Elkarrizketak

Jon Ariza De Migueli elkarrizketa

Ostirala, 2017-11-10

Lehen nobelan (Ohe hotzak, 2016) bakardadeari buruzko gogoeta egin zuen. Bestelakoa da Haizeari begira (Elkar) nobela berriko tematika. Honakoan, ekin ala ez ekin, barne-borroka horri heldu nahi izan dio. "Protagonistak ez dauka argi zer den hobea: ekitea eta gauzak espero ez bezala irtetzeko arriskuari aurre egitea", Jon Arizak adierazi digunez. "Ala ez ekitea eta gerta zitekeena bere irudimenaren esku utzi, eta honezgero dena berak nahi izango zukeen bezala irtenaraztea”. 

Jon Ariza De Migueli elkarrizketa

Bi anaia dira nobelako protagonistak. Bakoitza toki ezberdin batean bizi da. Asteburu bat elkarrekin igarotzea erabaki dute eta hirugarren toki batean elkartuko dira. Bien izaerak ezberdinak dira. Batek hirira joko du etengabe. Bestea hotelean geratuko da. Kanpora abiatu ala bertan goxo. Ekin ala ez ekin. Funtsean, hor dago nobelaren koxka nagusia, ezta?

Hala da, ekin ala ez ekin, edo zehatzago esanda, hautua egin beharraren aurrean aukera baten edo bestearen alde dauden abantaila eta desabantailen arteko alderaketa. Protagonistak ez dauka argi zer den hobea: ekitea eta gauzak espero ez bezala irtetzeko arriskuari aurre egitea, ala ez ekitea eta gerta zitekeena bere irudimenaren esku utzi, eta honezgero dena berak nahi izango zukeen bezala “irtenaraztea”. Bere izaerarengan irudimenak botere nahikoa baldin badu, hau nahikoa izango zaio bilatzen duen zoriontasun hura jasotzeko; irudimenak indarrik ez badu, ekitearen bitartez baino ez du izango zoriontasun hura jasotzeko aukera.

Bigarrengo irakurraldi batean esan daiteke gaia ez dela ekitea ala ez ekitearen arteko hautua, irudimenari eta irudimenari bakarrik zoriontasuna ekartzeko eskuduntza ematea, baizik.

Hotelaren pareko etxean, emakume bat agertuko da leiho batean. Eta horrek guztiz baldintzatuko du Atreoren aldartea, Atreoren asteburua eta baita Atreoren hoteleko egonaldia bera ere. Atreoren obsesio bilakatuko da emakume hori. Nobela amaierara iritsi arte, itxuraz behintzat, ez da ezer berezirik gertatuko. Mamiari dagokionez, ez dago gauza handirik kontatzeko. Obsesio horren kontakizunean dago narrazioaren muina, ezta?

Obsesioa deitu dezakegu bere ekintza guztiak honen inguruan biratzen hasten direlako, nahiz eta berak hala nahi izango ez zukeen. Bere gogoen kontrola kentzen dion obsesio honen aurrean pertsona jakin honek nola erreakzionatzen duen da muina: obsesioak, gogoeten muina den artean, ez duelako aparteko ezer, obsesio guztiak antzekoak direlako. Bere egoera jakin horretan obsesioak bultzatuta hartutako erabakiak eta hauen ondorioak dira muina, eta ondorio hauen aurrean hartutako bigarren erabakiak...

Atreoren ikuspuntua gailentzen da. Berea da ahots narratiboa. Bere hausnarketak, zalantzak, oroitzapenak, ametsak, eldarnioak... dira nagusi. Zentzu horretan, bere barne-gogoeten kaiera modukoa da nobela. Barne mundu baten isla den aldetik, horregatik du hain elkarrizketa gutxi?

Ez dakit elkarrizketa gutxi dauden, ez dakit bizitzan horrenbeste elkarrizketa ditugun, ala gure buruekin izaten ditugun elkarrizketa gehienak. Saiatu naiz errealitatetik gertu idazten, tenpo eta abiadurak ahalik eta errealen –ahalik eta gaur egungo zinematik urrunduen– isladatzen. Aukera al dauka pertsonaia honek gehiago hitz egiteko, denbora gehiena bakarrik igarotzen badu? Jendearekin balego ere, bere denbora guztiaren parte handiak benetan hartuko al lituzkete elkarrizketek, barne gogoetek baino? Ez dut uste, eta barne mundu hau aberatsa denean –edo nahi gabe bada ere, asko pentsatzera bultzatzen badu aipaturiko obsesio hark– pentsakor egongo da pertsonaia, eta hauxe da pentsakor izatea: barne elkarrizketek aurre hartzea.

