Erreportajeak

Komikia, loraldi baten atarian?

Azken hilabeteotan hainbat komiki eman dira argitara Igandea, 2012-01-01

Komikia ez da sustraiturik dagoen generoa. Salbuespen moduko batzuk badira, ordea. Zaletu fidelak dituzten argitalpenak: Zaldi Eroaren De Rerum Natura bilduma (Elkar), Patxi Gallegoren Pololoak (Elkar)... Baina gainontzean, ezin esan euskal komikiaren moduko etiketarik erabili daitekeenik. Dena den, azken hilabeteotan hainbat liburu eman dira argitara: Udaberririk ankerrena (Unai Iturriaga-Alex Sanvi), Azken garaipena (Iban Zaldua-Julen Ribas), 1512 Nafarroa amets urratua (Joseba Asiron-Martintxo), Gartxot (Asisko Urmeneta-Edorta Barrutabeña)... Kasualitate hutsa ala loraldi moduko baten erakusgarri? Galdera hau argitu nahian, iritzi eske ibili gara han eta hemen. Sortzaileak behintzat, ikusiko duzuen moduan, ez dira falta.

Hizpide hartu ditugun kasuetan, elkarlanean aritu dira idazleak eta marrazkilariak. Nork bere lengoaia du eta, horregatik, bien arteko komunikazioa oso garrantzitsua da. Areago, funtsezkoa dela ere esan daiteke. Unai Iturriaga eta Alex Sanviren kasuan, bien arteko lan-dinamika aspalditik dator. Ikastolen Elkarteak plazaratzen duen Xabiroi aldizkarian ezagutu zuten elkar eta, geroztik, hainbat lan burutu dituzte bien artean. Udaberririk ankerrena izan da elkarlan horren azken emaitza. "Badugu atal bat Xabiroi aldizkarian, Haur besoetakoa izenekoa. Gure lan-harremana normalizatuta dago eta komunikazioa oso ona da", azaldu digu Unai Iturriagak.

Udaberrik ankerrena (1936 elkartea-Elkar) liburuaren sortze-prozesua bateratsu joan da. Marrazkilaria ez da gidoi batetik abiatu. Elkar osatzen joan dira marrazkia eta gidoia. "Bagenuen lanerako dinamika bat eta oso erraza izan da alde horretatik. Hala ere, lan asko dago liburu honen atzean", Unai Iturriagak Hitzen Uberan esana.

Komiki batean, dena den, non hasi eta non amaitzen da gidoilariaren lana? Komikirako idatzi behar duenean, irudia ere etortzen zaio burura Unai Iturriagari. "Niri bai. Eta irudia behar dut, zirriborro bat besterik ez bada ere. Bineta banaketak, adibidez, zerikusia du erritmoarekin. Nik behar dut, akzioa eta erritmoa zehazteko".

"Irudiekin, baina literatura"

Iban Zalduak ere Xabiroi aldizkarian ekin dio komikigintzari. Julen Ribas marrazkilariarekin batera aritu ohi da Ikastolen Elkarteak argitara ematen duen aldizkari horretan. Zalduak ere, gidoia idazterakoan irudia du buruan: "komikiak, jakina, fabulazioa bisualki planifikatzera eramaten zaitu, literatura idatzi hutsean aritzen zarenean baino areago (ze, azken batean, badaude oso idazle bisualak, orobat...). Dena dela, gidoilariaren lana, nirea, testua da batik bat, eta kontu bisualerako egiten dituen iradokizunak marrazkilariak gauzatu eta finduko ditu. Alde horretatik, nire kasuan behintzat, Julen Ribas marrazkilariaren lana eta ekarpena erabakigarriak izan dira".

Iban Zalduarentzat, literaturaren adar bat da komikia: "irudiekin, baina literatura". Gidoiarena, hala ere, teknika berezi bat dela aitortu digu idazle donostiarrak. "Ez da berez ikasten, soilik komikiak irakurtzen. Idaztea bezala, arituz ikasten da, eta hori izan da nire erronka, kolaborazioan lan egitea bezainbat. Ze ni bakar-bakarrik lan egitera ohituta nago, nire gelan, nire ipuinekin, eta hemen bestearekin kontatu behar da, etengabe jotzen nuen Julenen onarpenaren edo zuzenketaren bila. Prozesuko alde berriena izan da niretzat, eta baita aberasgarriena ere".

