Maddi Etxeberria Otaegiri elkarrizketa
Ostirala, 2018-09-07Maddi Etxeberria Otaegik bere lehen nobela plazaratu du: Zein usain dute oroitzapenek?. Eskutitzen bidez egituratu du kontakizuna. "Eskutitzak badira lehenengo pertsonan idazteko tresna bat, eta gainera, xarma berezia dutela uste dut teknologiaren munduan murgilduta bizi garen honetan". Gazteei eskainitako sailean plazaratu du Ereinek.

Martin Ugalde literatura saria, Aiztondoko Gutun Lehiaketa, Urruzunotarrak gehituz sariketa… Lehiaketa ezberdinetan saritua izan zara. Zure kasuan, sariak zein neurritan izan dira idazten segitzeko akuilu?
Uste dut sariak beti direla nolabait ere akuilu; ematen dizutela motibazio puntu bat aurrera jarraitzeko. Baina aldi berean, oso argi daukat niretzat idazten dudala. Beraz, erabat ziur nago saririk ezean ere idazten arituko nintzatekeela gaur egun; ez agian modu berean, ez agian espazio publikoan, baina idazten bai.
Larraulen egindako liburuaren aurkezpenean komentatzen nuen sariak, ematen dizula akaso topatu nahi duzun errekonozimendu hori, eta jende askorentzat eta kasu askotan badela aurrera jarraitzeko arrazoia. Baina aurretik aipatu bezala, idazleak ez badu lehenik eta behin beretzat idazten, motibazio hori alferrikakoa dela uste dut. Idazleak idazketa-prozesuan gozatu behar du; sortzen: pertsonaiak, paisaiak, elkarrizketak... Horrek sariren bat badakar, zoragarri; baina idatzitako horrekin gustura geratzea da saririk handiena.
Adiskidetasuna, maitasuna eta heriotza. Gai unibertsalak dira nobelan landu dituzunak. Gorabehera emozional asko eragiten dituzten tematikak. Horren erakusgarri da, esate baterako, Gaia eta Anderren arteko harremana, ezta?
Gaia eta Anderren arteko harremana, gaur egungo harreman askoren modukoa dela uste dut. Hasteko, gazteak direlako da harreman gorabeheratsua; baina ez horregatik bakarrik. Harremantzea munduko gauzarik normalenaren gisan ikusten da gure gizartean; baina izugarrizko zailtasunak ditu, eta ez harreman sexual-afektibo batek bakarrik. Harremantzea ez da elkarrizketa hutsalak izatea soilik; bada bestea errespetatzea, bada entzuten jakitea, bada espazio pertsonala ematea, baina behar duenean hor egotea. Ez dakit, harremanen konplexutasuna islatu nahi izan dut liburuan; eta Gaia eta Anderrekin nolabait lortu dudala uste dut.
Gaia –protagonista nagusia– atzerrira joan da lan egitera. Herri-mina bada pisua duen beste gai bat. Lagunekiko eta senideekiko beste ikuspuntu bat garatu ohi da etxetik kanpo.
Beti esaten da etxetik kanpo zaudenean baloratzen duzula gehien etxean duzuna, eta nobelan, inkontzienteki, protagonista Erresuma Batura bidali dut, urrunekoa baloratzeko, kanpotik analizatzeko... Nobela Euskal Herrian garatu zitekeen, baina uste dut xarma berezia duela etxetik kanpo egoteak; sortzen diren harreman berriengatik, batetik, eta harreman zaharrak mantentzeko ahaleginagatik, bigarren.
Eskutitzen bidez egituratu duzu nobela. Badu egunerokotik ere. Lehen pertsonan idatzia dago. Idazketa honek pertsonaia nagusiaren intimitatean sartzeko aukera garbia eskaintzen duelako akaso?
Beti sentitu izan naiz oso eroso lehen pertsonan idazten; sentimendu gehiago jartzen diodala uste dut, errealagoa bihurtzen dela idazten dudana. Eskutitzak badira lehenengo pertsonan idazteko tresna bat, eta gainera, xarma berezia dutela uste dut teknologiaren munduan murgilduta bizi garen honetan. Eskutitzen bidezkoa izatea ez da hautu kontziente bat izan, baina hala behar zuela uste dut; hirugarren pertsonan indarra galduko luke.
Erritmo bizia du nobelak. Hori da gutun forman idazteak duen beste abantaila bat, ezta?
Bai, bada eskutitzek duten beste ezaugarri bat. Nobelari dinamismoa ematen dio, irakurterraza da, eta zer gertatzen den jakin nahian irakurtzen jarraitzera behartzen zaitu. Gertatu izan zait irakurri ditudan hainbat nobelatan kapituluak astunak suertatzea, eta ez nuen nirearekin horrelakorik gerta zedin nahi.
