Patxi Zubizarretari elkarrizketa
Osteguna, 2011-02-10
Liburuaren sortze prozesuan elkarlana abiatu du egileak Joserra Senperena musikaria eta Thomas Canet argazkilariekin. Haien lanak liburuarekin batera zabaldu den DVDan ikus-entzun daitezke. Liburuaren sormen prozesuan elkar eragin duten elementuez gain, badira kolaborazio gehiago ere: Martin Tejeria eta Maddi Oihenarten ahotsak horren lekuko.
Nobela berezia da oso Joan: hainbat pertsonaien ahotsetik kontatutako istorioa da, atal bakoitzak bere estetika narratibo propioa dauka, istorio berari atal bakoitzean garapen-aukera ezberdinak eman arren, osotasunean irakurrita istorioa joan badoa aurrera.
Fadoek laguntzen dituzte atalen tituluak. Joserra Senperenak konposatutako fadoetan abiatuz irakur dezakezue honako elkarrizketa:
Amaliaren fadoa:
Marioren fadoa:
Joan. Hartu eta joan, eguneroko haria ebaki eta joan. Keinu horretan denok sarritan sentitu ahal izan duguna: zer gertatuko litzateke gure egunerokotasunaren dinamika apurtuko bagenu, ez ohiko bide bat hartzeko? Irudi horretatik abiatuta idatzi duzu?
Bai, beharbada hori nobelaren abiapuntuetako bat da. Zer gertatuko litzateke baldin eta...? Baina kasu honetan abiapuntu hori bi anaiaren arteko harreman gaiztotutik sortzen da, eta aukera baten antzera agertzen zaigu. João oso gaizki dagoela dakigu eta Mariok erabaki beharko du harengana joan, ez joan... edo, ze arraio, bere bizitza birplanteatu.
Aipatu duzun abiapuntu gertaeraren inguruan garatuko da liburua, baina hor ere ñabardura handiekin, abiapuntu istorioa atal denetan bera izanik ere ez da beti berdin gertatuko. Horrekin ere balizko bideak, gure bizitza posibleak adierazi nahi izan dituzu?
Batzuetan pentsatu izan dut erabakimena dela nobela laburbiltzen duen hitza, hau da, erabakien inguruko hausnarketa narratiboa dela. Egunero hainbat eta hainbat erabaki hartzera behartuta gaude, batzuk kontzienteak dira, baina asko modu inkontzientean hartzen ditugu, eta horrek, adituek dioten bezala, halako shock egoera batean uzten gaituela. Hemen Mario protagonistaren hiru erabakiren garapena kontatzen zaizkigu: zer gertatuko litzateke anaia gaixoarengana joango balitz?, zer gertatuko litzateke beraren ordez lagun bat bidaliko balu?, eta, azkenik, zer gertatuko litzateke anaiarengana joan beharrean bere amodio platoniko batengana joango balitz...? Eta paradoxikoa da: erabakirik hausnartuenak ondoriorik txarrenak ekar ditzake, eta egoistenak eta bat-batekoenak, berriz, zoriontsuenak...
Bada malenkonia aire bat horretan guztian? Fadoek izendatzen dituzte atalak, atzera begiratzean ilun-argiak dituzte pertsonaien barne munduek, jarrera eta jokamoldeek... bizitza badoa, egin ditugun aukerek bezain beste osatu gaituzte egin ez ditugunek. Malenkonia ala ezintasuna?
Badago, noski, baina hitz erabiliegiak direnez apenas erabiltzen den fado hitza, eta ez dut uste saudadea ere aipatzen denik. Eta hala ere badago halako nostalgia bat, izan gintezkeenaz baina dagoeneko ezinezkoa denaz. Beharbada hori ongien islatzen duen irudia Lisboan dagoen British Bar-eko erlojua da. Esferan orduak atzekoz aurrera jasota daude eta norbera tabernara 12etan sartu eta 11etan irten daiteke. Horrek halako desasosegua eragiten du, bai, halako ezintasuna nahi baduzu. Badirudi gizarte honetan dena dela agindu eta promes, denak dirudiela eskura, azkar irents dezagun gainera, erabili eta bota, hartu eta joan..., baina hori ez da inondik ere egia, eta horretaz ohartzerako askotan berandu da, edo ez...
Atal bat, ahots bat, estilo bat. Hasieratik argi zenuen horrelako konposizio bat izango zela? Lehena idatzi ahala joan ziren sortzen besteak?