Azken garaipena liburuan (Ikastolen Elkartea), joan-etorriak etengabeak izan dira idazlearen (Iban Zaldua) eta marrazkilariaren artean (Julen Ribas). "Testua ekonomizatzeko Julenen ekarpena, adibidez, oso inportantea izan da, edo orrialde bakoitzean eskaini nahi nuen informazioa hobeto dosifikatzeko, edo irakurleari informazio jakin bat edo are sentimendu bat komunikatzeko orduan", Iban Zalduaren hitzak dira. "Nik, bestalde, iradokizunak egiten nizkion detaile batzuen egokitasunaren inguruan, zirriborroa jaso ondoren, edo dokumentazioa iradokitzen nion marrazki batzuk hobetzeko eta abar".

Gartxot liburua, Gartxol filmaren osagarri

Azken garaipena eta Udaberririk ankerrena liburuez gain, gehiago ere argitaratu dira azken bolada honetan. Gartxot, esate baterako, zeresan handia eman duen filma izan da. Osagarri moduan, liburua ere plazaratu du Elkarrek: "Konkista aitzineko konkista: Gartxot". Baina ezin esan daiteke Gartxot liburua komiki liburua denik. Ohar-papertxoen bilduma dela esatea egokiagoa litzateke. Bi kasuetan, dena den, filmean zein liburuan, komikiaren kultura da iturburu nagusia. Juan Elordik zuzendu du Gartxot helduentzako film luzea eta bere ustez "liburuak kontatzen duena ondo baino hobeto etor daiteke filma ikusi eta aretotik atera eta buruari jiraka, zer hausnartu geratu den ikusle horrentzat. Lehenengo partean, ilustrazioen bidez garai hartako hainbat pertsonaia (emakume koblakariak, gotzainak, moja borrokalariak, erregeak...) deskribatu nahi izan ditugu. Bigarrengoan, berriz, filma osatzeak iraun duen lau urteko prozesua azaltzen da".

Badator ala ez dator komikiaren loraldia?

Komiki liburu gehiago ere eman dira argitara azken aldian. 1512 Nafarroa Amets urratua (IkasElkar), De Rerum Natura 4 (Elkar)... Loraldi baten lekuko izan al da Durangon egin den azken Azoka? Unai Iturriagak oso argi dauka: "aurtengotik ezin da ondorio berezirik atera. Ateratzekotan, atera daitekeen ondorio bat da Xabiroi aldizkarian Dani Fano egiten ari den lana: emaitza batzuk ematen ari dela. Loraldia izatea gustatuko litzaidake baina zalantza handiak dauzkat, argitaletxe mailan apustu handia egin beharko litzateke. Nik ez nuke esango loraldirik eman denik, kointzidentzia batzuen pilaketa baino".

Iban Zalduak ere antzeko inpresioa du: "ez dira euskarazko komiki gehiegi argitaratzen: alde horretatik zaila da jakitea ea euskal komikia existitzen den ala ez; existentzia hori oso prekarioa da, gaur egun arte behintzat. Aurtengo lanen kopuruaren hazkundea, oinarri oso txiki batetik abiatzen bazen ere, pozgarria da oso, baina auskalo goiz bateko lorea izango ez den".

Unai Iturriagak egin duen bezalaxe, Iban Zalduak ere Xabiroi aldizkariaren lana nabarmendu nahi du: "Hegoaldean, behintzat, komiki zaletasuna kulturalki oso errotuta ez dagoen eremu batean mugitzen gara, espainiarrean alegia. Horregatik dira inportanteak Xabiroi aldizkaria bezalako ekimenak, Ikastolen Elkarteak sustatzen duena, kasu honetan. Halako proiektuei jarraipena emateak garrantzia handia du".

Xabiroi aldizkariaren azken aleko azala.


