"Nobelak ez du kutsu errealistarik izango baina tonu exageratu gabean idatzita dago"
Ostirala, 2018-01-12“Liburuaren aurkezpenean aipatu nuen. Obamatarren aurrean errezitatzen ibilitakoa dela. Idazle mediatikoa da Amerikako Estatu Batuetan”. Ez ginen liburu aurkezpenean egon. Eta ez genuen Kenneth Goldsmith idazlearen berri. “Dena den, ez dut Goldsmith-i buruzko azterketa bat egin nahi izan. Modu oso funtzionalean erabili dut”, halaxe adierazi digu Joxean Agirrek.

Goldsmithen ikaslea (Elkar) liburuaren izenburuan aipatzen duzun idazlea benetakoa da. Existitzen da. Elkarrizketa prestatzen ari nintzela konturatu naiz horretaz. Eta nobelan aipatzen duzun moduan, Kenneth Goldsmithek literatura tailer bat eman zuen Second Life sare sozialean.
Bai, hala da. Hiruzpalau urtez aritu zen ikastaro hori eskaintzen.
Nobelak abiapuntu erreal bat du, hortaz.
Goldsmith poeta da eta poetez mintzo da, baina gauza oso interesgarriak esaten ditu. Idazle honen pista Harkaitz Canoren blogean topatu nuen. Idazketa ez-sortzaileari buruzko liburu interesgarri bat duela zioen.
Goldsmithen kontzeptu nagusietako bat tradizio literarioaren birziklatzean datza. Zwei Frauen (2011) nobelan, hain zuzen, gai horren inguruan aritu nintzen. Nobela horretan nire diskurtsoa hauxe zen: ez dugu inoiz orri zuriaren gainean idazten, besteek aurretik idatzitakoaren gainean baizik. Beraz, kointzidentzia batzuk bazeuden.
Dena den, ez dut Goldsmith idazleari buruzko azterketa bat egin nahi izan. Modu oso funtzionalean erabili dut. Nobelaren muntaia egiteko; hiru pisuko arkitektura egiteko. Eta horrelako elementu batek deskantsua ematen du gora eta behera aritzeko, sartu eta atera ibiltzeko.
Abiapuntua erreala da baina kokalekua, hein handi batean, birtuala. Second life moduko foroetan edota sare sozialetan, askok eta askok ezizenekin hartzen dute parte. Eta horrelakoetan, ez dakizu oso ondo bertan direnek zer bilatzen duten.
Second life duela hamar urteko asmakizuna da. Orain, bertsio berrian, uste dut ez dutela izen hori erabiltzen.
Literatura ikastaro bat egiteko ez al da toki xelebrea?
Ez dut uste. Horrelako ikastaro batek funtzionatuko du. Interesgarria izan daiteke, klase horretan debateak sor daitezkeelako. Eta literarioki ere, jokoa ematen du.
Goldsmith irakasleak originaltasuna alboratzea eskatuko die ikasleei. Iraganeko pasadizo bat oroitu eta hura idaztera jarriko ditu ikasleak. Nobelako protagonistak bere neskarekin iraganean bizi izandako pasartea ekarriko du gogora. Literaturari buruzko hitzaldi bat ematera joan behar du baina hitzaldira joan aurretik, etxetik pasako da paper batzuen bila. Etxera sartu eta bere neska harrapatuko du ohean, beste bi morroirekin batera.
Goldsmith irakasleari proposamena egiteko garaian, jada idatzia zegoen zerbait aurkeztu behar zuen. Eta aurreko nobela batean agertzen zen pasarte bat baliatuko du protagonistak. Bide batez, euskalduna dela kontatuko dio irakasleari eta euskara zein euskal kulturaren erreferentzia batzuk emango dizkio. Hainbat aipamen egiten dizkio irakasleari. Biarritzekoak adibidez, inportanteak dira. Txekhov, Nabokov, Nemirovski eta beste hainbat idazle pasa ziren handik joan den mende hasieran. Eta tradizio horrek jarraitzen du oraindik. Frédéric Beigbeder idazleak eta Dj-ak etxe bat du Lapurdiko Getarian. Michel Houellebecqen laguna, aberats familia batekoa da. Gurasoek Getarian ezagutu zuten elkar. Frédéric Beigbederrek beti izan du harremana gurekin.
