Elkarrizketak

Josune Muñozekin solasean

Literatur kritika feminista ez da bere benetako neurrian hartzenOstirala, 2015-04-10

Josune Muñoz (Bilbo, 1967). Euskal filologian lizentziatua eta genero-ikerketan aditua. 2004an SKOLASTIKA Literatur zerbitzuak sortu zuen Bilbon, emakumeen literaturan espezializaturiko kulturgunea. Hiru ikerlerro jorratu ditu: mendebaldeko emakumeen literaturaren historia (ahozko literaturan arreta berezia jarriz); Afrika, Asia eta Ekialde hurbileko emakumeen literatura; eta euskal emakumeen literatura. Edo! argitaletxeak berriki argitaratu duen Hain gutun luzea (Mariama Bâ/Jokin Otaegi) eleberriari hitzostea egin dio, eta horretaz eta beste hainbat konturi buruz jardun dugu berarekin solasean.

Josune Muñozekin solasean

Hain gutun luzea.

Mariama Bâ idazle senegaldarraren Hain gutun luzea argitaratu du Edo! argitaletxeak, Iokin Otaegiren itzulpenean. Zeuk idatzi duzu hitzostea, emakume afrikarrek idatzitako literatura landu duzunez.

Pozik al zaude emaitzarekin?

Oso pozik. Edo! argitaletxearekin kolaboratzen dugun guztiok pozik egiten dugu gure lana, borondatezko lana da eta bestela ez genuke egingo. Gure asmoa da euskal literatura aberastea eta honek ikaragarri aberasten du. Bazen garaia.

Batetik Iokinek asmatu egin du bere apustuarekin, alegia, liburua noka itzultzearekin, oso ondo islatzen baita lagunarteko konfiantza hori.

Hitzostean diozu orain arte kasik ez dela Afrikako emakumeek idatzitako literaturarik ekarri gurera. Lehen pauso bat izan daiteke? Itxaropentsu zaude?

Istorioa oso ondo irakurtzen da, segituan harrapatzen dira zer-nolako baloreak dituen, irakurri ahala, eta konturatzen zara goi-mailako literatura dela. Espero dut oihartzun-efektu bat egin dezakeela eta emakume afrikarren testu gehiago ekartzera animatuko garela. Bai, konfiantza handia daukat liburu honek ekar dezakeenean.

Afrikako emakumeek idatzitako literatura ezagutzen hasteko obra aproposa dela diozu.

Hori izan zen gure oinarrizko irizpidea: irakurterraza, esanguratsua, azpimarragarria izan zedila; klasiko bat. Hau klasiko bat da Afrikako literaturan, lizeoan ikasten da. Batetik, hikarekiko beldurra kendu behar da liburuari ekiteko, baina segituan hartzen zaio tamaina, eta irakurri ahala Senegal ezagutzen zoaz: bertako kultura anitzak, aspaldiko ohiturak, egungo modernitatea, bien arteko talka…

Poligamiaren gaia jorratzen du eleberriak.

Poligamia justifikatzeko zuribide gisa beti esan izan dute andreek ez daramatela hain gaizki, eta ez da egia. Emakumeak beti kexatzen dira, baina Mariamak lehenengo oihua egin zuen, oihukatu egin baitzuen: ez zaigu gustatzen, guk hau ez dugu nahi. Eta arrazoitu egin zuen: ez zaigu gustatzen ez dakarrelako parekotasunik, min handia eragiten duelako... Poligamia egiten den baldintzak ere ikusi behar dira, senarrek hartzen duten bigarren emaztea beti delako gazteagoa eta politagoa, horren seme-alabak gazteagoak izaten dira eta zaharragoek baino grazia gehiago egiten diote senarrari. Emakumeen duintasunaren, askatasunaren eta erabakitzeko aukeren kontra doan ohitura bat da, eta horrelaxe erakusten du Mariamak. Bere oihu horrekin bide zabaldu zuen, eta horren ondoren emakume idazle askok hitz egin dute gaiaren kontra.

Era berean, hitzostean diozu bi idazle-belaunaldiren artean kokatzen dela Bâ.

Kontuan hartu behar dugu zer-nolako literatura idatzia egiten den Afrikan. Afrika da kontinente literarioena, egunean literatura gehien sortzen duena. Hala ere, ahozko literatura da nagusi.

