Elkarrizketak

Patxi Larrioni elkarrizketa

Ostirala, 2016-11-04

Patton (1969) pelikularen eszena batzuk Nafarroan grabatu zituzten. Patxi Larrionek giro horretan kokatu du Feriatzaileak (Susa) nobelaren trama, karlismoa bete-betean zen garaian. Erritmo bizikoa, gidoi itxura du eta elkarrizketak dira nagusi. Zentzu horretan, beltzetik asko du Larrionen lehen eleberriak. Argitara eman eta berehala oihartzun handi samarra izan duenez, Susak bigarren edizio bat egin behar izan du.

Patxi Larrioni elkarrizketa

Hiru dira pertsonaia nagusiak, eta hiru dira feriatuko dituzten kontuak. Koktelak ere, hiru osagai nagusi ditu: whiskia, grand manier eta vodka.

Martin protagonistarengan eragina duten emakumezkoak ere hiru dira. Egia da, maiz errepikatzen den zenbakia da. Oker ez banaiz hirutan afaltzen dute La Campanan. Ez dakit hirutan ote dauden Casa Marinan, seguraski bai...

Bilatzen hasita, badira hiruko gehiago. Kasualitate hutsa da ala hiruko formula horrek ezkutuko zeresanik al du?

Kasualitatea dela esango nuke.

Nobelako La Campana jatetxeak, adibidez, zenbat du egiazkotik? Zenbat du Iruņeko Nabarreriako El Temple jatetxetik?

Aitortu behar dut errekreazio bat egin dudala. Hau gezurra da. Edo fikzioa, hobe esanda. Aurrekoan, Arantxa Iturbek kargu hartu zidan-eta Euskadi Irratian. “Gezurra ez, fikzioa hitza erabili”.

Harira. Nik La Campana ezagutu dut. Ez 1969koa (nobelako trama urte horretan kokatzen da), baina 80ko hamarkadaren hasierakoa bai. Nobelan aipatzen ditudan jakiak ere jan izan ditut. Baina aitortu behar dut nobela montalbaniar honetan sartu ditudan jaki batzuk gaur egun ere dastatu daitezkeela. El Temple-n, adibidez.

Gehiago badiren arren, hiru dira pertsonaia nagusiak: Martin, Luis eta Pete Domezain. Martin eta Luis soldaduska egiten ari dira, eta Patton filmazioan laguntzaile lanetan jarri dituzte. Martin azkarra eta bizia da; Luis bizizalea. Biak adiskideak.

Uztarri ona dela uste dut. Martin eta Luis oso ezberdinak izan arren, elkarren osagarri dira.

 

Zineman, literaturan... Binomio honek joko asko eman izan du.

Zinemak ez du garrantzia handirik izan honetan. Galdera bada, zuk Martinen bat, Luisen bat, Pedrotxoren bat ezagutu al duzu? Bai, ezagutu ditut pertsonaia horiek. Nobelako emakumezkoren bat ere bai. Eta saiatu naiz ezagutu ditudan pertsona batzuen ezaugarriak, jokamoldeak nobelan islatzen.

Pertsona horiek pasa den mendeko 20ko hamarkadan sortuak dira eta gehienak hilak dira. Pertsona horien oihartzuna batzen saiatu naiz.

Martin eta Luis munta txikiko feriatze-lanetan dabiltza. Feriatu beharrekoa gero eta garrantzitsuagoa izango denez, konplizeen nomina ere handitzen joango da. Lehengusua, osaba, zurgina... Nobela 60ko hamarkadaren bueltan kokatzen da. Orduko pikareskaren lekuko al da kontatu duzuna?

Patton filmaren errodajea nobelako kontakizunaren atrezzoa da. Baina momentu historikoa, ez. Nobela 1969ko udaberrian kokatzen da. Eta garai historiko horretan agertzen diren hainbat gertakizun, atrezzoa baino zerbait gehiago dira.

Posible ote zen horrelako amarrurik, horrelako jukutriarik egitea garai hartan? Horiek eta askoz ere gehiago. Nik izan dudan zereginetako bat dokumentazio lana egitea izan da. Eta batutako informazioa, kontrastatzea. Formazioz historialaria naiz baina lagun ikerlarien laguntza izan dut. Haiei galdetu nien: horrelako lapurretarik egitea posible ote zen garai hartan? “Horiek, eta askoz ere gehiago”. Hori esaten zidaten lagun ikerlariek. Beti ere, ustezko legalitate horren marraren ertzean.

1969an, eta gaur egun.

Edota gaur egun! Hemen kontua da Martin beti dagoela prest. Beti dago ezer feriatu nahian. Jarrera hori, funtzionatzeko modu hori atenporala dela esango nuke.

Feriatze lanetan dihardutela, funtsezkoa izango da Pete Domezain. Jatorri euskalduneko amerikarra, Patton filmeko produkzioko kide da. Bere bitartez emango dute kolperik handiena Martinek eta Luisek.