Dj moduan ibiltzen da batetik bestera eta oso ondo idazten du. Oona y Salinger (Anagrama) nobelan, adibidez, Eugene O’Neill antzerkigilearen alaba gaztearen eta J. D. Salingerren arteko harremanari buruz idatzi zuen. Nobela horren amaieran, bere azkeneko ligea kontatzen du Beigbederrek. Dj lanetan ari zela, emanaldi batean neska bat ezagutu eta ohean amaitu zuten. Hori kontatuz amaitzen du nobela. Gauza arraroa, bukatzeko modua! Norbaitek esango du kaka zaharra dela nobela hori, baina niri izugarri polita iruditu zait.
Goldsmithek aurretik idatzitakoa berrerabiltzera eta birziklatzera bultzatuko ditu ikasleak. Eta zure nobelan ere, zuk ere antzeko ariketa egin duzu, ezta?
Originaltasuna debekatzen du irakasleak baina kopiatzea, plagiatzea, imitatzea bultzatzen du. Ez hori bakarrik. Planteamendua konplexuagoa da. Poesia, adibidez, material arruntarekin egiten dute. Arte kontzeptualean, hori ohikoa izaten da.
‘Neska ohiaren bertsioa’ izeneko atala da horren erakusgarri. James Joyceren Molly Bloom-i eginiko keinu argia.
Hori justifikatuago dago, Kenneth Goldsmithek berak badituelako James Joyce eta Walter Benjaminen inguruko bi lan, imitazioz-edo idatziak.
Kasu honetan, idazten ari denaren inguruko bertsio femenino bat egiteko asmoa duela azalduko dio narratzaileak irakasleari. Niretzat hori izan da zatirik zailena, emakumearen bertsioa idaztea. Baina gainontzean, nobela izugarri erosoa izan da idazteko. Esker onekoa.
Estiu 1993 filmeko zuzendaria, Carla Simon, Ingalaterrara joan zen gidoigintza ikasketak amaitzera. Irakasle batek hala eskatu omen zion: “lehen filmeko gidoia egiterakoan, dakizun horretatik abiatu. Ezagutzen duzuna kontatu”. Simonen beraren haurtzaroan oinarritzen da filma.
Ez dut uste nire nobelaren kasua hori denik. Gainera, nire protagonista gertakizunen bertsioa eraldatuz joango da etengabe.
Hala da. Protagonistak bere neska topatuko du ohean, beste birekin. Hitzaldi bat eman behar du eta bertaratu direnei bere miseriak kontatuko dizkie. Taxi bat hartuko du gero eta gidariari bestelako bertsioa emango dio. Etxera bidean, pub baten atarian bi gazterekin borrokan hasiko da, neskarekin topatu dituen morroiak direlakoan. Kolpatu egingo dute eta erietxean amaituko du… Nobelaren lehen zati horrek ‘road movie’ xelebre baten itxura du.
Hori da nobelaren zatirik onena. Ondoen landutako sekuentzia hori dela uste dut. Errealitate birtualak gainera, horrelako puntu itxi bat ematen dio.
Errealismoaren aurkako aldarria
Zure azken nobeletan badira errepikatzen diren konstante batzuk. Gizajoen katalogoa (Elkar, 2016) nobelan, liburu saltzaile bat zen protagonista. Honakoan, protagonista liburuzaina da. Biek izango dute nobela bat idazteko grina.
Konturatu naiz, bai.
Eta bi nobelek dute parodia kutsua.
