Elkarrizketak

Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnik mintzagai

Ostirala, 2018-10-19

Yannis Ritsos euskaratu du Joannes Jauregik, Alejandra Pizarnik Asier Sarasolak, Munduko Poesia Kaierak bilduman biak. Idazleon lana izan dugu itzultzaileekin mintzagai. (Argazkia: Berria).

Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnik mintzagai

Joannes Jauregi: "Ritsosen poemetan paisaia dago, natura, mitologia, alegoriak, narrazio txikiak, deskribapenak, intimismoa, metafora barra-barra..."

yannis

Beñat Sarasolak esan zuen kaiera berri hauen harira, ondo islatzen dutela “bildumaren izpiritua”, itzultzaileen «maitasun poetikoa» izan baitzen bi antologien abiapuntua. Zer nolako maitasun istorioa duzu zuk Yannis Ritsosekin?

Unibertsitate garaian ezagutu nuen Ritsos, karreran greziera modernoa ikasten hasi nintzenean. Irakasleak berak erakutsi zigun, eta izugarria iruditu zitzaidan. Oso unibertso poetiko berezia zuela iruditu zitzaidan, beharbada ez beste batzuk baino sakonagoa edo konplexuagoa, baina bai propio-propioa. Ritsosen ahotsa bere-berea da. Horrez gain, maitasun berezia diot haren idatziekin joan naizelako (eta noalako oraindik) hizkuntza ikasten, pixkanaka hizkuntzan murgiltzen; niretzat, greziera, hizkuntza bera, oso lotua dago oraindik Ritsosekin, haren poesiarekin, irudiekin, haren estilo soil eta aldi berean aberatsarekin.

Idazle oparoa izan zen Ritsos, egunean hiru poema idazten zituela diote. 93 liburu egin zituen guztira. Nola planteatu duzu horrelako emari baten antologia?

Hasiera-hasieratik ohartu nintzen alferrikakoa zela horrelako poeta baten ibilbidea osorik harrapatzen saiatzea. Hori nolabait emate aldera, kaieran gehienbat ikusten da zer-nolako bilakaera izan zuen Ritsosen poesiak hastapenetan. Zehazki, hautaturiko poema luzeetan ikusten da hori: nola hasi zen forma eta neurri tradizional eta zurrun xamar batzuei lotuta, Epitafio poeman ikusten den bezala, eta nola joan zen forma askatuz, bertso-lerroen luzerarekin eta ebaketarekin jolastuz, Kantua arrebari eta Udaberriko sinfonia poemetan ikusten den bezala. Gero, ia prosa bilakaturiko bertsokera bat dauka Romiosine poeman, zeina haren obra gailenetako bat baita, nire ustez. Hor badago bilakaera bat, eta uste dut kaieran ikusten dela hori. Hala ere, kontuan izan behar da bilakaera hori 50eko hamarkadara artekoa dela bakarrik, eta Ritsos, berriz, hil arte aritu zela idazten; 1990 arte, alegia. 40 urteko hutsune hori poema motzekin betetzen ahalegindu naiz, eta horiek askotarikoak dira; batzuk ohartxo soilak dira, beste batzuk gai jakin baten inguruan ardaztuta daude (Kavafisi eskainiak, esaterako), beste batzuek greziar mitologia dute hizpide...

Horrekin lotuta, aurkezpenean aipatu zenuenez bere poema luzeak dira antologiaren nolabaiteko piboteak, eta laburrak tartekatu dituzu haien artean. Luzeak luzeegi antologia baterako, baina haiek gabe ezin egin? Nola planteatu duzu hori?

Nabaria da Ritsosen poema luzeen eta laburren arteko aldea, eta uste dut hori igartzen dela kaieran; poema luzeek hartzen dute gutxi gorabehera kaieraren lehen erdia, eta hortik aurrerakoa, motzek. Nire ustez (eta igual iritzia baino ez da), Ritsosen poesiaren benetako mamia poema luzeetan dago, hor erabiltzen baitu baliabide gehien, eta horiekin eraikitzen du bere unibertso poetikoa. Ritsos bere poema luzeetan dago, nire ustez. Zoritxarrez, poema luze horiek ezin ziren bere horretan ekarri, luzeegiak baitziren, eta moztu egin ditugu, edo zati batzuk bakarrik eman, nolabaiteko oreka bati euste aldera.

