; itzultzailea: Xabier Aristegieta). Uberanera bidalitako mezuek, berriz, sinadura berri bat zekarten: Lander Majuelo. Udan hasi zen editore gisa lanean, eta prestu erantzun ditu gure galderak.

Igelako editore berria zara, nola joan da aterrizajea eta lehen lan hilabeteak?

Oso hilabete biziak izan dira. Urte batzuk kanpoan egon eta gero, Euskal Herrira itzuli eta Igelan sartu naiz buru-belarri. Editore lana ezin da liburuetan ikasi, ofizio soziala da. Hor nik sekulako laguntza dut egunerokoan, Xabier Olarra eta Fernando Rey alboan izanda. Galdetu eta entzun ostean errazagoa da erabakiak hartzea. Ederra da ere hiri berean bizi diren beste editore gazteekin lankidetzan aritzea, Garazi [Arrula], Hedoi [Etxarte]... Baita inguruko lagun askoren laguntza, arrebarena bereziki [Irati Majuelo, itzultzailea eta literatura kritikaria].

Zer aldatuko da eta zerk iraungo du Igela proiektuan orain?

Igelak bere horretan segiko du, buruargi. Soilik itzulpenak eta soilik euskaraz argitaratzen jarraituko dugu, literatur lanen balioa eta itzulpenen kalitatea ardatz hartuta. Kultura murtxikatu gabea edonorentzat eskuragarri. Igelak duen altxor nagusia bere katalogoa da. Bere itzulpenen maila. Sekulakoa da 33 urtetan lortu dena. Argitaletxe ttikia da Igela, baina duina. Hori da, nik uste, bidea. Dugun irakurlegoa aparta da, oso abila, eskertzen du apustu zailak egin eta euskarara ekartzea. Lan asko beharko da, baina eutsiko diogu.

Zer-nolako balantzea egiten duzue 2020az?

Abuztuak batean hasi nintzen lanean. Ez gara gelditu. Niretzat Igelan inprobisatu gabe hastea garrantzitsua zen. Oinarriak jartzea ostera ongi lan egin ahal izateko. Orain artekoa ulertu, argi izan norantz jo nahi dugun aurrerantzean, apurka eraikitzen baita biharko eguna. Balantzea ona da, dagoen egoera ikusita. Nafarroako liburu azokan izan ginen, Durangokoa uste baino hobe joan zen. Hori bai, liburuaren sektorean datozen aldaketen aurrean hasi beharko genuke pentsatzen Euskal Herriko idazle, itzultzaile, ilustratzaile, liburudenda, inprenta, banatzaile eta argitaletxeek nola eginen diogun aurre egoerari. Hor ez da mugimendu handirik. Amazon geratzeko etorri da. Todos tus libros eta antzekoetan euskara apendize hutsa da. Berandu goaz, baina beti gaude gure beharren araberako tresnak sortzeko garaiz.

Itxura berriarekin aurkeztu dituzue azken argitalpenak. Ildo horretan jarraituko duzue aurrerantzean ere? Azalduko didazu zertan datzan?

Diseinua apur bat berritu nahi izan dugu, Igelaren betiko paper zuri eta izurra mantenduta. Itzulitako autore bakoitzaren azala ilustratzaile ezberdin batek eginen du, nahi dituen bi koloreak hautatu eta liburuaren azalera osoa lientzo gisa hartuta, erabateko askatasunez. Danel Agirrek egin ditu Bariccorenak. Datozen hiru azalak Oier Zuńigak, Miren Asiainek eta Leire Urbeltzek eginen dituzte. Idatzitakoaren eta marraztutakoaren artean sortzen den harremanaren bidez liburua bera goratzeko aukera da.

2021ean zer argitaratuko duzuen aurreratzerik bai?

Martxoan hiru berrargitalpen datoz: Natalia Ginzburgen Familiako lexikoa, Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina eta Alessandro Bariccoren Zeta. Udaberrian Pello Lizarraldek itzulitako Elio Vittoriniren Solasaldia Sizilian eta Agatha Christieren Orient Expresseko hilketaren berrargitalpena. Uda ostean, eta dena ongi badoa, Amaia Apalauzak itzulitako Ursula K. Le Guinen Munduaren izena, basoa (behin-behineko izenburua), eta Aitor Blancok itzulitako Sherlock Holmesen memoriak datoz. Urtea amaitu edo berria hasteko Karl Marxen Louis Bonaparteren Brumarioaren hemezortzia, ziurrenik nik itzulia, eta W.G. Sebalden Austerlitz, Idoia Santamariak itzulia, ditugu. Ea irakurleek atsegin dituzuen!

Albiste honen uberan

«Esango nuke badela jendea guk itzultzen ditugun liburuak gaztelaniaz irakurtzen dituena» (Elkarrizketa Xabier Olarrari)

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)