Emakumeak literatura idatzia sortzen hasi ziren deskonolizazio-fenomeno guztiak eman ondoren, alegia, XX. mendearen erdian. Hasiera batean, lehenengo belaunaldian, kolonizatzaileen begirada oso nabarmena zen oraindik, Afrikako emakumeak izan arren. Geroago etorri zen belaunaldi askoz aldarrikatzaileago bat, eta horien bien artean kokatu behar dugu Mariama. Bide berriak zabaldu zituen, eta bere ahotsa aldarrikatzailea da, garaiko feminismoan eragin handia izan zuen ahots bat, eta, era berean, garaiko feminismoaren eragina jaso zuena. Berak hartu zuen emakumeen ahotsa eta aldarrikapena lehenengo aldiz, ondoren arruntagoa bilakatu zen.

Belaunaldiartekotasun horren seinale izan ote daiteke liburuko narratzaile Ramatulayek alabekiko agertzen duen jarrera, erretzen harrapatzen dituenean?

Hori da adibiderik argiena. Nolabait esateko, Ramatulayeren alabak izango lirateke bigarren belaunaldiko idazleak. Liburu aparta da literatura bilakaera neurtzeko, emakumeen egoera ezagutzeko Afrikako feminismoa ezagutzeko…

Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, panpox eleberriarekin alderatu duzu Hain gutun luzea.

Egia esan, Zergatik, Panpox da gehien irakurri dudan euskarazko liburua: eskolak emateko, hitzaldiak emateko… Aditua naiz liburu horretan, eta beti daukat oso presente.

Hasteko, konturatu nintzen bi liburuak urte berekoak zirela, 1979koak. Gero, momentu batean konturatu nintzen abandonatuak izan diren bi emakume hauen lana berdina zela, biek egiten zutela ulertzeko prozesu bat, eta, gainera, Senegalen zein Euskal Herrian, emaitza berera iristeko. Hasieran, aztertzen hasten dira ea beraiek zer egin duten txarto, gertatu dena gertatzeko, baina konturatzen dira beraiek ez dutela ezer egin, baizik eta dena dagoela antolatuta beraiek galtzaile izateko beti. Galtzaileen kastakoak direlako, emakumeak, alegia.

Afrikako literatura denez, beti dugu exotismo-geruza bat jartzeko arriskua eta tentazioa, are gehiago kontuan hartzen badugu euskaraz daukagun Afrikako literatura gehiena haur eta gazteena dela: ipuinak, mundu koloretsua... Beraz, nik eleberriaren benetako nortasuna kokatu nahi nuen, istorio hori Afrikan gertatu zen, baina berdin gerta zitekeen Euskal Herrian ere, eta, hain justu ere, gertatu zen. Garaiko feminismoaren indarra islatzen da bi-bietan, zer-nolako indarra eman zien emakume hauei egin behar zituzten aldarrikapenak egiteko.

Bi liburuen arteko aldeak ere aipatzen dituzu.

Bi protagonisten artean dauden aldeak ere oso-oso esanguratsuak dira, bai. Lehenengo ezberdintasuna da protagonisten adina, eta adin horrek dakarren bizitzaren esperientzia. Esanguratsua da, ze, gainera, Zergatik, Panpox liburuaren protagonistak ez du izenik. Hain gutun luzea-ko Ramatulayek beste jabetze bat dauka, helduagoa da, seme-alaba gehiago ditu, eta seme-alaba horiek ekarri diote bizitzaren ebidentzia, hau da, bizitzak beti aurrera egiten duela, beti dagoela etorkizuna eta etorkizunean gerta daitezkeela gauza onak ere. Euskal Herriko emakumea, aldiz, beste une batean dago, semeak oraindik dependentzia handia du eta oso lotuta sentitzen da.

Nire iritziz, hala ere, azpimarragarriena da EHko emakumearen isolamendua. EHko protagonista bakar-bakarrik dago: ez dauka lagunik, ez dauka amarik, ez dauka auzokorik… ez dauka inor. Ramatulaye ordea ez, bera afrikarra da eta eleberrian oso ondo islatzen da Afrikan ematen den emakumeen komunitatea, onerako eta txarrerako, zeren eta komunitate horrek, gero, itzelezko kontrola gauzatzen du, tradizioaren gordailu den heinean. Planteamendutik beretik hasita nabarmentzen da bi liburuen arteko ezberdintasun hori, Hain gutun luzea adiskide bati igorritako eskutitza delako.

