Elkarrizketak

Miren Gaztaņagarekin solasean

Ostirala, 2018-04-27

Stereo lan eszenikoan oinarritutako liburua plazaratu zuen abenduan EHAZEk. Honela dator sinatua: "Miren Gaztaņagaren ideia batetik abiatutako talde-lana". Miren Gaztaņagarekin berarekin solastatu gara elkarrizketa honetan sormen prozesu kolektiboez, idazketa eszenikoaz eta feminismoaz. (Argazkia: Stereo liburuaren azala, Ainhoa Resano).

Miren Gaztaņagarekin solasean

Denboraldi potentea izan da hau Miren Gaztaņagarentzat. Besteak beste, bi antzezlan oso ezberdinetan ikusi ahal izan dugu: Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan oinarritutako Arriagaren produkzioan, eta bestetik teatro esperimentalera gerturatzen den Heriotza bikoitza antzezlanean, bietan Eneko Sagardoy bidaidearekin batera. Azken egunetan pieza labur bat saritu diote Pabellon 6an: Iraia Elias eta Amancay Gaztaņagarekin batera sortutako Agur eta Dolore, zeina Aulestiko ADELen ere taularatu zen eta publikoak eztanda egin zuen, txalo zaparrada batekin. Horren guztiaren erdian Stereo liburua, eta Stereo lan eszenikoa taularatzeko aukera berriak.

Miren, lehenik eta behin zu aktore zara, gorputza duzu lanabes. Zer harreman mota duzu hitzarekin?

Nire kasuan, lan egiterako orduan, inprobisazioetan, adibidez, mugimenduak, gorputzak...aurre hartzen dio gehienetan hitzari. Gorputzarekin hasiaz errazago konektatzen dut sormenarekin eta jolasarekin, modu askeagoan eta burutik horrenbeste pasa gabe.

Bestalde, hitzak errespetu handia eman izan dit beti eta horrek ere zer pentsatua ematen dit. Alde batetik berezkoa dudan zerbait da lan egiteko modu hau. Sortzerako orduan plazerez bizitzen dudan bide bat da, baina guzti honen atzean genero kontu bat ere badagoela esango nuke, gauza guztien atzean bezala. Esaten duzunarekiko beldurra, bestearen begiradarekikoa, bestearen iritziarekikoa, esaten duzun horretan neurtua izatearen ardura... azken finean norberaren askatasun falta. Hau batez ere emakumeok pairatzen dugun zama bat da, poliki-poliki, askatzea lortzen ari garena. Baina oraindik ere bidea daukagu aurretik.

Eta idazketarekin?

Idazketak ere hitzarekin zerikusia duen heinean errespetua ematen dit, beldurra, baina era berean badago idaztearen ekintzan, nahiz eta ez dudan horrenbestetan egin, oso nire sentitzen dudan zerbait. Eroso, bakarrik doana. Ez zait arrotza suertatzen. Kontradikzio hauek sortzen zaizkit. Jakina, desberdina da zuretzat idazten duzunean edo beste batek irakurri edo entzungo duen testu bat idazten duzunean, publikotasun horretan agertzen da gorago aipatutako eta jada zaharkitua geratzen ari den zama ezeroso hori.

Hitza oholtzan beti dator burutik, arrazoitik, edo izan daiteke zer edo zer fisikoa, beste nonbaitetik datorrena?

Zaila da hau hitzez azaltzea (kar, kar, kar). Ez nuke esango oholtza gaineko hitza burutik soilik datorrenik. Eguneroko lana egiten duzunean, entseguetan, hitzak, intentzioak, pertsonaiak gorputzeko zirrikitu desberdinetatik hartzen dute bultzada. Beti esan izan dugu gorputzak memoria duela, eta hala da. Gorputzaren memoriak testua helarazteko orduan ere laguntzen du.

3Stereo (Argazkia: Ainhoa Resano).

Stereo. Idazle bilakatu den aktorea zara nolabait. Idazle sentitu zara?

Ez naiz idazle bilakatu den aktorea sentitzen. Idaztearen ekintza edo medioa hartu dut une batez sortzeko, hori bai, eta esperientzia ederra izan da. Beste leku batetik begiratzera eta akzionatzera eraman nau eta hori oso interesgarria izan da niretzat. Bestalde, liburu hau aurrera ateratzea sorkuntza prozesu bat izan da eta ia sorkuntza prozesu guztietan bezala talde lan bat egon da guzti honen atzean. Hori beti da aberasgarria.

