Elkarrizketak

Irati Jimenezekin solasean

Idazleek idazteari buruz idatzitakoak dira "Aiztoa eta arkatza" liburuaren ardatza

 

Ostirala, 2013-11-15

Idazleek idazteari buruz idatzitakoak dira Irati Jimenezek apailatu duen Aiztoa eta arkatza: idazteari buruzko idazleen aholkuak (Autolaguntza gida) liburuaren ardatza. Antton Olariagak egin dituen hainbat idazleren erretratuek osatzen dute lanaren bizkarrezurra eta Harkaitz Canoren hitzaurreak zabaldu dizkigu liburuaren ateak. Ironiaz, autoironiaz, idazletzarekiko maitasunez.

Irati Jimenezekin solasean

Tituluaz, auto-ironiaz

Idazleek idazleentzat idazteari buruz idatziak, horiek dakartza Aiztoa eta arkatza liburuak. Norentzat sortu duzu zuk liburua? Nola irakurri beharko luke idazten ez duenak?

Idazten ez dutenak... oso gutxi dira! Idazle profesionalak ez dira asko. Edo idazle argitaratuak. Baina idatzi nork ez du idazten eta ia egunero, gainera? Auzokideen presidente denak akta egin behar du eta enpresan dagoenak bilera baterako txostena eta ligatu nahi duenak email beroa edo wasap gordina. Hitzekin denok egin behar izaten dugu dantza, tarteka edo sarri. Idazleentzat sortu dut, beraz. Baina zentzu zabalean. Harkaitz Canok hitzaurrean erabiltzen duen hitza lapurtuta, idazkurleentzat. Baita idazleen neurosiei barre egin nahi dutenentzat ere. Eta edozein sorkuntza prozesutan edo antzekoetan gozatu eta frustratu direnentzat. Niretzat, beharbada!

Autolaguntza liburuen beharrean izaten dira idazleak? Egon zara zu inoiz?

Laguntza beharrean izaten gara, bai, nik uste. Eta nor ez? Eta laguntzarik mesedegarriena autolaguntza izaten da askotan. Balio duen bakarra, guk ez badugu laguntza nahi edo bilatu edo eskatzen oparitzen digutenak gutxi balio baitu, azken batean. Ni neu behin baino gehiagotan ibili naiz aiztoa eskuan, hitzak moztu beharrean neure burua zauritzen.

Ironia suma daiteke hautaketa honetarako aukeratu duzun tituluan bertan. Eta kontrakoa irudi lezakeen arren idazleen pasarteetan ere, hauek emandako idazteko instrukzioetan, ironia eta are autoironia dira sarritan nagusi. Ironian datza funtsean idazleak bere buruarekiko eta lanarekiko behar duen ezinbesteko distantzia?

Ironiaz, maitasunez baina zintzo eta zorrotz norbere buruari barre egitea ez dakit idazteko ezinbestekoa ote den, baina laguntza ederra da. Idazteko eta beste mila gauzatarako. Idazteko ezintasunak askotan etortzen dira idaztea bera serioegi hartzetik. Nik neuk askoz erosoago, gusturago eta maizago idatzi izan dut nire haurrari eskutik helduta idatzi dudanean, jolasean ari naizela gogoratu dudanean. Hitzekin, jakina, baina neure buruarekin, bereziki.

Izaki kontraesankorrak dira idazleak, eta oro har artistak. Autoironiaz mintzo zaizkigu, baina ostera etengabe dabil gainean hegaka Egoaren mamua... etsai edo aliatu?

Norbere burua aliatu izan behar da. Edo hobe esanda, geure buruarekin aliatuta pozago bizi gara. Horrela ulertuta egoa lagun da idazlearentzat. Egoak garamatza horrenbeste idatzi den mundu batean ezer ez dagoela idatzita sentitzera, mundu osoa kontatzeko geratzen dela eta kontakizun horren parte izatera. Eta egoak garamatza geure egia ezagutzera eta zintzo kontatzera. Asko gustatzen zait Ray Bradburyren aholkua: entrenatu zure egia kontatzeko aski erlaxatuta egon arte. Egoak galtzera ere eraman gaitzake, jakina, mundutik aldentzera. Eta etsai bihurtu, zigor, oztopo.