Liburuen tonua ere ezberdina da. Zergatik, panpox liburuaren tonua oso iluna da, goibela kasik une guztietan. Beste honetan argitasuna eta alaitasuna ere badago, eta amaiera baikorra du. Esanguratsua da. Nik espero dut hitzosteak zer pentsatua ematea, alderatzea Afrikako egoera eta gurea, ikusteko zer baliabide dituzten haiek aurrera jarraitzeko. Guk beti flipatu egiten dugu bertako emakumeekin, altxor bat daukate, eta guk ez.

Autofikzioa, gutunak, semi-autobiografia… Emakumeek sarritan baliatu izan dituzte literatur genero horiek. Zergatik? Bizi izan duten eta duten bazterkeria-egoerarekin izango du zerikusirik.

Mundu zabaleko emakumeen literatura guztietan agertzen dira baliabideak horiek. Arlo pribatuan egon bagara, gehien ezagutzen dugun literatura pribatua da: gutunak, egunerokoak, poemak… Dudan ezagupenak ematen dit hori ozen eta seguru aldarrikatzeko indarra.

Gainera, Mendebaldean dagoen emakumeen literatura bat da, eta munduan dagoena, antzekoa izan arren, beste bat da. Hemen daukagun indibidualtasuna, Mendebaldeko kulturen ezaugarri, bestetan agian ez da agertzen, baina baliabideak bai erabiltzen dira bertsuak. Ez da intimistak garelako, edo oso jende sentimentala garelako, baizik eta egoera paretsuak bizi izan ditugulako eta baliabide paretsuak erabili, egon zaren esparruko baliabideak ezagutzen dituzu-eta hoberen, kasu honetan esparru pribatukoak.

Idazle-belaunaldiak aurrera doazen heinean baliabide gehiago erabiltzen hasten dira, jakina, eta prestakuntza intelektuala baldin eta baduzu baliabide gehiago izango dituzu, baina hori aldatzen joateko belaunaldiak pasa behar dira. Esanguratsua da Mariama Bâ-ren beraren kasua, maistra zelako: ikasketak eta ezagupenak zituen.

Horrez gain, gogoan izan behar dugu liburu hau literatura poskolonialean kokatu behar dugula, eta horretan beti dago nitasun handia, gizon eta emakume idazleetan, bietan. Autore horiek ahotsa hartu behar dute, subjektu direla aldarrikatu. Genero-arrazoiak ez ezik arrazoi kolonial eta poskolonialak ere badaude nitasun horren atzean.

Emakumeak euskal literaturan

Azken urteotan ahots batzuk esan dute emakumeek idatzitako literatura indartzen ari dela euskal literaturan, gero eta gehiago direla.

Hasteko, ez dugu euskal literatura isolamenduan ulertu behar. Euskal emakumeen literatura beti aztertu behar da, neurtu behar da, baldin eta ondo neurtuko bada, testuinguru baten barruan. Hau Euskal Herria da, baina baita Europa ere, Mendebaldea… Emakumeen egoera ez da gizonen egoerarekin bakarrik parekatu behar, hori da betiko tema falozentrikoa. Euskal literaturan, emakumeek idatzitakoari buruz egindako eztabaida guztiak hasieratik egon dira txarto planteatuta, behin eta berriro salatu dut hori. Agian emakumeen literatura zertan den ikusteko beste irizpide batzuk hartu behar dira kontuan, zergatik ez dugu hemengo emakume idazleen egoera alderatzen Inglaterrako emakume idazleenarekin, adibide baterako?

Zoritxarrez, literatura-sistema guztietan gertatzen da, bagaude literaturan adituak garenok, horretan trebakuntza eta prestakuntza dugunok, eta gero dago usteen zera hori, usteen eta zurrumurruen arabera egiten den kritika, sasi-kritika. Hori asko egin da Euskal Herrian. Jo dezagun benetako irizpide kritikoetara eta ganorazkoak diren horietara: zenbakiak, benetako datuak... Badakit literatur zientzietan beti egongo direla subjektibitate handian jausteko arriskuak. Baina horixe da, hain zuzen, kritikariok egin behar dugun lehen pausoa, distantzia hartu, eta horretarako oso baliagarriak dira benetako datuak eta zenbakiak. Ni heldu arte EIEn ez zen egin genero-irakurketa bat. Beraiek dituzte datu guztiak. Horiei erreparatuta argi geratzen da, esanak esan, emakumeen presentzia %24 dela, EIEko iazko datuen arabera

