Mikel Ibargurenen arrazoi poetikoak
"Bide batez esanda" poesia liburua plazaratu du Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutikOstirala, 2013-10-18Mikel Ibargurenek bere bosgarren poesia liburua argitaratu du Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik: Bide batez esanda. Bertan bere lanetan ohikoak diren galderak topatuko ditugu, baina batez ere, idazten eta sortzen jarraitzeko arrazoi poetikoak.

Liburuko lehenengo poematik ('Bart gauean') abiatu omen zenuen idazketa, Hatsa elkartearen bildumarako idatzia izan zelarik hastapenean. Nolakoa izan da prozesu hori?
Auxtin Zamorak Hatsa-rako testua eskatu zidanean Joan da negua idatzi berritan nintzen eta oraindik tarte bat eman nahi nion aurretik egindako lanari, Ez nuen liburu berri bat ontzeko asmorik, ni neu bere bila joan gabe nire bila etorri da nolabait. Hatsara bidali nuen testua da liburuan agertzen den lehenengo poema. Testu horrek barruan halako kilima bat eragin zidan, zerbait mugitu zidan, eta hari horri tiratzea erabaki nuen liburu osoa ondu nuen arte.
Inspirazioaren ordez, 'lana'ren garrantzia aipatu izan duzu inoiz. Lanean hasi zinen beraz.
Bai, nire inspirazioa da eseri eta lanean hastea. Batzuk esaten dute badirela batetik testuak idazten dituzten idazleak, eta bestetik lanak egiten dituztenak. Ni gehiago naiz idazten jartzen naizenean lanak egiten dituzten horietakoak, nolabaiteko eskulangile bat azken finean. Lehen poema horri tiraka saiatu nintzen atmosfera edo giro horretan sortzen zena ikusten. Idaztea niretzat nolabaiteko abentura bat da, hasi ahala ikusiko dut zer etortzen den, zer gorpuzten den.
Liburua ez dago ataletan banatua, agian poema batetik tiraka hasi izanaren ondorioz?
Bai, hori da. Liburua hasi eta buka da continuum bat, hala ere poema bakoitzak badu bere bizi propioa. Jarraikortasunaren corpus hori eman nahi nion, atalik eta ezer gabe, testu guztiak poema luze baten ondorio izango balira bezala.
Idazketa ere horrelakoa izan da, kronologikoa? Edo egon da osteko antolakuntzarik?
Bai, baina gutxi. Egia da ale asko nahiko modu kronologikoan atera direla. Poema bat edo beste bai idatzi dut gero liburua trinkotzeko, beste batzuk berriz apartatuak izan ziren... baina egia esan hari logiko bati segidan egindakoa da gehiena.
Bide batez esanda tituluak berak iradokitzen ditu hainbat irakurketa. 'Bidea' hitza oso sinbolikoa da, 'esate'aren akzioa ere oso presente dago liburuan zehar... zer nolako oihartzuna dakar tituluak?
Egia esan, liburua trinkotu ahala izenburua berehala atera zen. Izenburuarekin borroka handiak egoten dira normalean, batzuetan liburua bukatuta ere borroka handiena izenburua ipintzea izaten da. Kasu honetan berehala eduki nuen buruan Bide batez esanda. Nolabaiteko hitz joko bat egin nahi nuen. Alde batetik bidearen erreferentzia ekarri nahi nuen, nire aurreko poemario guztietan bidea askotan agertzen zaidan adiera edo kontzeptua da. Bidea bizitzaren metafora, denborarekin ohartu naiz edozein lekuetara joateko bide guztiak direla onak, baina iritsi nahi dugun leku horretara iristeko bide bat hautatu beharra dagoela. Euskaraz hitz elkarketetan “bide” oso hitz polisemikoa da: aurrerabide, atzerabide, baliabide, adierazpide... Niri gehien gustatzen zaizkidan hitzak ere “bide”rekin dira: norabide eta bidelagun. Lehen aipatu dudan bide horretan funtsezkoa da norabide bat izatea, eta norabide horretan bidelagunak garrantzitsuak dira. Bide batez esanda lokuzio bat ere bada, beraz emaitza ez da izenburu itxi eta garbi bat, izenburu ireki bat baizik. Izenburutik hasita irakurleari bidearen mutur bat eman nahi nion, bide horretan sartzeko, liburuaren barnera sartzeko.
Liburuaren ardatzei dagokionez, zure aurreko liburuetan topa daitezke adibidez kartzela, deserria, sarritan giza harremanetara ekarriak zure ahotsean. Kasu honetan topatu dut elkar ulertzeaz, orainaren saminaz gogoetarik, 'askatasuna' bezalako hitzen zama batzuetan... Zeintzuk dira Bide batez esanda topatuko diren ardatzak?
