Elkarrizketak

Luis Garderekin solasean

Ostirala, 2018-01-19

Barbaroak baratzean liburuaz egin dugu solas Luis Garde idazlearekin. Balea zuria argitaletxe sortu berriarekin plazaratu du bere zazpigarren poesia liburua dena. Askotariko gaiak izan ditugu berbagai, liburuko gaien bidetik: harresiak, poesia idazteko erak, idazlearen papera, manikeismorako arriskuak...

Luis Garderekin solasean

Barbaroak baratzean zortzigarren poesia liburua duzu. Nobela bat idaztetik zatoz, zure ibilbidean lehena: Ehiztariaren isilaldia, Euskadi Literatur Saria jaso zuena gainera. Nolakoa izan da poesiara itzulera?

Etxera itzultzea bezala izan da. Banuen gogoa; nobelaren idazketaldia luzea izan zen eta, gainera, argitaratu eta berehala haren gaztelaniazko bertsioan murgildu nintzen. Egia da nobelan bazeudela poema batzuk, baita prosa poetikoa ere, baina narrazioari begira zeuden eginak; oso ezberdin da poema liburu baten proiektuari ekitea.

Nola eragin du Ehiztariaren isilaldiak zure ahots poetikoan?

Urte banaka batzuk prosaren idazketari eman ondoren, zerbait “trinkoago” egiteko nahia sortu zitzaidan, bilduma bat, erran dezagun, non metaforen, sinboloen sarea estuagoa zatekeen. Oso maite dut poesia narratiboa, beti uste izan dut poema bakoitzak bere argudiotxoa duela, baita poesiak berak istorioak kontatzeko balio duela, oso modu erakargarriagoan gainera: elipsia, hizkuntz arruntaren erabilera poetikoa. Azken urteetan, baina, poesia narratibo asko argitaratu da euskaraz. Horrek ere adoretu ninduen eremu berrietan sartzera, zehazkiago poesia trinkoagoa, ez lehengoa bezain prosaikoa, idaztera.

Barbaroen baratzean argitaletxe berri baten eskutik plazaratu duzu: Balea zuria. Argitaletxekoek poesiari eman diote garrantzia hastapenetik, ez kasualitatez: Pentsamenduaren poesiaren ekimenen bultzatzaileak ditugu argitaletxeko sortzaileak. Argitaletxe horren lehen titulua izan da zurea. Nola eman da aukera hori?

Bagenuen lehendik noizbehinkako harremana izen horrekin talde gisa aritzen diren lau poeta haiekin, haien ekimenetara noizbait gonbidatu izan bainaute. Hortik harreman ona sortu zen, plazera baita literaturaz lasai solastea ardotxo bat eskuan duzula. Deitu zidaten haien proiektuaren berri emanez, printzipioz egile gazteen lanak ateratzeko zutela, baina galdetu zidaten lehenengo alea ateratzeko ea zerbait nuen esku artean. Bitan pentsatu gabe baiezkoa eman nien, oso eskertzekoa iruditu baitzitzaidan halako lau poetak niri eskaintza hura egitea. Lau hilabete geroago, lana eginda, hasi ginen biltzen argitalpenaren xehetasunak zehazteko. Argitaratzaile berriak izan arren, ibilbide luze eta oparoko lau poeta dira; asmatu nuen liburua hagitz ongi editatua aterako zela pentsatuz. Papera, letra-moldea, ilustrazioak, azala eta kontra-azala zoragarriak dira, egia esan.

barbaroak baratzean tx

Poesia bazter samarreko generoa dela dirudi, liburu salmentei dagokionez bai behintzat, baina era berean dezente argitaratzen da (antzerkia baino askoz gehiago, kasu), eta baditu plazaratzeko bere zirrikituak (errezitaldiak, kantak, eta abar). Zuk poesia plazaratzen duzunean, bazterreko literatur genero batean idazten ari zarela sentitzen duzu?

Dudarik gabe. Jakin badakit, hasteko, poema-liburu bat ateratzen duen argitaletxeari berea kostatuko zaiola jarritako dirua berreskuratzea. Beraz, poeta batentzat bere aldeko apustu hori jasotzea oso eskertzekoa da. Osteko bidea ere bazterreko bidea da. Duela gutxi, adibidez, Iruńeko Katakraken egin genuen liburuaren aurkezpena. Egunkari batean orri osoko elkarrizketa agertu zen (eskertzekoa hori ere) hiru egun lehenago, bertze ohar luze bat bi egun lehenago… eta hamabi bat poesiazale bildu ginen, poetak, lagunak eta senideak barne. Sei-zazpi ale sinatu nituen, hura bai arrakasta. Gozamena izan zen, berriz, poesiaz lagun giroan solastatzea. Literatura kontsumo eta merkatu kontua den garaiotan, poetok bazterretan gabiltza, dinamika eta pentsaera horretatik guztiz at, baina gehienok eroso gaude, ongi dakigu zer-nolako gizartetako kide garen.

