Elkarrizketak

Juan Manuel Uriarekin solasean

Ostirala, 2017-10-13

Juan Manuel Uriak Harria (El Gallo de Oro) poesia liburua plazaratu zuen duela hilabete batzuk, euskaraz eta gazteleraz. Azaroaren 3an “Noski!” izeneko liburu-denda inauguratuko du Errenteria/Oreretan, Shiara Nuñorekin batera. Harria liburuaz, El Gallo de Oro argitaletxeaz eta liburu-denda berriaz mintzatu gara elkarrizketa honetan.

Juan Manuel Uriarekin solasean

Dagoeneko egin duzu ibilbide bat argitaratzen: 2005ean Puerta de Coral liburua plazaratu zenuenetik hainbat argitaletxerekin publikatu duzu hainbat lan, azkenean Beñat Arginzonizekin batera El Gallo de Oro argitaletxe propioa sortu eta bertan lanak plazaratzen hasi zaren arte, Harria adibidez. Zure ibilbidean non kokatzen da Harria?

Nik heldutasun batean kokatzen dut, batez ere ahots poetikoaren eraikuntzari dagokionean. Badut adin bat, eta zentzu horretan liburu honetan bada depurazio bat ere, begiradaren depurazio poetiko bat. Batez ere erretorika guztiaren eliminazioan oinarritzen da depurazio hori, estiloari dagokion erretorika eta erretorika mentalaren eliminazioa. Gauzen gaineko begirada zuzena eragozten duen guztia ezabatu dut. Niretzat poesia hori da azken batean, gauzen gaineko ikuspegi zuzen bat, haien hondoa ikustea bermatzen duena, hain zuzen ere.

Abiapuntua guztiz ez ohikoa da, zure aitona harri-jasotzailea da abiapuntua, Santos Iriarte “Errekartetxo”. Irudi pertsonal batetik abiatu zara beraz, nola lortu duzu unibertsaltasunera eramatea?

Oso gauza konkretu batetik abiatu nahi nuen, harri batetik, baina unibertsaltasunera iristea nuen asmoa. Harria objektu poetiko, sinboliko eta antropologiko gisa unibertsala da. Nik aspalditik banuen nire aitonarekin zor bat, haren inguruan zeozer idatzi behar nuen sentsazioa, pertsonaia interesgarria izan zen heinean eta harriari loturiko legenda bat. Nik ez nuen bera askorik ezagutu, baina badut nire amaren memoria, eta nolabaiteko memoria poetiko bat ere: neronek imajinatu dezakedana nire aitonak harriekiko sentitzen zuenaren inguruan. Berarengana irudimenaren bidez gerturatzeko askatasuna. Duela urte batzuetatik behar horretan nengoen murgilduta, aitona eta harriaz idatzi nahian, baina ez nuen lortzen zehaztea. Lehenengo testua idazten hasi eta testuak kateatzen hasi ziren arte, corpus poetiko bat osatuz. Harria jasotzeaz hitz egin nahi nuen baina ez kirolaren ikuspegitik, balio unibertsaletatik baino: hitz egin dezala sortzaile orori interesatzen zaionaz, izateaz, garen misterioaz, gizakiaz eta gizatasunaz, harria eta pertsonaren arteko harremanaren bitartez.

Deigarria egin zait zein punturaino disekzionatu daitekeen irudi bakar bat: gizon bat plaza baten erdian, jendea begira duela, harri bat altxatzen. Imajina daitezkeen ertz guztiak ekarri dituzu irudi bakar horretatik testuotan: izerdia, jendearen begirada, ukimena...

