Elkarrizketak

Mariasun Landari elkarrizketa

Azken balada (Erein) liburuaren ingurukoak azaldu dizkiguOstirala, 2016-05-20

Mariasun Landaren kontakizun berriak 'Oreina bilakatu neska' euskal ahozko literaturan jaso zen azken balada du oinarri. Errenteriako idazlearen ahalegina bikoitza izan da: baladaren sekuentzia narratiboak argitu nahi izan ditu lehenbizi. Eta bestetik, Leo izeneko protagonistaren bidez, baladaren beste bertsio bat sortu du. Errealistagoa, sinesgarriagoa, desmitifikatzaileagoa. "Ez pentsa, blokeo uneak ezagutu ditut, batez ere afariaren sekuentziarekin", Hitzen Uberan aitortu digunez. "Leoren ahots narratiboarekin, berriz, nahikoa konforme geratu naiz, sinesgarria dela iruditzen zait".

Mariasun Landari elkarrizketa

Cristina Enea pareko zaintzaile zaharrak oreinaren balada kantatuko dio Maitaneri. Baina Maitane ez da asko aklaratuko. Gu ere ez. Beste baladek ez dakit, baina oreina eta neska gaztearen inguruko balada honek premiazkoa zuen zuk egin duzunaren moduko ahalegina, ezta? Hizkuntza aldetik, akaso beste garai batekoan jasoa izan zelako. Eta bestetik, istorioa bera ez delako samurra ulertzen.

Kontuan hartu behar da ahozko literaturako edozein “perla” errekarri bat dela, itzuli asko eman duela gugana heldu baino lehen. Hori antzeman daiteke, hain zuzen, baladen kasuetan. Poema narratiboak dira, hau da narrazioa eta elkarrizketa tartekatzen dira eta elipsiek ere garrantzi handia dute… Beraz, hasiera batean, bai, ez dira samurrak ulertzen. Baina arreta pixka bat jarri ezkero, bai.

Sekuentzia narratiboak argitu eta gero, prosaz idazteko errazagoak dira. Kasu honetan, esate baterako, hauxe izan zen nire lehen lana. Sekuentzi horiek zehaztea:

- Neska batek, sorgin-erritu baten bidez, orein bihurtzeko ahalmena lortzen du.

- Neskak amari sekretua aitortzen dio eta jakinarazten dio arriskuan dagoela nebaren txakurrak bere atzetik doazelako.

- Amak semeari txakurrak biltzeko erregutzen dio, euren ehizakia arreba baino ez delako.

- Ehiztariak ez dio amari sinesten eta txakurrak xaxatzen ditu. Orein-neskaren gainean jauzi egin eta haginkadez hiltzen dute. Ehiztariak berak zatitzen du afarirako, eta arreba etor dadila eskatzen du.

- Bere haragia lapikoan egosten ari dela, orein-neskak hitz egiten  du.

- Amak, hura entzutean, bere buruaz beste egiten du.

Nire iritziz, baladaren gai nagusiena itxuraldaketa da.

Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra (Susa, 2006) liburuaren hitzaurrean dator ondoko azalpena: “Musikak poemaren beste alderdi bat erakusten duen bezala, irakurketak kantuaren dimentsio berri bat erakusten digu musika erantzitakoan. Har dezagun balada bat, irakur dezagun astiro: narrazio luzearen mailakatze bera dauka, nobela luze bat da, elipsian emana”.  Oreina bilakatu neska izeneko baladari (Ura ixuririk bezala ere ezaguna) ezinhobeto egokitzen zaio azalpen hau, ezta? Elipsiek zaildu egiten dutelako balada beraren ulermena.

Zaildu bai, baina, era berean,  trinkotasuna eta erritmo bizia ematen dizkiote narrazioari. Baladak ahoz hedatu eta iraunarazi dira. Transmisio bilakaera horretan, baladak aldatu eta eboluzionatu egin dira. Beraz, balada poema irekia da, aldagaietan bizi den eredu birtual bat, balada-errezitatzaileak edo kantariak bere urrats propioa uzten baitu bertan. Horrelako kasuan, elipsiarena ebitaezina da.

Nire ustez, baladen adierazgarritasuna, primitibismo kutsua eta molde arinak oso interesgarriak dira edozein idazlerentzat. Zer ezkutatzen duten hori ahoz aho ibili delako da, berriro errekarriaren irudia datorkit burura.

Balada, kantuen letragintza bezala, genero literario berezia dela esan daiteke. Bere legeak ditu. Ez da erraza istorio oso bat letra batean laburbiltzea. Zure lana akaso alderantzizkoa izan da. Prosaren bitartez, baladari soineko narratibo bat egin nahi izan al diozu?