Idazteko modu horretan ondoen mugitzen naizelako. Eta barru barruan sinesten dudalako gaurko literaturarik interesanteena tonu horretan dagoela idatzia. Karikatura edo parodia estiloan. Baina nire izaerarekin lotutako kontu bat ere izan daiteke.
Ezkutuan geratu da akaso, baina nobela honetan badago errealismoaren kontrako aldarri bat. Iruditzen zait gero eta presio handiagoa dugula gauza borobilak eta errealistak azaltzeko. Joera horrek gehiago saltzen du nonbait. Baina nik nahiago dut beste hau. Sortzaileagoa iruditzen zait gainera. Hala ere, nire harridurarako, ez naiz errealitatetik horrenbeste aldendu.
Bogan den joeratik aparte dago zure idazkera eta baita zure nobeletan erabiltzen duzun doinua ere.
Bai, gauza gehiegi apurtzen ditu akaso. Narratzaile batek baino gehiago dakien instantzia bat jokoan sartzen denean –kasu honetan irakasle bat–, konbentzio asko puskatzen dira.
Aurreko nobeletan jolas egiten nuen topikoekin, eta inpresioa nuen zirkuan bezala nenbilela, trebeziazko ariketak egiten. “Begira begira, zer ondo ateratzen zaidan salto hau!”. Nobela hau apalagoa dela iruditzen zait. Ez dut alarderik egiteko beharrik ikusi. Ez du kutsu errealistarik izango, baina tonu exageratu gabean idatzitako nobela bat dela esango nuke.
"Zaurgarri ageri da protagonista nagusia"
Beste konstante bat: protagonista nagusia gizonezkoa da eta gizajo samarra. Emakumeen aldean, askoz zaurgarriagoak dira irudikatzen dituzun gizonezkoak.
Bai hala da. Ezaugarri hori nahita dago markatua. Betiko kontua da. Gizonezko bat da protagonista. Galduta dago. Tokiz kanpo aurkitzen da eta leku bila dabil.
Ziurtasun batzuk zituen, baina horiek desagertu direnean galdu egin da bidean.
Hala da, eta nire azken bi edo hiru nobeletan hala gertatu da. Honakoan egoera hain da komikoa, are exageratuagoa dela. Zaurgarri ageri da protagonista, baina ez emakumeekin bakarrik. Taberna kanpoan bi mutil horiekin nahasten denean ere, antzeko egoeran aurkituko da.
Irakurle taldeetan gutxi mugitzen naiz. Bertako partaide gehienak emakumeak izaten dira eta horrelakoetan izan naizenean oso gutxik esan dute gizon hori gaurko gizonaren ispilu denik. Beren obsesioak matxistak dira. Orohar, horrela hartzen dute. Eta horrek aspertu egiten nau.
Ba ez da arrotz egiten. Alderantziz.
Gizon mota bat da, guk geuk sentitzen duguna sentitu dezakeena.
Dena den, nobela honetan badago halako simetria bitxia. Kontakizunaren hasieran, neska hiru mutilekin kateatuko da. Baina nobelan aurrera egin ahala, mutila izango da hiru neskekin katramilatuta amaituko duena.
Gero konturatu naiz horretaz. Bada horrelako simetria bat, bai. Neskak hirurak maite ditu eta mutilak ere berdin. Modu diferentean bada ere, hiru neska horiek maite ditu.
Niretzat oso atsegina izan zen Mara bekadunaren pertsonaia irudikatzea. Beti emakume helduxeagoak eta dotoreagoak idatzi izan ditut eta honek puskatzen du nire betiko estereotipoa. Gustura ibili naiz Mara idazten. Pentsa, sindikatu bat proposatzera iristen da, gizonen banaketa justuago bat egiteko!
Protagonista nagusiaz gain, beste gizonezko batzuk ere jarri dituzu jokoan.
