Elkarrizketak

Xabier Etxaniz Rojori elkarrizketa

Sirena-hotsak narrazio liburua plazaratu du EreinekinOstirala, 2013-12-20

Idazle donostiarraren zazpigarren narrazio liburua da Sirena-hotsak (Erein). Lau kontakizun eta hamaika istorio topatuko ditu irakurleak. “Asko eta asko asmatutakoak dira”, hala adierazi digu Xabier Etxaniz Rojok. “Baina istorio gehienetan badira errealitatearekiko lotura txikiak”. Errealitatera lotuta daude, hein handi batean, Berria egunkarirako idazten dituen zutabeak ere. Ostegunetan, azken orrialdean topatuko duzue. “Lana da, baina ordenagailuaren aurrean jartzen naizenean, normalean oso ondo pasatzen dut”. Sirena-hotsak liburuaz, ipuinez eta prentsarako ondu ohi dituen idatziez aritu gara luze-zabal solasean.

Xabier Etxaniz Rojori elkarrizketa

Matxupitxu ipuineko protagonistetako bat da Fabián. Nikaraguarra bera. “Europa zaharreko europar zaharrek egin nahi ez dituzten lanak egitera” etorri dena gure artera. Andoni Larburu adindu donostiarra zaindu behar du. Bi bizimodu, bi erritmo, bi izaera ezberdin parekatu izan dira maiz. Baina etorkinaren beraren ikuspuntutik egin duzu zuk. Boz hori eraikitzea ez zen erraza izango ezta?

Saiatu naiz bizimodu horiek kontrastean jartzen. Lanera etorri diren pertsona horiek nola bizi diren azaldu nahi nuen. Hemen daude, gure inguruan bizi dira, baina ez dakigu beraiekin tratuan jartzen edo beraiek ez dakite gurekin harremanatzen, edo ez zaigu interesatzen… Bi mundu aparte dira. Eurak euren artean moldatzen dira eta gu gure artean. Eta ez dakit zergatik ez zaigun interesatzen baina niri behintzat oso interesgarria iruditzen zait harreman hori.

Fabiánen moduko bat ezagutu duzu, ezta?

Bai, orain dela lau urte hil ziren amaginarreba eta aitaginarreba. Gurekin bizi ziren. Adinduak ziren, gaixorik zeuden biak eta zaintza lanak egiteko Nikaraguako pertsona bat kontratatu genuen.

Zaintzaile hau ez zen gurekin bizi baina egunero etortzen zen, horrela bi urtez. Harreman polit bat egin genuen eta tratua mantentzen dugu oraindik. Gauza interesgarriak kontatzen zituen eta berak azaldu zizkigun gauza batzuk ipuinean agertzen dira. Sandinistena, adibidez.

Guk egin nahi ez ditugun lanak egitera etortzeaz aparte, pertsonak dira eta beren premiak, beren gabeziak dituzte. Erpin horiei ere heldu diezu.

Iruditzen zait beraien arazoetako bat bakardadea dela. Bakarrik etortzen dira, paperik gabe, eta jendearekin harremanatu behar dute, besterik ez bada bakardadeari aurre egiteko. Norengana joko dute? Ba beste etorkinengana hurbiltzen dira.

Guk gauzak beste modu batean egingo bagenitu, akaso errazagoa litzateke beraiekin harremanatzea. Edo beraien jarrera ezberdina balitz, irekiagoak balira... Ez dakit, nik ikusten dudana da hor arazo bat dagoela. Integratzeko. Ez dakigu edo ez zaigu gizarte moduan interesatzen... Ez dakit.

Nikaraguako Contra eta GAL parekatzen dira ipuinean.

Ipuinaren egiturarako interesgarria iruditzen zitzaidan: Nikaraguako zaintzaileak bere sorterrian pairatu zuena eta hemen Andoni protagonistak ustez egindakoa, biak batzea.

Miskito indigenen eta sandinisten arteko talka ere jaso duzu ipuin horretan. Gurean, sandinista mugimendua idealizatu egin zen bere garaian. Eta seguruenik askok eta askok ez dutela indigena horien eta sandinisten arteko gorabeheren berririk.

Hedabideek euren interesak dituzte. Orain dela 20 urte Eginek kontatzen zigun gauza bat eta guk sinistu nahi izaten genuen. Baina Eginek ere isilduko zituen gauza batzuk komeni ez zitzaizkionak, eta gauza bera egingo zuten Deiak, El Diario Vascok eta El Correok... Iruditzen zait Nikaraguako kontu hori ez digutela inoiz kontatu.

