Elkarrizketak

Peru Magdalenarekin solasean

Ostirala, 2013-12-13

Zaldiz azaldu zen Ahotseneara bere liburua aurkeztera. Bere liburu bateko pertsonaia izan liteke, baina izan, idazlea da. Generoen arteko mugak apurtu nahian bezala, idazlearen beraren rola. Egia esan izeneko nobela kaleratu du Peru Magdalenak Elkar argitaletxearen eskutik. Baina agian nobela esatea ez da aski, egia esan. Aipu ugarien bitartez loturak sortzen ditu egileak narrazioan zehar, artea eta literaturari buruz gogoeta eginez; poesiaren eragina suma daiteke tarteka, aipuetan eta estiloan; guztia bidaia bati atxikirik, seme-aita harreman baten norabidean.

Peru Magdalenarekin solasean

 (Argazkia: Hordagoardoa proiektua).

Artea eta bizitzaren arteko harremanaren mugak aztertzen, iraultzen, galdekatzen ibili ohi da Peru Magdalena, hala literaturan nola 2d1 bezalako proiektuetan. Harreman horri buruzko gomutak jaso ditugu, besteak beste, Egia esan liburuaren harira egindako elkarrizketa honetan.

Ipuina, poesia, nobela. Baina nobelak badu ipuinen eta poesiaren eraginik, egia esan. Genero artean kokatzen duzu zure burua? Generoen arteko lurralde horrek erakartzen zaitu?

Bai, zeharo erakartzen nau lurralde honetan sortzeak. Gainera, nik uste dut lurralde guztiak direla generoen artekoak. Generoen mugak geuk jartzen ditugu, muga fisikoak jartzen ditugun moduan. Gero, idatzi batzuk alde batera edo bestera eroriko dira gehiago, generoak gehiago ala gutxiago markatuz. Baina guztia dago guztian, kiribildurik, eta sare eder hori onartzen duten bideak interesatzen zaizkit, disekzionatzen saiatzen ez direnak.

Lile ipuin liburuarekin ezagutu zintugun, ondoren Hutsik poesia liburua etorri zen, poema oso laburren estetikarekin, aforismoen mundutik gertu. Haur eta gazte literaturaren arloan ere egin duzu lan tartean. Nola egin duzu jauzi arnas luzeko lan batera?

Gogoak hala eskatuta egin dut jauzi (baldin eta jausi ez banaiz! Kar-kar!). Nobela honetaraino ekarri nauena bide natural bat izan da. Baita fisikoki ere. Esan liteke bere grabitatez erori zaidala esku artera liburu hau. Oso ondo hautatu dituzu berbak: “arnas luzeko”. Arnas-modu honetako izkribu batek beste era bateko sakontasunetara heltzeko aukerak ematen dizkizu, pertsonaia eta ikuspegi osoagoak eraikitzeko... Gainera, irudipena daukat ezin zuela bestela izan. Hau idatzi behar nuela, nire literaturarekin eta bizitzarekin jarraitzeko.

Dagoeneko klasikoak, unibertsalak dira kasik liburua eraikitzeko erabili dituzun ardatzak: bidaia iniziatikoa, aita eta semearen arteko harremana... zergatik horiek?

Ez da hautu kontziente bat izan gai totemiko horien inguruan harilkatzea liburua. Egia esan, halabeharrez azaldu zaizkit. Norarik gabeko bulkada hutsez hasi nintzen idazten, ia-ia lehen bi atalak osorik, eta behin hor egonda nahitaezkoa egin zait bide horretatik jarraitzea.

Bestetik, nik uste dut idazle bakoitzak bere gai obsesiboak lantzen dituela, nahi ala nahi ez. Nire kasuan ere hala da, eta hor kokatzen ditut norbere eta munduaren esplorazioa, ingurukoekiko benetako harremana, eta bidaia.

Harreman horren harian, non geratzen da amaren figura?