Benetako kolpea. Baten batek sumatzen badu nobela honetan The Sting (Kolpea) filmaren oihartzunik, ni pozik.

Gakoa, Pete Domezainen esku

Hasiera batean, irakurlearen begietan, misteriotsu agertuko da Pete Domezain. Amaieran, zalantza bat nagusituko da: nor izan da feriatzaile handiena hemen?

Nobelaren inguruan aritzen naizenean, beti dut arazo bera. Ez nuke spoilerrik egin nahi. Soilik esango dut Pete Domezainekin hasten dela nobela, eta Pete Domezainekin amaitzen dela. Protagonista nagusia Martin bada ere, nobela honen gakoa Pete Domezain da.

Irakurleak esango du: “ados, feriatzaileak soldaduskan diren bi gazte horiek dira”. Baina ez dira alproja batzuk. Nolabaiteko maila dute, baina haien gainean militar batzuk daude.Eta gure Martin eta gure Luis, gure Martin eta gure Luis esan dut, saiatuko dira zerbait feriatzen militar horien kontura. Indartsuagoak diren batzuei ezer lapurtzekotan dira. Baina noren laguntza izango dute? Pete Domezainena. Martin eta Luisen gainetik diren militar horiek baino indar handiagoa duena.

Boterea ordezkatzen duten protagonistak ere, hiru dira: Goņi, Gendulain eta txaleteko Zabaleta. Lehendabiziko biak militarrak, eta militarren ondokoa hurrena. Nobelako gaiztoak direla esan daiteke. Zentzu horretan, nobela parodikoa da.

Pertsonaia batzuk besteak baino atseginagoak egingo zaizkio irakurleari. Zein pertsonaiarekin geratuko zinateke?. Hori galdetu izan didate. Ba Gisele eta Irene alde batera utzirik, ni Pedrotxorekin geratuko nintzateke.

Nobelak aurrera egin ahala, feriatzaile arteko dema baten lekuko izango da irakurlea.

Badakigu zer feriatu nahi duten baina ez dakigu feriatuko duten horren tamaina, ezta feriatze horren ondorioak nolakoak izango diren. Iruditzen zait hari mutur batzuk zabalik uzten ditudala.

Ez da dena kontatu behar.

Liburuaren aurkezpenean Iņigo Aranbarrik ondo esan zuen. Hutsune dezente utzi ditudala nobelan eta norberak bete behar dituela hutsune horiek. Ados nago. Niretzat oso inportantea da tramak aurrera egitea, ez katramilatzea. Irakurleak ikustea zer nolako feriatzeak gertatzen ari diren.

Martinen izeba Irenek bezala, Giseleren bizitzak ere hainbat erpin ditu. Familia barruan, isilean gordetako istorio ilunen isla izan daitezke biak.

Emakumezkoek nobelan jokatzen duten paperaz baten batek egin dit kritika modukorik. Elkarrizketetan esan dut: azkarrenak ere, une jakin batean txotxongiloaren papera jokatzen jakin behar du.

Martin azkarra da. Dena kontrolpean duela iruditzen zaio baina hurbil-hurbil duen Irene, benetan ez daki nor den. Ez dakit nobelan efektu hori lortzen den baina nik hori ere adierazi nahi nuen. “Azkarra den horri, hau eskapatu egin zaio. Eta hau bai dela kontu potoloa”.

larrion05

Elkarrizketetan dago trama

Erritmo bizia du nobelak. Dialogo asko dago. Gidoi baten itxura duela esan daiteke, oso filmikoa dena bestalde.

Beltzetik badu eta aurten (H)ilbeltza Nobela Beltzaren Astera joateko asmoa dut. Gonbidatu naute dagoeneko.

Niretzat ere gidoi moduko bat da. Elkarrizketek garrantzia handia dute eta nobela idazten ari nintzenean, dialogoei zinema kutsua hartzen nien. Saiatu naiz baten zein bestearen tokian jartzen. Alde horretatik, dokumentazio lana oso garrantzitsua izan da. Nik irudikatu nahi badut La Campana jatetxeko elkarrizketa bat, nik hori ezagutu egin behar dut. Eta protagonistak ere, bertan imajinatu behar ditut. Horregatik elkarrizketek sekulako garrantzia dute. Elkarrizketetan gainera, asko kontatzen da tramaz.

Esan dugu. Feriatu beharrekoa gero eta munta handikoa da. Eta nobelaren akzioa ere maila berean bizkortuko da, in crescendo.

Nobelaren egitura buruan neukan. Banekien azken feriatzeak feriatze bikoitza izan behar zuela. Lan horretan ari ziren bi talde, elkarri lagunduz, eta talde bakoitzak gauza ezberdin bat feriatu behar zuen. Feriatze horietako bat ordea, idazketa prozesuan findu nuen.

Hori da. Banekien munta handiko zerbait izan behar zuela, baina justuki zer ez. Hori idazketa prozesuan erabaki nuen. Zer eta nola feriatu.

