Elkarrizketak

Paddy Rekalderi elkarrizketa

Ostirala, 2011-05-20

Paddy Rekaldek Spray poesia liburua kaleratu berri du Susa argitaletxearen eskutik. Bere aurreko lanetan ohikoak diren elementuak topatzen ahal dira bertan: hiria, musika, memoria, istorio txikien bizitasuna, eguneroko harrapatzen eta emozionatzen ahal gaituzten gatazka sozialen oihartzuna.

Paddy Rekalderi elkarrizketa

"Memoria gara" esanez abiatu du liburua Paddy Rekaldek. Hiriaren erraietara zuzendu du batez ere begirada, poesia horma batean irakurtzeko prest dauden irakurleen bila.

Spray tituluak adierazteko beharra iradokitzen du, modu librean, agerikoan... 'Spray' poemak ere horren alde egiten du aldarri. Hasieratik egon da ideia hori liburu osoaren oinarrian?

Titulua poema horretatik etorri da. Horma batean poema bat idatzita ikusi ostean hasi nintzen horren inguruan idazten. Gerora konturatu naiz gura barik halako manifestu antzeko bat sortu zaidala, gerora horren inguruan hausnartzen hasi eta Spray objektuak askorako ematen duela ikusi dut, subertsio puntu hori adierazteko, kalea hartzeko... poema horretan diot 'astindu egizu spray hori eta idatzi /inoiz abandonatu behar izan ez genituen kale hauetan', kalea apur bat abandonatua dagoelako. Bartzelonan 'que no se calle la calle' zioen pintada bat ikusi nuen, gustatu zitzaidan. Ni kalea graffittiak ziren giro batetik nator, pintadak, kartelak... kalea liburutegi bat zen, edo adierazpen gune handi bat. Sprayak badu adierazteko ahalmena, subertsiorako joera, arterako eta adierazpenerako gaitasuna. Puntu subertsibo horretatik aldarrikatu nahi dut batzuetan oso enkortsetatua sentitzen dudan kultura eta literatura honen kontra egitearen beharra. Batzuetan ohikoa da jende gaztea guraso kulturalei begira hastea ibilbidea, baina 'hil ezazu aita' zioen kanta datorkit gogora, has ezazu bide berri bat.

Hainbat poematan zabaldu duzu poesia berari buruzko gogoeta. Adibide batzuk jartzearren:

poesia arma ikaragarria izan daitekeela erakutsi duten poetak ('Poetak eta banderak' poema)

sarritan pentsatzen dut / masturbazio propiorako/ bibradore bihurtu dugula poesia // dildo dildo dildo ('Dildo' poema)

poesia, mailua izan daitekeela onartuta,/lehergailu erabatekoa ere izan liteke,/hala nola, ahalik eta etorkizunik humanoena/erraztuko lukeen misil eder
bat ('Misil baten esperoan' poema)


Zuretzat zein da egun poesiaren funtzioa
?

Hirugarren aipu horrek ondo esaten duen moduan nik uste dut poesia izan daitekeela mailu bat. Nire inpresioa, iritzia, uste ustela da poesia askotan lar hermetikoa dela, lar 'niretzako bakarrik', lar idazlearentzako bakarrik. Nahiz eta oso maiz entzun 'irakurlea kontuan hartu dut' eta hori guztia, nire sentsazioa da batzuetan irakurlea ez dela kontuan hartzen, poesia idazlearentzako berarentzako egiten dela. Nik poesia humano bat aldarrikatu nahi dut, bizitzaren eta munduaren inguruko kontuak kontuan hartzen dituena, poesia soziala, poesia politikoa, poesia humanoa. Irakurleak zer edo zer sentitzea poemaren bukaeran, emozioa edo pasioa, barrenak apur bat ikaratzea eta aldi berean bere funtzio soziala ez dadila izan jostailu liriko batena, tresna bat bihurtu dadila gure munduan gure txikian eragile izateko eta pentsarazteko.

Poesiari loturiko 'masturbazio' mota gehiago ere badago liburuan. Spray poeman bertan honakoa irakurri daiteke:

unibertsitateetan lizuntzen diren
literatur irakasleen babes beharrik gabe,
kanonei begira fikzioa eta ez-fikzioa eztabaida antzuetan
masturbatzen diren kritikarien oniritzi behar barik


Literaturaren munduan dauzkagu alde batetik medio ofizialek bedeinkatutako literatura eta bestetik literatur irakasle eta kritikari batzuek bedeinkatutakoa. Gura barik edo 'tontamentien' ipintzen dira kanon batzuk eta hortik joan behar dira gauzak. Nik uste dut gauza interesgarriak eta emozionanteak ateratzeko kanon horietatik ihes egin behar dela. 80. hamarkadan La Polla Records eta Hertzainak bezalako taldeak sortu ziren musika mailan zeuden kanonetatik, mass media eta jainko horiek bedeinkatutako adibideetatik ihes eginda. Niri iruditzen zait unibertsitatean eta literatur kritikarien giroetan oso eztabaida antzuak sortzen direla, jende gazte eta ez hain gazteak ihes egin behar duela hortik, bakoitzak bere bide propioa hartuta baina arautu barik. Bestela suerta liteke halako errepikapen bat.