Esango nuke hori baino ez nekiela, hau da, bost ahots izango zirela. Hain zuzen ere horixe izan zen Joserra Senperanari egin nion proposamena, bost fado konposatzeko pianorako... Gustatzen zait pertsonaia bakoitzaren izaerari dagokion estiloa, hizketa moldea definitzea, eta saiatzen naiz hori formalki ere adierazten. Adibidez, Adela. Ez nekien nola aditzera eman, baina halako batean pentsatu nuen lokartu aurreko azken minutuak jasoko nituela, egunaren errepasoa egiteko erabiltzen ditugun horiexek hain zuzen, eta haren pentsamendu lotura gabea loaren etorrerak lausotzen du, eta amaitzen, horregatik da gero eta laburragoa, horregatik ez du ia puntuazio markarik. Dena dela, atalen ordenak zalantza eragiten zidan. Une batez, bosgarren fadoa hasieran jartzeko gogoa ere izan nuen... Hala ere, esango nuke sekula ez dudala halako idazketa prozesurik bizi izan, ze Joserrak sortu egin zituen fado horiek, eta nik haren musikarekin jarraitzen nuen idazten, eta gero, Thomas Canetek argazkiak eta bideoak prestatu zituenean, haiekin zuzentzen nuen ordura artekoa.
Atalok fisikoki modu ezberdinean antolatzeak (erdirantz justifikatua, elkarrizketa moduan, egunerokoa, oharrak, ipuin klasikoa...) lagundu dizu ahots ezberdinak topatzeko orduan? Edo beste modu batera esanda, fisikoki formatu berdinean eginez gero ahotsak ezberdintzea nekezagoa izango zen?
Aukera asko aztertu nituen. Mallarmé poetak liburuko bi orrialdeak bakartzat hartzen zituen, eta hori aukera bat zen atalen baterako. Beste bat liburu arabiarretatik zetorkidan, hau da, bosgarren fadoa, beharbada desberdinena, gure amaieratik, kontrazaletik alegia abiatzea, atzekoz aurrera irakurtzea, erloju haren antzera. Baina azkenean ez konplikatzea erabaki nuen, bai, estetikoki desberdintasunak markatzea -idazketa agertzeko modua pertsonaien arropa balitz bezala erakustea-, baina letra tipo bera erabiltzea eta ordenean ere oztoporik ez ematea. Hor ere erabaki behar izan nuen, eta Monti maketatzailearen iritzia oso argigarria egin zitzaidan, uste dut haren lana bikaina izan dela liburua objektu moduan definitzeko.
Portugal eta Ipar Euskal Herriaren artean kokatu duzu akzioa gehienetan. Tartean trena, errepidea, distantzia funtsean, ezlekua. Zer nolako paisaiak egin zaizkizu lagungarri?
Euskal Herrira, zehatzago esatearren, Santa Grazira etorriko zen pertsonaia atzerritar bat nahi nuen, gure egoerari, gure bizimoduari, gure ohiturei kanpotik begiratuko ziena, eta Lisboaz oroitu nintzenean garbi sentitu nuen nobelak espazio hori behar zuela, niri pizgarria zitzaidala. Ordizian, nire jaioterrian, tren geltokitik hurbil bizi ginen, eta zenbatetan ez ote genuen Surexpresoa ikusi, batzuetan barrikaden eraginez ez atzera ez aurrera, eta etorkin portugaldarrak han kieto, Parisera joan ezinik... Orduan aurrera egiteko gogoa ere sentitu nuen, Lisboa film trepidantea etorri zitzaidan gogora, edo Xuan Bello idazle asturiarrak Lisboari buruz idatzitakoak -British Bar-eko erlojuaren berri haren Historia universal de Paniceiros edo Cuarteles de la memoria liburu zoragarrietan izan nuen, eta oso pozgarria egin zitzaidan nik ere trena hartu, eta hura Chiadotik hurbil deskubritzea-, Saramagok eta Llamazaresek idatzitakoak ere baliatu nituen. Baina Zuberoa, bortuak eta batez ere Pirinio osoko kultura ere oso gogoan nituen eta ditut. Maskaradak eta Pastorala etorkizuneko atean joka dabiltzan dinosaurioak iruditzen zaizkit, ipuin zaharretara, hartz erakusleen usadioetara... Baina idealizazio inozorik gabe agertu nahi nituen, horrexegatik nahiago nuen kanpoko baten ikuspuntua. Hala ere, funtsean, uste dut bi anaia protagonistek, kasik bi espazio antagonista ere behar zituztela, tartean hiria eta herrixka, bi denbora kontrakarrean...
Hastapenean aipatu dugu irudia, musika eta hitzaren arteko elkarlana. Zer bilatu duzue, elkar osatzea, elkar interpretatzea, elkar eragitea?