Dena dela, emakumeen uholdea datorrela esaten duten bakoitzean beti ondorioztatzen dut gauza bera: ez dira ohitzen. Ez dira ohitzen emakumeak %24 horretan egotera. Kontuan hartu behar da hasieran oso zenbaki txikiekin ari ginela. Ni duela 15 urte hasi nintzen hau guztia neurtzen, eta orduan emakumeak %9 baino ez ziren. Gero igotzen ikusi nituen, eta %15ean adibidez denbora asko egon dira. Ni gogoratzen naiz emakumeen lehen uholde horren abisua etorri zenean %15 baino ez zirela.

Azpimarratu egin behar da ez dagoela munduan literatura-sistemarik parekotasunik dagoenik, inon. Era berean, esan behar da emakumeen aldeko ikusgarritasun-kanpaina bat egiten dela, hor daukaten protagonismoa ez baita dagoen emakume idazle-kopuruaren adinakoa.

Bestalde, kontuan hartu behar dugu, gaur egun, argitalpenak-eta neurtzeko egilearen figura erabiltzen dela, horixe izan baita Durangoko azoka dela-eta kaleratu ohi zen katalogoaren irizpidea, eta guk zenbakiak egiteko urteetan erabili duguna. Horixe litzateke bigarren tranpa, egile horrek barnean zer hartzen duen ikusi behar dugulako. Gaur egun horren barruan sartzen dira: poetak, idazleak, antzerkigileak, eta, itzultzaileak eta irudigileak. Izugarrizko igoera egon da, egile pila bat gara, baina itzultzaileak eta ilustratzaileak igo dira gehien, ez narratzaileak eta ez poetak. Alegia, kontuz zenbakiekin ere.

Azkenik, bada beste fenomeno bat, bereziki gure literaturan gertatzen dena: emakume asko sartu sartzen dira literaturaren munduan baina gero liburu bakarrarekin edo pare batekin geratzen dira; ez dira mantentzen. 90eko hamarkadan liburuak kaleratutako emakume poetak hartu eta begiratu ea gaur egun horietako zenbatek jarraitzen duten hor.

Joseba Sarrionandiak orain gutxi esandakoak ere oihartzun handia izan du, emakumeen literatura periferiatik zentrora pasatzen ari dela.

Bai, egia da. Zergatik hainbeste kalapita? Jakina, jendartean emakumeen eskubideak lortzen goazen heinean beraien presentzia literaturan ere handitu egingo da, ezinbestean. Dagoena da.

Nik, horri buruz, ez dut irakurketa bakarra egiten. Hasteko, bazen garaia! Besterik ez genuen behar, egoera okerrera joatea. Eta, bigarren, bai, mugitzen ari gara, baina mantenduko gara?

Zuk irakurtzen baduzu balizko uholde haren garaian esaten zena, egungo begirada aplikatzen badiozu, konturatzen zara nahiko alarmistak zirela, esan bezala, idazle asko liburu bakarrarekin geratu zirela. Kalitatea ez da geratzeko berme. Desira plazer antologian adibidez, Edorta Jimenez harrituta geratu zen, emakumeek idatzitako liburuetako askok sariak jasoak zituztelako. Izan ere, emakumeak kanpoan geratzeko irizpidea ez da kalitatea, nahiz eta gero hori erabiliko den argudio gisa.

Euskal emakumeen presentziari burur eztabaidatzeko bizio zaharrak daude, eta ni nazkatuta nago bizio horiekin. Adibidez, joera nagusi bat da emakume batek idatzitako obraz aritzean soilik estiloa kontuan hartzekoa, eta guk kritikariok badakigu kontuan hartu behar direla gutxienez gaiak, ahots narratiboak, pertsonaiak, lekuak, denborak, egiturak eta estiloak. Zer dela-eta soilik alderdi horretan kokatu? Azken batean, gramatika bera erabiltzen dugu, hizkuntza bera.