Xabiroi, oasi bakarra

2005ean abiatu zen Xabiroi komiki-aldizkaria (facebook sarean, esteka honetan). Ikastolen Elkarteak sortu zuen baina ez da soilik ikastoletako ikasleei zuzendutako argitalpena. Hainbat komiki dendetan ere eskura daiteke. Urtean hiru zenbaki argitaratzen dira: otsailean, ekainean eta urrian. Eta urtero, Xabiroi aldizkarian argitaratua izan den sail bat album batean bilduta plazaratu ohi da. Iban Zaldua eta Julen Ribasen Azken garaipena izan da aurten bilduma moduan argitara eman den saila.

Dani Fanok koordinatzen du Xabiroi aldizkaria; komikia abiapuntu eta helburu duen argitalpena. Euskaraz eginiko komikiari bizia eman dion aldizkari bakarra: "zoritxarrez bai, nahiko genuke uharte bat izan beharrean, kontinente handi bateko zatitxo bat besterik ez izatea. Baina hala da, bai", adierazi digu Dani Fanok.

Gure inguruan gutxi landu den generoa da komikiarena. Dani Fanok azalpen hau eman digu: "zoritxarrez euskal kultura sustatu dutenek, argitaletxeek zein erakundeek, oso saiakera gutxi egin dute komiki alorrean. Ohitura gutxi dagoenez, marrazkilaria ez den beste inori ez zaio burutik pasatzen, ba nire istorio hau komikian egitea ondo legoke. Frantzian hori gertatzen da. Merkatu handia dago eta badira marrazkilari izan gabe gidoiak prestatzen aritzen direnak. Xabiroi aldizkarian, istorio asmatzaile batzuk komikiaren mundura erakarri nahi izan ditugu".

Xabiroi aldizkaria koordinatzen du Dani Fanok (argazkia: Argia).

Dani Fanok osatu ditu bikoteak: Harkaitz Cano idazlea eta Iñaki Holgado marrazkilaria, Unai Iturriaga idazlea eta Alex Sanvi marrazkilaria, Iban Zaldua idazlea eta Julen Ribas marrazkilaria, Eider Rodriguez idazlea eta Alex Orbe marrazkilaria... Xabiroiri esker, maiz harreman horiek estutzen joan dira eta horren adibide argiena da Udaberririk ankerrena komiki liburua. Xabiroin ezagutu zuten elkar Unai Iturriagak eta Alex Sanvik baina Durango 1936 elkartearekin eman dute argitara Udaberririk ankerrena. Xabiroitik haratago joan dela bien arteko elkarlana, alegia.

"Denborak esango du"

Dani Fano gustura dago argitara eman diren nobedade hauekin guztiekin. Dena den, loraldiaren ideia ez du oso argi ikusten, oraingoz: "Udaberririk ankerrena gauza puntuala izan dela uste dut. Baina bestetik, badirudi argitaletxe batzuk hasi direla komikian erreparatzen. Ez dakit, denborak esango du. Baina datorren urtean beste zortzi nobedade argitaratzen badira...".

Julen Ribas eta Iban Zaldua, `Azken garaipena´ liburuaren egileak (Irudia: Xabiroi).


Iban Zaldua: "Oso komikizalea izan naiz betidanik"

Komikia doa idazlearen bila ala idazlea da komikira hurbildu dena? Erreportaje honek idazleak ditu hizlari. Iban Zalduaren kasuan, honako baieztapena egin daiteke: komikitik iritsi da literaturara. "Ni, istorioak asmatzen hasi nintzenean, txikitan, ez nintzen ipuinak idazten hasi, eta are gutxiago nobelak edo poemak, baizik eta komikiak".

Naziak, bigarren mundu gerra... Gazteei zuzenduta dagoen aldetik, Azken garaipena komiki liburuak badu osagai hezitzaile edo pedagogiko bat, ala ez?

