Pello Otxotekori elkarrizketa
Ostirala, 2019-05-31Pello Otxotekok Itsas Bizimina poesia plazaratu du Balea Zuria argitaletxearen eskutik. Argitaletxeaz, liburuaz, poesiaz, literaturaz eta, funtsean, bizitzaz jardun gara elkarrizketa honetan.

“Ismaelen balada” poemarekin abiatu duzu liburua, “Izatearen erbesteratuak” poema eta Herman Melvilleren aipu batekin amaitu. Melvilleren balea zuriaren jauziak zipriztindu du beraz liburua, non eta Balea zuria argitaletxeak argitaratutako liburuan. Argitaletxeari omenaldi bat da? Zergatik hasi eta buka poema haiekin?
Begira guzti honen atzean kasualitatea dago batetik, eta istorio polit bat bestetik. “Izatearen erbesteratuak” poema, liburuaren corpus nagusiari motiboa eman zion. Liburu honetako ardatz nagusia da poema hau, bai gaiaren aldetik bai mezuaren aldetik ere, positiboa baita bete-betean, nahiz eta gogorra iruditu lerro batzuetan. Eta kuriosoa badirudi ere, argitaletxearen ideia oraindik burutik pasa ez zitzaigun garaikoa da, askoz ere lehenagokoa. Bukaeran kokatzea erabaki nuen esperantzari leiho guztiak irekiak uzten dizkiolako. “Ismaelen balada” poema, berriz, lagun baten ordenagailuan azaldu zen berak artxibo batzuk txukundu bitartean. -Poema eder bat aurkitu dut nire ordenagailuan, ez dago sinatuta, eta benetan gustatu zait. Ez da zuena izango, ezta? “Ismaelen balada” dauka izenburua. -Aiba, ba bai, poema hori nirea da! Honelaxe suertatu zen. Nik poema erabat ahaztuta eta galdua nuen. Eta begira, poema-liburuari hasiera ezin hobea emango zion poema agertu zitzaigun. Beraz, kasualitatea tarteko, poema itsastar eta melvilletar horiekin topatu nintzen. Berehala erabaki nuen lehena eta azkena jartzea, eta argitaletxeari omenaldia egitea, jakina.
Zu ere argitaletxeko sortzaile zaitugu, eta editore. Dagoeneko argitaratuak dituzue titulu batzuk. Nola ikusten duzu orain arte egindako bidea? Nola ikusten duzu argitaletxearen etorkizuna?
Ba bai, nire liburuarekin zazpigarrena dugu argitaletxean eta zortzigarrena ere aterako da berehala. Ideia eta proiektuak barra-barra sortzen zaizkigu bileratan. Baina zoritxarrez gure mundu honetan ideia eta amets asko diruaren menpe geratzen dira, beraz, nahiago dugu mantso eta pauso ziurrez aurrera egin. Gure helburuen artean poesia sustatzea eta bide batez gu geu ere editore lanetan disfrutatzea dago. Orain arteko lana ontzat ematen dugu, eta hasierako helburuak gainditu ditugulakoan nago. Gure txikitasun horretan oparoa izan da orain arte egindakoa. Baina ezinezkoa dugu ekimen handitan sartzea. Horregatik astiro goaz, urtetik urtera planak eginez. Marinelak gara Balea Zuriaren atzetik, eta zerumuga dugu begiradan iltzaturik, baina ez dugu Ahab-en eldarnioan erori nahi.
Poesia argitaratzen duen argitaletxe bat da Balea zuria, zu zeu poesia argitaratu duzu soilik. Ezin da esan poesia argitaratzen ez denik, urtean argitaletxe ezberdinek plazaratzen dituzte hainbat titulu (Susa, Elkar, Erein...). Zer nolako ekarpena egin nahi izan dio poesiari (edo literaturari) Balea Zuriak?