Eta saritua izan den nobela bat idatzi ostean, erdigunetik periferiara egin duzu bidea berriz ere?

Bai, nahita eta itzuleraren baliagarritasunez konbentzituta egin dut. Alde batetik, esan dudan bezala, hainbeste urtean ostatu eman didan “etxe” horretara itzultzeagatik. Poetak gutxitan uzten du poesia, poesiak, bederen, poeta uzten ez den bitartean. Poesiara itzultzea neure buruaren aitzinean nire poeta izaerari eusteko era bat zen. Gure gizarteak azaleko arrakasta gurtzen du, ekonomia aldean gehienbat. Ez dut atsegin nobelagile arrakastatsuaren irudia, literatur merkatuko kontsumitzaileek era akritikoan gurtzen dutena. Euskal literaturan ere aspaldi sendotu da “salduenen zerrendaren” diktadura hori, gehiegitan kalitatearen kalterako. Zer gara poetak, best-sellerak fabrikatzen ez dakigun jende xelebrea, porrot egindako letraherido erresuminduak? Ados, ni nauzue horietako bat, eta harro! Seguru asko, antzerkigile eta ipuingile askok ere horrelatsu dakusate merkatuak ezarritako ikusgarritasun eza.

Liburu osoan badira errepikatzen diren metaforak, irudiak, gaiak. Etorkinen eta errefuxiatuen gatazka sumatzen da lerrootan modu zehatzean. Nola atera diozu hainbeste ezpal gai bakar bati? Irudien bila jardun zara, dokumentatu zara?

Nire asmoa zen liburu oso bat egitea gai horien inguruan bereziki, zabaltasunean gal zitekeena sakontasunean irabaziz, horrela landutako liburuak gustukoak baititut: ez era aleatorio batean gai hau zein bertze hura jorratzen dituztenak, baizik eta gai pare batean oinarritutako egitura sendoa dutenak. Nire ustez gai-batasuna horrek izaera irmoagoa ematen dio liburuari, monotonia saihesten bada, noski.

Poeta batek, bertzalde, bere dokumentazio lana egiten du, finean ikertzaile moduko batzuk baizik ez gara. Nik egunkarietan zein sareetan aurki daitezkeen artikulu anitz irakurri nituen; gertatzen ari diren zoritxarren kronikak esaterako, edo etorkinen lekukotzak. Argazki asko begiratu nituen, errealitate horretan sartzeko bereziki esanguratsuak baitira: argiak, koloreak, gorputzen eta aurpegien adierazkortasuna... Horri gehituko nioke eguneroko albisteetan jasotzen ditugun zoritxarreko historiak, zein baino zein gogorragoak. Errealitatea bera, hitz batean, izaten da metaforak eta sinboloak harilkatu nahi dituen poetaren lehengaia.

Jakina da aukeratutako gaien zehaztasuna badela beste zerbaiten metafora edo ispilu, baina hala ere, deigarria egiten zait horrelako gai bat lantzea poesian: niaren literatura izanda, zuk bizi izan ez duzun errealitate batez mintzo zara. Nola egin duzu zure?

Hori delako, nik uste, literaturaren helburuetako bat; zuk bizitu ez dituzun bizipenak zureak egitea, gero irakurleei transmititzeko, haiek ere haienak ez direnak beregana ditzaten. Hor dago hizkuntzaren magia, geure burua identifikatzen uzten gaituena inoiz gertatu ez zaigunarekin edo inori gertatzen ez zaigunarekin.

Askotan esaten da poesia “ni”aren generoa dela. Egia da gehien erabiltzen den izenordaina hori dela (nahiz eta liburu honetan “gu” eta “haiek” ugari dagoen) baina horrek ez du esan nahi nartzisismoa elikatzeko idazten dugunik. Irakurleei esaten ohi diet poemetako “ni” hura haiena direla, ez nirea. Ahots poetikoaren “ni”a ez da bere min eta poz pertsonalenez hitz egiten duen gizaki gorabeheratsu batean, baizik eta irakurlea emozionatzera edota pentsatzera eraman nahi duen sormena, diario intimo batekin zerikusirik gabea.

Manikeismoan erortzeko beldur izan zara?

