Karlos Linazasoro: "6012 nobelak asko du gidoi zinematografikotik"
Ostirala, 2018-06-081978an, merkantzia tren batek errailetatik irten eta kaos handi samarra eragin zuen Tolosako herrian. Trenak 55 tona azido zianhidriko zeramatzan. "Ia probintzia osoa desagerrarazteko indarra zuen bonba bat". Karlos Linazasorok 15 urte zituen orduan. Eta aita, udal gestorako presidente izendatu berri. Oroitzapenetatik tira eginez, suspentsezko nobela bizi bat osatu du. Eta aita omendu du, bide batez. Dotorezia handiz omendu ere, gorazarre merkean erori gabe.

6012 (Erein) nobela bat da eta benetako gertaera bat du abiapuntu. Zure bibliografian ezohiko liburua da, ezta?
Nobela errealista bat da. Benetako gertakizun batean oinarritzen da. Horregatik da ezohikoa nire ibilbidean. Erabat.
1978an, Tolosan eman zen gertaera bat hartu duzu abiapuntu.
Iruditzen zitzaidan kontatu beharreko gauza bat zela. Ezbehar hura Amerikako Estatu Batuetan gertatu izan balitz, honez gero filma egina egongo zen. Edo serie bat... Nik 15 urte nituen orduan eta oso barruan geratu zitzaidan. Ez dut ahaztu sekula santan. Honi buruz idazteko asmoa aspalditik nuen baina sekula ez nuen asmatzen. Behin baino gehiagotan saiatu izan naiz nobela honi ekiten, baina ez nuen asmatzen. Azkenean hau atera da. 40 urte pasa dira honez gero eta distantziak lagundu egin didala iruditzen zait.
Errealitatetik abiatzeak zenbat du abantailatik eta zenbat zamatik?
Zama izugarria. Niretzat dena problema izan da. Errealismoak bere mugak ditu eta kontatzen duzuna egiantzekoa izan behar du beti, bestela nobela hankazgora doa. Eta ni muga horien barruan oso gaizki moldatzen naiz. Irudimena beste toki batzuetara joaten zait beti eta errealitatera mugatu behar horrek asko zaildu dizkit gauzak. Ez da nire terrenoa. Hori da kontua.
Ba estilo hori puri-purian da une honetan.
Hala da, baina niri errealismoa ez zait sekula interesatu. Ez da nire terrenoa. Deseroso ibili naiz. Zergatik idatzi dut orduan? Iruditzen zitzaidalako kontatu egin behar nuela. Eta bestetik, aitari omenaldi modukoa egin nahi niolako.
Nobelaren amaieran bi idazketa-data ageri dira. Behin baino gehiagotan berridatzi behar izan duzun seinale.
Hala da. Gidoi moduan idatzi nuen lehenbizi. Antzerkirako egokitu nuen gero, baina ez zuela funtzionatzen iruditzen zitzaidan. Azkenean nobelatxo gisa plazaratu dut. Dena den, asko du gidoi zinematografikotik. Pelikula bat egiteko ez litzateke gauza handirik aldatu beharko. Dialogoak dira nagusi. Bi protagonista nagusiek kontatzen dute zer gertatzen den. Euren arteko elkarrizketetan dago gertatzen denaren haria.
Nobelaren denbora Tolosako ezbeharrak iraun zuenaren berbera da.
Horretara mugatu nahi izan dut. Hari asko daude nobelan eta hari bakoitzak sakontzeko aukera ematen zuen arren, nik ez nuen horretan erori nahi. Nire burua asko frenatu behar izan nuen. Distopiara jotzeko tentazioa izan nuen, gauza guztiak muturrera eramateko. Desastrea desastreago eginez. Baina ez nuen errealitatetik gehiegi aldendu nahi.
Errealitatetik abiatu bazara ere, nobela bat idatzi duzu. 6012, hortaz, fikzioaren kodeekin interpretatu behar da. Dena den, nobela hau bada 1978ko giro politiko sozialaren erakusgarri, ezta?
Kontestuak nobela janzten du eta ondo kokatzen du ezbeharra bere garaian. Dena diferentea zen duela 40 urte eta orduko giroa azaltzeko balio izan dit. Frankismoa bizi-bizi zegoen oraindik.
Eta bere egiturak martxan.