Bai poesia argitaratzen da, baina azken urteetan genero honetan argitalpenak murriztuz joan dira, dudarik gabe. Gure argitaletxea hutsune hori betetzeko helburuarekin sortu da. Era berean, bultzadatxo berri bat eman nahi diogu gazteei eta Gazteentzako DK Poesia Saria antolatu dugu Donostiako Udalarekin batera. Dagoeneko bi edizio egin ditugu eta pozik gaude izandako erantzunarekin. Aurki II. edizioko irabazlearen liburua argitaratuko dugu.
‘Pentsamenduaren poesia’ korronteari loturik ezagutu zaituztegu Balea Zuria argitaletxearen sortzaileak. Itsas Bizimina liburua bete-betean kokatu daiteke pentsamenduaren poesian, ezta?
Bai, hala dela uste dut. Halere, poema asko esperientziatik abiatutakoak dira, pasadizoetan oinarrituak beste batzuk, eta sentipen puruen muinetara iritsi nahi duten bestelakoak ere bai. Nire helburua ez da filosofia egitea, irakurlea hunkitzea baizik. Pertsonak hunkitzeko eta haiengan zirrara sortzeko modu eta bide ugari dago. Horietako bat poesia litzateke, eta horretan saiatu naiz, eta liburua egiten nuen neurrian beti presente eduki dut hori. Itsasoaren giroak eta presentziak ere asko lagundu didate helburu horretan. Itsasoaren irudiak indar handia dauka, aurrez aurre bertan daukazula, zein gogoetan errekreatu egiten duzunean. Bere soinua, giroa, erritmoa, eta baita usaina ere kresalaren bitartez, poema askoren sorketa eragin dute elementuok liburu honetan.
Horretaz gain, zalantza eta kezka sortaraztea ere gustukoa dut, norbera hausnarrean jarriko duen eta pentsatzea eragingo dituzten lerroak sortzea interesgarria iruditzen zait. Saiatzen naiz lerro polit hutsaletan ez geratzen; hortaz, horri pentsamenduaren poesia deitzen bazaio, ba bai. Baina helburu nagusiena hunkitzea litzateke, gainera horixe baita poesiaren funtsa. Dena den, poema liburu honetan urrats bat aurrerago ematen saiatu naiz eta irakurlearengana errazago hurreratu naizelakoan nago, giro hurbilago bat sortzen eta egunerokotasunaren pasarteak istant magikoak bihurtzen norbera oldoztetan sartzeko asmotan. Horren adibide batzuk “Hautsi nuen besoa” eta “Istant magikoa” poemak lirateke.
Hasieran balea zuriari loturiko poemak aipatu ditugu, liburuaren tituluan ere itsasoa da protagonista. Ez zait iruditu liburuan barrena itsasoari loturiko iruditeria hori hain presente dagoenik, bizimina ordea bai. Bizitzari buruzko gogoeta asko dago, eta batez ere, min asko. Minetik idatzia dagoen liburua da?
Badago bai, itsasoari loturiko iruditeria, agian ez da gehiegi nabarituko baina itsasoaren erritmoa, giroa eta arnasa oso presente daudela pentsatzen dut. Bestalde, ez dut uste minetik idatzita dagoen liburua denik, aldiz, bizitza kantatzeko, goraipatzeko eta ospatzeko ahalegina eta xedea dago. Baina aipatzen dudan hau ezin zintzotasunez lortu etsipena, mina eta heriotza aipatu gabe; gezurretan arituko nintzateke eta ahalegin ustel bezain alferrikakoa litzateke. Beraz, dialektika bat mantendu dut kasu askotan, kontrakoen dialektika bat, azken ondorio gisa sentimendu positiboak azaleratzeko asmoz. Nire intentzioa eta helburua horixe izan baita: barne sentimenduak astintzea, batzuetan oinazetik hasita, baina azkenean barrea, bizi-poza eta esperantza pizteko, hots, bizimina. Funtsean liburua bizitzari kantu bat da, bizitzeko gogoa piztu eta goraipatzen duena. Horretarako aipuak ere pista indartsuak dira, batez ere hasierako biak.
