Elkarrizketak

Martin Bidaurrekin solasean

Ostirala, 2017-12-01

Martin Bidaurrek Itzulera kaleratu du Susa argitaletxearen eskutik. Norbera den lekura itzultzeaz mintzo den poesia liburua. (Argazkia: Ekaitz Goienetxea, Bermeoko Talako Kantinan).

Martin Bidaurrekin solasean

Lehenik eta behin, liburua eskuetan hartu eta azala ozen mintzatu zaigu. Gutxiegitan aurkezten ditugu liburuen azalak. Nola sortu zen azalaren ideia eta nola egin du lan Maddi Zumalabek?

Liburua gutxi gorabehera bukatzen ari ginela azalean pentsatzen hasi ginen. Nik baneuzkan hura egiteko izen batzuk buruan, baina neronek ez nuen azalik ikusten. Ni ibili izan naiz argazkigintzan, libururen baten edo besteren azala egin izan dut, baina kasu honetan ez nuen argi ikusten zer izan zitekeen. Buruan neukan izenetako bat Maddi Zumalabe Irastorzarena zen; bere lana ezagutzen nituen, eta baita bera ere lehenagotik. Bidali nion liburua oraindik bukatu gabe zegoela, eta esan nion “egin zerbait mesedez!” (barreak). Esan bezala nik ez neukan ezer buruan eta ezin izan nion esan zer nahi nuen. Berak sekulako lana hartu zuen, zerrendatu egin zituen liburuan agertzen ziren objektuak eta abar, liburua bera konkretura eramateko, identifikagarriagoa egiteko. Erakutsi zizkidan ideien arteko bat zen hau, nolabaiteko pertsona baten silueta moztua, bere lekutik erauzia, fondoan itsaso batekin...

Azalak oso ondo ematen du bide liburuari buruz hitz egiteko: barne munduaren zabalera (itsaso bat pertsonaren barruan) kontrastean masarekin, jendearekin; kolore gehiago dauka barne munduak, zabalagoa denak, eta justu kanpoan dagoena ilunagoa da. Hor sumatzen da tentsio bat, gure ustez liburuan ere ematen dena: barne mundua kanpoarekin talkan. Kanpoari begira, liburua bada bidaia espazial edo geografiko bat ere (Okzitaniatik Euskal Herrirako, hemendik Pariserako eta atzera Euskal Herrirako itzulera). Nondik idatzi duzu zuk, barrutik kanpora inguruaren lekuko gisa, edo alderantziz?

Ez da derrigor bata edo bestea, uste dut badagoela bien arteko dialektika bat. Badaude gauza batzuk prozesuan idatzi nituenak kanpoan ikusten nuenetik abiatuta, zerbait gertatzen zela ikusi eta hortik idazten hasten nintzen, eta beste batzuetan bazen nire gelan nengoen idazten, kanpokoari begira.

Iruditu zaigu oso barne mundu konplexua dagoela liburu honetako ahotsean, baina era berean kanporako begirada zabala.

Uste dut ia poema guztietan azaltzen dela ni bat, kanporako obserbazioa nitasun horretatik egiten da.

Azalak daukan beste ezaugarri bat urradura sentsazioa da. Urradura hitzarekin identifikatzen zara liburu honekin pentsatzerakoan?

Bai. Badago min bat, urradura bat liburuan, leku batetik errotik aterata izatearen sentsazioa. Azalean agertzen den bezala, nahiz eta jendez inguratuta egon sentitzen den urradura.

Lehen aipatu duzu, zuk ere argazkigintzan lan egin izan duzula. Kuriosoa egiten zait, poesia neurri handi batean irudiarekin lotu daitekeelako. Zuretzat ere lotura daukate irudiak eta poesiak, irudi edo eszena batetik abiatuta idazten duzu kontzeptu batetik baino?