Iban Zaldua. Bai, gazteei zuzenduta dago, 13 eta 113 urte bitarteko gazteei hain zuzen ere; gazte "literaturaren" alorrean sortutako lan bat da (Xabiroi aldizkaria, azken finean, eremu horretan kokatzen da). Baina gazteak pertsona adimendunak bezala tratatzeko ahalegina egin dugu, nik uste, haur eta gazte literatura askok ez bezala alegia (eta, geroz eta gehiago, "helduentzako" literatura batek egiten duen bezala, irakurle ustez nagusiak ume ergelak balira bezala tratatzen dituena...). Eta, tira, literatura guztiak, batez ere ona bada, zehar-ondorio hezitzaileak izan ditzake, eta ondo dago hala gertatzea, hala gertatzen bada. Baina ez dut uste horrek literaturaren (edo komikiaren) helburu nagusia izan behar duenik; horretarako tresna aproposagoak daude, testu liburuak, esaterako, edo jite ezberdinetako katiximak... Ez, nik literaturaren helburua estetikaren eta gozamenaren arloan kokatzen dut batik bat, eta, normalean, helburu pedagogikoa gailentzen denean, lan baten sorburuan, ondorioak ez dira asegarriak suertatzen, literaturaren ikuspuntutik. Salbuespenak salbuespen, noski. Niri, behintzat, hala gertatzen zait.

Azken bolada honetan, hainbat komiki argitaratu dira eta ia gehienak gertaera historikoetara lotuak daude. Gartxot, Udaberrik ankerrena (36ko gerraren ingurukoa), Azken garaipena (II. Mundu Gerra), 1512 Nafarroa amets urratua... Kasualitate handia ez al da?

Iban Zaldua. Ez dakit zer puntutaraino esan daitekeen gure albuma gertaera historikoetara lotuta dagoela, benetan gertatu zenari traizio egitea badu oinarri, hots, hasten bagara suposatuz naziek II. Mundu Gerra irabazi zutela, pentsa... Alde horretatik, Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren Ihes ederra bezain "komiki historikoa" litzateke gurea... Dena dela, horietatik guztietatik bereziki pozten nau gure lana Gartxotekin lotu izana, komiki horren kalitatea oso handia delako. Baina, tira, ez dakit kasualitatea den ala ez. Gurea zientzia fikziozko komiki bat da, ukronia bat, genero beltzaren eta fabula politikoaren ukituekin. Historia lehengaia da, baina ez helburua: nahi duguna egin dugu harekin, bihurritu eta apurtu dugu; zerbait, historialari bezala, ezin dezakedana egin nire jardun profesionalean, bide batez esanda.

Beste komikiren bat argitaratzeko grina piztu al dizu liburu honek?

Iban Zaldua. Bai, badauzkat, baina ez dakit noiz eta nola gauzatu ahal izango ditudan. Behin hasita, normala da, ezta? Grina hori... Ni oso komikizalea izan naiz betidanik, eta lubakiaren beste aldera pasatu izanak (gidoigintzara, nire kasuan) gogoa pizten du, zalantzarik gabe. Gainera, zirkulu bat itxi dela sentitzen dut, neurri batean: ni, istorioak asmatzen hasi nintzenean, txikitan, ez nintzen ipuinak idazten hasi, eta are gutxiago nobelak edo poemak, baizik eta komikiak. Bic boligrafo urdin eta gorriarekin marrazten nituen, eta sail nahiko luze bat gauzatzera iritsi nintzen, Superhombre izenburua zeramana: etorkizunean gertatzen zen eta, jakina, super-heroi bat zuen protagonista, tipo gihartsu bat zeina, trajea margotzen ez ibiltzearren, galtzontzilo soilez marrazten bainuen, txokolatina askorekin tripa aldean, badakizu... Superheroi sobietarra zen, eta espazioan aritzen zen borrokan, Sozialismo Errealaren alde, Estatu Batuetako ziborg errukigabeen aurka (ikus daitekeenez, etorkizunaren iragarle bezala ez neukan preziorik, orduan ere). Oso gaizki marrazten nituen, esan gabe doa, baina nire lehenengo "ipuinak" komiki kutre haiek izan ziren, nolabait esateko, eta, Julenen eskutik, hasierako une horietara itzuli izan banintz bezala sentitzen dut, batzuetan...

Unai Iturriaga, Durango 1936 elkarteko kide bat eta Alex Sanvi (Argazkia: Anboto).


Unai Iturriaga: "Nik, neurri batean, beti marraztu izan dut"

Bertsolari, idazle, gidoilari.... eta ilustratzaile. Liburu azalak ere egiten ditu. Zaharrak ez zuen hil nahi (Susa 2011) nobelako azalak, esate baterako, Unai Iturriagaren sinadura darama. Bere ametsa horixe litzateke: bere gidoiak bere marrazkiekin gorpuztea. Bien bitartean, oso pozik dago Alex Sanvirekin osatu duen bikote artistikoarekin. Udaberrik ankerrena liburuan aurkituko duzue poztasun horren arrazoia.

36ko gerraren inguruan egin diren lan askotan, idealizaziorako joera izan da maiz. Baina ez dago halakorik Udaberririk ankerrena liburuan.

Unai Iturriaga. Izenburuan dator, udaberri hori ankerra izan zelako benetan. Euskal Herria faxisten eskuetan jausteko geratzen zen azken zatia zen Bizkaia, eta orduan jausi zelako. Eta udaberri ankerrena izan zen, udaberri horren ostetik ez zelako udarik etorri, 40 urteko negua baino ez. Istorioa gordina dela esan didate batzuk, baina gerra baten istorioa da, ez?

Hau ez baita historia liburu bat, h gabeko istorio bat baizik, eta istorio batek eraman behar du aurrera komikia. Horretarako pertsonaiak behar dira. Imajinatzen dut errealitatea askoz konplexuagoa izango zela baina saiatu naiz hori ere agertzen. Historia gordina hor dago baina nik istorio bat kontatu nahi nuen, hori da niretzat garrantzitsua.

Mari eta Martin anai-arreben bitartez bideratu duzu trama. Mari, Martin, Eleuterio, Ana... Protagonista hauen gizatasunak ageriago uzten du gerraren krudeltasuna zenbaterainokoa izan daitekeen. Pertsonaiak osatzeko ere, dokumentazio lana egin al duzu?

Unai Iturriaga. Elgeta trikitilariaren aire bat bada Eleuterioren kasuan, baina gehiago da keinu bat beste ezer baino. Besteen kasuan ez, fikzio hutsa dira. Anari komikian gertatzen zaiona, ordea, ez da fikzioa. Zorionez, Gerediaga elkarteko Jon Irazabalen laguntza izan dut. Argitaratzeko duen liburu baten zirriborroa utzi zidan eta bonbardaketa osteko gertakari batzuk agertzen dira hor. Zehatz-mehatz ez bada ere, bortxaketaz eta horrelakoetaz hitz egiten da. Informazio hori guztia izan dut baina pertsonaiak fikzioa dira erabat.

Dokumentazio lan hori irudietara ere iritsi da. Komikiaren "Sortze-bidaia" izeneko atalean hala adierazten da (liburuaren amaieran, komikia nola osatu duten azaltzen da, era grafiko batean). Hala izan ohi da beti komikietan ala gai konkretu hau landu beharrak ezinbestean hori eskatzen zuen?

Unai Iturriaga. Asmoa ez zen komiki historiko bat egitea, baina lekutze bat egin nahi genuen. Momentu batzuetan horrek ematen dio fikziozko sinesgarritasun bat. Asmoa ez da sinesgarritasun dokumental bat ematea, baina fikziozko sinesgarritasun ukitu hori ematen dio eta horrek asko indartzen du kontakizuna. Gero Alex Sanvik lan handia egin du hori guztia irudietara ekartzen.

Ilustrazioetan ere bazabiltza. Liburu azal batzuk egin dituzu azken bolada honetan. Noizbait ikusiko al dugu Unai Iturriaga idazlea Unai Iturriaga marrazkilariarekin batera lanean?

Unai Iturriaga. Nire ametsa litzateke hori. Nik, neurri batean, beti marraztu izan dut. Baina Alex Sanvirekin lan egin eta gero, zure neurriaz jabetzen zara. Baina bai, bada nire ametsetako bat. Ez maila horretan, baina saiatuko naiz egunen batean, ausardia biltzen badut. Alex Sanvi, benetan, goi mailako marrazkilaria da.

PS. Guillermo Zubiagak orain gutxi "Joanes or the Basque whaler" komikia eman du argitara ingeleraz. Ondoko bideoan ematen ditu azalpenak.

Irudiak

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)