Ritsos 1909an jaio zen, eta 1990ean hil zen, XX. mendea osorik ezagutu zuen ia. Zer nolako Grezia ikusiko dugu islaturik bere poemetan? Topatuko dugu bere inguruaren erradiografia historikorik?

Errealismo gordinetik gutxi du Ritsosen poesiak; ez dago zuzeneko salaketarik, erreferentzia espliziturik edo ezagutu zuen giroari eginiko aipamen argirik. Halarik ere, giro horri berari kantatzen dio; Ritsosen poemetan paisaia dago, natura, mitologia, alegoriak, narrazio txikiak, deskribapenak, intimismoa, metafora barra-barra... Zeharbide horiek lehen planora ekarrita heltzen dio Ritsosek bere giro politikoari, baina oso gutxitan darabiltza, nik irakurri diodanetik behintzat, zuzeneko erreferentziak edo salaketak. Uste dut are interesgarriagoa dela horregatik: berez poeta sozialtzat dugun hori urrun geratzen bazaio ere, Ritsosen poesia ezin uler daiteke giro sozial eta politiko hori gabe.

Konpromiso politikoa eta familiako drama, bere obraren ezaugarri nabarmenenak. Zein neurritan egon zen Ritsos ardatz horietara atxikirik bere obra osoan?

Bi alde horiek bitasun eder bat osatzen dute, nire ustez, primeran atzitzen duena Ritsosen sorkuntza poetikoa: konprometitua bai, eta politikoa, baina baita intimista ere, eta lirikoa, dramatismoa eta tragediak oso era dotorean lantzen dakiena. Lerratuago dago surrealismora eta iruditeria propio bat lantzera, ezen ez mezu politiko bat landu eta transmititzera.

Baduzu poema hauek errezitaldi baten bitartez aurkezteko asmorik, hala da? Badago datarik?

Oraindik ez dago ezer erabat finkatuta, baina badugu asmoa abendu aldera errezitalen bat egiteko, Errenteriako Mikelazulo elkartean.

Asier Sarasola: "Hitz ederren bidez esplikatzen zuen ezinegona, eta bestetik, ezinegona sortzen zion hitz ederren bilaketak".

MPK-zero-azala

Hainbat hari aipatu zenituen aurkezpenean, Pizarniken obraren ardatz: ametsak, gaua, haizea, haurtzaroa, heriotza... hari guztiak ekarri dituzu antologiara?

Ezinbestean, ibilbide ia osoko poemak daudenez bilduman, eta Pizarniken poesiagintzan funtsezko elementuak direlako, ikur modukoak, pertsonaia ia, eta haren mundurako zubi; heriotza, ziurtasun bakarra; haizea, ahal sortzailea; gaua, sormenaren gorputza; haurtzaroa, ezinegonaren sorburua; isiltasuna, perfekzioaren adierazpidea...

Azkenerako, argitaratu gabe geratu ziren testuen artean, beste hari edo ikur edo pertsonaia bat ageri da, beste hitz bat, finean, Itzala. Esan gabe doa zer zuen esku artean.

Nondik abiatu zara poemak aukeratzeko: zu kolpatzen zintuzten testuak hautatu dituzu, edo Pizarniken obra osoaren nolabaiteko laburpena egiten saiatu zara?

Nire gozamena beste asmorik gabe hasi nintzenez, bai, gustukoenak aukeratu nituen. Oso gustuko nuela ikusita, asko zirela, fokua ireki nuen eta lehen liburuko poemaren bat sartu, aldizkarietan-eta argitaratutakoetatik batzuk itzuli, prosazko poemei heldu eta “karpetatxo batean txukun-txukun apailatutako paper sortatxoa” edo “gutun bati atxikia” modukoak baztertu, zer itzuli badagoen arren.