Ez dakit antzeko prozesuak diren, baina bai uste dut antzeko mekanismoak erabiltzen ditudala bietan. Koadernoarekin edo kamerarekin ateratzen naiz eta ikusten dudana nire filtrotik jasotzen joaten naiz. Zentzu horretan oso diferentea da gero hortik sortzea, idaztea, fikziozkoa izan daitekeen zerbait ateratzea. Idazten ari zaren heinean zeozer eraikitzen ari zara. Aldiz, kamera batetik erretratatzea oso diferentea da. Nik bereizi egiten dut, argazki bat ateratzerakoan ez dut poesiarik ikusten, baina bada antzeko zerbait.

Azaletik guztiz urrundu baino lehen, galdera ezinbesteko bat: Martin Bidaur, ezizen bat aukeratu duzu estreinako aldiz plazara ateratzeko, nahiz eta ezizena bera ezaguna egin ahal zaion Itu Banda edo Lekore aldizkaria jarraitu izan dituenari. Ezberdina da Itzulera liburuko Martin Bidaurren ahotsa edo aurreko lanetakoa? Bilakaera bat izan du ahots horrek?

Zalantzarik gabe. Ezin da hori ukatu, nik ere pertsonalki izan dudalako garapen bat. Nik uste dut horrek ez diola ezer kentzen, hala ere; azkenean izen bat da, ez da pertsona bat, nire garapenarekin batera aldatzen da Martin Bidaur.

Peru Iparragirre bezala argitaratu izan bazenu liburua, ezberdin idatziko zenukeen?

Ez dakit... galdera ona da (barreak. Tarte bat hartu du pentsatzeko). Posible da... Zalantza asko eduki ditut, baina nahiko argi neukan literatura idazteko Martin Bidaur bezala sinatu nahi nuela, nahiz eta gero ez eduki batere argi nola kudeatu hori. Hala ere, ni idazten hasten naizenean ez dut jartzen Martin Bidaurren kareta bat. Oso posible da Peru Iparragirre bezala beste gauza mota batzuk idaztea... edo igual ez nukeen ezer argitaratuko.

Zergatik zenuen hain argi hautua, zer ematen dizu ezizena erabiltzeak?

Nik uste dut asko duela kapritxotik. Hau da, egin dezaket, beraz, egingo dut, zergatik ez. Beste alde bat ere eduki dezake, ematen duela nolabaiteko babestxo bat. Nahiz eta idazterakoan ez dudan jartzen kareta hori, besteen aurrean bai agertzen naiz Martin Bidaurren karetarekin.

Urradura autobiografiko batekin hasten da liburua. Poesia izanik ezin zen beste modu batean izan? Hau da, norberaren biografia da poesia idazten duenaren ezinbesteko lehengaia, “niaren literatura” den heinean?

Ez da inondik inora ezinbestekoa, fikzio oso ona egin liteke poesia liburu batean. Ni ez naiz kapaza horrelako gauzak egiteko. Badago fikziorik liburuan baina oinarria oso pertsonala da. Pertsonala bai baina autobiografikoa ez, ez da datuetan oinarritutako bizitzaren kontaketa bat. Kontakizun poetikoa da, errealitatearekiko daukan lotura ez da fidela.

Liburuan badira gauza batzuk bai gertatu direnak, baina nahastuta datoz gertatu diren beste gauza batzuekin poema berean, momentu berean gertatu diren gauzak izango balira bezala. Badago joko hori gertakariekin, pertsonekin eta sentimenduekin, errealitatea hartu eta horrekin zuk nahi duzuna egite bat.

38366867766_01d4ecbcf5_oMartin Bidaur Biban errezitatzen.

Fikzioa askotan lotzen dugu istorioekin, argumentu batekin, narrazioarekin... nahiz eta gero autofikzioaren gaia ere badagoen. Liburu hau irakurtzean batzuetan sentsazioa eduki dut, agian lehen aipatu dugun bidaia espaziala dagoelako, modu narratibo batean ari nintzela irakurtzen, hasieratik bukaerara hari bat jarraituz. Ahalegin hori egon da?