Demagun, Miren Agur Meabe. Ados, estilo oso aberatsa du, badu bizkaiera eta antzinako hitzak ekartzeko apustua, baina horiek bakarrik dira bere obraren ezaugarriak? Kontuan hartu behar da zer-nolako gaiak jorratzen dituen, zer-nolako trataera ematen dien... Zergatik azpimarratu behar dugu bere lana, soilik klitori hitza agertzen delako? Ez al diegu erreparatu behar hitz hori erabiltzearen atzean dauden beste arrazoi batzuei?

Ibon Egañak argitaratu berri duen euskal kritikari buruzko ikerketan, ordea, datuak bestelakoak dira. Emakumeek idatzitako liburuak askoz neurri apalagoan iruzkintzen dira, eta, oro har, emakume kritikariek aipatzen dituzte, batik bat.

Beti salatu izan dut irizpide bikoitza dagoela batzuen eta besteen obrak epaitzeko, gizonena modu batean azterzen da eta emakumeena beste batean. Emakumeen bigarren maila batean, noski, eta bigarren maila horretan aurreiritzi asko daude, eta baita kontrako jarrera inkontzienteak ere.

Adibidez, Jon Kortazarrek hartzen ditu gizonek idatzitako obrak eta aztertzen ditu goitik behera, eta hemen baliabiderik ez badago, kanpoko bibliografia bilatzen du ganoraz ikertzeko. Gero, hartzen du Amaia Lasaren lana, adibide baterako, eta horren obraz hitz egiteko, Kortazarrek autorearen beraren poema-lerro bat erabiltzen du, non poetak dioen bere poesia espresionismo soziala dela, edo horrelako zerbait. Baina hori poetaren beraren joko bat da, hori ezin da erabili poetaren obra kanpotik deskribatzeko, Jon Kortazarrek egin bezala. Ezin da errepikatu poetaren bertso bat benetako ondorio kritikoak balira bezala. Adibide argiagorik ezin dut ipini.

Hain zuzen, Amaia Lasaren obra jorratu duzu. Literatura Eskolan egindako saioan esan zenuen Lasaren lanak ez duela jaso behar beste errekonozimendu.

Eta urrunago noa: ez du errekonozimendu hori izan feminista zelako, eta gainera bere feminismotik atzera egin ez zuelako. Hortaz: feminista, apurtzailea, indar handiko emakumea. Funtsean, kultura honetan beldurtzen dituen horietako bat. Hain emakume aldarrikatzailea gure kanonetik kanpo egon behar da.

Kezkatzen nauena da ea ondorio eta hausnarketa hauek oihartzunik izango ote duten. Noiztik dakigu guk hau guztia? Linda Whitek dagoeneko komentatzen zuen hau dena, baina argitaratu eta itzuli gabeko materiala da (Emakumeen hitzak euskaraz = Basque women writers of the twentieth century izeneko tesia). Entzun nahi izan bagenu, guk bageneukan nondik entzun. Hau gurean txertatu izan balitz, derrigortuta egongo lirateke, besteak beste, euskal literaturako esku-liburuak aldatzera, Linda Whitek frogatu baitzuen egon badagoela emakumeen obrak aztertzeko irizpide bikoitz bat.

Laura Mintegik bere garaian esan zuen euskal literaturako kanona zela gizonezkoa, Gipuzkoakoa eta politikoki epela. Feministak ez gara politikoki epelak. Ematen du hemen politikoki sutsuak batzuk bakarrik direla, baina ez. Egia da, ezker abertzaleko sutsuak kanonetik kanpo geratu dira, baina feministak ere bai, eta ez dago arazorik gizone horien kasua errekonozitzeko, baina feministena? Ozenki diot: irizpide bikoitzak baliatzeko ohitura zahar horrekin amaitu behar da.

Aldaketaren bat nabaritu al duzu horretan guztian, urteak pasa ahala?

Noski! Nik nabaritu ez badut... Hasteko kritikari feministen talde bat dugu, Sareinak. Amaitu da isolamenduaren garaia, zeharkatu dugu basamortua. Aurrerapausoak ikusten ditut, baina uste dut irizpide bikoitzena behingoz amaitu behar dela. Era berean, beti egongo naiz kezkatuta emakume autoreen mantentze horrekin, oraindik ez dira urte nahikoa pasa geratu garela ikusteko. Iritsi garela bai, mugitu garela bai, inoz baino erdiguneagoan gaudela, bai, baina geratzearena ikusteko dago. Mantenduko gara esku-liburuetara iristen garenean.