Poema labur aratzak, diario zatiak dira Pizarniken obraren ardatz estetikoa. Argitaratutako piezak dira antologian ardatz hartu dituzunak. 36 urterekin buruaz beste egin zuen arren, obra intentsua utzi zuen atzean. Pizarnik asko dago ezagutzeko -eta noski, euskaratzeko- oraindik?

Diarioak sekulakoak dira; irakurri dizkiozun poemak dimentsio anitzetara irekita ikustea. Literatur lana dira bere diario izaeran, berezko izaera landugabean, Pizarniken kasuan, dezente landua dena. Prosazko lanak, aldiz, oso interesgarriak dira, baina poesiarekin dagoen aldea ikusteko; umore absurdoa, hitz jolasak, surrealismoa... Eta 600dik gora neskato hil omen zituen Erzsebet Bathory “kondesa odolzalea”-ri buruzko eleberria; bitxitasun bat.

Aurkezpenean aipatu zenuenez, Pizarniken lanean ez da konpromiso politikorik ageri, ez dago erretratu sozialik, ezta identifikaziorik ere inolako mugimendurekin, “Barnera begiratzen du, eta bere nitasun hori da iraultza modu bat, iraultza pertsonala”. Zein neurritan da, hala ere, bere garaiaren isla? Zein neurritan suizidatu zuen Pizarnik bizi zuen garaiak?

Erabat da bere garaiko alaba. Hasteko, bere familia, judua, Europatik ihesi joan zen Argentinara, eta horrek ekarri zion deserrotze betiko halako bat, iheserako joera, eta nortasuna nolabait azpimarratzeko premia. Bestalde, Emily Dickinsoni bezala, Janis Joplini ere eskaini zion poema bat. Eta 1960ko hamarkadan Paris ezagutu zuen, Maiatz bezperako Paris, eta ezagutu zituen homosexualitatearen defentsa, beltzen segregazioaren aurkako mugimendua eta feminismoa, guztiak ere gizabanakoaren askatasuna dutenak aldarri. Horren guztiaren isla da Pizarnikek eraiki eta deseraikitzen duen nia. Kolpe handia hartu zuen Videla zetorren Argentina kontserbadorera Paristik itzulita.

“Ezinegona hitz ederretan”, horrela laburbildu zenuen aurkezpenean bere obra. Energia kontrajarriak diruditen arren, ezinegona eta edertasuna, ondo islatzen du esaldiak bere tonua. Baina Pizarnikek berak edertasunaren kontzientzia ote zuen, zein neurritan zen bere kasuan idaztea benetan itolarri existentziala kudeatzeko modu bat, eta ez edertasunaren bilaketa bat?

Bi alderdi ditu titulartxo horrek; batetik, hitz ederren bidez esplikatzen zuela ezinegona, eta bestetik, ezinegona sortzen ziola hitz ederren bilaketak. Gurpil-zoroa. Beldurrak, amodioak, ezinak eta minak, idatziz ematea aukeratu zuen, eta idatziko bazuen, idatzizko adierazpide gorentzat zuena idatzi beharra zuen, poesia. Jantzia zen literaturan, gogoeta asko egindakoa gaian, eta perfekzionismoa zuen dohain suntsitzaileetatik bat. Aitorpenak eta ospetxoa gorabehera, ez zuen betetzen emaitzak, ez zen askatzen; bizitzak ematen zion zer idatzi, idatzitakoa ezin begitandu zitzaion ederra zeharo, ez baitzen bizi, paperezko zerraldo baizik.

Zuk zeuk poesia idatzi izan duzu, asko urrundu behar izan zara zure ahotsetik Pizarnikenean murgiltzeko, zaila egin zaizu hori?

Tira, noizbait ahotsik izan dudala esatea askotxo da, marranta totel bat asko jota. Baina noizbait idatzi nahi izan badut, Pizarnik da kopiatu nahi izan dudanetako bat. Hortaz, bai, asko urrundu behar izan naiz nire mailatik...

Pizarniken, berebiziko garrantzia du hizkuntzak, “hitz bakoitzak esaten duena esaten du, eta gehiago, baita beste zerbait ere”, asko zaintzen zuen lerroen ebakera, poemaren itxura, erritmoa, eta horretan ahalegindu naiz, haren ahotsera hurbiltzen.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)