Bai. Idazteko modua nahiko narratiboa da zentzu horretan. Ez da oso lirikoa, nolabait esateko, baina nahiko prosaren eraginpekoa da. Bada hari narratibo bat, ez dagoena oso argi baina ikus daitekeena. Poema bilduma baino poema liburu bat idaztea izan da nire ahalegina, hasiera bat, nolabaiteko garapen bat eta bukaera bat izan zitzala.

Idazketa prozesua bera kronologikoa izan da?

Bai eta ez. Nik banuen bilduma bat, eta nahi nion bilduma horri liburu forma eman. Poema horiek liburu bihurtzea izan da prozesua. Ale batzuk berridatzi, gehitu, kendu egin ditut, liburu bihurtu diren arte.

Asko aipatzen diren hitzak dira etorkizuna, iragana, haurtzaroa... denboran zehar egiten den bidaia izango litzateke itzulera posible bat? Hari geografikoa aipatu dugu, baina bada denboraren haria ere.

Alde batetik badago iraganarekiko zerbait, memoriaren bitartez iraganera ezin itzultze hori. Itzulera faltsua da memoriarena, inoiz ezingo gara itzuli gogoratzen ditugun momentuetara. Horren aurrean bada ezintasun bat. Bestetik dago nola kokatzen garen etorkizunaren aurrean.

Minetik dago idatzia liburua? Hau da, mina ez zentzu tragikoan, motor gisa ulertuta baizik. Mina motor bat da liburu honetan?

Zalantzarik gabe. Nik uste dut liburu honen oinarrian mina dagoela. Liburu hau zentzu horretan bada tragikoa ere, zentzu ia fatalista batean. Mina agertzen da, eta agertzen da drama. Liburua bukaera aldera bada hori gainditzeko saiakera bat ere.

Paris izena daraman atala dago liburuan. Zein neurritan da Paris protagonista den ezleku bat? Edo zein neurritan da Paris baino hiria bera protagonista, zein neurritan balio izan dizu ezleku horrek kontrastea egiteko? Parisetik at kokatutako poemetan adibidez ez dute ezleku izaera, horietan norbera da gehiago ezleku.

Ados. Atalari izenburua ere jartzen badiozu "Paris"ek beste presentzia bat hartzen du. Paisaiak garrantzia dauka liburu guztian zehar, poema guztietan dago leku bat. Paris bera arroztasunerako antzoki baten modukoa da. Azkenengo bi ataletan edo apur bat baretzen da sentsazio hori, baina haietan badago ere Parisen itzala: nola ez erori berriz, nola ez sortu beste ezleku bat berez ez dagoen lekuan, tentuz ibiltze bat. Nik pertsonalki behintzat horrela bizi izan dut, badago beldur hori. "Uharteak" atalaren sarrerako poematxoan hori jartzen du: "bi uharte ditut orain/ gatza ezpainetan/ elkarri begira berriz/ amiltzeko sua". Hirian nola ibili berriz ezleku ez bihurtarazteko hiria; horrek agian bai ekartzen du norbere baitara biltzea gehiago.

“munduan egoteko

modurik errazena

ez egotea delako”

“inoiz galdu dudan

ondasunik preziatuena

da neure burua”

Ataletan dauden zati txikietako batzuk dira hauek. Nora itzuli nahi du Martin Bidaurrek? Ematen du ez dela erraza, bere buruan desagertzen dela batzuetan...

Nik uste zentzu batean mundura itzultzea dela, munduan egotera itzultzea. Itzulera izan daiteke zauden lekuan jarraitzeko hautua.