Tarteka etsipen mezuak jaso izanaren sentsazioa ere badaukat, edo behintzat sufrimendua oso presente dagoela. Errealitatearen zama, ezintasuna, bakardadea, hutsa... tentsio jarraia sumatu dut ideia horiekin, haiei gailentzeko nahia eta ezina. Horrela sentitzen duzu liburu hau, argia eta itzalaren arteko tentsio batean?
Bai, hala da, zuzen zabiltza. Berriro diot, ez dut sufrimendua eta etsipena saihestu, baina haien irudia eta esanahia aipatu ditut askapen prozesu bati amaia emateko. Ongi aipatzen duzun tentsio hori erreala dela uste dut. Errealitatean horrela gertatzen da, eta maiz zuk diozun haiei gailentzeko nahia eta ezin hori ematen da; hala ere, bestelako sentimenduak berreskuratzen eta azpimarratzen saiatzen naiz, ez bada poema berean, hurrengoan edo hurrengoetan izango da. Irakurleari ere konturatze prozesu baten ahalegina eskatzen zaio, edo eguneroko gauza txikietan erreparatzeko ariketa. Poema baten bukaeran diodan bezala: Baina gaur ere / egunsenti berri baten oparia izan dugu, / eta ez da gutxi. Bai, argia eta itzala ia etengabe, bitasunaren dialektika dago, baina esperantzari zuzendua, bizimina helburu izaki.
Liburua hitz handiz beteta dago; hitz ‘handi’ guztiak ez bada, gehienak topatu ditu: heriotza, maitasuna, bizitza, edertasuna, bakardadea, egia, mundua, zoriontasuna, bakea... noski, haiei ertza (edo sakonera) bilatuz. Hala ere, ez zaizu zaila egiten hitz horiek erabiltzea? Nola lortu irakurlearengan horiek duten oihartzun -ia agortuari- gailentzea? Erabiliaren erabiliaz, ez ote dute zentzua galdu hitz ‘handi’ek? Beste lexiko bat behar genuke garai hauetarako, hitzek boterea berreskuratu dezaten?
Ez zait zaila egiten hitz hauetara heltzea, areago esango nizuke, nire iritziz poesia egokia da hitz hauengana eta bere baitan gordetzen duten esanahira iristeko. Hitzak denboraren poderioz esanahia galtzen joan dira, eta hasieran zuten esentzia edota zerizana diluituz joan da. Agian gure zibilizazio modernoaren gaitza izan daiteke, ondorioz arazoak sortzen ari dira nire ustez, nolabait esateko gizakien portamoldean “desajusteak” sortuz. Gure zerebroak, eta hau ez diot nik neurozientzialariek baizik, mapa kontzeptual bat behar du errealitatean pauso ziurrez aurrera egiteko, kategoriak ongi eta zehatz finkatu behar dira, eta gaur egungo joera hain juxtu kontrakoa da. Beraz, gaur egungo joeraren alderantzizkoa egin beharko genuke, hots, antzinatik jasotako hitzen eremu semantikoa babestu, gure arbasoengandik jasotako hitz horien lexikoa berreskuratu, hitzen hasierako erroetara bueltatuz. Hitz gutxitan, euskararen sustraietara eta jatorrizko iturrietara bueltatu, zuk diozun hitz potolo horien esanahia berreskuratzera, eta postmodernitateak dakarren gaitz hau, eta zuk ongi adierazi duzun hitzen esanahiaren galera, modu serioan saihestuz. Ez, nik esango nuke ez dugula beste lexiko bat behar, euskarak jada baduelako (beste hizkuntza asko bezalaxe) bere lexiko propioa, gainera aberatsa. Bestalde, irudiaren tiranian bizi gara, irudiak agintzen du denaren gainetik, hitzak bere eremuko lekua galdu du, eta hau gizakiarentzat eta bere burmuinaren garapenerako oso txarra da. Orwell-ek 1984 liburuan zion modura Anai Handiaren zereginetako nagusi bat lengoaiaren hiztegia murriztea zen; zenbat eta hiztegi murritzagoa, orduan eta ideia gutxiago eta aske pentsatzeko gaitasun eskasagoa. Hitzari berriz ere dagokion indarra bueltatu behar diogu. Eta zeregin horretan idazleok zeresan handia daukagu.