Ez dakit beste arte diziplinetako artistek hainbeste egiten ote duten gogoeta haien lanari buruz haien lanaren bitartez. Idazlea izaki bakartia da, literaturan ez dago apenas talde lanik; horrek gehiegi eragiten dio, idazlea atera beharko litzateke gehiago kalera? Agian bere eta bere lanaren auto-garrantzia neurtu egingo luke?

Sano barregarria da, nire ustez, idazleek idazketa prozesuaz horrenbeste idaztea. Miresten ditut idazteaz gain beste sormen lanik egiten duten idazleak, beste komunikatzeko tresna baliagarriak aurkitzen dituztenak. Liburuan badira batzuk, Henry Miller pintorea zen, adibidez. Baina idazle gehienek intimitatea ulertzeko idazketa dute tresna nagusi. Hala ere, erreibindikatu nahiko nuke liburuak ez dituztela idazleek bakarrik egiten. Diseinatzaileek ere egiten dituzte, maketatzaileek, zuzentzaileek eta editoreek, besteak beste. Konturatuta ala konturatu gabe jendez inguratuta bizi gara eta elkarlana egon badago.

(George Orwell).

Hautaketaz

Nola egin duzu egileen hautaketa, zein irizpideren arabera?

Aukera apetatsua izan da, erabat. Ez du asmo entziklopedikorik, nahiz eta galdetu nuen zenbait idazle eta editoreren artean, ez nuelako nahi liburua argitaratu eta bi astera gustuko zerbait aurkitu eta guztiz amorratu. Hasierako idazleak, Elmore Leonard eta Billy Wilder, bidean aurkitu nituen, gustuko irakurketen bidez. Gero Orwell, Mikel Soto editorearekin hizketan eta hortik tiraka ibili naiz. Idazle anglosaxoietarako joera dut baina saiatu naiz zabalago begiratzen, garai desberdinetakoak bilatzen, fikziozko literatura soilik egin ez dutenak aurkitzen, emakumeen begirada oso kontutan hartzen... apetatsua baina ganorazkoa egiten.

Liburuaren bila joan zara, edo zure ibilbidean zehar topatutakoen (nork ez du azpimarratu inoiz liburu bat!) nolabaiteko bilduma da?

Nik ia liburu guztiak azpimarratzen ditut, egia esan! Esaldi ehizan ibiltzen naiz. Eta esan dudan moduan horrek eraman ninduen hasierako idazleetara eta liburuaren bukaeran jasotzen diren aipuetara. Gero editoreak eman zidan liburuaren ideia. Berak ikusi zuen nik baino lehen esku artean liburu baterako materiala izan nezakeela.

Hautatutakoen artean idazle “handien” zakuan sartu ohi diren izen klasikoak topatu ditugu, baina baita ere sartu ohi ez direnak, literatura fantastikoa edo zineari loturikoak kasu batzuetan. Zure irakurketen isla da, edo nahita bilatutako zerbait?

Nire irakurketen isla, batetik. Eta hala-holako heterodoxia baten bindikapena ere bai, nik uste. Idazlearen desmitifikaziorako tresna gehiago ditu horrela liburuak, ez? Idaztearen ikuspegi zabala eman nahi nuen, idazle gu guztiok garelako eta horregatik dago publizista bat -David Ogilvy- eta zine gidoilari bat -Billy Wilder- eta kazetari batzuk eta izen txarra izan duten generoetan aritu diren batzuk, Stephen King edo Ray Bradbury, kasu.

Zeren arabera ordenatu dituzu liburuan?

Antton Olariagaren marrazki ederrek jarri diote bizkarrezurra liburuari. Zerrenda bat pasa genion, idazle klasiko zein berriagoena, gizon eta emakumeena eta marrazkien ondotik ordenatu ditugu idazleak. Baina egitura irekia du liburuak, edonondik hasi eta buka liteke.

Ez dugu bertan egile euskaldunik topatu, bertakook ez dugu besteak laguntzeko lanik hartzen?