Aktore batek, edo oholtza zuzendari batek, idazten du baita ere: gorputzarekin, espazioarekin, argiarekin, hitzekin bezala isiluneekin ere... guztiak hartzen du parte arku dramatiko baten sorkuntzan, izan arku poetikoa ala narratiboa. Idazketaren zentzu horretan, zu zure lanetan idazle sentitzen zara, hitzetik haratago?

Zentzu horretan baietz esango nuke. Urteak aurrera joan ahala, dagoeneko lengoai eszenikoaz badakigu zer edo zer, hizkuntza bat balitz bezalakoa da guretzat, oso gurea dena. Nahiz eta beti daukagun zerbait ikasteko, ezagutzen ditugu hizkuntza honen zirrikituak, uneoro baikaude horretan murgiltzen, ikuspuntu desberdinetatik gainera: aktore moduan, sortzaile moduan, zuzendari moduan, zuzendari laguntzaile, kolaboratzaile, aholkulari...

Zuk irakurtzen dituzu antzerki liburuak (izan testua, edo saiakera...)? Ze harreman duzu antzerki liburuekin? Zein da irakurri duzun azkena?

Egia esateko pendiente daukadan zerbait da. Nahiz eta hausnarketa zein teoria oso atsegin ditudan, normalean ez naiz bertan murgiltzen irakurketa abiapuntu hartuta, praktikak sortzen dizkidan bizipenetatik baizik. Zintzoa banaiz, egia esateko, ez dut antzerki gehiegi irakurtzen, gehiago irakurtzea gustatuko litzaidake. Baina irakurri dudan azkena, eta izugarri gozatu nuen, Ibsenen Hedda Gabler antzezlana izan zen. Oso ona.

Stereok ez ohiko bidea egin du liburu bilakatzeko: hitz gutxiko pieza eszenikoa izan arren, liburu oso bilakatu da. Imajinatuko zenukeen inoiz halakorik gerta zitekeenik?

Ez. Opari galanta izan da. Udaran oporretan nengoela Oier Guillanen email bat jaso nuen abentura honen gonbita eginez EHAZEren izenean. Izugarri poztu nintzen, baita emozionatu ere. Baiezkoa zalantzarik gabe eman eta aurrera. Bidai lagun izan dut bera sormen prozesu berezi honetan, beste hainbatekin batera eta hori ere zoragarria izan da. Baina esan behar dut, Oier alboan izateak asko lasaitu nauela baita liburua bera aberastu ere. Iritziak partekatu ditugu, idatzitakoaren inguruan hausnartu eta liburuak izan zitzakeen aukera desberdinak mahai gainean jarri. Editore aparta izan da.

Stereo pieza eta Stereo liburua, bi gauza oso ezberdin dira? Edo elkar osatzen dute?

Elkar osatzen dute. Liburuak pieza disekzionatzen du, emaitza eszenikoa eta bere atzean egon den prozesuaren hausnarketa agerian utziaz. Piezak berak ez dituen hitzak aurkitu ditzakegu liburuan bertan. Baina analisi edo hausnarketa arrazional batetik harago joan gara, idazkera prozesua bera ere gorputzetik egina baitago tarteka. Modu honetan nire ustez, irakurlearentzako hurbilagoa, errealagoa eta haragizkoagoa izan daiteke Stereo irakurtzearen esperientzia.

Bada zure testuen artean bereziki bat, “Stereo pausuz pausu”, zeinean kontatzen duzun pieza barrutik nola bizi duzun, unez une. Testu ez ohikoa da antzerkian, pieza bat idatziz jartzeko beste bide bat planteatzen duelako: aktoreak piezan zehar barrutik bizi duenaren deskribapena. Nola bizi izan duzu testu horren idazketa?

Ariketa astunena izan da niretzat hasiera batean. Testu hau idazten nengoela “hegan egitea” edo sormenarekin konektatzea zaila egin baitzitzaidan. Deskribapena atal honen helburu garrantzitsuenetako bat zen. Emanaldi guztia azaldu behar nuen pausoz pauso eta ez zitzaidan erraza egin. Bestalde, nola egin irakurlearentzat erakargarria edo irakurtzeko atsegina? Horretarako barne gogoetak eta hausnarketak sartzea ezinbestekoa izan zen.

Kosta egin zaizu testu hori idazteko modua topatzea?

Bai. Atal hori idazteko bulkada edo ideia ez zen nirea izan, Oierrek proposatu zidan. Agian horrek ere eragin dezake sortzen hasteko orduan, idazten duzun horren zergatia edo inpultsoa barruan aurkitzerako orduan. Ariketa bezala erronka izan zen niretzat.

Liburuaren ezaugarri bat taldetasuna da. Liburua bera honela sinatua dator: “Miren Gaztaņagaren sorkuntza batetik abiatutako talde-lana”. Hiru lagunen artean osatu zenuten sormen prozesua, eta horren isla ematen da liburuan, testuetan eta material grafikoetan: Ainhoa Jauregiren zuzendaritza, Ainhoa Resanoren argazkiak. Jende gehiagok ere kolaboratu zuen emanaldian (Ibon Aguirre, Zaldiak). Idazketa berez nahiko bakarkako gauza da; zaila izan da liburu batean talde prozesu baten islak jasotzea?

Nik uste dut formula egokia aurkitu dugula eta behin modua aurkituta erraza izan dela. Formula aurkitzea ere ez da zaila izan. Bestalde, pieza bera oso lan pertsonala da, baina era berean talde lana ezinbestekoa izan da aurrera atera ahal izateko (liburuarekin gertatu den moduan). Bi atal hauek liburuan islatzea zen gure helburua eta oso kontent nago emaitzarekin. Lehenengo zatian nire ahotsari ematen diogu lekua eta bigarren zatian lan-taldeari eta gonbidatu desberdinei. Nire hitzetan beraien oihartzuna dago eta beraienetan nirea, azkenean dena dago lotuta.

2Stereoren sormen peozesuko irudi bat (Argazkia: Ainhoa Resano).

Gustura geratu zara emaitzarekin?

Beti pentsatzen duzu “hau edo beste hori hobetuko nuke”, baina egia esan, oso gustura nago emaitzarekin, lehen esan bezala, opari galanta izan da niretzat.

Ez da liburuko taldetasun bakarra: hainbat kolaborazio jasotzen ditu liburuak, piezaren edukiak nolabait kokatuz, eta zabalduz. Testu bana idatzi dute berariaz lau lagunek: Kattalin Miner, Jokin Aspiazu, Miren Narbaiza Martiartu, Oihana Garro Larraņaga. Uxue Alberdik hitzaurrea idatzi du... Oier Guillanek hitzostea. Zer eman dio horrek liburuari?

Dimentsioa ematen dio, bolumena. Sare handi baten zati bat bisibilizatzen du atal horrek. Stereo sortzen hasi nintzenean, hainbat galdera egin nizkion nire buruari, nire gorputzari. Hainbat ezinegoni arreta jarri nion. Horren beharra nuen. Aspalditik ohartu gara norberak bizi duena ez duela norberak bakarrik bizitzen, ingurukoek antzeko bizipenak dituztela eta ez direla kasualitatea. “Pertsonala politikoa da” esaldia kontutan hartuta, kontzientzia osoz partekatu dut bai eszenan zein liburuan ere, oso nireak diren hausnarketa eta proposamen hauek. Asko estimatzen ditudan lau sortzaileri idatzi nien hasiera batean Stereo sortu nuenean nik neuk nituen galderetatik beraiek beren hegaldi propioak sortzeko gonbita eginez. Baiezkoa esan zidaten eta eskertuta nago oso. Horrela, berriz ere, horren norberarena den zerbait azken finean guztiona dela agerian uzten duen kapsula bat sortu genuen.

Bestalde Uxue eta Oier. Hauek ere bidailagun kontsideratzen ditut. Esan dezaket bata liburuaren amatxia dela eta bestea aitatxia... (Kar-kar-kar).

Elkarrizketa hau egiten ari garen unean aurtengo martxoaren 8ko eztanda eman berri da. Nola bizi izan duzu zuk?

Ba oso modu berezian egia esan. Zerbait mugitzen ari denaren sentsazio sakon batekin. Bagoaz, gero eta elkartuago indarra hartzen doan mugimendu honetan aurrera. Lan asko dago egiteko, gauza asko zalantzan jarri eta berregituratzeko, norberarengan zein kolektiboki, baina elkar lagunduaz bagoaz begiak zabaltzen, bakarrik ez gaudela ohartzen eta gero eta ausartagoak izaten gustatzen ez zaigun horren aurrean planto egiteko, besteak beste.

Stereo liburuan Ainhoa Jauregirekin batera mintzo zara Stereoren taldeko sormen prozesuaz, eta bertan aipatzen duzu nola sortu zenuten garaian, eta gero pieza mugitzerakoan, sumatzen zenuten zer edo zer mugitzen ari zela feminismoaren inguruan, oso jende gaztearen artean mugimendu bat sumatzen zela... Nola bizi duzu zuk feminismoaren inguruko mugimendua egun?