Bai, nik uste dut hori guztia eskaini nahi genuela. Noizbait Lertxundiri irakurri nion badela literatura irakurtzeari utzi dion irakurlego bat, sekula itzuliko ez dena, baina geratzen den irakurle bakoitza zaindu beharra daukagula, horri eutsi, hori atxiki. Eta horixe nahi genuen, irakurleari iradokizun maila zabalago bat eskaini, deskubrimendu eta emozio desberdinak egiteko aukera proposatu. Niretzat musika oso pizgarria da, ez da horren esplizitua, eta letra baino unibertsalagoa da, ez du itzulpen beharrik. Antzeko zerbait gertatzen zait imajinarekin ere, eta horretan, João protagonistarekin bezala gertatzen da Thomas Canetekin: bera madrildarra da eta bere argazkiek Zuberoari buruzko beste ikuspegi bat eskaintzen digute, ez hain folklorikoa... Zentzu horretan Txalapartaren esku zabaltasuna nabarmendu nahi nuke. Proiektua elur bola baten antzera gorpuzten eta zabaltzen joan zen. Hasieran liburua bera bi formatutan saltzea pentsatua genuen, batetik liburu hutsa, eta bestetik liburua DVD-arekin. Eta bosgarren ataleko ipuina grabatzeko ideia -norekin eta Martin Tejeriarekin eta Maddi Oihenartekin!- haiena izan zen. Nik uste dut plazer estetikoa handitzeko ahalegina egin dugula, eta geratzen den irakurle horri opari bat eskaini.
Idazlearena bakarkako artea da, oso gutxitan sortzen dira hainbat eskutara idatzitako lan interesgarriak. Idazleek sarritan bilatzen dituzte hala ere talde lanak, dela errezitaldietan, kolaborazioetan, erakusketetan... zure idazle-oskoletik ateratzeko beharra piztu izan zaizu horrelako elkarlanekin?
Aitortu behar dut gaizki ohitua nagoela. Haurrentzat lan bat idazten dudanean, marrazkilariek uste baino opari handiagoa egiten didate haien marrazkiekin, haien interpretazioekin. Ez dakit, irudipena izaten dut liburua lau eskuetara borobiltzen dugula. Ez dut uste liburu guztiek bestelako osagarriak behar dituztela, baina sartu liburudenda batera eta estetikoki liburuak beti-bat ikusten ditut. Berriro ere haurrentzat ere badiren albumak izan ezik, edo arkitektura edo arte liburuak. Bai, proposamen estetiko gutxi ikusten dut irakurle moduan. Ematen du gaur egungo idazleak XXI. mendea jasotzeko XX. edo ia XIX. mendeko teknikak erabiltzen ditugula, edo zinemarekin alderaturik, zuri-beltzeko zinema mutuan geratu garela, gaur egungo filmak 3Dkoak diren bitartean... Bakarkako lana gustuko dut, bakardadea beharrezkoa zait, baina bizi ditugun garai hauetan diziplinartekotasuna bideetako bat dela. Zentzu horretan, etxezulotik ateratzea eta musikari nahiz bestelako artistekin aritzea opari bat zait, eta halaxe izatea nahi nuke ikusle-entzulearentzat ere. Uste dut gure diskurtso asko ere iraganean geratu direla, ainguratuta bezala, eta aireberritzea komeni zaigula, oro har betiere.
Joan liburuko lau aipu, galdera moduan jarriak:
1. Zenbat denbora behar du gertakari batek oroitzapen bilakatzeko?
Ez dakit, hain azkar bizi izanda, ez ote dugun oroimena herdoiltzen uzten, ez ote dugun instantea ahanzten.
2. Heriotza ttikiak dira, egunero-egunero hiltzen gaituztenak, eraisten gaituztenak.
Lokartzea bera heriotzaren esperientzia aurrebizitzea omen da. Baina bai, egunero dugu heriotza ttiki bat baino gehiago; kontua, agian bizi izanaren kontzientzia tarteka zaintzea izan daiteke, bizirik sentitzea.
3. Heriotza zer da, ba, bizitzaren dezepzioa baino?
Dezepzioa heriotzaren sinonimoetako bat iruditzen zait, errealismoaren armetako bat.
4. Lehen, gaztetan, gertatzear zegoenaren nostalgia sentitzen genuen, baina orain ziur dakigu espero genuena ez dela gertatuko, ezer ez dela izango guk desio genuen bezala...
Bai, uste dut gutasuna, idealismoa bezala gainpreziatua egon dela gurean, eta literaturak pausatzera eraman zaitzakeela, gauza ttikiak gehiago preziatzera, bizitzaren garaipen ñimiño horiek...
Material Osagarria:
Patxi Zubizarreta Sautrelan, 1 eta 2.
Liburuaren DVDra gerturatzeko amu modura ikus dezakezue ondorengo bideoa, Marioren fadoa: