Elkarrizketak

Zahartzeko modu berriak asmatu behar ditugu

Ostirala, 2011-03-04

3 Mariak idatzi du Arantxa Urretabizkaiak, besteak beste, nolako zahartzaroa izan nahi duen erabakitzeko. Pixkanaka ondutako nobela da, 12 urtez tantaka-tantaka idatzia. Tanta horiei buruz galdezka joan gara idazlearen etxera eta, hara, nobelako protagonistaren lorategian nola, Arantxarenean ere aurkitu ditugu mimosa bat eta fuksiak. Hurrena, lore-tipulekin egin beharko diogu bisita.

Zahartzeko modu berriak asmatu behar ditugu

Tarte luzeak hartu ohi dituzu nobela batetik bestera. Koaderno gorria argitaratu zenetik hamabi urte igaro dira. Nolakoa izaten da liburutik libururako denbora tartea?

Hamar urtetik gora joaten zaizkit nobela batetik bestera. Ez dut propio egiten, baina nik bizibidea kazetaritza dut, etxe bat dut, familia bat..., eta ez dut denbora soberan izaten. Gainera, ez naiz batere idazle konpultsiboa. Ezagutzen ditut idazleak, atakeak emanda, hogei folio betetzen dituztenak, baina nik mantso joan behar dut, denbora asko behar dut eta, asko jota, boladaren batean, astean goiz bat libratu izan dut idazteko. Beka bat ere eskatu nuen eta hura ukatu egin zidaten, eta ahal nuen bezala, tarteka idazten jarraitu nuen, eta bukatu dut, orain dela juxtu urtebete, lan profesionala erdira jaitsi zitzaidalako. Etxekoekin hitz egin nuen eta, lan bila hasi baino lehen, esku artean neukan noblea amaitzea erabaki nuen. Eta horregatik bukatu dut, betiko lan erritmoarekin jarraitu izan banu ez nukeen bukatuko.

Lan profesionalak uzten dizkizun tarteak ez dira nahiko idatzi ahal izateko?

Nik bi ordu libre baditut, irakurri egiten dut edo bonsaiak zaintzen ditut, baina bi ordutan ezin naiz literatura idaztera jarri. Artikulu bat idatz dezaket, baina burua nobelara kokatzen dudanerako joan zazkit bi orduak. Idazteko lasaitasun handia behar dut, eta kontzentratzeko gutxiengo baldintzak: ez dadila inor etorri ama! deituz, esaterako. Ahal banu, joango nintzateke, tarteka, norabaitera bakarrik egotera, baina horretarako ere baliabideak behar izaten dira.

Beraz, denbora tarte luzeetan eta tantaka bezala idazten duzu?

Tantaka bezala, hamabi urtez. Gure ama duela sei urte hil zen, eta ama hil baino hiruzpalau urte lehenago istorio honekin ari nintzen. Ama 96 urterekin hil zen, eta berarekin egoten nintzen bakoitzean zahar kontuak ziren beti. Ordurako ni ere zahartzen hasia nintzen, eta pentsatu nuen aukera ona zela zaharrei buruz idaztea nik zer demontreko zahartzaroa nahi nuen erabakitzeko. Fikzioa izan zitekeela nik zer zahartzaro nahi nuen deskubritzeko modua. Eta horregatik diot hau dela nire nobelarik autobiografikoena. Ez dut bizi dudana idatzi, baina bai bizi nahi dudana. Hala ere harritu egin naiz.

Harritu, zergatik?

Jendearen erreakzioa ikusita. Pertsona baten adinak ez du pertsona guztiz definitzen. Nik nobela bat zeri buruzkoa den galdetzen badizut, ez didazu esango gazte batzuei buruzkoa dela. Esango didazu drogomenpekotasuna duten gazte batzuei buruzkoa dela, gazt emilitante batzuei buruzkoa dela... Gazte hitza ez da nahiko pertsona guztiz definitzeko, baina badirudi zahar esanda nahikoa dela. Zaharra ezin daitekeela, zaharraz gain, beste ezer izan.

Eta erabaki duzu nolako zaharra izan nahi duzun?

Dexente. Erabaki dut nortasun agiriak ez duela nire bizitza gobernatuko. Zaharra izan arren askatasuna aldarrikatzen dut nire erabakiak hartzeko. Adinari ezin zaio leporatu leporatzen diogun guztia, adinak ez du guztiz baldintzatzen pertsona baten bizitza. Nik ahal banu koktel bat egingo nuke hiru Mariekin, nire proportziotan, Handirengandik tanta batzuk, Gorrigandik beste batzuk, Txurigandik beste batzuk...

Zer hartuko zenioke bakoitzari?

Hirutik biri bizipoza. Ausardia Gorriri, eta bakea Txuriri.

3 Mariak dira nobelako protagonistak. Nolatan erabaki zenuen hiru pertsonaiei izen bera ematea?

Ba, errealitatetik hartuta. Badu Ana izeneko lagun bat, eta txikitan hiru Ana ziren, eta bera Anaundi da. Deitzen dizu telefonoz eta "Kaixo, Anaundi naiz" esaten dizu. Asko gustatzen zait. Eta Ana ez kopiatzeagatik, Mariarekin egin dut gauza bera. Bestalde, gure izeba soltera batek bazuen Gorri izeneko lagun bat, jostuna zena, eta hari ere lapurtu diot ezizena. Izenek oihartzun naturala egin behar didaten belarrietan.

Zahartzaroari buruzko aurreiritziak eta esterotipoak hausti nahi izan dituzu?

Bai, maila batena bai. Konbentzituta nago zahartzeko modu tradizionala desagertu egin dela, eta zahartzeko modu berriak asmatu behar ditugula. Gizadiaren historian guztian ez da inoiz orain gertatzen ari dena gertatu: belaunaldi oso bat abiatu da 80 urtetik aurrera. Kobazuloak aztertzen dituzten antropologoek ez dute sekula 45 urtetik gorako hezurrik topatu, eta orain 80 urte dituena ez da salbuespena, orain belaunaldi osoa abiatu da. Eta zahar horiek kontinente berri batean sartu dira, maparik eta iparrorratzik gabe. Gure aurretik doazen zaharrek deskubritzen dutena oso interesgarria izango da, hori izango baita gure mapa. Horiek sortuko dituzte zahar izateko eredu berriak.

Bideak urratzea ez, beraz, gazteen kontua bakarrik.

Ni asko haserretzen naiz norbaitik "gure garaian" esapidea entzuten diodanean. Et, et, et. Hau ere nire garaia da, ez nazazula nire garaitik bota, mededez. Eta aurrera begiratu nahi dut.

Beti egin duzu hala?

Lehengoan, Parisen bizi den lagun batek, ni baino 8 urte zaharragoa dena gogorarazi zidan, 32 urte nituenean zera galdetu niola, ez zer zen 40 urte izatea. Berak bazituelako eta nik ez, geroko kezka hori beti izan dut, eta pertsonaiak ere ez nituen atzera begira jarri nahi.

Baina zahar izateak lotsatzen gaituen honetan...

Mundu guztia dago "gazteagoa dirudizu" entzuteko irrikitan, adinari ihesi. Gu gazteak ginenan gaztetasunaren apologia egiten genuen, Ramon Saizarbitoriak esan zidan nik esana dela 40 urtetik aurrera hobe zela hiltzea. Gure belaunaldiak asmatu zuen bizitzaren gailurra gaztaroan zegoela, hortik aurrera dena zela gainbehera. Ordura arte pertsona helduak zeuden gailurrean, gaztetasunari ez zitzaion balio handirik ematen. 68 belaunaldia izan zen gailurra gazte garaian dagoela asmatu zuena. Eta orain, hori aldarrikatu genuenoi kontrakoa aldarrikatzea tokatzen zaigula uste dut. Oraingo zaharretan bide berriak salbuespenak dira oraindik. Gu ez gara lehengo zaharrak bezain otzanak izango. Ni ez behintzat.

Salbuespen horietan oinarritu zara 3 Mairak idazteko?

Bai. Nik astean hirutan gimnasia egiten dut, eta gure monitoreak 81 urte dauzka. Ikusi behar zenuke haren malgutasuna! Oparitu nion liburua eta jarri nion: "zugandik ikasitakoa ere badago hemen". Zahar berezi bat da, badaude zahar bereziak, baina gutxi dira oraindik.

Liburuan nahita erabili duzu zahar hitza, kalanbrea ematen duela dirudien arren.

Bai, eta esan didate betikoa: "zaharrak trasteak izaten dira, ez pertsonak". Askotan entzun dut hori, baina niri zurikeria hutsa iruditzen zait. Niri ez zait iruditzen zaharra peioratiboa denik.

Askotan lotzen da zahartzaroa tristurarekin eta bakardadearekin. Zuk kontrako balorak azpimarratu dituzu: alaitasuna eta lagunartea.

Askotan seinalatu izan didate nik gauza tristeak idatzi izan ditudala orain arte. Ni ez naiz jabetzen, ateratzen zaidana egiten dut, baina badakit pertsona alaia naizela eta, are gehiago, maite nauen jendeak bizitza alaitzen diedalako maite nau, hori argi daukat. Eta hau oso alaia atera zait. Baina liburu bat idaztea amets bat izatea bezalakoa da. Amets horrek zer esan nahi duen interpretatzeko psikiatra bat behar da. Filologoak dira gure psikiatrak. Nik ametsak egiten ditut. Amets hau alaia atera zait, eta pozten naiz.

Beste familia eredu baten aldeko apustua ere kontzientea izan da?

Hori ez da propio egina, baina hori seinalatu zidan lehenengo irakurleak. Liburu honetan zaharrak dira protagonista, baina liburuak ez du zahartzaroaz bakarrik hitz egiten, hitz egiten du adiskidetasunaz, tolerantziaz, bizipozaz, familia eredu berriez...

Zahartzaroa askatzaile izan daiteke?

Bizitzan, momenturik zailena aldaketa-garaiak izaten dira: ume izatetik gazte izatera igarotzea, gaztarotik heldutasunera, heldutasunetik zahartzarora... Zaharra zarenean beste aldaketarik ez dago: zaharra zara, gero zaharragoa, zaharragoa, zaharragoa... Azken aldaketa hori bizitzeak ausardia ematen du, lotsak galtzen dira. Beste momentu askatzaile bat gazte itxura izateko grina galtzen denekoa da. A ze lasaitasuna, faborez! Izugarrizko karga kentzen da bizkar gainetik.

Askatu nahiaren parean dago gizartearen presioa ere.

Hori propio egina da. Bide urratuetatik milimetro bat ateratzen bazara gizarteak berehala adieraziko dizu: bai lanean, itxura fisikoan, bizimoduan, etxea izateko moduan... Eta badago jendea inoiz milimetro bat ere aldentzen ez dena. Gure ama, adibidez. Gure ama "bezatu perfektua" zen. Ez zeukan errebeldia izpirik. Batzuetan esaten nion: "jo, Karmentxu, zeinek domatu ote zaitu zu hain modu perfektuan". Askatasuna zer zen ez zekien, bizitzan inportantea kariņoa dela esaten zuen. Eta ez zuen errebeldiaren beharrik! Gure amak hil baino ordu erdi lehenago arte izan zuen bizipoza. Berak esaten zuen "hiltzen ariko naiz eta maindireei eutsiko diet eta esango dut, oriandik ez, oraindik ez".

Zaharrak protagonista diren liburu gehienetan heriotza oso presente dago. Zure liburuan, aldiz, gaiari ihes egiten zaiola ematen du.

Gorrik ez du heriotza usaindu ere egin nahi. Txurik, aldiz, heriotzarekin bakean bizi nahi luke. Nik, egia esan, ez dut askotan pentsatzen heriotzan. Ez nau gehiegi kezkatzen. Ezintasunari bai, baina heriotzak ez. Batek baino gehiagok esan dit, irakurri ahala, heriotzaren baten zain zeudela, eta harritu egin direla inor ez dela hiltzen ikustean. Zergatik hil behar dute? Zaharrak direlako?

Zahar askok iraganera begiratzen dute, baita idazle askok ere.

A bai! Ze mania beti gure haurtzaroari bueltaka aritzeko! Ez zaizkit atzera begirako liburuak gustatzen. Nik 63 urte ditut, estatistiken arabera beste 20 bat geratzen zaizkit, eta ez dut nire bizitzaren lehenego 20 urteetan egindakoari edo ez egindakoari bueltaka pasa nahi bizitza guztia. Badirudi lehenego 20 urteetan dagoela bizitzaren funtsa eta azken 20 urteak ez direla ezer, irautea besterik.

Horregatik diozu zahartzaroari buruzko ideologia falta zaigula?

Bai. Munduan hainbat lekutan ari dira zahartzaroari buruzko ideologia berria sortzen: AEBtan, Alemanian... Begira, ni beti "euskal letretako neska" izan naiz. Eta orain bat-batean ez naiz neska! Orain zahartzaroaren ordezkaria naiz! A ze lasaitua: orain inork ez dit galdetzen emakumeak eta literaturari buruz.

Liburuaren estiloaz zer esango zenuke?

Nahita bilatu dut estilo soila. Ez nuen arkitekturarik nahi. Gauza sinple eta soila da, propio egina.

Liburuaren amaieran ere zabalik utzi duzu etorkizunerako leihoa.

Bai, eta uste dut horrela amaitzen ditudala nire libururik gehienak. Amaiera irekiak gustatzen zaizkit. Baina gustu kontua da, ez besterik. Beti irudi bera erabiltzen dut, baina ez dut hoberik aurkitzen. Literaturan txoriak eta ornitologoak daude. Batzuk biak batera dira txori eta ornitologo: Anjel Lertxundi, adibidez. Baina ni ez, ni txori hutsa naiz. Ez naiz inozoa, buruari bueltak ematen dizkiot... Baina ornitologiaz ez dakit ezer. Ez dut teoriarik. Senari jarraika idazten dut. Eta bitxia da ze, hainbat lekutara deitzen dizute txoria zarelako... eta gero ornitologo lana eskatzen dizute! (barrez)

3 Mariak liburuari egindako kritikak aurkitzeko, klikatu hemen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)