Bai, erabat asmatu duzu. Batetik, Oreina bilakatu neska baladari “soineko narratibo hutsa” jantzi eta bestetik, beste bertsio berri bat gehitu, gaur egungo gazte literaturako ezaugarri batzuk erabiliz: pertsonaia berria sartu, narratzaile ikuspuntua aldatu, bukaera ez hain tragikoa asmatu…

Soineko narratibora itzuliz. Orein-neskaren tradiziozko gaiak, baladaren bidez zein hortik sortutako ipuin batetik, eragina izan zuen XVIII. eta XIX.  mendeetako literatura kultuan ere. Gutxienez bi aipamen datozkit burura: Aulnoy kondesa famatuaren amandre ipuin batekoa, “La biche au bois”; eta, noski, Gustavo Adolfo Becquerren “La corza blanca” ezaguna.

Mariasun Landa, Azken balada (Erein, 2016) liburuaren aurkezpenean.

Pierre Lafittek 1965ean jasotako balada

Duela 50 urte jaso zen balada. Baina ezer gutxi dakigu. Non jaso zen? Eta nork jaso zuen? Beste balada batzuekin loturarik edo antzekotasunik ba al du?

Balada hau Iparraldeko folklorista izan zen Pierre Lafittek jaso zuen 1965ean, informatzailearen datuak eta zirkunstantziak aipatu gabe. Beraz, Oreina bilakatu neska, euskal baladen ondareari gehitu zaion azken gai tradizionala dugu. Hortik datorkio bere izenburua nire liburuari: Azken balada.

Baladaren azpieuskalkia Behe Nafarroakoa da, ekialdekoa hain zuzen.

Jesus Antonio Cidek, euskal baladetan aditua denak, lotura zehatza ezartzen du Oreina bilakatu neskaren eta zabalkunde handia izan zuen balada frantses baten artean, La blanche biche.

Doncieux folkloristaren zenbait daturen arabera, La  blanche biche-ren hamar bertsio jaso dira Frantzian. Eta hauen ahaidetasunak XVII. mendeko “vise” eskandinaviar batekin lotzen du, agian Frantziara Bretainian zehar heldu zena. Beraz, Oreina bilakatu neska beste baladen aldagai bat izango litzateke, XVIII. mendean Europan zehar zabaldu zirenetako bat agian.

Hala ere, gure euskal bertsio honek baditu bi ezaugarri berezi: oreina bilakatzeko desira neskarengan eta amaren suizidioa. Oso esanguratsua egiten zait hori, egia esanda.

Zure liburu honetan, Leo izeneko 12 urteko mutiko batek kontatuko du istorioa. Bere bitartez jasoko dugu zure interpretazioa. Azken baladaren egituraketa, kontaketa nola antolatu, horrek burukomin asko eman al zizun edo argi ikusi al zenuen nola antolatuko zenuen?

Leok kontatuko digun istorioaren bidez beste bertsio bat eman nahi izan dut, errealistagoa, sinesgarriagoa, desmitifikatzaileagoa… Ez pentsa, blokeo uneak ezagutu ditut, batez ere afariaren sekuentziarekin. Leo unairen ahots narratiboarekin, berriz, nahikoa konforme geratu naiz, sinesgarria dela iruditzen zait.

Bukaeran bada sorpresa bat. Umore kutsua duen autoaipamena.

Kar, kar, kar! Sorpresa bat dela esaten duzunez, ez dugu horretaz ezer esango, ezta?

Mariasun05

"Gakoa irakurlearen gaitasun literarioan datza"

Gazte literaturako bilduma batean atera den aldetik, horrek zerikusirik izan al du zure baladaren idazketan? Alegia, gazteei zuzenduta dagoen liburua den aldetik, zure istorioa (eta istorioaren idazkera) publiko horretara egokitu behar izan al duzu?

“Soineko narratibo” deitu diozun idazketan ez dut gazte literatura zen ala ez kontuan hartu; Maitane protagonistak idatzitako bertsioan bai. Baladaren narrazio hutsaren kasuan, narratzaile ikuspuntua orojakilea da, bigarrenean, berriz, narratzaile subjektiboa. Maitanek idatzitako bertsioan, pertsonaia berrien txertaketa agertzen da, bukaera aldaketa eta nolabaiteko sinesgarritasuna. Hala ere, badakizu gazte literaturaren kontzeptu bera oso eztabaidatua dela, gakoa irakurlearen gaitasun literarioan datzala.

"Balada hori irakasgai bihurtu nuen unibertsitatean"

Prentsaurrekoan, balada honekin Haizea taldeak egin zuen kantua ipini zenuen. Zuk ere, disko horren bitartez deskubritu al zenuen balada?

Betidanik Oreina bilakatu neska edo Ura ixuririk izeneko balada oso gustagarri izan dut eta askotan entzun dut Haizea taldeak 1977an ezagutzera eman zuen kanta zoragarria.

Gero, balada hori irakasgai bihurtu nuen unibertsitateko literatur tailerreko Irakasleen Eskolako ikasleentzat.  Baladistikaren testuinguru eta ezaugarriak azaldu eta testua aztertzen eta interpretatzen genuen.  Bukaeran, ikasleek beraiek idatzi behar ohi zituzten beren testu narratiboak proposamen batzuei jarraituz: espazio/ denbora aldatuz, adibidez.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)