Elkarrizketak

"Momentu honetan gustatzen zaidan literatura horrelakoa da"

Ostirala, 2019-03-29

Donostiako Oquendo tabernan elkarrizketatu dugu Ińigo Aranbarri, zinema-izarren argazkiz jositako hormen artean. Munduko tokirik ederrena (Susa, 2018) ipuin-liburua argitaratu zuen iaz eta harrituta dago izan duen harrerarekin, liburuaren harira eman duen enegarren elkarrizketa da hau.

"Momentu honetan gustatzen zaidan literatura horrelakoa da"

Elkarrizketa-proposamena egitean aipatu zenuen ez zenekiela ezer gehiago edukiko ote zenuen esateko. Liburuen gainean elkarrizketak eman beharra, aurkeztu beharra, sustapena... nola bizi duzu? Kentzen dio liburuari autonomiarik?

Uste dut kontraesan horretan bizi garela. Alde batetik, nire kasuan behintzat, teorizazioa obraren ondoren dator. Era kontziente batean, behintzat, neu jabetzen naizena. Hau da, ez dut zera egiten: orain planteamendu teoriko bat daukat eta horren gainean obra praktiko bat egingo dut. Lehenago egiten duzu obra praktikoa eta gero hasten zara teorizatzen. Egia esan, teorizazioak ez zaitu ezustean harrapatzen zeren ideia horiek aurretik dauzkazu lagunekin hitz eginda, artikuluetan idatzita, eta abar... Hau da, teorizazio hori badago, era gordin batean, eta idatzi duzun obra idatzi duzu praktikan teorizazio hori daukazulako, nahiz eta agian hitzetara ekarri gabe. Gero dator prozesu hori, teorizatu beharra. Eta elkarrizketa bakoitzean edo topaketa bakoitzean, irakurleekin edo kazetariekin, diskurtso hori osatzen joaten zara. Gero gertatzen dena da... Horrek betiko zalantza sortzen du, irakurle moduan ere, gero zein neurritan baldintzatzen gaituen elkarrizketa batek, zein neurritan baldintzatzen duen irakurketa bera, zeren klaro, idazle batek bere asmoak azaltzen badizkizu, zein den obraren genesia, eta zera... ez dakit hasierako irakurle-liburu harreman hori zein neurritaraino baldintzatzen duen, eta seguru asko neurri handian baldintzatuko du, eta hori ere ez da positiboa berez.

Publikoarekiko alde bakarrekoa izan daitezke prentsan esandakoak. Beste esperientzia bat da irakurle taldeena, beste dinamika bat irakurleekiko, zein da aldea?

Hor agian gehiago agertzen dena da, alde batetik, esperientzia kolektiboa. Zeren irakurleak esaten dizu: “Bueno, nik hau horrela irakurri nuen, horrela interpretatu nuen” eta albokoak beste era batera interpretatzen du ipuin bat, eta abar. Orduan, osatu egiten da. Alde batetik, osatu egiten da eta, beste alde batetik, ezustekoak hartzen dituzu: zuretzat ipuinik fantastikoena izan daitekeena, irrealena... Niri gertatu zait, adibidez, Ean gertatu zitzaidan, Burdina ipuinarekin. Teorian, ipuinik, esango nuke, tranposoena da. Tranpa da objektu bat tokiz aldatzen dena, eta batek osatu egin zuen ipuina: “Nik susmoa daukat zer gertatu zen pistola horrekin”, eta osatzen du idazleak esaten ez duena, imajinazioak horretarako bidea ematen dio. Beste batek egin zuena izan zen pistola bera ekarri. Orduan, ipuineko pistola agertu zen literatur txokoan; etorri zen etxetik ganbaran, beraien teilatupean, agertu zen pistola batekin... Orduan esaten duzu: “ez dut ezer asmatu”, literatura ez da iristen errealitatera, sekula ere, nahiz eta ipuinik fantastikoena izan, edo... Oraintxe erakutsiko dizut argazkia [sakelako telefonoan darama argazkia]. Klaro, bost tiroko errebolber bat agertu zen beraien teilatupean, Ereńon, eta hauxe da. Esan zidan: “Ińigo, zure ipuina joan da Urolatik Patagoniara eta bueltan etorri da Ereńora”. Nola egin dugun ez dakigu. Oso politak dira horrelako esperientziak.

Izan daiteke elkarrizketen bidez saiatzen dela idazlea obra gizartean sartzen baina, azkenean, hori erreal bilakatzen dela irakurleekin hitz eginda, ezta?