Beste era bateko lexikoa ere ekarri duzu gogora: Oteiza gertu, harria, herria, aberria... Hizkuntzaren defentsa egiten duzu, kasu, poema honetan:
Aberriaren izpiritua zurruna da
harria bezalakoa.
Baina harria hilik dago, banderaz jantzita badago ere.
Hizkuntzaren aberria, aldiz, bizirik dago,
banderaz bermatua ez baldin badago ere.
Euskara da zure territorio libre bakarra?
Bai, argi dago gure hizkuntzaren defentsa egiten dudala. Poema hau Eskozian egon ondoren eta bidaia honen ondorioz sortu zitzaidan. Asko maite dudan herrialdea da, oso ederra da, kultura aberatsa eta sustrai sakonak ditu. Bere musika eta bere paisaiak, bai naturalak eta bai urbanoak asko maite ditut, enamoratuta nauka. Baina konturatu nintzen hizkuntzaren gabezia duela. Orain hasi dira geratzen zaien hizkuntza apur hori ipar-mendebaldean, Sky irlaren inguruetan eta iparralderago ere, berreskuratzen. Eta euskaldunok hori badaukagu, altxor hori badaukagu, euskara bizirik dirau eta haien hizkuntzarekin konparatuz hiztun gehiago dauka euskarak. Hortxe gure benetako altxorra eta nortasun marka.
Baina ez, euskara ez da nire territorio libre bakarra. Begira, aitortuko dizut, benetan aske, edo libreen sentitu naizen bi egoerak esango dizkizut. Bata goi-mendi altuetan ibili izan naizenean, jakina, orain gutxiago egiten dut ariketa hori. Eta bestea, poesia idazten aritzen naizenean, goi-arnasak jota eta guztiz kontzentraturik nagoenean. Beraz, mendia eta poesia dira nire territorio libre bakarrak.
Ez da euskalduntasun ikonikoaren oihartzun egiten duen elementu bakarra liburuan, Xabier Leteren “Haizea dator iparraldetik” bertsionatu duzu, nolabait, “Haizearen norabidea” poeman. Omenaldia, edo jatorrizkoaren zentzua iraultzeko -edo itauntzeko- gogoa?
Xabier Lete betidanik asko gustatu zait. Batzuk bere eragina nire poesian aipatu didate, eta hori ohorea da niretzat. Poema hau jolas puntu batekin sortu nuen, horregatik ere bertso neurrian paratuta dago, baina sortu ahala konturatu nintzen Leteren eragina eta zantzuak bazeudela, eta aurrera jarraitu nuen ilusio handiagoz, beraz, omenaldia da, inola ere bertsioa, omenaldia betiere. Agian, zuk diozun modura, bestelako itaunketak egiteko beharra ere bai, baina ez Leteri edo bere poemari, bizitzari baizik.
Hitzak jokorako edo haien oihartzunak musikalak bihurritzeko joera ez da nagusi zure liburuan, hala ere, ale batzuek Artze ekarri didate gogora. Adibidez:
Itzala izanik nonbait bada
argitan izan behar,
argitan ez beste agertzen baita
itzalaren izatea argilunen eremuan
ñabardura guztien mugarri diren
hutsuneari begira.
Ezereza atxikiezina da
bai argiarentzat
bai itzalarentzat.