Diputazioan frankistak zeuden oraindik. Eta koarteletan. Kalean giroa ez zen erraza... Horrekin ere egin nezakeen beste nobela bat. Baina hori ez da nire lurraldea. Asko sufritu dut. Beste edozeinek nik baino errazago egingo luke baina niri asko kostatu zait. Kontuan hartu behar duzu egoera. Bonba atomiko bat duzu trenbidean, herriaren bihotzean, eta ezin duzu dialogo bat edozein modutan idatzi.
Elkarrizketetan ironiarik topatu dugu.
Hor sentitzen naiz gustura. Aske eta libre. Baina liburu honetan dagoen ironia oso neurtua da. Egoera hura umorez hartzeko zaila zen.
“Di-da irakurtzen da”
Elkarrizketa asko dago eta deskribapen gutxi. Are gehiago, elkarrizketek daramate narrazioaren pisua.
Bi pertsonaia nagusien arteko elkarrizketen bitartez kontatzen da dena: gauzak nola doaz, zer nolako erabakiak hartzen diren, zer esan dien batek, zer erantzun dien besteak, zer gertatu den Guardia Zibilarekin… Kontakizunaren haria dialogoek daramate.
Horrek erritmo jakin bat ematen dio nobelari.
Bai, di-da irakurtzen da. Aspertzeko denborarik ez du ematen. Gustatuko zaizu edo ez, ona edo txarra irudituko zaizu, baina 94 orriotan ez zara aspertuko.
Xehetasun teknikoak adibidez, oso sintetizatuta daude.
Laburra da nobela. Egin zitekeen luzeago, baina muinera jo nahi izan dut. Hornidura gutxi du.
Suspentsezko nobela
Tentsioa konstante bat da nobela osoan. Hori da nobelaren beste motorra. Suspentsezko nobela baten itxura du.
Nobela honetan intriga hori mantentzea interesatzen zitzaidan. Irakurleak badaki abiapuntua zein den eta amaieran zer gertatuko den argitu nahi du. Hori da nobelaren misterioa. Baina kasu honetan, jendeak badaki amaieran zer gertatu zen. Eta horrek buruhauste handiak eman zizkidan. Ezin nuen idatzi “zisterna konpondu zuten, dena oso joan zen, trena jarri zuten martxan eta akabo”.
Nobelako pertsonaia nagusia udal gestorako presidentea da. Udal korporazioa osatzeke dago oraindik. Urte hartan, 1978an, zure aita Tolosako udal gestorako presidentea zen. Protagonistari, hain zuzen, aitaren izena ipini diozu. Iñakik muturreko egoera bati aurre egin beharko dio. Hori gutxi balitz, giroak ez du asko lagunduko. Alderdiak erdi abandonatuta, oposizioaren konplizitaterik gabe, Frankismoko segurtasun indarren menpe… Gizona bere bakardadean. Hala irudikatu dugu Iñaki. Benetakoa eta nobelakoa.
Halaxe zen. Eta halaxe zen Udaletxean eta udaletxeko plenoetan. Kasu honetan, erantzukizuna izugarria izan zen. Kristorena. Baliabide teknikoak ez ziren gaur bezalakoak. Oso urriak ziren. Eta bera hantxe egon zen, lehen lerroan.
Egungo talaiatik begiratuta, zaila da ezbeharraren benetako arriskua irudikatzea.
Hala da, baina zisterna hura lehertu izan balitz eskualde osoa pikutara joango zen. Egun horietan laguntza eskasa jaso zuen, beste batzuen aldetik laguntzarik ez, oztopoak baizik… Tentsio hori, bakardade hori, erantzukizun hori islatu nahi izan dut.
Epelak entzun beharko dituzte denek. Denentzako izango du Iñakik.
Une horretan zirt edo zart egin behar zen. Ez zeuden mila ingeniari. Egoerari aurre egin behar izan zion, zegoenarekin.
Kaosaren erdian, Iñakik helduleku bat topatuko du. Geltokiko ikuskaria, Juan Mari. Bien izaerak oso ezberdinak dira baina elkarren osagarri.
Bata bestearen makulu dira. Lagundu egingo diote elkarri. Ikuskariak aholku onak emango dizkio.
Presidentearen larritasunaren aurrean, tren geltokiko ikuskariak beste patsada bat du.
Ikuskariak ez du zer galdurik eta presidenteak dena du galtzeko. Oso ezberdinak dira gainera. Bat sinestuna da eta bestea agnostikoa. Egoerari aurre egin beharko diote eta horrek batuko ditu biak.
Euren arteko harremana sendotzen joango da. Umorerik ere bada bien arteko solasaldian. Tentsioa baretzen laguntzen duten pasarteak dira. Zure aitak ere bazuen ironiarako joera, ezta?