Hori da, eta, gero, irakurleek askotan egiten dutena da, “bueno, zuk hori imajinatu duzu fikzioan, ez dakit non, eta abar, baina nik esango nizuke nire herrian pertsonaia horrek zer izen eta abizen zituen”. Hau da, jendeak identifikatzen du fikzioa, egoera bat, benetako egoera erreal batekin. Hor dago, agian, literaturaren unibertsaltasuna, ez?

Unibertsaltasuna. Batzuetan badirudi obra unibertsal bat idazteko joan behar dela abstraktura eta denbora abstraktura edo unibertsaltzat jotzen ditugunetara; mundua zehatza eta konkretua da, ordea. Ipuin hauetako uneak eta lekuak oso zehatzak dira eta hauengan proiektatzea askoz ere errazagoa gerta daiteke, agian.

Bai, hori da, nik ezingo nuke – ez dakit ezingo nukeen. Oso zaila egingo litzaidake konkretutik aparteko espazio batean kokatzea pertsonaia hauek, ez dakit, posible izango da, badaude obrak, obra oso inportanteak, espazio eta denbora konkreturik gabekoak... Niri oso zaila egingo litzaidake, zeren, azken batean, hau lotu dut dekoratu batekin eta dekoratu hau historikoa da, eta bere testuingurua dauka, ez? Bere testuinguru historikoa dauka, bere testuinguru politikoa, bere testuinguru soziala. Gero, horrek ez du esan nahi partikularra denik, horrelako testuinguruak, antzekoak, egon dira toki askotan, eta estrapolazio hori, toki batean gertatzen dena, nahiz eta toki hori ez den esaten zein den, estrapolatzea beste toki batera... Ba, horretan asmatuz gero gauza handia da. Azken batean, pertsonaia hauek dutena da, nola esango dugu, karakterizazio unibertsala dute. Tentsio horiek, pertsonaien artean bizi diren tentsioak, unibertsalak dira, ez dira partikularrak, nahiz eta giro partikular batean kontatzen diren.

Liburuaren genesiari dagokionean, aipatu izan duzu istorioak zeurekin eraman dituzula, baina badago une zehatz bat noiz esaten duzun “liburu hau egingo dut”?

Bai, orain dela urte eta erdi-edo bi urte, Jose Luis Otamendiren-eta gurasoen eta aitona-amonen erloju-dendak ehun urte bete zituen eta gonbidatu ninduten han testu bat irakurtzera, Azpeitian, leku zehatz batean. Erloju-denda horretan lehen biltzen ziren Azpeitiako, esango nuke, erlojugilea, alkatea, ez dakit nor, apaiza eta abar, eta tertuliak egiten ziren, eta abar. Gaur egun ez da horrelako ezer, gaur egunean erloju-dendak gainbehera daude... [Jose Luis Otamendik] esan zidan, lagun moduan: “Etorriko haiz eta irakurriko duk zerbait?” eta otu zitzaidan istorio bat asmatzea: ehun urte zenbatuko zituen erloju bat asmatzen zuela erlojugile batek; hogeita lau ordukoa izan beharrean, ehun urtekoa. Eta, hortik abiatuta, esan nuen: “ba agian hau da mementoa hemen, Azpeitia, Azkoitia, Urola aldeko historia horiek kontatzeko, hau izan daiteke unea buruan dauzkadan historia horiek ateratzeko”. Hori izan zen arrankea, Otamendirenean.

Kaleratzen duzun lehen ipuin-liburua da hau, han eta hemen esan duzu istorioak eramaten zaituela formatura.

Ipuin hauen oinarria edo basea, esango nuke materiala, errealitatean dago, eta, abiapuntuan, askotan, izen-abizenak dituzte. Gero, fikzionatuak daude istorioak. Nire gogoan istorioa piztu duten gertaerak eta pertsonaia errealak dira gehienetan. Egin dudana da fikzio hutsean errenditzeaz gainera mikrokosmos bat sortu eta horregatik, pertsonaia batzuei dagokienean, irakurleak baditu hainbat keinu esateko denak herri berean bizi direla, kosmos berean bizi direla, komunitate bat osatzen dutela. Neurri batean, agian, gainditzen dute ipuin hutsen mundua, ez da euskaraz lehen aldia hau egiten dena, adibide gehiago badira. Kosmos bat osatzen dute, denbora-espektro bat hartzen duten kosmos bat osatzen dute. Baina ipuin bakoitza, era berean, autonomoa da.