Nire betiko galdera zaharrei erantzun berriak emateko ahalegin bat egin dut, nire kezka existentzialenetatik tonu onirikoena duten poemetaraino. Barne hausnarketa modura ikusten ditudan kezka, sentipen edo gertaera horiei nolabaiteko erantzun bat edo zehaztasun bat emateko ahalegina da azken finean. Nire barne hausnarketa horretan badira hiru hitz gero eta pisu handiagoa hartzen ari direnak: askatasuna, maitasuna eta zoriontasuna. Badakit hitz handiak direla, baina hitz horien barnera sartzeko ahalegina ere egin nahi izan dut. Zer esan nahi duen guretzat askatasunak; zer den maitatzea; zoriontsu sentitzen ahal garen ala ez; gizaki bezala, pertsona bezala, zerk egiten gaituen zoriontsu eta zerk ez. Hitz horiek zuten kolore zaharra kendu, ongi dekapatu eta beste kolore berriago bat, berniz ukitu berriago bat emateko ahalegina egin dut.
Erantzun berriak bilatzeko ahalegin horretan “oraina” hitza askotan azaldu zait. Hemen adibidez:
Bete gabeko ametsen hilerriak ugaritu egin dira
eta izan ginenari eta izango garenaren arteko distantziari
deitzen diogu oraina.
Zer nolako oraina da bertan azaltzen dena?
Oraina da beti biziko dugun eta beti bizi dugun instantea, presentea. Ez dago iragandako iraganik, eta geroa beti hor dago baina ez da etorri. Erdigunea orainean daukagu, gure bizitza horretan ardazten da. Iraganean katigatua bizitzea edo beti ameskerietan geroaren zain egotea alferrikakoa denez, zer gelditzen zaigu? Orain hori bizitzea, azken finean orain horrek lotzen gaituelako: iragana orainera dator, eta orainetik gerora doan hori ere orainetik abiatzen da. Oraina da gu bizi dugun bidegurutzea, eta bidegurutze horretan dago orainean bizi dugun guztia.
Niretzat oso liburu aktuala da, egun jende askok izan ditzakeen kezka asko ikusi ditut islatuta. Liburuko gai batzuk atera zitezkeen iritzi artikulu batean, baina poesiaren bitartez plazaratu dituzu zuk. Zer ematen dizu poesiak gai zehatzen inguruan gomuta egiteko?
Aurreko liburuetan lotuago sentitu naiz gaiarekiko. Lehenengo liburuan adibidez testuingurua ezberdina zen, kartzela, nahiz eta ez izan kartzelari buruzko poema liburu bat, sentimenduei buruzkoa baizik. Gero etorri zen deserriaren gaia... gaiei lotua zurrun bezala sentitzen nintzen. Gerora ikasi dut badela idazteko beste modu bat ere, saiatu naiz neure buruari libertate gehiago ematen, hegoak ipintzen nire sormenari nolabait. Zentzu horretan testuei ludikotasun bat ematen saiatu naiz: badira hitz jokoak, arrazoi eta bihotzaren arteko dialektika modukoak... horren ondorioz testu batzuek beste testura bat hartzen dute, irakurterrazagoa. Nik uste dut sormenaren esperientziarik ederrena hori dela: ezer zehaztu gabe eta nolabait sarerik gabe salto egitea, niri arrisku hori hartzeak ematen dit barruko grina. Liburu honekin izan dudan esperientzia hori izan da.
“Orain kaligrafia berriarekin idazten dugu etorkizunaren izena”. Zein da kaligrafia berri hori?
Kaligrafia berriak beharko dira etorkizuna idazteko, hitz berriak, kontzeptu zaharrak alboratu, edo kontzeptu horiek berreskuratu baina beste ukitu bat emanez, beste zentzu bat harrapatuz. Nik neu beharbada normalki nahiko pesimista naiz, intelektualki edo mentalki esan nahi dut. Ekiteko eta aritzeko orduan positiboa naiz, baina idazten dudanean sarri esaten didate liburu nahiko lainoak direla nireak, tonu malenkoniatsua eta iluna dutela. Idazterakoan horrela ateratzen zait, horrek ez du esan nahi ni horrelakoa naizenik. Poesia erabiltzen dut nire pesimismo hori baikortasunez adierazteko. Kaligrafia berri batekin etorkizuna idaztea aldarri bat ere bada, ikusten dudalako garaia dela horretarako, gure atzetik etorriko direnei begira batez ere.
Ideien arteko dialektika horretan iruditzen zait ez dela talka itxirik, ateak zabaldu egiten zaizkiola irakurleari gogoetarako. Adibidez:
“irabaziko ez badugu ere
ez dezagun galdu
esan baietz posible dela”.
