Xabier Lopezi elkarrizketa
Asteartea, 2011-05-10Xabier Lopezek Cafe Bar Bilbao teatro laburreko sariaren eskutik eman du ezagutzera Piztu gabeko zigarroak antzezlana. Lopezek aktore lanetan ere badu eskarmenturik, eta prosazko testuak eman izan dizkigu Idazle Eskolaren eskutik.

Pako Aristik eta Xabier Lopezek jaso dute aurten Cafe Bar Bilbao teatro laburreko saria euskaraz, Azken neuronaren heriotza eta Piztu gabeko zigarroak lanengatik hurrenez hurren. Gutxi dira teatro testuak ezagutzera emateko aukera, Cafe Bar Bilbaok oraingoz sarean ematen du aukeratutakoak osorik irakurtzeko aukera.
Antzerkia idazten duzu, baina baita prosa ere idazten.com-en ikusi ahal izan dugunez. Non kokatzen duzu zure burua?
Antzerkiaren munduarekin betidanik izan dut erlazioa, esparru ezberdinetan lan eginez (aktore, hezitzaile, idazle, ikerle...); horregatik neure burua gertuago ikusten dut dramaturgiaren sorreratik, beste testuen sorreratik baino. Narrazioren bat idazten dudanean antzerkia dut presente, eta hori hartzen dut abiapuntutzat beste generoak idazteko. Azken finean, generoak ez daude uste dugun bezain urruti, eta hauek uztartzeak emaitza interesgarriak ekartzen ditu maiz.
Cafe Bilbao sariaren bitartez eman duzu ezagutzera berriki 'Piztu gabeko zigarroak' lana; bi bakarrizketa dira lanaren oinarria. Teknikoki nola eraiki duzu antzezlana?
Hasieran bakarrizketa bakarraz kontatzeko egituratua zegoen istorioa, baina gero pentsatu nuen: "Eta istorio bera bitan kontatzen baduzu, baina pertsonaien ikuspegi ezberdinak kontuan hartuta?". Bakarrizketa bat bestearen gainean idatzita dago, baina pertsonaia bakoitzak egoerak bizitzeko eta kontatzeko modu ezberdinak dituenez, hor daude aldaketak. Bakarrizketa bakoitza bestearen osagarria da. Testuan zailtasun handienak inkoherentziak saihestea eta errepikapenak aspergarriak ez suertatzea izan dira .
Edukiari dagokionez zer bilatu duzu?
Ediporen mitoa gaur egunera ekartzea interesatzen zitzaidan; gainera, greziar tragedietan bakarrizketaren kontzeptua oso hedatua dago eta hori probestu nahi nuen. Gaur egungo hiri handi batean kokatuz eta pertsonaia marjinatuekin jokatuz, hitz egiteko modu lirikoa eta irudi poetikoak baztertu gabe. Ez dira erregeak edo jainkoak, baina ez dute galdu hizkuntza jasoan hitz egiteko aukera, agian hori delako geratzen zaien gauza bakarra lokatz artean murgilduta. Bakardadea, etorkizun eza eta geure bizitzen norabidea kontrolatzeko ezintasuna jorratu nahi nituen; gai horiek lantzeko, mito hau ezin aproposagoa iruditzen zitzaidan.
Teatro testuak ezagutzera emateko eta publikatzeko aukera gutxi dago euskaraz. Nola ikusten duzu bide hori, kamikaze samarra?
Are gehiago nafarra bazara, gehituko nuke nik. Hala ere, une honetan ongi pasa nahi dut idazten, probatzen, esperimentatzen, benetan gustuko dudana egiten. Bide luzea dut oraindik benetako dramaturgo edo idazle izateko. Horregatik inolako erantzunkizunik gabe idatzi nahi dut, beti kontuan izanik argitaratzen den edozer hitzekin dugun erantzunkizuna. Gainera, euskaraz idaztea hautua da; horrek ez du esan nahi gaztelaniaz idaztea errazagoa denik, baina badakit zein alde positibo eta negatibo dituen bakoitzak.
Aktore lanak egin dituzu, aktore ikasketak... testuak idazteari begira zer garrantzia du idazterakoan antzerkia barrutik ondo ezagutzeak?
Ez dut esango ezinbestekoa denik, baina bai uste dut oso garrantzitsua dela. Barrutik ez bada mundu hau ezagutzen, kodigo eta kontzeptu asko ez dira ulertzen, antzerki asko ikusi edota irakurri arren.
Teatro-testu batek malgua izan behar du, testua zer da zuretzat abiapuntua ala tresna?
Galdera arriskutsua iruditzen zait eta "kasuan kasu" esango nuke. Oso ezberdinak dira sormen tailer bat, edo obra konkretu baten ikuskizuna prestatzea, bietan testuen moldaketa egin behar den arren. Apur bat nekatuta nago "testua aitzakia da" edo "dramaturgo onena hilda dagoena da" bezalako esaldiekin. Horretarako, hobe testurik ez erabiltzea. Testuak malgua izan behar du, noski, eta emanaldiaren onurarako bideratu; baina aktoreok oso alferrak gara eta joera handia dugu testuak moldatzeko gure erosotasuna soilik bilatuz. Interesgarriena da dramaturgoa prozesuaren barruan dagoenean, baina hori ez da gehienetan gertatzen.
Zer proiektu dituzu orain esku artean?
Buruan gauza asko eta enkarguren bat ere eskuetan. Baina, batez ere, ongi pasa nahi dut idazten, eta hori izango da funtsezkoena hemendik aurrera.