Memoriaren gaia oso presente dago liburu osoan. 'Memoria gara' esanez abiatu duzu liburua. Nora eraman zaitu memoriaren gaiak?

'Memoria gara' oso poema berria da. Niri askotan poemak agertu egiten zaizkit, 'Memoria gara' bilduma ulertarazteko kontzeptu baten moduan agertu zitzaidan. Beste guztia ulertzeko giltza poema hori da baina ez zen izan behartuta idatzitako poema bat, nik uste dut atera behar zelako atera zela. Ez nuke jendeak memoriaren kontua zentzu nostalgikoan ulertzerik nahi, iragana oso gogorra eta gordina izan da bai, baina nik esan gura dudana da memoriak azken finean moldeatu egiten zaituela, egin egiten zaituela. Horrek sortzen du zure izaera eta horren bidez ulertzen eta sentitzen dituzu gauzak. Zu horrelakoa zara zure memoriatik zatozelako, ez du zerikusirik bidaia nostalgikoarekin.

Liburua hiru ataletan antolatu duzun arren badira osotasunean presente dauden hariak, gogoeta giro berean... jarraian idatzitako liburua da?

Poemak aleka sortu dira, nahiz eta gai zentralik ez egon nik uste dut nire izaerak berez erakartzen dituela poema horiek eta gai horiek, sentsazio eta emozio horiek. Ez da behartutako gauza bat, berez barnetik sortzen zaidana baizik, ez dago halako edo bestelako gai baten inguruan idazten jartzeko erabakirik. Niri berez etortzen zaizkit istorio eta emozio horiek, onerako edo txarrerako den ez dakit.

Poema hauek asko dute narratibotik, zenbait kasutan elkarrizketak ere sartu dituzu. Bilbo dub kronikakek bazuen tarteka narratibotik baina lerroak laburragoak ziren, erritmoa bizkorragoa agian. Poesia idazteko modua aldatu duzu?

Ez naiz kontziente. Egia esan pentsatzen dut idazten duzun neurrian edo liburuak argitaratzen dituzun neurrian halako eskarmentua hartzen duzula. Bai saiatzen naiz lerroak edo poemaren barruko tarteak zelan banatu zaintzen. Zelan eman poemari erritmo bat, non gelditu, non hartu arnasa... ihes egiten dut metaforizazio larregitik, saiatzen naiz estilo narratibo batekin idazten. Horrelako poetika bat izanik ere ez dira narratibo hutsak, badaude metaforak... saiatzen naiz ulergarria izaten, berba kopuru aldetik ahalik eta merkeen egiten, irakurtzen duzun bitartean ez galtzeko benetako haria eta benetako emozioa.

Ipuinak eta nobelak ere idatzi dituzu. Nola elkar osatzen dira zure ibilbidean, noiz jo genero batera edo bestera?

Narratibara jotzen dut istorio argi bat ikusten dudanean, luzea izan daitekeen istorio bat. Nire narrazioak oso arinak dira, oso mugituak, gauza asko gertatzen dira eta ez naiz luzatzen deskribapen luzeetan, bestela hari narratiboa eta tentsioa galtzen dela iruditzen baitzait, saiatzen naiz ekintza sortzen duen estiloan jasotzen. Nobelak filmekin alderatzen ditut eta poemak argazkiekin edo bideoklipekin. Nobela batean garatu eta osatu behar den istorio bat dago, poematan emozio baten 'punch'a bilatzen dut, emozio baten indarra. Askotan argazki bat ikusten duzu eta hor agertzen denak badauka halako barne ikara bat sortzeko ahalmena, irudi geldi bat izanik gauzak gertatzen ari ez diren arren. Poemetan momentuko indarra testu labur batean sartzen saiatzen naiz.

Musika eta literaturari loturiko erreferentzia asko dago, zure liburuetan ohikoa denez. Omenaldi hutsa da, zer nolako paisaia sortzen dute hauek?