Neskaren mutil horietako bat femeninotzat hartzen dut. Psikiatrian bada zikiratze konplexuari buruzko teoria bat. Gizonezkoek umetokia ez izatearen konplexuaz mintzo da teoria hori. Muturrera eraman dut baina pertsonaia osatzeko egokia dela uste dut.
Bestea kirolaria da, gihartsua.
Bai, zentzu horretan mutil normalagoa da.
Liburuaren amaieran, emazteak hauxe esango dio protagonistari: “Narratzaileak lehen pertsonan erabiltzen hasi zinenetik ez dakizu nor zaren ere. Idazteari utzi beharko zenioke”. Profezia gisa hartu behar al dugu?
Lehen pertsonaren erabilera truku errazegia dela pentsatzen dute batzuk. Eta ez da egia. Seguru errazagoa dela nobela bat lehen pertsonan eramatea. Eta irakurtzeko ere, trama errazago harrapatzen da. Baina gaur egungo puntako idazle askok lehen pertsonan idazten dute.
Aldiz, etengabe pertsonaz aldatze hori ez dut batere gogoko. Irakurle bezala ahalegin bat eskatzen dizu. Dena den, ez dut asmorik aldatzeko. Narratzailez aldatzeko bai, asmo hori badut. Literaturaren mundutik atera nahiko nuke pertsonaia nagusia.
Nobela eta sutan dagoen eltzearena
Txomin Agirre, Orixe, Jon Etxaide, Primo Levi, Santiago Alba, Claude Simon, George Perec, Carlos Gumpert, Cervantes, Verne, Piglia… Literaturari buruzko aipamen asko batu dituzu.
Hitzaldi bat dago nobelan. Eta niri asko gustatu izan zaidan gaia planteatzen da bertan: zer da literatura? Oso ederra da maiz aipatu izan dena, Ramon Saizarbitoriak Martutene-n azaltzen duena. Holokaustoaren arrakalarena. Literatura zer den azaltzeko izugarri ederra iruditzen zait irudi hori. Arrakala horretatik begira, Primo Levik kontatzen zuen nola eramaten zituzten judutarrak heriotzera.
Jesus Altuna antropologoaren ahapaldia egin zait gogoangarria. Literaturaren funtzioa zein den azaltzeko oso egokia.
Dena den, erantzuna aldatzen joaten naiz. Orain zertan ari haiz? galdetzen didatenean, esaten diet literatura niretzat terapia okupazionala dela. Lehengo amonak galtzetarekin puntua egitera dedikatzen ziren moduan aritzen naizela. Edo mitologian, Penelopek egiten zuen hori bera egiten dudala. Baina Penelopek galtzerdia osatu ondoren desegin egiten zuen eta berriro hasten zen.
Txatal ugariz hornitu duzu nobela eta istorio txiki asko ageri dira. Arteari buruzko aipamenak, bereziki. Txillida-Pilar Belzunce, Bixente Ameztoi-Juan Kruz Unzurrunzaga, Artze-Zumeta, Oteiza, Guggenheim, Nestor Basterretxea eta Remigio Mendibururi buruzkoak.
Arteari buruzko kontu batzuk badira bai, baina horrek badu bere justifikazioa. Poeta izan baino lehen, Goldsmith eskultore izan zen. Oteizatik oso gertu bizi nintzela esateko aukera ematen zidan horrek. Gainera, ez dakit zergatik, baina arte plastikoaren inguruan istorio narratibo indartsuak daude. Asier Mendizabalen istorioak, adibidez. Leninen busto bat ekarri nahi zuten Otxarkoagara. Bukarestetik barrena ekartzen saiatu ziren baina Madrildik ekarri zuten azkenean. Horri buruzko proiektu bat egin zuen Asier Mendizabalek eta niri erabat literarioa iruditu zitzaidan.
Remigio Mendibururen amaren istorioa txundigarria da. 36ko gerran, bere senarraren bila abiatu zen Pariseraino. Ume txikiekin batera, oinez.