 

Memoria baino, atzoa

Memoriaz baino ‘atzo’az ari zarela ere esan izan duzu.

Bai, batez ere zen bereizteko ez dela memoria liburu bat, ez dela kronika liburu bat. Gure ‘atzo’a da, beraz, oraineraino etorri gara atzo horrekin, beraz, orainaren parte da, baina, era berean, sentsazioa da hemendik gutxira desagertu egingo dela eta seguru asko memoriaren zaku horretan sartuko dela. Zergatik? Ba igual harreman mota horiek, lan-harreman mota horiek, horko klabe asko desagertzen ari direlako eta seguru asko gaur egunean beste era batera bizi direlako. Lan mundua, hor kontatzen den lan mundu hori, nik uste oso azkar desagertzen ari dela eta gaur egunean, bueno, 800 euro kobratzen duen gazte batek ez daki bere nagusia non dagoen ere, ez daki Silicon Valleyn dagoen, Finlandiako bulego batean dagoen edo birtuala den, hodeian dagoen. Eta hor, aldiz, beste lan harreman batzuk ziren. Nagusia tailerrean egoten zen, eta gero, askotan, bere langileen kuadrilla berekoa zen, nahiz eta gero lantokian kristoren tentsioak egon. Hor bazegoen guk ezagutu dugun mundu bat, kontatu nahi nuena.

Baina ez da zaharra bukatzen eta berria hasten, elkarrekin ere bizi dira.

Bai, continuum bat dago.

Iraganean atzerago kokatutako ipuinetan ere argi dago ez direla eten garbiak.

Bai, hor daude bi ipuin agian historian atzera egiten dutenak. Bat da amonaren historia [Isiltasunak gordetzen duena], 1900eko exekuzioa ikusten du, baina hori kasu erreal bat da, gure amonaren kasua. Exekuzio hori ikustera eraman zuten, baina lotzen da orainarekin: ni nintzen umetan ikusi nuena Otaegi ekartzen, fusilatu zuten gauean. Gogoan dut oraindik irudi hori. Eta, orduan, badago 75 urte hartzen dituen historia zati bat pertsona baten bidez kontatua. Bestea da Modeloa ipuina. Gu ibiltzen ginen jolasean eskultura horren kubo horretan, orduan, iragana da baina ez dago oso urrutira joan beharrik. Konpasaren ariketa dago, hau da, zuk hartzen duzu denboraren ardatza eta konpasarena egiten duzu. [Paperean egin du ariketa.] Ni jaio naiz 1963an, hemendik hona daude 55 urte eta 55ekin, 55-56ekin, jarri naiz 2019an, eta egiten baldin badut beste aldera, kendu 55, 1908ra zoaz. Aurrera bizitakoa atzera biziz gero, 1908ra zoaz, Lehen Mundu Gerra aurretik, ia-ia exekuzio horretan nago. Orduan, ez da hain iragana ere.

konpasa

Egunerokoan ez gara konpasaren ariketa egitera jartzen, ordea, iraganari ez diogu gehiegi erreparatzen agian.

Askotan, gaur egungo mezuek ematen didaten inpresioa da zerutik erori garela denok. Baina bakoitza hemen garena gara eta gauden tokian gaude pauso batzuk eman ditugulako gazteagoak ginen garaian eta pauso horiek eman ditugu aurreko batzuek beste pauso batzuk eman zituztelako, orduan, korronte moduko batean gaudela esango nuke. Hemen gertatzen diren istorio hauek korronte horren emaitza dira. Horrek ez du esan nahi homogeneoak direnik, kontraesanik gabekoak direnik, eta abar. Justu horretan sakondu nahi dut, hau da, denborak ematen duen perspektiba horrekin produktu [sozial, historiko] hori izanda produktu horren gaineko ikuspegi kritikoan. Ipuinotan errebisatzen da, neurri batean, zer izan garen.

Pasa denaren gainean pentsatzea eta idaztea errazagoa da orain jazotzen ari denaren gainean edo etorkizunean gerta daitekeenaren gainean baino?

Ez dakit, zeren pasatu denaren gainean gogoeta egitea ere ez zait erraza egiten, gogoeta kritiko bat egin behar da horren gainean, zeren ez du balio gertaera bere horretan kontatzeak, ez da kontaketa bat. Zerbait gehiago izan beharko lukete ipuin hauek, kontaketa baino harago doan begirada bat. Niri ez zait erraza egiten iragan hurbilaz hitz egitea.

Haatik, ez diozu irakurleari murtxikatuta ematen gogoeta.