Gure familian izan genuen zaintzaile nikaraguarra ez zen miskitoa, baina kontu horiek aipatu zizkigun. Eta Google-era jotzen baduzu, hala izan zela ikusiko duzu.

Akelarreak ipuinean, aitak aspaldian idatzitako liburuak berreskuratzen ditu alabak, amari oparitzeko. Irudi eder horrek ordea, harreman hautsi bat (edo bi) kontatzeko aitzakia emango dizu. Gaur gaurko beste kontu bat ere badena, ezta? Lehen pertsonan, alabaren ikuspuntutik idatzia.

Istorio hau duela urte batzuk kontatu zidaten. Senarra zenaren liburuak eskuratu eta berriro etxera eramaten zituena. Oso irudi polita iruditu zitzaidan. Baina irudi bakar batekin ezin dut gauza handirik sortu. Irudi horretatik hasi nintzen nondik nora jo nezakeen pentsatzen. Emaztearen ikuspuntutik kontatzeak ez zuen hainbesteko indarrik eta alabak beste istorio mota bat kontatzeak joko gehiago ematen zuela.

Matxupitxu ipuinarekin badu lotura. Zer kontatu behar duen alaba horrek, edo isilean gorde behar duen... Nik ere ez dut oso garbi jokabidea zein beharko lukeen izan.

American way of life ipuinean Andoni Pasabani eman diozu bizitza. Lanean arazoak ditu, bikotearekin ez dabil ondo... Los Angeles Lakers-en partida bat zuzenean ikustea izango da bere ametsa. American way of life horrek baditu milaka aurpegi ordea.

Galtzaile bat da Andoni, beraz, galtzaile bat eraiki behar nuen. Amerikako Estatu Batuek oso gauza onak dituzte eta baita oso gauza txarrak ere. Baina bertako geografia, estatuak, izenak… Bizimodu hori gustuko dut, eta era berean gorrotatu egiten dut.

AEBetan izan zara inoiz? Route 66 delakoa autoarekin zeharkatu duzula dirudi.

Niri motoak eta autoak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Eta ez naiz oso abenturazalea, baina baten bat egin beharko banu, hori egingo nuke.

Ezagutzen dugun bizimodua da hura. Erakutsi egin digute eta guk sinistu egin dugu. Gauza berak egiten ditugu 10 urte beranduago... Eta ipuinean kontatzen den hori benetakoa da. Route 66ri buruz idazteko gogoa banuen eta albistearen berri izan nuenean, hor ikusi nuen bi istorioak lotzeko modua: route 66 eta Gasteizen enpresa batek langile guztiak kaleratzeko zuen asmoa.

Eta horrela hasi nintzen lanean, baina ez naiz sekula AEBetan egon, eta ez dut uste joango naizenik. Google maps zorionekoari esker hainbat toki bisitatu izan ditut, baina etxetik bertatik!

Lan gorabeherak ere jaso dituzu ipuin honetan. Eta oraindik gure artean hain errotuta dauden “klase” diferentziak, akaso agerikoak ez direnak, baina garrantzia dutenak.

Zoritxarrez iruditzen zait gero eta handiagoa izango dela tartea. Aberatsak gero eta aberatsago izango dira, eta pobreak gero eta pobreagoak. Klase ertaina desagertzeko bidean dago edo desagertarazi nahi dute.

Galtzailearen figura (Andoni) sortzeko irabazlearen figura ere sortu behar nuen. Horregatik sortu nuen Virginia pertsonaia.

Sirena-hotsak ipuinak kale borroka du hizpide. Bi planotan eskainia dago. 90eko hamarkadako ekintza bat azaltzen da, flash back bidez edo kontatua, batetik; eta protagonisten egungo bizimoduaren berri ematen da, bestetik. Ez dira hainbeste urte pasa, baina gauzak asko aldatu direla islatzea lortzen du ipuinak. Kontestu sozio-politikoaren aldaketak ekarri du akaso bilakaera horren pertzepzioa.

Orain dela 20 urte ni ez baina nire ezagunen bat bazebilen antzeko ekintzetan. Eta horrelako gauzak egiten ziren. 20 urte eta gero, gauza asko pasa dira. Julenek zalantza du zer kontatu behar dion kartzelatik atera berri denari. Zer egin du Julenek? Ba bizi, besteak egin ez duena. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta bakoitzak bere bizimodua dauka...

 

Eta “ekintzaren” hiru bertsio azaltzen dira, hirurak diferenteak.