Oinez egin zuen bidaiaren zatirik handiena, tren karrilari jarraituz. Pelikula bat egiteko ere ematen du.
Artzek eta Zumetak motoz eginiko bidaia edota Ameztoyk eta Unzurrunzagak Joxe Agirre argazki bidez erretratatu zuteneko pasadizoa. Horiek ere aipatzen dira zure nobelan.
Istorio horiek ezagunagoak dira ordea. Ameztoy eta Unzurrunzagarena argazkigintzari egindako omenalditzat har daiteke.
Francois Rabelais idazleak zioen nobela sutan dagoen eltzea bezalakoa dela. Errealitate zatiak, biografia zatiak… Gauza asko kabitzen zirela eltze horretan. Gaur egun, oso ohikoa da entsegu zati batzuk sartzea. Nire nobelan jaso ditudanak ez dira entseguetara iristen, hain dira-eta narratiboak.
Bertsolaritzari buruzko aipamenak ere badira. Eta nire betiko tesi hori ageri da: bertsolaritzak ez ote duen malditismo hori galdu. Garai batean, jendeak gehien maite zituen bertsolariak ziren gaizki bukatzen zutenak. Bestela, Uztapide eta Xepai zergatik ziren hain maitatuak? Gaueko bertsolaritzak bazuen aldeko joera bat lehen.
Aipamen literario ugari egin arren, zurea ez da metaliteratura.
Ez dut uste. Baina badago sormenari buruzko kezka bat.
"Nobela existentziaz aritzeko aitzakia da"
Woody Allenek New Yorkekin egiten duten gisan egiten duzu zuk. Bere film askotan, hiria baliatzen du ohikoak dituen gaiez hitz egiteko: maitasuna, maitemina, bizitza, giza harremanak, denboraren iragaitea...
Nobela existentziaz aritzeko aitzakia da. Neurri batean hala da, bai. Errealitateaz hitz egiteko kazetariak daude. Horregatik, literaturan politikari buruz aritzeko dagoen presio hau ez dut oso ondo ikusten. Bigarren Mundu Gerra amaituta, Belgikako mugan bakarrik milaka hildako egon ziren. Holokaustoaz, zer esan. Gurearen aldean, drama humano mila aldiz fuerteagoak dira horiek. Eta Europako herrialde horietan, gerra ondorengo literaturan denetarik dago. Egia da tematika horretaz ere badirela nobelak, batzuk inportanteak. Baina azkenean, bizitzaren inguruko literatura da gailentzen dena. Gureak zergatik egon behar du politikara hain lerratua derrigor? Esperantza gehiegi sortu da euskal gatazkari buruz egin daitekeen ez dakit zer literaturarekin.
Eta zuk ez duzu hain argi.
Ba ez. Egin daiteke nobela hipererrealista oso ona. Baina errealismoaren aldeko aldarri honen barruan, ez dakit ez ote dagoen itsumen pixka bat.
Errelatoaren norgehiagoka omen dago jokoan.
Errelatoa, errelatoa… Baina literaturak egingo al du errelatoa? Eta nola, zeharka?
Tira, Patria nobelari funtzio hori aitortu zaio.
Baina euskaraz Patria baino hobeak dauzkagu. Zerrendatxo bat. Kontuz, Fernando Arambururi ez diot inongo gorrotorik. Aurretik irakurri dizkiodanak oso gustura irakurri dizkiot. Fuegos con limón, kasu baterako. Baina Patria irakurri eta gauza batzuk hain dira manikeoak. Ramon Saizarbitoriaren Martutene (Erein) nobelan adibidez, zeharka bada ere, etengabe agertzen da euskal gatazka. Mila aldiz dotoreago eta matizatuago.
Gure literaturan ‘euskal gatazkak’ hartu du zentralitatea. Horrek kezkatzen zaitu?
Nobela horiek homologableak badira, zer egin behar dugu homologatu ezin den literatura bat kanpoan saldu dadin?