Arantxa Urretabizkaiari buruzko saioa egin zenuen, Klasikoen Berrirakurketa zikloan.

Bai, parte hartu nuen Arantxa Urretabizkaiari eta Zergatik, panpox eleberriari FORUM HITZALDIAK egitasmoaren barruan egin zieten omenaldian, Ana Urkiza eta Gema Lasarterekin batera. Bazen garaia, bestalde. Emakume baten eleberria klasiko bilakatzen zen estreinakoz. 10 ordu jarraian irakurri zuten Arriaga antzokian, sekulako pantaila ipini zuten kanpoan, dozenaka lagun aritu ziren eleberria irakurtzen… Une eta ekitaldi historiko eta hunkigarria izan zen niretzat, urte luzetako lanaren emaitza. 2012an izan zen, oso berandu, bistan da, baina tira! Pentsatzen hasi nintzen ez zela inoiz helduko… [Barreak] Orain bakarrik falta da klasikoen lekuetan mantentzea, hau da, eskuliburu guztietan, irakaskuntzan, literaturaren historian…agertzea behin eta berriro.

Dolores Redondoren “Baztango trilogia”ri buruzko hitzaldiak eskaini dituzu azkenaldian. Best-seller motako liburu bat izanda, kritikak gutxietsi egin al du? Zure ustez badu mamirik trilogia horrek.

Guk best-sellerrak maite ditugu, best-sellerrak fenomeno literarioak direlako, eta gure gizarte hauetan badirudi literaturak honezkero ez daukala zer esanik. Baina best-seller bakoitzak frogatzen du gure jendarteotan badagoela literaturarekiko harremana. Gainera, esanguratsua da best-sellerretan best-sellerrenak emakumeek idatzitakoak izan direla gehienak, azken urteotan. Orduan, agian, emakumeak badituzte klabe gehiago jendearen artean dauden nahiak, asmoak, arazoak arakatzeko.

Hori kontuan hartuta, jorratu egin behar dira kasuko best-sellerraren mamiak. Horretarako kendu egin behar dituzu liburu horiei buruz dauden aurreiritzi asko, adibidez, baliogabeak direla. Hori errespetu falta itzela da. Izan gaitezen minimoki zientifikoak. Ni ezin naiz sartu jendearen gustu literarioetan, ez da nire lana jendearen gustu horiek epaitzea, baizik eta literatur lanaren baliabideak, balio literarioak topatzea, ulertzea eta azaltzea.

Skolastikaren kasua berezia da, guk irakurleekin harreman oso estua daukagulako, goi-mailako kritikariek ez bezala. Edozein literatur sisteman bi eguzki daude, egileak daude, jakina, baina baita irakurleak ere. Egia da gure sisteman dexente zaintzen direla irakurleak, baina ez dakit behar beste entzuten diegun. Skolastikaren alde ona da enpresa bat garela, ondorioz eutsi egin behar diogu, eta horretarako benetako feedbacka behar dugu, unibertsitatean behar-beharrezkoa ez dena, lana segurua delako eta ez irakurleen araberakoa. Neuk, ordea, testatu egin behar ditut irakurleen interes eta nahiak.

Horrekin guztiarekin, ondorioztatu dugu Amaia Salazarren bizitza pertsonalaren zatiak interes handikoak direla, irakurleen komentarioen arabera, batez ere amatasun-eredu ezberdinaren inguruko puskak. Eleberri horietan amatasunak garrantzia handia du, baina, gure ustez, interesgarriena da amatasunaren itzalak agertzen direla, tabu izan diren gaiak. Hori da trilogia horren arrakastaren arrazoietako bat, hor agertzen direlako normalean aipatzen eta aitortzen ez diren alderdi ilunak, kasu batzuetan oso ilunak. Guk gustura irakurtzen dugu hori, egoera hori sufritu dugulako, eta, hortaz, liburu hauek aukera ematen digutelako horretaz hitz egiteko.

Batzuetan best-sellerrak, liburu gisa, ez dira munduko marabilla handiena, baina marabilla bat da, ordea, gai tabuei buruz hitz egiteko ematen duten aukera. Esate baterako, horixe gertatzen da Greyrekin.