Ni neu izan nintzen harritu zen lehena. Nik ere ez nuen pentsatzen harri batek hainbeste aurpegi eta ertz izan zitzakeenik, infinituak dira harriaren aldeak. Liburu honetan 130 alde ditu harriak, baina askoz gehiago izan zitezkeen. Edozein pertsonarenak azken batean, edonork duelako gauzen gaineko ikuspegi bat; azkenean harria nolabaiteko ispilu bat da, harria begiratzen duenak bere burua begiratzen du. Harria azken batean denbora da, eta historia. Horregatik diot harri jasotzaileak harreman berezia duela harriarekin ez ezik denborarekin: harriarekin bizi da, ukitzen du, besarkatzen du. Nik nire aitona harriarekin hizketan imajinatzen dut. Gamonedak dioen moduan poesiak zeure buruaz ezagutzen ez dituzun gauzak esango dizkizu. Ni neu harrituta geratu nintzen: gizona plazaren erdian dago jendez inguratuta, baina era berean bakarrik dago, bere baitan... asko dira interpretazioak.

Ekidin ezina da, euskal kultura eta harriaz mintzo, Oteiza eta Aresti bezalako sortzaileak gogora ez ekartzea. Haien eraginari iskin egiten diozu? Errespetua ematen du harriaren inguruko iruditeria horrek ezta?

Errespetatzen dut. Proiektu orotan umiltasunetik lan egiten saiatzen naiz: ez ditut ukatu, kontrakoa, erreferentzia modura erabili ditut, haien bisioaz elikatu naiz. Oteiza oso presente dago liburu honetan, eta baita Aresti eta beste batzuk ere. Haietatik abiatzen naiz, edo behintzat nire kosmobisioaren parte direla errekonozitzen dut.

Harri jasotzailea, euskal kulturaren erreferentziak... berez gazteleraz idazten duzu, gaiak eraman zaitu edizio elebiduna egitera?

Liburu honek elebiduna izan behar zuen. Nik gazteleraz idazten dut, eta liburu hau gazteleraz jaio zen, baina biziki eskatzen zuen itzulia izatea, baita nire aitonagatik ere. Bera euskalduna zen, ez zekien gazteleraz. Bere memoriaren parte gisa, bere historian barneratu naizen heinean, errespetuagatik modu naturalean elebitan egon behar zuen. Nahi nuke euskaraz idatzi izana, baina egun ez naiz berdin espresatzeko gai.

Azkenaldian El Gallo de Oron lan elebidun gehiago plazaratu dituzue: Juan Rulforen Pedro Paramo kasu. Argitaletxearen ildo berri bat izango da?

Bat batean ildoa sortu da, baina ez da bilatua izan. Liburu bat plazaratu genuen lehenik, euskaraz idazten duten lau poetena (Muga). Liburu hura elebitan egiteko aukera ikusi genuen, eta ohartu ginen oso lan gutxi dagoela elebitan: gazteleraz edo euskaraz publikatzen da, baina liburuetan bertan ez da apenas bi hizkuntzen arteko zubirik. Ez da egiten, edo egiten bada ez dut ezagutzen, edo gutxi egiten da. Beste hizkuntza batzuen artean egiten da, eta Pedro Paramorekin ere hori egiteko aukera ikusi genuen. Juan Rulfo Beñat Arginzoniz eta niretzat ezinbesteko erreferentea da, argitaletxeari izena eman dio berez.

Argitaletxea bera nola sortu zen?

Argitaletxea 2012ko azaroan sortu zen. Printzipioz poesia argitaratzeko asmoz sortu genuen, urtean liburu gutxi batzuk plazaratzeko xedez, 3-4 liburu urtean. Borondatezko lana eginez jarri genuen martxan. Egun argitaletxe bat mantentzea lan nekeza da, are gehiago poesia argitaratu nahi denean. Ez duzunean muga hertsirik jartzen proiektu hauek azkenean transformatzen doaz, eta beste bilduma batzuk ere sortu dira: narrazioa, saiakera... egun hamar bat liburu plazaratzen ditugu urtean. Umiltasun handiz sortu genuen berez, pultsio nagusia beste batzuen lana publikatzea zen, niretzat besteen lanak publikatzea ere sormen mota bat delako.