Egia da, egia esan, kontakizun hau semearen eta aitaren artean ardaztu dela. Esan bezala, ez da aurrez erabakitako ezer izan. Bat-batean aita eta seme baten istorioa topatu dut esku artean. Agian, aita eta seme naizen aldetik, aitatasunari buruzko gogoeta nagusitu zait. Edo izan daiteke neure norabide nagusi biak islatzeko sortu izana seme/aita hauek (hausnarkorra/leherkaria, filosofa/artista...). Ez dakit, baliteke “aita hil”(edo “hil ala onartu”) hortan amataz ahaztu izana. Dena dela, ez diot berebiziko garrantzirik ematen horri. Etorriko dira beste bide batzuk.

Barne-bidaia kanpo-bidaiarekin batera joaten da halakoetan. Liburu honetako bidaiak munduko beste herrialde batzuetako paisaia eta eszenografiak ekartzen dizkigu. Zergatik horiek, pertsonalki ezagutu dituzun espazioak dira?

Bai. Pertsonalki ezagutu ditut paisaia horietako asko. Ezagupena posible den puntura arte, hori bai. Uste baitut ezin dela paisaia bat guztiz ezagutu, ez badu norberak beretik jartzen. Eta, orduan, paisaia hori birsortzen ari gara.

Hemen gertatzen zait, Abadińon bertan: ez dut nire inguruko paisaia guztiz ezagutzerik lortzen. Pagobakarrera noan aldiro ezberdina da. Arreta eta kontu apur batetaz begiratuta, guztia aldatzen da, etengabean. Honek, eta urteen joatean pilatutako ikusmirak, barne eta kanpo paisaiaren uztartzera narama. Eta uste dut liburuan ere hori gertatzen dela. Paisaia ez baitago hor, jainkozko“egia” tradizionalaren moduan. Paisaia, egia bezala, egin egiten da, esan egiten da.

Estilo aldetik lan honek badu loturarik Lilerekin, keinuak ere egiten dizkiozu: parentesiekin egiten den jolasa bietan dago, adibidez. Zein neurritan du honakoak Lilen planteatutako bilaketarekin lotura edo garapena?

Nik uste dut hondoan berdina naizela; garatua, mutatua, planoren batzuetan eraldatua agian, baina hondoan orduko bizi-bulkada berak bultzatu nauela orain ere liburu hau idaztera; atenporala den antzerako argi baten bila nabilela, funtsean.

Cortazarren itzala suma zitekeen Lilen, ekarpen 'Morelli'arrak topatu ditugu Egia esanen ere. Zer nolako garrantzia du zuretzat Cortazarren lanak?

Kontu bitxia da, aspaldi baita ez dudala Cortazar irakurtzen. Baina bai, barruan geratu zitzaidan, zainetan zehar bueltaka. Eta, unerik garden eta sortzaileenetan hor agertzen zait, plop, berba artera salto eginez. Ez dakit logikoa ote den. Gehiago izango da zoologikoa, agian. Korta zaharrean animali berriak topatzen ditut etengabe. Anai bat topatu nuen beragan. Ametsean ere agertu zait, pare bat alditan, eta oso hizketaldi argitsuak izan ditugu. Eneee... friki bat bihurtzen ari al naiz?

Hitz jolasak, hitzen kiribilak, polisemiak, erritmoak... oso presente daude liburuan, ez dirudi erraza narrazio baten erdian hitzekin maila horretan jolastea...

Cortazar berak idazketaren jazza deitzen zion, adibidez. Kerouac-ek it, eduki beharreko zerbait. Musika, erritmoa, emaria dei diezaiokegu. Edo kadentzia. Edo flowa. Eta nik horri asko jarraitzen diot. Eta, erreka hortan, presak edo urtegiak onartzen ez dizkiodan erreka hortan, jolasa oso presente dago. Eta jolasa arrainak dira. Txikiak, handiak, potoloak, koloretakoak, hegalariak... Berba jolasak, kontzeptuen asmatzeak, etimologia fantastikoak, errimak... Ez dakit nola azaldu, baina nahitaezkoa zait jolasa, umorea. Arnasa ematen dit, eta ur sakonetara murgiltzeko indarra.

Egia esan liburuan ugariak dira oso idazleei, musikariei, artista zehatzei egiten zaizkien erreferentziak, haien aipuak... omenaldia? Jolasa? link lana bilatu duzu horiekin?