Izatez ere horrelakoa naiz, beti esaten dut “nik neuk mundua horrela ikusten dut”, “nik neuk horrela pentsatzen dut”, “nik neuk horrela hartzen dut”... baina horrek ez du esan nahi horrela denik, horrela ikusi behar denik edo horrela izan behar duenik ere. Ni ez naiz inor esateko zer edo nola egin behar den, nik neure buruaz idatz dezaket bakarrik. Ez zaizkit gustatzen adiera itxiak dituzten terminoak, esaldiak, sententziak... uste dut beti atea irekia utzi behar dela, ziur nago gure atzetik etorriko direnak, seguru asko gu baino ideia baikorragoak edo beste manera batekoak ekarriko dituztela. Egiten dudana zubi lan bat da soilik.
Poema hau bada nolabaiteko automanifestu bat:
ARRAZOIAK
Arrazoi ugari egon daiteke
munduko kausarik galduenetako batean idazteko
dena idatzita dagoela ere badiote
geure bizitzak izan ezik
baina errealismo guztien gainetik
zein kritika literario guztien azpitik
idazten jarraitzeko
arrazoi poetikoak ditut nik
Zeintzuk dira arrazoi poetiko horiek?
Liburu hau idazterakoan neure buruari esan diodan gauzetako bat hori izan zen. Idazteko arrazoiak ugariak izan daitezke: zerbait salatzeko, zerbait dibertigarria egiteko, boterea biluzteko, idazten da sufrimenduari zentzua emateko...
Autore batzuk mahaira ekarrita, adibidez: Alejandra Pizarnikek bere sufrimenduari zentzua aurkitzen zion idaztean, Paul Austerrek dio idazleak gizaki zaurituak direla eta gizaki hori berrosatzeko idazten dutela, Joan Margaritek esaten zuen poesia ez dela literatura, egiaren bilaketa baizik, Aristotelek poesia gezur eraikitzaileak direla poetak, Octavio Pazek poesia hizkuntzaren erotizazio bat dela… eta niri gehien gustatzen zaidanetako bat: Hannah Arendt-ek esaten zuen poesia dela pentsamendutik hurbilen dagoen ariketa. Niri neuri gehien gustatzen zaidan adiera hori da, elkarrizketa isil modura sentitzen dut poesia idaztea, barnera murgiltzeko modua. Idazteko arrazoien artean ere egon daiteke errealitateari aurre egiteko nahia, errealitate hau gainditu eta fikzioaren bila jotzea, errealitatea insoportablea egiten zaigulako edo aldatu nahi dugulako. Nik funtsean arrazoi poetikoak ditut, helburu bat ipini gabe idatzi nahi dut, helburua poesia idaztea bera izatea. Berdin zait zer esango duten besteek, kritikak... benetan libre sentitu naiz, orain arrazoi poetikoak niretzako nahikoak dira idazten jarraitzeko.
Bakoitzak idazteko bere arrazoiak edukiko ditu. Nik zentzugintzan kokatzen ditut arrazoiok, gizakiok egiten dugun guztiari zentzua eman beharra diogu, erreferentzia guztiak galtzen ditugulako bestela. Bizitzak berak ez du zentzurik bere horretan, bizitzari zentzua ematen diogu bizitzeko arrazoietan edo egiten ditugun gauzetan edo motibazioetan. Idaztea ere bizitzari zentzu bat emateko modua izan daiteke.
Zure hitzak erabili izan dira dantza piezaren batean (Gorpitz), ez duzu tentaziorik izan poesia liburuetatik landa beste genero batzuetan saialdirik egiteko, zure sormena beste bide batzuetara bideratzeko?
Imanol Irigoienek esan zuen behin sormen prozesu guztietan dagoela poesia. Niretzat musika, pintura, antzerkian... denean dago poesia, poesia terminoa sormenetik, egitetik, aritzetik dator berez. Ni oso antzerkizalea naiz adibidez, antzerkia egindakoa naiz maila amateurrean, izugarri maite dudan espresioa da, baina ni neu ez naiz hor ikusten. Gorpitz egin genuenean Pantxika Telleriarekin ikusi nuen zeinen ederra den ikustea zure testuak edo beste norbaitenak dantza eta musikarekin elkartuta. Ni esperientzia berrietarako beti nago prest, diziplina ezberdinak nahastea eta esperientzia berriak edukitzea oso interesgarria iruditzen zait. Horregatik diot nik ere, Irigoienek bezala, poesia testu poetikotik haratago ulertzen dudala, koreografia batean, antzerki obra batean, musikan. Petti entzutea kasu niretzako poesia hutsa da, haren ahotsa, ematen dion indarra... Sormen prozesu guztietan dago poesiaren ernamuina eta hazia.