Polita iruditu zitzaidan joko hori egitea, gertaera bakarra baina hiru ikuspuntuetatik kontatzea. Hori egiten baitugu askotan. Gainera, mitifikatu egiten ditugu gure kontakizun horiek.

"Zaldua, Lertxundi eta Atxaga aipatzen dira, miresten ditudalako"

Literatura edo literaturarekiko aipamena ia ipuin denetan agertzen da. Ez dakit zure obran konstante bat ote den edo azken liburuan agertzen ote den lehen aldiz.  Idazleak eta liburuak aipatzea anekdotikotik haratago doa, ezta?

Ipuinak, idazleak eta liburuak nire bizitzaren parte dira, eta horregatik agertzen dira. Zaldua, Lertxundi eta Atxaga aipatzen dira, miresten ditudalako. Stephen King-en erreferentzia ere benetakoa da, txikitan King irakurtzen nuen.

Lau ipuin, lau trama ezberdin idatzi dituzu. Prentsaurrekoan ordea, zera esan zenuen. Lau ipuinek badutela zerbait komunean: egia eta errealitateari lotura. Gertuko (edo ez hain gertuko) bizipenak dira idaztera jartzen zaituztenak akaso?

Kontatzen dizkidaten gauzez, ikusten ditudan gauzez eta gertu ditudan gauzez idazten dut. Asko eta asko asmatutakoak dira, gehienak, baina istorio gehienetan badira errealitatearekiko lotura txikiak.

Gero eta ipuin luzeagoak idazten dituzu. Hori ere aipatu zenuen prentsaurrekoan. Aldaketa baten aurrean gaude akaso? Honi lotuta, deskuidoan, nobela izateko osagairik ikusi al zenion ipuin hauetako bati ala nobelak beste kode batzuk behar ditu?

Bai, hala uste dut, beste kode batzuk eskatzen dituela nobela batek. Baina sumatzen dudana da orain gai naizela ipuin berean gauza gehiago kontatzeko. Hasieran, ideia bat hartzen nuen eta ideia hori garatzeko modua bilatzen nuen. Baina ipuin berean informazio gehiago biltzea kosta egiten zitzaidan.

Beste elkarrizketa batean galdetu zidaten ia Matxupitxu ipuin luzea edo nobela laburra ote zen. Nire buruan ipuin bat zen, baina 58 orrialde ditu. Ipuin moduan sortu zen baina idatzi ahala tramak istorio gehiago eskatzen zizkidan. Eta ez nuen istorio horiek lotzeko problemarik izan. Alde horretatik, bada aldaketa bat.

Dena den, ni ipuin egile naiz eta ez dut ezer nobelaren kontra. Egin dut eta egingo dut. Baina orain arte bost ipuin liburu argitaratu ditut eta nobela bakarra.

 

Adierazgarri bada.

Bai, bada.

"2014an hamar urte egingo ditut astero zutabe bat idazten"

Berrian ere idazten duzu astero zutabe bat. Egunerokotasunari lotutako zutabeak dira baina maiz modu fikzionatuan emanak. Konpilazio moduko bat egiteko tentaziorik ez al duzu izan?

2014an hamar urte egingo ditut astero zutabe bat idazten. Pentsatzen jarrita, ia 400 dira osatu ditudanak. Aizu aldizkarian aritu izan naiz eta Irutxuloko Hitzan ere idazten dut. Materiala egon badago. Pentsatu izan dut horretan, baina alde batetik zaila iruditzen zait, nire zutabe gehienak errealitatearekin lotura zuzena dutelako eta iraungitze-datari dagokionez, duela 10 urte ondo zegoena agian orain ez da ondo ulertuko.

Baina bestetik, ideia polita izan daiteke hurrengo liburua osatzeko. Zutabe horietako batzuk atenporalak direlako.

Gozagarri izango da, hamar urte bete badituzu prentsarako zutabeak idazten.

Plazeretik gehiago du, bai. Egia da lana eskatzen duela. Astero-astero egin behar dut eta aste osoan izaten dut hori buruan. Lana bada, baina ordenagailuaren aurrean jartzen naizenean, normalean oso ondo pasatzen dut. Iruditzen zait hori nabaria dela.

Bada beste kontu bat. Egunkariko azken orrian dago nire tartea. Ez dago iritzi sailan. Beraz, ez dut iritzia sortu behar, ez dut pentsamendu sakonik idatzi behar. Alegia, badakidala non nagoen. Azken orrialdean izateak beste kutsu bat ematen dio, informalagoa edo. Erabateko askatasuna dut, beti eman izan didate. Ondo pasatzen dut zutabeak idazten, eta uzten didaten bitartean, horretan jarraituko dut.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)