Protagonistaren barne-gogoeten erakusgarri den aldetik, erritmo jakin bat du nobelak. Ez dago gorabehera handirik. Amaieran ordea, protagonista aztoratzen doan heinean, irakurketaren abiada ere bizkortu egiten da, ezta?

Hala da. Obsesioa kontrolatzen edo belaunetik behera zuten barne-trikimailuek balioa galtzen duten ahala barne bizitza lasai edo lasaitu horrek kanpoaldeko errealitatearekin egiten du talka, kanpoaldearenganako kontrol falta ezkutatzen zuen oihala urratzen da, eta ekintzak protagonistak gauzatu beharrean, “gertatzen zaizkio”, eta berriro ere errealitatearen gaineko kontrola berak ez duela ulertzen du. Horrekin bizitzera behartuta dago, edo gaude.

Tiestes eta Atreo, nobelako bi anaien ezizenak, greziar mitologiako bi biki dira. Atreoren emaztea Tiestesekin oheratzen zen. Atreok hau jakin zuenean, mendeku gisa, Tiestesen semeak hil zituen, sukaldatu eta Tiestesei afaltzeko atera, afalostean jakinaraziz egindakoa. Liburuko anaiak ere, neska batengatik haserretu ziren umetan. Hortik datozkie, hain zuzen, ezizenak. Liburuaren amaieran ikusiko dugun moduan, ez da anekdota huts bat izango. Krudeltasun puntu bat ere badu zure nobelak, ezta?

Arretaz begiratuta, krudeltasuna protagonistak berak ekarri dio bere buruari, bere hautuen ondorio da, bere inguruko inork ez baitu bera krudeltasunez edo zitalkeriz tratatu. Bere erreakzioetan ere ikus daiteke berak hau ere badakiela, ezin diola errua inori bota, inork ez diolako, ez nahita ez nahi barik, berari inolako kalterik erakarri. Berak sortutako egoeran baino ez dira kaltegarri bere inguruko ekintza edo gertakizun hauek, eta erneguz onartzen du hau; behintzat zuzentasunez jokatzen du, errua bere gain harturik, eta ez besteei botaz.

Pertsonaia izen mitologiko horiez gain, badira ex tempore har daitezkeen beste erreferentzia batzuk. XIX. mendeko teologia liburuen zale da Atreo. Sikiera, anaia du afizio horretan bidelagun. Afizioez, bidaiatzeaz, hiriez... Zer hausnartua ematen duten gaiak ere batu dituzu ezta?

Unibertso edo izadi jakin batean bizi dira bi hauek, berea zaien unibertsoa, elkarrekin daudenean behintzat, anaiei maiz gertatzen zaien bezala. Oporretan igarotako egun hauetatik at zer nolako bizimoduak dituzten ez dakigu, eta agian ere, garrantzirik ez dauka honek. Berriro ere barne bizitzari itzuliz, aberatsa dutela esan genezake, protagonistak behintzat, eta bizi diren errealitatetik nolabait urrunduta, irakurketetan, partekatzen dituzten gogoetetan. Eroso zaion hautazko mundu hau da inposatzen zaion kanpo errealitatearen aurrean duen izkilu bakarra, edo lubaki bakarra, eta norarteko balioa edo indarra duten da hotelean igarotako egun horietan frogatzen dena.

Anaien arteko harremana ez da lagun arteko berbera. Haserretuko gara anaiarekin, baina lotura afektiboak hor jarraituko du. Bestalde, ustez ondo ezagutzen dugun pertsona izanik, beti egon daiteke harrituko gaituen zerbait. Akaso horregatik da hain narratiboa anaien arteko hartu-emana?

Anaia-arrebek ondo ezagutzen dute elkar izaera definitzen dituzten urteak elkarrekin igaro ohi dituztelako: haurtzaroa, nerabearoa. Gerora bizitzok askotan bide ezberdinak hartzen dituzte eta lehen sekreturik ez zeukan pertsona horrek, anaiak, arrebak, bere kabuz esperientziak izaten hasten da, bere izaerarengan eragina dutenak, eta ordurarte ondo ezagutzen genuen pertsona horren ondo ezagutzen ez dugula ikusten dugu noizean behin, gugandik independiente den garapena hartu duela jabetzen gara; hau da harritzen gaituena. Hots, ez egiten duenak berez, horren harrigarria ez duena zertan izan behar, baizik eta gure ustez ondo ezagutzen genuen pertsonak espero ez genuena egiteak. Anaiaren izaeraren inguruko “aurkikuntzak” dira narratibotzat har daitezkeenak.