Zein unetan dago orain argitaletxea?

Baditugu proiektuak, Juan Rulforen beste liburu bat plazaratuko dugu elebitan (El Gallo de Oro bera). Argitaletxeak urte gehiago iraun nahi luke, nirekin edo ni gabe, baina ikusiko da. Proiektuak berez pasio asko eskatzen du, gehienetan diru galerak ekartzen dituelako; osasuna, gogoa eta ilusioa dagoen bitartean argitaletxeak jarraituko du bere bidea. Oraingoz bost urte hauetan asko hazi da eta forma interesgarria hartu du.

IMG_6261Juan Manuel Uria eta Shiara Nuño "Noski!" liburu-denda berria prestatzen

Eta sortzaile zein editore zaren ekuazio honetan, orain elementu berri bat sartu da: “Noski!” izeneko liburu-denda zabalduko duzue Errenteria/Oreretan. Nola sortu da proiektu hau?

Proiektua berez nire lagun Shiara Nuñoren eskutik sortu da. Oinarrian liburuekiko maitasuna dago, hori da gu guztion ardatza, liburuekiko maitasuna objektu gisa eta izan garen horren isla gisa: pasio ia irrazionala da sentitzen duguna, gauza irrazionalak egitea ere bultzatzen gaituelako, liburu-denda bat zabaltzea kasu (barreak). Liburuarekiko pasio horretatik eta espazio kultural berri bat sortzeko gogotik sortu da “Noski!”, espazio bat non jendea elkartu, ekintzak antolatu, kultura kutsatu... beti ere umiltasunetik, baina ahal dela herriko kulturari ekarpen txiki bat eginez. Ni Errenteriakoa naiz, eta banuen gogoa bertan proiektu hau gauzatzeko. “Noski!” liburu-denda da, baina ez soilik: aurkezpenak, hitzaldiak, lantegiak eta abar antolatuko ditugu. Jendearen proposamenei zabalik gaude, ahal dela herriko beste eragile kultural eta sozialekin saretuz, eta haiei ere espazioa eskainiz. Badugu konpromiso politiko eta sozial bat ere, bizi ditugun garai nahasi hauetan kulturatik eraikitzeko gogoa bat, gure jendartearen ardatza kultura izan dadin.

Zer nolako katalogoa egongo da salgai?

Euskarazko eta gaztelaniazko narratiba independentean espezializatu nahi genuke. Poesia atal garrantzitsua egongo da, saiakera atala egongo da, bigarren eskuko liburuen txokoa... Argitaletxe independenteei leku berezia eman nahi diegu, kasu batzuetan ia bazterrekoak diren argitaletxeei. Kasu berezia emango diogu baita ere haur literaturari. Artista liburuak ere edukiko ditugu ikusgai: Arteliburu elkartearekin elkarlanean bi hilean behin artista liburu bat egongo da ikusgai. Erakusketak egingo ditugu, eta artisautzari ere bidea emango diogu, inguruko hainbat lagunen produktuak salgai jarriz: harribitxientzako txoko bat, zeramika, eskuz egindako libretak, egurrezko jostailuak...

Arreta berezia eman nahi diogu baita ere ikuspegi interkulturalari, maila horretan elkarlana bilatuko dugu herriko eragileekin. Shiara bera mexikarra da, eta sentsibilitate berezia dugu gaiarekin. “Noski!” izen orokorrarekin batera “liburu-denda” hitza gaztelaniaz, euskaraz eta arabieraz egongo da jarrita atarian. Latinamerikarekin ere elkarlan zubiak eraikiko ditugu. Hortik aurrera badugu poesia jaialdi bat antolatzeko asmoa ere... liburu-denda oinarri, pausuak ematen joango gara. Funtsean, jendea gonbidatzen dugu bertara lekua ezagutzera eta proposamenak, ekarpenak, ideiak ekartzera, proiektuak konpartitzea. Gu ahaleginak batzeko gogoz gaude.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)