Oso umoretsua zen. Bertsolari umorea zuen. Hemengoa. Eta oso bitala zen. Mila gauza egiten zituen. Ez zen batere eszeptikoa, alderantziz, oso positiboa zen. Zentzu horretan, oso ezberdinak gara.
Une jakin batean, politikaz gauza handirik ez dakiela aitortuko du. “Esmeril harriak saltzen ditut eta tarteka marteka artikuluak eta liburuak idazten ditut”. Nobelak badu omenalditik, ezta?
Hala da. Errenazimenduko gizon bat zirudien. Denetik egiten zuen. Idatzi, argazkiak atera, hitzaldiak eman… Gauza askotan ibili zen aita. Arteari edota umoreari buruzko liburuak plazaratu zituen. Bidaiatzea ere asko gustatzen zitzaion.
Euskal Herriko lehenengoetako ekologista izan zen. Orduan ez zen mugimendu ekologistarik. Eta garai hartan, Tolosako Oria ibaia aparrez beteta egoten zen. Arazo handiak izan zituen paper fabriken nagusiekin. Depuradorak jartzeko eskatzen hasi zen eta mehatxuak izan zituen horregatik. Jende oso indartsua zen, pentsa, garai hartan papergintza zen Tolosaldeko motorra.
Bada bigarren mailako pertsonaia bat nobelan: Iñakiren emaztea. Termometro lanak egingo ditu. Zero gunearen eta herriaren arteko katalizatzailea izango da bera. “Hamazazpi aldiz deitu didate, Iñaki!”, hori esango dio une batean senarrari.
Halaxe zen. Askotan deitzen zuten etxera. Gauzak eskatzeko, kexu azaltzeko, mehatxuak egiteko… Denetarik izaten zen.
Ez zen garai samurra izango zuen etxean.
Telefonoa kendu behar izan genuen. Baita beheko tinbrea ere. Babes gabezia bat zegoen. Garai hartan lau alguazil zeuden herrian, ez zegoen besterik.
"Amaiera gozo bat asma nezakeen..."
Nobelak badu garratzetik, badu gozotik. Zisterna ez zen lehertu azkenean. Tolosa ez zen desagertu. Nobelaren amaieran ordea, bestelako ezusteko bat jasoko dugu. Ezusteko gogorra.
Tira, amaiera gozo bat asma nezakeen…
Baina ez zuen hain ondo funtzionatuko, ezta?
Nik ez dakit amaiera honek ondo funtzionatzen ote duen. Irakurlea ezustean harrapatzen du behintzat.
Amaiera horri esker, Juan Mari ikuskariaren figurak pisu gehiago hartzen du.
Bai. Bat nator. Halako indar berezi bat ematen dio.
Amaieran, askoz hobeto ulertzen da bi pertsonaia nagusien arteko oreka.
Hori da.
Errealitatean oinarritzen den aldetik, dokumentazio lan bat eskatuko zuen. Denbora asko eman behar izan al duzu langintza horretan?
Ez bereziki. Aitak orduko paperak eta fotokopiak karpeta urdin batean zeuzkan gordeta. Xehetasun teknikoak hortik hartu nituen. Gainontzekoa fikzionatu egin dut, gogoan ditudan oroitzapenetatik tira eginez. Obsesio handiena izan da egiantzekoa, kontatutakoa sinesgarri egitea.
Bidea zabaltzen
Zertan zabiltza orain? Zer nolako egitasmoak dituzu eskuartean?
Aurreko batean Madrilen izan nintzen, gaztelaniazko haiku liburu bat aurkezten, Todo lo adentro (Editorial Polibea). Hamazazpikotan (Elkar) haiku liburutik abiatu nintzen gaztelaniazkoa osatzeko. Batzuk itzuli egin nituen eta beste batzuk erdaraz sortu nituen propio. Oso edizio polita atera dute.
Bidea zabaltzeko modu bat da.
Pozik nago. Beste pauso txiki bat da. Eta laster Versus (Elkar) nobela aterako da gazteleraz. Zaragozako argitaletxe batek plazaratuko du, Jekyll & Jill izenekoak. Oso liburu gutxi ateratzen dituzte baina oso ondo zainduak. Itzulpena bidali nion argitaletxeko arduradunari. Asko gustatzen zitzaion eta orain aterako dute. Gainontzean, aforismo liburu bat bukatuta daukat, euskaraz idatzia, eta Balea Zuria argitaletxearekin plazaratuko dut.
Argazkiak: Erein, Karlos Linazasoro.