Gehien identifikatzen naizen mugimendua dela esatera ausartuko nintzateke, ia ehuneko ehunean. Lan galanta egin dela jabetzen naiz, eta horren emaitzak nabarmenak dira. Ni sakonki eskertuta nago buru belarri horretan dabiltzanei. Bestalde feminismoaren mugimendua esnatze sakon baten isla dela esango nuke, eta eragina ere sakona dela, leku guztietan erresonatzen baitu, esparru publiko zein pribatuetan.

Horren harira ere, Stereo sortzerakoan eragina izan zuten egile batzuk aipatzen dituzu: Claude Cahun, Beatriz Preciado, Virginie Despentes, Judith Butler... gero eta ohikoagoak egin zaizkigu horrelako erreferenteen presentzia eta aipamena kulturgintza zein politikagintzan, feminismoari loturiko liburu argitalpenen kopurua ikaragarri handitu da. Aintzat dituzu zuk oraindik eragin haiek, zabaldu egin zaizu katalogoa?

Egia esateko, katalogoa zabaltzeko baino garai bateko testu horiek berriz ere irakurtzeko gogoa sartzen zait tarteka. Bestalde, unean uneko sortzen ditugun lanen gaietan sakontzen dut normalean eta irakurketarekin ere hori gertatzen zait. Parte hartu dudan azken lanetako bat Heriotza Bikoitza (doble malta) antzezlana da eta esan beharra daukat, azkenaldi honetan izpiritualagoa nabilela.

Zer ibilbide du Stereok aurretik? Baduzue emanaldi gehiago?

2010etik ari gara emanaldiak egiten, hori bai, oso modu anarkikoan. Bulkada hau ez da agortu eta argi daukagu emanaldiak egiten jarraitu nahi dugula argi daukagu gogoa joaten zaigun arte. Baina egia esateko, ez dakit noizbait guztiz joango zaigun, (kar-kar-kar).

Binarismoen arteko mugak eztandarazten dituen pieza izan da Stereo, maskulinitatea-feminitatea, antzerkia eta ez antzerkia... ironiaz, eta probokazio arimaz. Baduzu gogoa muturren arteko zirrikitu horiek arakatzen jarraitzeko? Eszenan? Beste modu batzuetan?

Muturrak beti dira erakargarriak jakina, baina egia esateko, arakatzea da bere horretan benetan zirraragarria egiten zaidana, hausnartzea, aztertzea...eta ondoren guzti hori lengoaia artistiko batean aterrizatzea. Orain atsedenaldi bat hartzeko gogoa daukat, laburra bada ere, ea gero zer eskatzen didan gorputzak edo zer aukera ematen dizkidan bizitzak. Abentura berrietan murgiltzeko prest nago, baita betiko esparru zein esparru berrietan igeri egiteko ere.

Oiartzunen urtarrilean pieza eskaini zenuen, eta ondoren solasaldia, zeinean jendeak asko parte hartu zuen. Bertan aipatu zenuen ikusten duzula zure burua hogei edo hogeita hamar urte barru pieza hau egiten, beste gorputz batekin, etorkizuneko zure gorputza agertzen eta deskubritzen... Hala da benetan? Ederra litzateke...

Hala da benetan! Audiobisualen munduan errealak ez diren gorputz tratatuak, edo gaztetasunaren “perfekzioa” duten gorputzak ikusteaz nekatuta nago. Benetan eskertzen dut benetakoak diren gorputz anitzak ikustea bai pantailan eta baita eszenan ere. Stereo 60 urteko gorputzarekin egitea ederra litzateke. Hogeita bederatzi urteko gorputz batekin hasi nintzen Stereo taularatzen, gaur egun ia berrogei dauzkat. Gorputza aldatuz doa, bizirik jarraitzen dugunaren seinale, ze demontre! Hala ere batek dakit, gaur egun afirmazio hori fantasia moduko bat da eta ez naiz fantasia horretara konprometitzen. Unean unekoa. 60 urte dauzkadanean Stereo egiteko gogoa badaukat egingo dut, gustura gainera! Agian Honolulun egongo naiz, ordea, Margarita bat edaten itsasoari begira, (kar-kar-kar), batek daki!

Bitxia da, ze ez da lehenengo elkarrizketa modu honetan amaitzen dudana. Agian bete egingo da edo? Honolulu 60 urterekin... imajinatzen? Ez legoke batere gaizki!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)