Musika nire lanetan etengabe azaltzen da, literatur zalea eta musikazalea izan naiz eta banaiz gaur egun ere. Beti uste izan dut poesiara hurbildu nintzela musikaren aldetik. Behin Tom Waitsen eta Leonard Cohenen letrak jasotzen zituen liburu bana erosi nuen eta haiekin ikusi nuen musikaren aldetik bazegoela bestelako poesia bat. Horrek gero beste autore batzuen pistan jarri ninduen, eta azkenik poesiara iritsi nintzen. Liburuan agertzen diren zitak nahita taldearen izena aipatu barik daude, kanta bera da agertzen dena. Batzuetan kantuek bahitu egiten naute, euren musikaltasunak edo euren letrak. 'Zazpi urteko aita' poeman adibidez 'Viva Durruti' kanta aipatzen da, Loquillorena dena. Kanta horretatik abiatuta hasten da poema, Robert Caparen gerra garaiko argazki batzuetan nire aita ikusi eta horrek eragiten didan gogoeta. Gerra zibilaren inguruko desolazioa, ejerzito derrotatu batek ihes egin eta kaleak isilik geratzen direneko giroa, datozen otsoen zain. Emozionatu egin nintzen, ezin da azaldu. Nire aita ikusten nuen hor baina era berean ez da iraganean gertatzen den gauza bat, begiradak alde egiten didalako neure seme alabengana, gaur egungo umeak horrelako egoera batean ikustea zer izango litzatekeen pentsatuz. Kanta batzuk emozionatu egiten naute, mutur bikoa bainaiz ni: batetik oso pertsona negartia, bestetik edozein kantoietan lasai asko hostiaka has daitekeena.

Hiria eta Bilbo aipatuta liburu honetan, eta baita aurrekoan ere, Aresti etorri zaizu akordura. Zer nolako Bilbo da liburura ekarri duzuna?

Gaur egungoa, instituzioek eta botereak saldu nahi diguten fartsa hori: eraikin handiak eta luxua, dotorezia, ederra eta plastikozkoa, badirudi nortasuna goitik behera zeharo akabatu nahi diotela. Fartsa horiek ekartzen ditut liburu honetara, 'Misil baten esperoan' edo 'Free self service' poemetan adibidez. Batzuk esango dute agian 'badator Paddy berriro baztertuekin', baina niretzat poesia soziala da erabat. Nik uste dut poesiak eduki behar duela aldarrikatzeko eta salatzek gogo edo behar hori, bestela zer egingo dugu? lore joko berri bat? Arestiren Bilbo aipatu nuen aurreko liburuan ere, baina ez Arestiren Bilbora joateko, zera esateko baizik: Aresti zu ibili zinen despotrikatzen, hemen esperantza zein labur eta mehea den esanez, eta berdin jarraitzen dugu edo are okerrago. Hiria agertzen da azken finean giza taldea dagoen gune bat delako, ez gune geografikoa soilik. Hor ikusten ditudan gauzak eta kontuak ekartzen ditut.

Zure aurreko liburuetan ere oso presente dago hiria, 'Bilbo dub kronikak' eta 'Ragga-ragga dator gaua'n nabarmen. Nolabait elkar osatzen duten liburuak izan daitezke?

Nik uste dut berez neure izaeraren kontu berezkoa dela, ni horkoa naizelako. Ezin izango nuke kokatu nobela bat Parisen, ez nuke jakingo zelan jantzi nobela. Nik istorioak ebokatzen ditut ondo ezagutzen dudan leku batean, baserri giroko leku bat niretzat ez da erabat estrainioa baina nahiago dut hirira jo. Nobela baterako hiriak aukera asko ematen ditu, batez ere Euskal Herrian Bilbo batek, nahiz eta gaur egun lasai asko egin dezakezun nobela bat Zizurkilen kokatua. Badira hala ere beste paraje batzuetan kokatutako poemak, '60 urteko gaua' poemako Nafarroa ondo ezagutzen dut, ama Iruņekoa dudalako.

Kritikoa izateko gonbitea egiten diozu irakurleari liburuan.


Bai, hori beti dago hor. Niretzako oso inportantea da, poesia ez dadila geratu joko hutsean. Poemak ez zaitu utzi behar irakurri aurretik zeunden bezala. Batzuetan pentsatzen dut askotan erabiltzen dugula aditz hori, 'pentsarazi'. Nik uste dut gaur egun gauzak ikusi eta badakigula gutxi gorabehera zer esan gura duten, zer den medio hau edo botere hori, batzuetan hain maiz erabiltzen dugunean 'pentsarazi' aditza irakurleak tonto batzuk direla ematen du. Ni bai saiatzen naiz pentsarazten, baina gehien bat emozioetara jotzen dut, oso pasionala naizelako edo hala kontsideratzen naizelako.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)