Jendeak maletarekin ikusten nau batetik bestera. Baina nobela irakurtzen badute, konturatuko dira maleta inportantea dela baina koadroak ere... oso inportanteak direla!

Egiazki, Salvatore izango da kolpea emango duena.

Hori da. Oraindik ez dugu esan zein den. Baina egiazko pertsona batean oinarrituta dago. Berak ere Salvatore zuen izena, eta feriatzaile izan zen. Brooklynen sortua baina italiarra jatorriz. Artista bat. Horra arte esan dezaket.

Manuel Vázquez Montalbán, Andrea Camilleri edota Jon Alonsoren nobeletan bezala, Feriatzaileak-en jan-edanak zehatz azaldu dituzu.

Ez didate Ramon Saizarbitoria aipatu oraindik. Saizarbitoriak folio batzuk beharko lituzke spaghettiak nola preparatzen diren azaltzen. Ez da nire kasua. Nirea ez da prestatzea, nirea dastatzea da, kar, kar, kar. Alde horretatik, oso montalbaniarra izan daiteke nire nobela.

Esan izan dudan bezala, jana eta edana dira nobelako pertsonaiek behar duten gasolina. Hori gabe ez dago aitzina egiterik.

Pablo Antoņanaren irakaspenak

Inguru karlistakoak dira Martin eta Luis. Eta nobelan, nabarmena da karlismoaren presentzia. Gora D CA osatu gabeko pintada barne. Akaso hau izango da karlismoaren garaia barru-barrutik irudikatu duen lehen euskal nobela, ezta?

Ez dut gogoan. Martin eta Luisen familiak karlista girokoak dira baina, Martin eta Luis, karlistak baino feriatzaileak direla esango nuke.

Nobelaren amaiera aldean, biak Amezkoa aldera doaz, Lizarra aldera. Iruditzen zait nobelaren dimentsio politikoa hortxe agertzen dela. Jurramendiko gurutze bidea agertzen da. Hura zen estatu osoan baimendurik zegoen adierazpen politiko bakarra.

Eta hor kontatzen diren gauzak egiazki gertatu ziren. Karlistak jaun eta jabe sentitzen ziren orduan.

Gaur egundik ikusita, oso garai berezia izan zen. Ez dugu ahaztu behar 1969an salbuespen egoera egon zela Gipuzkoan, Bizkaian eta hainbat tokitan. Eta garai hartan gertatu zen nobelan jaso dudana. Ortodoxoen gainbehera emango da, ez dira konturatzen pikutara doazela eta ez dira konturatzen barnean zein alboetan zer egosten ari den.

Gure fikzioan ez da maiz landu den garaia.

Hau da arnas handiko nire lehendabiziko lana. Beste gauza batzuk egin ditut aurretik, laburrak, publikatu gabeak. Nobela hau idazten hasi nintzenenean, dibertimendu gisa hartu nuen. Ongi pasa nahi nuen eta ongi pasa dut. Garai bateko feriatzaile batzuen kontuak azaldu nahi nituen.

Baina bestalde, Pablo Antoņanaren hainbat irakaspen izan dut gogoan. Garai batean maiz joaten nintzen bere etxera. Historiaren eta istorioaren artean bereizten ikasi nuen berarekin.

Zentzu horretan, iruditzen zait garai bateko soziologia ulertzeko, literatura tresna egokiagoa eta hobea da.

Bestetik, beti aritu gara ustez gure mundua ikertzen. Literaturan, protagonistak gure mundu hurbilekoak izan dira. Beste ariketa bat egin beharko genuke. Gutaz aritzeko, gure alboan egon direnen tokitik ere aritu beharko gara. Haiekin harremana izan dugu, eta batzuk oso hurbilekoak izan dira. Horiena ere kontatu behar dugu. Errelatorako, zaila zait haien larruan jartzen, baina fikzioak asko lagundu dezake horretan. Kontatu dezagun historia, baina baita hauen begietatik ere. Hori ere bazen nire asmoa.

Beste nobela baterako abiapunturik ba al duzu?

Hau egin dut loari dozenaka ordu kendu dizkiodalako. Baina ez da sufrikarioa izan. Hori ere egia da. Gustura segituko nuke idazten. Noiz? Ez dakit. Disko gogorra hustu egin zait. Hor dago, Feriatzaileak liburuan. Beste kontu bat da hari solte horiekin jarraituko ote dudan. Disko gogorra betetzen ari da eta ez dakizu nola, ze abiaduran!

Feriatzaileak, Iņigo Aranbarriren ahotan

Feriatzaileak (Susa) liburuaren edizio lanetan, Iņigo Aranbarri idazlearen laguntza jaso zuen Patxi Larrionek. Idazle azkoitiarrak liburu aurkezpenean hartu zuen parte. "Iruņea eta Urbasaren bi magaletan, elkarren artean nahastu, enpatxatu eta galtzen diren andra-gizon sasoiko batzuen kontakizuna da Feriatzaileak (Susa). Ezinbestean biziak direnak. Eta bizizaleak".

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)