Otu ahala sartu ditut. Ez da nahita egindako omenaldi bat izan. Bidelagun izan ditut, eta normala iruditzen zait hor agertzea. Eta, kontxo, ez zait sekula otu, baina, pentsatzen hasita, denon arteko sortzaile ezagunak diren aldetik, errima funtzioa ere betetzen dutela esango nuke. Errimak bertsotan betetzen duen funtzioa, esan gura dut, Oteizak esaten zuenaren bidetik: denori helduleku amankomun bat eman; introspekzio pertsonalaren bidaian jarritako elkarren arteko giltzarri bat. Aitzakia eragile bat ere bai. Ez dakit, egia esan.

Artista eroaren irudia azaltzen zaigu liburuan, aske baina kontraesanez betea, irudi erromantikoa baina era berean gainbeheran datorrena. Horrela ikusten duzu egun artistaren figura?

Artista guztiena baino, bai artista leinu batena. Ez nuke gaur egungo artistekin parekatuko. Garai guztietan izan dira patroi edo bide horretatik ibili diren artistak. Artista erromantikoa, auto-suntsitzailea, argiztatzearen argiz errea... arketipo herritar bat da, ia-ia. Eta, gainera, ez dut uste gaur egun areagotzen ari denik era honetako artisten presentzia. Ez bada justu kontrakoa, hain postmodernoak, bakartiak eta eszeptikoak diren garaiotan...

Artearen, eta zehatzago idaztearen inguruko gogoeta franko jaso dugu pertsonaien ahotsean. Honako hau adibidez:

“Artean ere ez dut sinesten, egia esan. Sekula ez dut sinetsi. Artifizioa oso artifiziala da. Errepikapena onar dezaket, asko jota: trantzea. Baina lana ez. Artea ez. Eta are gutxiago ingurumarian bueltan dabilzkion hainbeste kontu ustel eta usain txarreko. Obrak sinatzea eta elkarrizketak eta gauzen zergatia eta hori guzti hori. Eta delako artistaren onarpen soziala. Oharkabean exijitzen zaion koherentzia. Berak oharkabean bezala onartzen duena, berekiko. Gerora ezdeus eta beste inor baino gutxiago sentiarazten duena. Nauena. Suputabirjen. Holako gauzak gertatzen zaizkit idazterakoan”.

Bazenuen gai hauen inguruan gomutarako beharrik?

Bai, dudarik barik. Ohiko gaiak ditut hauek. Biziki interesgarriak zaizkit.

Egia esatea eta egitea erabaki nuenean, liburua, berau idaztearen prozesuaz ere aritzea onartu nuen. Koherentzia eskatzea, adibidez, kontu pisutsu eta balaztatzaile bat iruditzen zait. Ezin dut agoantatu. Arrik ordezkatzen zuen nire alderdiak hori salatzen du liburuan.

Analogia bat egiteko: artista bati koherentzia eskatzea ume txiki bati harri erraldoi bat ematea lakoa da,“tori koherentzia eta zoaz korrika egitera”esatea lakoa. Eta gainera umeari dantza egin dezala eskatuko diogu! Arinki, gainera, posible bada!

Bestalde, testu horretan elkarrizketak aipatzen dira, eta... hau elkarrizketa bat da, ezta? Ez ote naiz inkoherenteegia izaten ari?! Kar-kar!!

Nola elkar bizi egun artearekin, literaturarekin, haren proiekzio sozialarekin?

Geuk sortutako anabasa baten erdian bizi gara. Gustatzen zait noizbehinka hau gogoratzea. Orduan, honen kontziente izanik, zer hoberik norbere anabasa norberak maite dituen eta hurbileko zaizkion osagaiez osatzea baino? Bizigarri eta hazigarri zaizkion eremuak baino?

Artearekin eta literaturarekin bizi behar garela uste dut, ez haren proiekzio sozialarekin. Proiekzio hori etorriko da, nahitaez, eta egokiena jaramonik ez egitea dela deritzot. Hor konpon proiekzio soziala. Proiekzio sozialak atea jotzen duenean onena lagunekin arno goxo batzuk edatera joatea da.

Albiste honen uberan:

'Despisteen bidaiari gorazarre egin dio Peru Magdalenak' (Gara)

ENTZUN Arratsaldekoan eginiko elkarrizketa:

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Artifizio asko eta mami gutxi.

    2013-12-16 19:59Ińaki