Bai, halako gaiak ukituta beti da saihestu beharreko arrisku bat. Ikusten saiatu nintzen noraino heltzen ahal zen eta noraino ez; erran nahi dut, salaketa egiten duen poesia ez dudala batere gustukoa, hori egiten duen poetak nagusitasun moraletik mintzo baita. Nik uste poeta bat bere testuetan bustitzen ahal dela gure munduaren zikinkerietan, baina predikurik egin gabe, irakurleari zer egin behar duen edota zer pentsatu behar duen esan gabe, halako sermoiak jasangaitz izateaz gain, horrela jardun duen idazlea ergelak balira bezala erabiltzen baititu irakurleak. Bere lekua utzi behar zaio irakurleari, horrek bere imajinazioan, bere sentsibilitatean jasotako poema berreraiki dezan.

Harresiaren irudia hainbat ertz aurkitu dizkiozu: urhesia, hitzesia... Harresi fisikoak, harresi identitarioa... Zer nolako ariketa egin duzu?

Zentzu askotan ustiatu dut hesiaren irudia, gure ustezko paradisu-baratzera heltzea galarazten dion burdinesiaz gain, arestian aipatu duguna. Gure gizarteak eraikitzen dituen hesiak ez dira bakarrik harrizkoak zein burdinazkoak: ekonomia, hizkuntza, ideologia arloetan ere eraikitzen ditugu hesiak beldurra ematen diguten arrotzen kontra. Gero eta gehiago erabiltzen da “identitate” hitza, bai zentzu kolektibo batean bai banakako maila batean. “Izaera”, “nortasuna” gero eta mugikorrago zein malguago diren garaiotan, identitatearen kontzeptu itxi eta zurrun bati eusten diogu. Identitatearen kontzeptuak gogoarazten dit giza-trafikanteek etorkinei saltzen dizkieten salbamendu-jaka izorratuak. Besteari beldurra diogunez, alegiazko identitate baten hesia eraikitzen dugu arroztzat jotzen ditugun izaerek kutsa ez gaitzaten.

Hala ere, nire inpresioa da harresiak obserbatu egiten dituela ahots poetikoak, kanpotik bezala. Poetikoki deskribatzea inplikatzeko modu bat izan daiteke, baina hortik harago bada posizionamendurik?

Hortxe sartzen da lehen aipatu dugun manikeismo zein demagogiaren gaia. Nik uste gaiaren hautaketa bera badela posizionatze bat. Ahots poetikoaren begiradan dago parte hartze hori: berariaz egindako irudiek, metaforek komunikatzen dituzten emozioetan, alegia. Eta hausnarketetan, noski, gehienbat bigarren atalaren poemetan argi suma daiteke kontu hori. Bestelakoa litzateke, esan dudan bezala, predikua egitearena. Hain justu aipatzen da poemaren batean poetaren ezinikusia predikatzaileen aldetik, gure artean hain harro dabiltzan sasi-iraultzaile demagogoen irudia, kez egindako elkartasuna saltzen dutenak. Poema horretan entzuten den ahotsak argi dauka gizarte pribilegiatu baten parte hartzaile eta onuradun dela, hesiaren alde pribilegiatu horretatik hitz egiten duela; minduta bai, baina alde horretatik.

Liburuko gaiek suposatzen duten ispilua sarritan izan duzu aipagai poemotan. Beldurraz hitz egitean adibidez:

“Haien beldurraren eta gurearen ausikien markak

ez dira bat.

Ezberdin beldur horien masailezurrak,

ezberdin letaginak,

ezberdin beldurrak.

Ertz honetan

gure beldurra

betsareetako dardara sumagaitza da,

norberaren ispiluen gelako bakardade horditua”.

Zer diote harresiek, harresiak eraiki eta armaz defendatu dituzten gizarteen kide garenotaz?

Harresiek diote euren adreiluak gure beldurraz eginak direla, harriz bainoago. “Beldurra” da poemotan askotan agertzen den sentimendua. Arrotzari diogun beldurra, ulertzen ez dugun hizkuntza dakarren edo usadio ezberdinak dakartzan arrotzaren beldur gara. Sentimendu hori erraietan daramagu, xenofobia finean arrotzari beldurra zein gorrotoa da. Kontua ez da sakoneko beldur hori gaitzestea, gizakiaren izaeraren osagarri baita; kontua da nola kudeatzen ditugun gure emozio eta erreakzio horiek. Europa osoan indartzen ari diren alderdiak eta liderrak egiten dutena horixe da; gizakiaren sakoneko emozioak manipulatzea boterea eskuratu ahal izateko.