Ez, ez, justu hori da, honetaz hitz egin izan dugu; estiloak zerikusia du, zuk minimoetara ekartzen dituzunean elkarrizketak eta deskripzioak-eta, beste guztia bete egin behar da eta beste guztia betetzen da, normalean, norberaren esperientziatik, irakurleak eta idazleak konpartitzen duten magma horretatik. Hor badago arrisku bat, zeren baten batek esan dezake ezin dela sartu hor berarentzat guztiz arrotza delako. Hor hartzen dituzu arrisku batzuk, ustezko irakurle ideal horren bila zoazenean. Kasu honetan irakurle ideala da mundu hori, horrela azalduta, ulertzen duena, nahiz eta beste garai batekoa izan eta nahiz eta beste egoera batekoa izan, beste espazio batekoa izan. Hor hartzen dira arrisku narratiboak. Ez da “zuk hau bizi izan duzu, beraz, hau ulertuko duzu”, ez. Apustua da ea elementu horiekin beste batek uler dezakeen hori.

Mundu horretaz hitz egiten ari zarelarik mundu hori azaleratzen ari zara ere.

Hori da, botere harreman batzuk, familian, edo zera batean, gizarte batean, gizarte ustez mugatu batean... Kontua da hori estrapolablea izatea eta beste giro batean ulertzea, beste garai batekoek ere esatea “bai, hori badakit zer den eta sentimendu hori neuk ere sentitu izan dut” nahiz eta beste garai batekoa izan, beste era bateko testuinguru batean. Hor badago zeharkakoa den zerbait, historia bera, garaiak zeharkatzen dituen ardatz bat badago, edo sinetsi nahi nuke badagoela.

Gauzak bere gordinean hartzeko asmoa adierazi izan duzu, iragana edertzen ibili behar gabe. 

Edertzearena gehiago zen memoriarena, askotan zein neurritan tranpeatzen dugun geure iragana gaur egungoa jasangarriago egiteko. Askotan, zerbait horrela izan zela esaten dugunean ez dakit benetan horrela izan zen edo bakoitzak geure gezurtxoa sartzen dugun diskurtso horretan jasangarriago egiteko oraina.

Badago erdibiderik iragan hori kontatzerakoan egon daitekeen errazkeriaren eta fribolitatearen artean?

Idazleak ere bere erara interpretatzen du iragan hori, iragan hori ere ez da iragan neutro bat. Batek bere memoriak moldatzen dituen bezala, oraina jasangarriago egiteko, idazleak ere iragan hori moldatu egiten du kontatu nahi duena kontatzeko. Eta kontatu nahi dena kontatzeko muturrera eramaten duzu une dramatikoa, eskatzen duelako, edo narratibotasunak hori eskatzen duelako edo pertsonaiak hori eskatzen duelako, baina hori errealitatea osoagoa izanda. Kontrakoa ere gertatzen da. Azken batean, buruan duzun literatura egiteko modu horrek eskatzen dizunaren araberakoa da.

Historiaren arrakaletan gauza asko galtzen da. Izan daiteke literatura historia liburuetan agertzen ez den historiaren transmisiorako baliabide?

Baietz uste dut, eta gainera hori da hitza: “literatura”, eta ez kronika, zeren kronikak egongo dira, mila erakoak, baina nire ustez literaturak hor badu harrobi edo mea bat, gertaera subjektibo errealetatik abiatuta fikzioa egiteko. Momentu honetan gustatzen zaidan literatura horrelakoa da.

Baduzu aurrera begira ipuin gehiago idazteko asmoa eta gogoa?

Momentu honetan ez daukat ezer buruan, hutsik nago. Hau, azken batean, destilazio prozesu bat izan da. Hau ateratzeko beste ipuin batzuk, beste pertsonaia batzuk baztertu behar izan ditut ipuin hauetan dagoeneko pertsonaia horiek, giro horiek bazeudelako. Ez nuen errepikatzerik nahi. Horregatik ahalegindu naiz, nahiz eta giro bateko pertsonaiak izan, tonua, kamera non jarri eta idazkera bera pixka bat diferente izaten, ez izaten oso antzekoak istorioak. Hortik aurrera, hamaikagarren ipuinak errepikatuko zuen, seguru asko, aurretik dagoenetako bat. Orduan, erabaki dut hamar horietan geratzea. Hemendik aurrera zer egingo dudan ez dakit, honi, momentuz, ibiltzen utzi eta aurrera begira ikusiko dugu. Egia esan, eroso sentitu naizen genero bat izan da ipuinena.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)