Gaia Colchester hirira joan da eta bertan arituko da ikasturte batez irakasle lanetan. Bizimodu berri bat du begien aurrean, gustuko duena, baina sorterrian du aingura. Soka-tira horren erritmoan garatzen da nobela, ezta?
Esan daiteke nobela bi plano geografikotan gertatzen dela; izan ere, Gaia Erresuma Batuan bizi arren, oso presente ditu Euskal Herria eta bertan bizi diren gertukoak. Gainera, distantziatik, etxean utzi duena askozaz gehiago baloratuko du. Ez dakit Erresuma Batuaren eta Euskal Herriaren arteko soka-tira gisa definituko nukeen, ordea. Ez dut uste bi planoak elkarrekin borrokan ari direnik; baizik eta bi planoak elkarrekin nahasten direla; txirikorda bateko ileen gisan.
Modu kronologikoan garatzen da nobela eta Gaiak Heleni bidalitako eskutitzek gorpuzten dute kontakizuna. Nobelaren misterioetako bat Helen bera da. Azken unera arte ez dugu jakingo zehazki nor den eta zer nolako garrantzia duen Gaiaren bizitzan. Gaiarentzat funtsezkoa den pertsona izateaz gain, tentsio narratiboari eusten dion elementua da Helen, ezta?
Inongo dudarik gabe. Helen, Gaiaren bizitzan garrantzi handia duen pertsona bat da; baina aldi berean, bada nobelaren egituraketaren arrazoi nagusia. Zuk esan bezala, irakurleak azken unera arte itxaron beharko du nor den, eta nobelaren tentsio narratiboaren arrazoia zein den jakiteko; baina mereziko duela uste dut.
Zein usain dute oroitzapenek? izenburua iradokitzailea da. Kasu honetan, sorterri aldeko usaina dutela esango al zenuke?
Ez dakit nobelaren usaina zein den; baina usain batekin definitzekotan, liburuan hainbestetan aipatzen den Anderren usainarekin definituko nuke. Usainak badira oroitzapenak gogoratzeko modu bat; bai niretzat, behintzat. Eta galdera paradoxiko hori horregatik jarri diot nobelari.
“Izugarri disfrutatu dut”
Zure lehen nobela da hauxe. Nolakoa izan da idazketa prozesua: buruhauste handiak izan al dituzu? Ala eroso sentitu al zara uneoro?
Idazketa prozesua oso naturala izan da; bakarrik irten da. Bi idazketa-fase nagusi izan ditut, eta erabat harrapatuta aritu naiz prozesuan zehar. Bukaera definituta, baina tartekoaren zantzurik gabe hasi nintzen idazten, beraz, idazketa-prozesua, istorioaren nondik norakoak jakiteko modu bakarra zen. Izugarri disfrutatu dut!
Ereinekoen aholkuak, zein neurritan izan dira lagungarri?
Literatur-munduan jakitun direnen aholkuak beti datoz ondo. Asko idatzia banaiz ere, ez nuen mundu hau barrutik ezagutzen, eta ikaragarri ikasten ari naiz. Oso goxo hartu nau Ereinek, eta zortekoa sentitzen naiz beraiekin lan egiteko aukera eduki izanaz.
Paola Calasanzen trilogia
Prentsaurrekoan aitortu zenuenez, txikitatik asko irakurtzeko ohitura izan duzu. Gaur egun, zeintzuk dira zure gustuko idazleak edota erreferentzia nagusiak?
Irakurketari denbora eskaintzen diodan boladak izaten ditut urtean zehar, eta beste garai batzuetan, ez dut batere irakurtzen. Azken aldian oso gustura irakurri ditudan hiru nobela, Paola Calasanz idazlearen “El día que...” trilogiako aleak izan dira. Sekula ez dut hainbeste sentipen izan irakurketa-prozesu batean; hainbeste negar.
Euskal idazleei dagokienez, Antton Kazaboni maitasun berezia diot. Horrez gain, asko gustatzen zaizkit Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Alaine Agirre eta Kirmen Uribe.
Nobela batekin agertu zara literaturaren plazan baina, gazteagotan, ipuinak idazteko joera ere bazenuen. Narrazio liburu bat plazaratzeko tentaziorik izan al duzu inoiz? Bide batez, baduzu bestelako idazlanik buruan?
Ipuinez osaturiko liburuarena askotan pentsatu dut, baina lanketa handia eskatzen duela uste dut; ipuin guztiek ezaugarri komunak izatearen beharra, ideia on bat... Ikusiko da etorkizunean. Bestelako idazlanei dagokienez, pare bat ditut buruan, baina bietako batekin hasi nahi dut denbora daukadanean. Aurrerapenei dagokienez, hau plano geografiko bakarrean gertatuko da, baina bi plano kronologikotan. Oraindik informazio bilketa handia eta istorioaren egituratzea falta zait, beraz, ez dut gauza gehiagorik aurreratuko.
Argazkiak: Erein.