Edo lotsa ematen digu inori zer egin beharko lukeen esateak! Ohitura kontua izango da. Anglosaxoiek gu baino tradizio luzeagoa dute idazteko tailerrak egiten, eskuliburuak, arauak eta horrelakoak osatzen, beharbada. Merkatu bat ere badute eskura, gurea baino askoz zabalagoa, profesionalizazioa errazten duena, balizko audientziaren tamainagatik baino ez bada. Eta horrek ere eragina izan dezake.

(Virginia Woolf).

Edukietatik tiraka

Topatu dituzu puntu komunak, harritu egin zaitu uneren batean horrek? Bestela, zeintzuk lirateke hauetan guztietan elkarrengandik gehien urruntzen diren gomendio edo jarrerak?

Richard Fordek "ez umerik ekarri" dio, borobil. Baina Helen Dunmorek dio umeek ez diotela kalterik ekartzen idazketari. Zadie Smithek dio umetan irakurri eta irakurri, besterik ez dela egin behar. Stephen Kingek, ostera, idazketa ez dela bizitzaren zentroan egon behar, albo batean baino, bizitzak eusten diolako idazteari eta ez alderantziz. Badira kontraesanak eta badute edertasunik, nire ustez, munduaren zabalera erakusten duten neurrian, baita barne munduarena ere.

Liburuaren amaieran lau aparteko bildu dituzu aipu txikiekin, gai “mitiko” inguruan: inspirazioa, blokeoa, estiloa, kritika. Deigarria egin zait kritikoen rola nahiko gaizki geratzen dela, haientzat direla liburuko eztenik zorrotzenak. Idazleen Egoaren autodefentsa adierazpenak dira ezten horiek, edo daukan funtzioari dagokionez zinez ezbaian den kritikoaren rolaren isla?

Badira idazle batzuk kritikaren funtzioa goresten dutenak baina gutxiengoa dira. Gehienek aiztoa orduan zorrozten dute gehien, vendettaren unea iristen zaienean. Autodefentsa moduan irakurtzen ditut nik neuk. Kritiko eta idazleen artean harremana gaiztotuta dagoela adierazten dute baina horrek ez luke zertan txarra izan behar. Alde bien independentzia bermatzen du, parte batera. Eta kritikoek beti egin dezakete idazleen ego hauskor eta miseriei buruzko liburua mendekua nahi badute. Ez zaie mehea aterako!

Sarritan aipatzen den beste arau bat, Canok berak hitzaurrean nabarmentzen duenez: Edozein esku-liburutako lehen araua horixe baita: “Ez men egin eskuliburuan agertzen diren arau guztiei”. Nortasuna eduki beharra dago bide maiztuari uko egiteko. Hori da estreinako pausoa idazle ona izateko. Formula definitibo bat topatzea baino, nonbaitetik abiatzea ote kontua?

Bai, horretan nago. Beldurraren beldur gara sarri askotan. Eta ez dago paralisirako pasaporte hoberik. Behin hasten zarenean, bidean aurrera oztopoak aurkitzen dituzu, bai. Baina benetakoak, errealagoak. Hasi baino lehen, ostera, abstrakzioen beldur zara, ikararen ikara duzu eta hori terriblea da eta guztiz inproduktiboa.

Asko ikasten da zeure buruari buruz, betetzeko gai izango ote zaren ez dakizun arau zerrendak egiten dituzunean. Baina kontuz, autopotreta bat egitea litzateke hori, eta zeure burua karikaturagilearen begi-puntuan jartzea dio Canok. Egin duzu zuk inoiz, Irati, dekalogo modukoren bat?

Ez, ez dut egin. Neure buruari aholkuak eman dizkiot, maiz. Ezinduta edo arazoekin sentitzen zarenean egiten dugun moduan. Baina ez dut dekalogorik osatu. Ezer esatekotan zera esango nuke "egin nahi baduzu eta ezin baduzu bilatu ahal izateko moduren bat, eskubidea duzu, merezi duzu eta eskertuko duzu".

(Harkaitz Cano).

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)