Etxea, baratzea. Honela azaldu zenuen barbaroa zer den, aurkezpenean: “Barbaroa: gutakoa ez den edonor, bestea. Etorkina izan daiteke, baina izan daiteke nik bezala pentsatzen edo sentitzen ez duen edonor. Arrotza, diferentea. Nire identitate harresitua konpartitzen ez duena”. “Denok gara besteren barbaroa” diozu berriz, liburuko poema batean. Non kokatu zara beraz, barbaroen inguruko gogoetan? Ekidin ezina da inoren barbaro izatea, eta barbarokeria egoztea?

Bai, denok gara bertzeren barbaro. Printzipioz, “barbaro” hitzak konnotazio asko lituzke. Ez du zentzu negatibo zein gaitzesgarri izan behar. Izan daiteke edo ez. Izan dezake konnotazio ironiko bat; izan dezake konnotazio onuragarria, eguneroko hizkuntz arruntean ere horrela erabiltzen baitugu (“a ze barbaro!”); izan daiteke “nomada” edota “arrotz”aren sinonimoa. Nire lagun batek bere burua “nafar barbaro”tzat harro aldarrikatzen du bere burua. Ildo horretan, barbaroa ez litzateke beharrez “barbarokeriak” egiten dituena, baizik eta “barbarokeriak” egitea leporatzen diodan pertsona hori. “Barbaroa” lirateke, nonbait, norberak eraikitzen dituen mamuak, aurreiritziz egindako irudiak, bertzeei leporatzen dizkienak. Zu zeu, euskaraz mintzo eta idazten duzun unetik, inoren barbaro izanen zara; hain zuzen, haren gorrotoen edo haren mespretxuen gordetzaile.

“Identitate harresituaren garaia”: ez duzu sobera gustatzen “identitate” hitza, aurkezpenean bertan azaldu zenuenez. Zergatik?

Jaurtitzeko arma bilakatu delako. Edozein hitz, berez (are gehiago poesiaz ari bagara) ez da onbera ez gaitzesgarria, inportanteena da testuingurua, nola erabiltzen den. Gehiegizko erabilera dauka gaur hitz horrek, “nortasun” zein “izaera” hitzen kaltetan. Identitateak, hala nola nazionalak, sozialak, kulturalak, sexualak, modu zurrun batean eraikitzen ditugu, bestearen aitzinean geure burua bermatzeko modu bat dira. Gogaikarria deritzot norbere identitatea egun osoa aldarrikatuz ibiltze hori, nabardurarik gabeko identitate bat aldarrikatzea egin beharreko ariketa balitz bezala. Horrek ematen du, hain justu, gure izaeraren galeraren neurria. Kontu bat da zure izaera onartzea, sakontzea, zabaltzea, eta abar, eta beste bat zure artifizialki eraikitako identitate batean zeure burua hesitzea. Idazten duenak, finean, nabardura bila doa.

barbaroak baratzean

Argi dago arrazakeria eta intolerantziaren iturrietara jotzen duzula horrelako gogoetekin... baina agian baratzeak gero eta birtualagoak diren garai hauetan, identitatearen inguruko gogoetak egiten direnean ez ote dago difuminazioa, pentsamendu biguna, konformismorako arriskua, mundu gero eta globalizatuago honetan?

Dudarik gabe, gaur mundua eta errealitatea aldatzea bermatzen digun ideologia handien babesa ez dugunez, etsipenera jotzen dugu, baita depresiora ere. Horretaz bikain idazten ari da, esaterako, Byung-Chul Hal filosofoa, “nekaduraren gizarteaz” aritzen denean. Etsipenaren hurrengo urratsa konformismoarena da, inora ez daraman eszeptizismo antzuarena. Poeta apal bat ezin da joan horretaz hausnarketa egitetik haratago, eskura dituen metafora eta sinbolo banaka batzuen laguntzarekin. Gaur, duela ehun eta hogei urte ez bezala, ez dago “Zer egin?” izeneko eskuliburua idaztera ausartuko den ideologorik.

Bitasunaren kontrako diskurtsoak oso presente daude egungo jendarte eztabaidetan, besteak beste genero eta gorputz politiken eraginez. Zeuk hala ere bitasunaren arriskua areagotzen ari dela aipatu zenuen aurkezpenean. Hala ikusten duzu, zertan sumatzen duzu?