"Ez dut gaur idazten denaren berririk"

Ez dirudi zure egunerokoa denik zure inspirazio iturri. Selfie-literatura nagusi den garaian, zuk bestelako bidea hautatu duzula esan al daiteke? Ala ez da hautu hain kontzientea?

Egia esan behar badut, ez dut gaur idazten denaren berririk, eta ezin dut, beraz, gaur egungo literaturarekin alderaketarik egin. Hala ere, nire egunerokotasuna aspergarria denik esan gabe ere, ez dut uste eleberri baterako duina denik. Edo behintzat ez niri idazteko gogoak sortzeko beste.

Haizeari begira honek jasotako kritikoetako batek esan du ez duela liburua atsegin izan ezinezkoa izan zaiolako protagonistarekin identifikatzea, eta agian honek zerikusia dauka egungo literaturaren inguruan esan duzunarekin, baina nik ez nuke liburu bat honelako zeozerengatik epaituko. Maltzurra izan nahi banu, esan nezake irakurlearen arazoa dela protagonistaren tokian jartzen ez jakitea. Ez dut uste nire protagonista gaur egungo pertsonengandik urrutiago dagoenik Ignatius J. Reilly bat baino, Harry Flashman edo Demian bat baino, zeintzuekin zaila den identifikatzea. Eta ez dut uste inork esango zukeenik liburu horiek txarrak direnik honengatik (eta ez dut honekin nire lana bi horien aldamenean jarri nahi).

Nobelako pertsonaiek literatura klasikoa dute gustuko. Liburuaren hasieran eta amaieran batu dituzun aipuak ere, klasikotzat har daitezke. Zuk ere, irakurle gisa, garaikidea ez den literatura al duzu gustukoen?

Esan bezala, gaur egun idazten denaren berri ez daukat, eta literatura bat edo bestea gustukoen izateak alderatu egin direla esan nahi du. Nik ez dut garaikidea ez den literatura gustukoen, garaikidea ez dudalako ezagutzen, baina bai egia dela orain urte asko hautu bat egin nuela irakurriko nituzkeen liburuen inguruan. Hilda dauden idazleak hobetsi nituen, ziur egoteko irakurtzen ari nintzena ona zela berez, eta ez unean-uneko famaz jantzitako liburu ustezko onak. Agian, edo ziurrenik, honek moldatu ditu nik idatzitakoak. Idatzi den eta idazten den guztia ezin irakurri, denok aplikatzen dugu iragazkiren bat, eta hau da nik ditudan iragazkietako bat.

 “Nahi duenean agertzen da inspirazioa”

Oso denbora laburrean, urtebeteko epean, bi nobela plazaratu dituzu. Lehen nobelaren esperientzia zein neurritan izan zen bigarrena eraikitzeko baliogarri?

Lehenengo eleberriak irakatsi zidan gogo barik ez dakidala idazten, nire burua ez dakidala idaztera behartzen eta nire inspirazioa gobernatzen ez dakidala. Nahi duenean agertzen da, bisita laburrak eskainiz, eta etorri bezala alde egiten duela. Zorionez, idaztea denborapasa da niretzat, presiorik ez daukat. Bai ikasi dudala, halaber, inspirazioa bilatzea dagoela, eta toki eta egoera batzuetan errazago zaiola nigana heltzea. Errazago, kontu, ez du esan nahi topatuko dudanik.

Epeari buruz estatistikoki begira dezakegu: urtebetean eleberri bi atera, ala 38 urtetan eleberri bi baino ez?

Ba al duzu beste nobela baterako abipunturik buruan?

Nire gaur egungo egoerak ez dit aipaturiko inspirazioa topatzeko aukera askorik eskaintzen, nahiz eta bilatzen saiatzen naizen. Hirugarren liburu batentzat abiapuntua egon badago, baina bultzada handi baten beharrean daukat. Gerta daiteke gero bi egunetan bukatzea! Zorionez, esan bezala, idaztea ez da beharra niretzat: izaerak bere burua espresatzeko dituen bide askotako bat baino ez da, eta idatziz ezagutzera ematen ez bada, topatuko ditu –iraganean topatu dituen moduan- beste batzuk.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)