Liburutik azpimarratutako lau esaldi ekarri ditut, haiek irakurri eta esan burura datorkizuna:

1 “bidaia guztiak ez dira

helmugara iritsitakoan amaitzen"

Paris ataleko hasierako testua da. Honen aurreko atalean badago nolabaiteko ihes nahi bat, zeinean esaten den “ez naiz itzuliko”; ihesaren helburua da Paris, baina iristen da eta egonezin sentsazio hori ez da amaitzen Parisera iritsitakoan, horren zentzua badu esaldi horrek. Suposatzen da bidaiaren helburua dela norabaitera iristea. Iristen zara eta hala ere falta zaizu zerbait, bidaia ez da amaitu.

2 "ur beroaz ezabatu dut hiria

gero eta gertuago

itzulerako trena

irla bat da nire gorputza"

Paris atalari bukaera ematen dion poemaren amaiera. Buelta asko eman dizkiot testu horri, behin eta berriz irakurri, berridatzi... Paris atzean uzte hori sinbolizatzen du apur bat. Bestela ez dauka misteriorik! Dutxan zaudenean urez inguraturik irla baten modukoa zara...! (Barreak)

3 "oroituko dudana gertatutakoa baino

ederragoa eta hutsagoa

edo

hotzagoa eta zentzudunagoa

izango dela beti"

Askotan idealizatzen dugu gure bizitza. Funtsean nik uste dut oroitzen duguna ez dela gertatutakoa, beste zerbait baizik. Etorkizuna ere nola ikusiko dugun... etorkizunean gertatzen ari dena momentuan ere ari gara berridazten.

4 "alderantzizko bideak

eramango ahal nau

inora"

Gure bizitzetan modu batera bizi gara, modu batera egiten ditugu gauzak, eta momentu batean ikusten duzu agian beste modu batera ere egin daitezkeela. Testua bera galdera bat da, eta horrekin amaitzen da liburua. Beste itzulera baterako bidea ematen du.

Amaitzeko, kontaiguzu, zertan dira Itu Banda eta Lekore proiektuak, zer duzue esku artean?

Lekorerekin aldizkariak ateratzen “saiatzen” ari gara. Guri ere kostatzen ari zaigu, dinamika batzuk hartzen ditugu eta batzuetan behar izaten dugu gelditu apur at eta berriz pentsatu gauzak. Momentu horietako batean gaude. Prest dugu hurrengo aldizkaria, ateratzear dago, baina era berean pentsatzen gabiltza aurrerantzean nola egin gauzak.

Zer garrantzia izan dute liburura iristeko proiektu hauek? Martin Bidaurrek Lekoren ateratako separata adibidez?

Egiten duzun zerbait esku artean hartzea beti da berezia, idazten duzun zerbait paperean ikustea niri behintzat arraroa egiten zait. Separata nolabait produktu bat esku artean edukitzea izan zen. Aldizkariak berak ere egiten du hori, baina separata pausu bat gehiago da. Liburua ateratzeko orduan esperientziatxo hori baliagarria izan zait, baina hala ere liburuarena dimentsio ezberdina da, kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere. Taldean egindako prozesu bat, Jose Luis Otamendi, Ińigo Aranbarri, Gorka Arrese eta lagundu didaten Itu Bandako lagunekin. Poemak berrikusi, berridatzi... momentu batean diozu, “baina noiz arraio atera behar da liburua?”. Esku artean hartu nuenean sentitu nuena “prozesu hau azkenean bukatu da” izan zen. Liburu hau jada ez da nirea, liburu-denda batean sartu eta hor dago, inpresioa ematen du horrek. Lagundu egiten du Martin Bidaur izatea azalean dagoena, zentzu horretan.

Liburuaren prozesuan lagun izan dudan jendearen ikuspuntuak ere txertatzen joan naiz. Niretzat poema hauek gauza bat dira, baina argi dagoena da bakoitzak irakurtzen dituela nahi duen bezala. Ez du zentzu askorik nik esplikazioak ematea, nahiz eta dagoeneko eman ditudan batzuk, baina nirea ere liburuaren interpretazio bat da, ez “Interpretazioa”, dagoen bakarra.

Entzun jarraian Martin Bidaur Irakurrieran irratsaioan

313 Martin Bidaur

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)