Bai, alde batetik, duela urte gutxi pentsa ezin zitezkeen eztabaidak azaltzen ari dira gurean; adibidez zuk aipatzen duzun genero eta gorputz politiken arloan. Eztabaida horiek, batzuetan behaztopaka bada ere, gizartea aurrerantz joanarazi dute. Sexu askatasun eta aniztasunari dagokionez, adibidez, urrats txiki baina anitz ematen ari da gure euskal gizartea, beti hain kontserbadore izan dena. Baina alde batetik, ez da aurreratzen nahi dugun bezainbeste, gure zilborrari begira geratzen ez bagara ikusten ahal dugunez. Gazte askok nola ulertzen duten sexu-harremanak eta sexuen arteko harremanak ikusten badugu, larritzeko zioa izanen dugu. Edota teknologia berriekin, sareen erabilerarekin hain zuzen, sortutako menderatze eta jazarpen era berriak.

Edozein gai inguruan sortzen diren eztabaida publikoetan, ikus daiteke manikeismoranzko joera gero eta handiagoa dela. Sareetan, telebista eta irratietako solasaldietan, edozein debate politiko zein sozialetan argi ikusten da eraginkorrena dela, jendearen oniritzia jasotzekotan, nabardurei ez erreparatzea; eraginkorragoa dela karikaturizazioa, sinplifikazioa, iraina. Horretan ere murrurik. Edozein posizionatzearen aurrean nabardurak daudela baldin badiot, “epela” izanen naiz, txandako barbaroaren konplize izatearen susmagarri.

Izenordeei ere hautsa kendu diezu, sinbolikoki:

“Ez dugu hemen izenordainen historia ikertu:

behialako maitasunaren poeta maitakorrek

ongi zekiten nor bizi zen,

nortzuk maite zuten elkar ni eta zuren altueratan;

guk, ordea,

esaldi arruntenaren gu eta haiekengan nor ezkutatzen

ez genuke ziurtatuko.

Esanen dugu bakarrik

ez garela beti gu izan. Edo izaten. Edo izanen.

Totelka baizik ezin dut gu ahoskatu.”

Euskal Herrian, egun, zauri dira izenordeak?

Nik uste dut baietz. Lerro horietan ukitzen da identitatearen gaiaren alderdietako bat, euskaldunon identitatearena hain zuzen. Hortik zehar “gutasun”aren kontzeptuari zer-edo-zer irakurri egin dut, harro erabili behar dena, eta abar, baina tentu handiz erabili behar dira halako ideiak. Kontuz identitate kolektiboekin (horretan baitatza “gutasun” hori), sobera homogeneizatzaileak suertatzen baitira, banakoaren borondatearen gainean ezartzen baitira. Nik uste euskararen herria badagoela, baina behin hori onartuta, aniztasunaren alde egiten dut. Hortik nire kritika hori: totelka baizik ezin dut gu ahoskatu. Hau da, badago “gu” bat, baina kontuz “gu” horrekin, ez erabili identitate monolitiko bat hesitzeko, identitateak erlatiboak, aldakorrak izateaz gain, bizitzak eskaintzen dizuen aniztasun zoragarriari atea ixten ari zatzaizkiolako, baita ere zeure izaerari eboluzionatzeko zein aldatzeko aukera. Kolektibitate gisa nahiago nuke orainean eta etorkizunean bilatzea gure herri izateko zilegitasuna, Paleolitikoan bainoago. Horretarako, hobe harrotasunik gabe ahoskatzen badugu “gu” hori… eta totelka.

Amaitzeko, liburuko beste aipu bat ekarriko dugu:

“Lubaki bat litzateke murrurik garaiena:

lur barneko su isurkorra edanen lukeen

lur erretenik sakonena aski da.

Ez da zaindaririk ordaindu ez xaflarik erosi behar.

Ez du jotzeko aterik,

beste aldean jaio zenak

ezin du bere airezko espetxe gardenetik ihes egin”.

Airezko espetxeen garaiotan, zer ahal du airez osatutako hitzak, eta ahotsak?

Liburu osoan zehar esaten denez, murrua hainbat osagaiz egina izan daiteke. Poema horretan, ez da ezta material solidoekin egindako murrua. Airezko murru gardena, “hitzesia”, murru psikikoa izan liteke, ideologikoa, bereganatzen ditugun diskurtso zapaltzaileena, gure barne errealitatea hesitzen duena. Hortik liburuaren bigarren izenburua, “Hitzezko murruak”. Baina izenburu horren bigarren zatia honela dio: “murruaren hitzak”. Horrek esan nahi du hitz batzuk idatzita daukan murru bat (grafiti bat, esaterako) ez dela horren murru, egunerokotasuna edo ohikeria hausten duen mezu bat baitu. “Me queda la palabra”, idatzi zuen Celayak poema hunkigarri batean. Horixe da, bederen, idazten dugunoi geratzen zaiguna: airezko leherketatxo horietan daukagun fedea.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)