Hain zuzen, 50 sombras de Greyri buruzko hitzaldiak ere antolatu dituzue.

Feminista garen aldetik, hasiera batean, oso harrituta geratu ginen. Gero konturatu gara beti daudela diskurtsoak deseraikitzeko modu ezkutuak, espero ez genituenak. Greyn agertzen diren nahi eta gogoak kezkagarriak dira, adibidez, batez ere amodio erromantikoaren idealizazioa eta hori sustatzeko lana. Ikusten dugu genero indarkeriaren inguruko eraikuntza sinbolikoa elikatzen duela; oso arriskutsua da.

Beraz, kasu honetan, material horrekin hitzaldi bat prestatu dugu, liburuan agertzen diren baloreak deseraikitzen ikasteko. Zer egingo dut, irakurleen gustuen kontra jo? Zer esango dut kaka zaharra direla? Irakurlea lerdoa dela? Ez! 70 milioi liburu saldu ditu dagoeneko, zelan ez dut hartuko nik material hori, zelan ez dut miatuko bere edukia? Liburu horien bitartez asko ikasten da, eta ez genuen espero, baina azkenean baliatu dugu justu Baztanekoarekin egindako kontrakoa egiteko, edukiak eta baloreak deseraikitzeko. Gainera, bazirudien dagoeneko esanda zegoela esan beharreko guztia, baina arrakasta itzela izan dute hitzaldiek eta, orain, filmaren agerpenarekin, saio gehiago egingo ditugu. Hernanin eta Elorrion egingo ditugu, Hernanikoa euskaraz.

Sareinak feminismo literarioen taldeko kide ere bazara. Urtero mahai-ingurua egiten duzue, eta bertako kide den Gema Lasarterekin batera koordinatu duzu Hegats aldizkariko 52. alea: Genero ñabardurak lerro artean.

Batetik monografiko historiko bat egin nahi genuen, 1987ko Jakin historiko horri lekukoa hartuko ziona. Baita ere, nahi genuen emakume-talde bat azal batean ager zedila, emakumeak ager zitezela taldean eta adiskidetasunean, maila berean, literaturaren jiran. Concetta Probanzak egindako kontra-azalean azaltzen da hori

Irakurri dela badakit, aldizkari eta irratietatik deitu didatelako galderak egiteko. Nik liburu teoriko moduan erabiltzen dut, momentu honetan emakumea eta euskal literaturari buruzko ikastaro bat ematen ari naizelako Bizkaiko Foru Liburutegian. Oso erabilgarria da, eta espero dut jende gehiagok ere erabiliko duela. Aldizkari honi opa diot Jakin hark izan zuen ibilbide luzea izan dezala, beste 27 urtez baliagarri gerta dadila.

Emakumeen literaturak duen harreraz hitz egin dugu, baina zer-nolako harrera egiten zaio literatur kritika feministari gurean?

Literatur kritika feminista, merezi duen errekonozimendua eta errespetua ez duenez, ez da bere benetako neurrian hartzen. Gure argudioak kritikoak dira, baina badago joera bat, behin eta berriro errepikatzen dena, gure arrazoiketak eraso personal gisa hartzekoa, nahiz eta gero, guk, testuak erabili dioguna frogatzeko.

Ez da eraso pertsonala, ez da ni Josune Muñoz ez dakit noren kontra. Literatur kritika feminista egiten dudala esaten dudanean ez du esan nahi liburu bat irakurtzen dudanean histeriko jartzen naizela [barreak]. Horrek esan nahi du nire baliabideak literatur kritikarenak direla eta pentsamendu feministak emandako tresnak. Hori ez da kontuan hartzen, feminismo horren atzean sekula ez da ipintzen teoria akademiko bat, baina horixe da, hain zuzen ere. Ni ez noa modu pertsonalean inora, noski, neure energia ipintzen dut eta hori pertsonala da, baina ni teorialari bat naiz.

Ez-ulertu horretan denok galtzen dugu: neuk, ez dudalako lortzen neure salaketa eta ondorioak helaraztea, besteek ez dutelako sekula ikasiko nik erakusteko daukadana. Edozein kritika literariok beti dakar ikuspegi berri bat, kokapen berri bat; zenbat eta ikuspuntu gehiago eta anitzagoak izan, orduan eta hobea izango da euskal literaturaren kritika.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)