Eta Osotasunak ezin du bere izatea aurkitu
ezerezaren eskutik ez bada,
baina Hutsuneak Osotasuna du besarkatzen
Hutsaren zokogune orotan
itzalaren hazi ezkutuan,
izan ere
itzalaren hitza
hutsune perfektua baita.
Bat zatoz Artzeren eragin horrekin?
Bai, litekeena da. Artze ere bai oso gustukoa dudan poeta da, gure poeta handienetariko bat zalantzarik gabe. Aipatzen duzun oihartzun musikalak edota hotsen jokorako grina hori poema honetan argi islatzen da. Horixe bilatzen nuen batetik, eta bestetik, lehen aipaturiko kontrako elementuen edo identitateen arteko dialektika hori aurrez aurre jartzen saiatu naiz: argia/itzala, Hutsunea/Osotasuna, ezereza/izatea bezalakoak esaterako. Parez pareko ezarpen horrekin probokazio bat sortu nahi izan dut. Eta enfrentamendu horrekin ideia edo kokapen baten erditzea eragin nahi dut, irakurleak berezkoa eta propioa sentitzen duen zerbaitetara irits dadin.
Esaldi hau iltzatua geratu zait:
“Emadazue motibo bat
eta mundua aldatuko dut”
Akziorako ezinean trabatuta dagoen ahots poetikoa da bertakoa?
Ez, ez dago ezinean trabatutako ahotsa. Eta bai, akziorako gonbita da, baina ez ekintza handitan sartzeko gonbita, norberak bere buruari eragiteko esaldia da, norberaren ni-ari zuzenduta dago, iraultza handi batean baino gizabanakoan pentsatzen ari nintzen hori idatzi nuenean. Norberak aurrera segitzeko motiboak bilatu behar ditu, bizitzari aurre egiteko gogoa eta ilusioa piztuko dituen motiboak norberak bilatu behar ditu bere baitan, horixe baita funtsean bizimina.
Idaztearen balioaz bada alerik. Horrekin lotu ditut lerro hauek:
“Bizitzaren prozesua goragalea da,
lurra zendu egiten da,
eta ni bakarrik geratzen naiz
orrialde baten traizioarekin”.
Idaztea balantzaren zein aldetan kokatuko zenuke, etsipena edo kontsolamenduarenean? Zer da, zentzu horretan, zuretzat idaztea?
Zalantzarik gabe kontsolamenduarena. Batzuetan terapia baten pareko dela iruditzen zait. Dena den, nire kasuan, gozamena eta lasaitasuna sortarazten dit. Gizarte eta mundu honetako erritmo biziko erokeria honetatik ateratzen laguntzen didan ariketa da. Eta gainera, zerbait ederra sortzeko balio badu, eta zeure burua gustura eta konforme mantentzeko balio baldin badu, zer gehiago eska daiteke? Oso positiboa da, dudarik gabe.
Eta irakurtzea?
Plazera da, plazer hutsa. Ezagutzeko eta gauzak ikasteko modu bat ere izan daiteke. Baina batez ere plazer hutsa.
Urte dezente zeneraman bakarka libururik plazaratu gabe. Itsas bizimina kaleratu duzun urtean hogei betetzen dira Haraindiko begiradaren bila publikatu zenuenetik. Hogei urte. Poesia publikatzeak, espero zenuena eman dizu?
Azken hau argitaratu dudanean oso presente nuen bederatzi urte pasa zirela nire azken liburutik, baina azken hogei urteko nire ibilbidearena, egia esateko, ez nuen horretan erreparatu. Dudarik gabe, inoiz ez nuen espero egin dudan ibilbidea burutzea, are gutxiago poesiak eman didana jasotzea, asko eman dit poesiak, asko. Polita da horrelakoak gogoratzea, mila esker.
Albiste honen uberan:
ENTZUN Arantxa Itubek eginiko elkarrizketa