‘Atakak’ aurkeztuko dute gaur gazteleraz
Osteguna, 2013-04-25Iaz aurkeztutako hainbat liburu eman dituzte gazteleraz azkenaldian, haien artean Harkaitz Canoren Twist otsailean, Ramon Saizarbitoriaren Martutene aste honetan bertan, eta Hasier Larretxearen Atakak. Larretxeak gaur bertan aurkeztuko du Barreras Madrilen.

Enclave de Libros izeneko dendan aurkeztuko dute, 19:30ean. Hona hemen Hasier Larretxearekin izan digun solasaldi laburra:
Atakak liburuaren itzulpen zuzena da? moldaketa? berridazketa agian?
"Miguel Hernández" 35 urte azpiko gazteei zuzendutako Sari Nazionalean Atakak (Alberdania, 2011) liburuarekin finalista izendatu ninduten. Izendapen hori zela medio, poesia liburua gaztelaniara itzuli nuen. Halaber, itzulpena egina nuenez, gaztelaniazko poesia argitaletxeren batera igortzea otu zitzaidan, eta Joan de la Vega La Garúa argitaletxeko irrikarekin topo egin nuen, zorionez. Guztia oso azkar joan da, hilabete gutxi batzuetako prozesua izan da. Nahiz eta Atakak liburuaren itzulpena izan, zenbait moldaketa ttipi egin izan ditut gaztelaniazko egokitzapenarendako. Nik egin dut euskaratik gaztelaniazko itzulpena. Gero, Zuri Negrínek gaztelaniazko egokitzapenean zuzentzaile gisa laguntza handia eskaini dit.
Azken bala elebitan argitaratu zen, oraingo honetan lehenik euskaraz eta gero gazteleraz. Zein bide iruditu zaizu egun interesgarrien?
Literaturan, eta kontuan harturik zein egoera sozioekonomikoa ari garen bizitzen zaila dugu argitalpenak programatzea, edo gogoko genukeen modura egitea. Nire kasuan egia da aipatu lanak argitaletxeetara igorri nituela, baina nolabait era natural batean joan izan dira forma hartzen. Madrilen bizi izanak nire inguruan euskaraz irakurtzerik ez duten sarea osatzea ekarri dit, eta zenbait eskaeren ondotik jarri izan naiz nire lanak itzultzen. Beldur, aurreiritzi eta gisakoak galdu beharko genituzke, eta Espainiako Estatuan euskarazko poesiarekiko duten ezjakintasuna modu honetan dezakegu, nolabait. Oso gauza gutxi itzuli izan dira orain artio. Aukeratzerik izango banu, elebitan argitaratzea aberasgarriagoa iruditzen zait, gaztelaniazko itzulpena proposatuko balidate.
Madrilen bizi zara aspaldian. Nola bizi duzu itzulpenaren gaia, erdibitua duzu irakurlegoarekiko harremana?
Guztiz gainera. Zazpi urte dira hiri honetan bizi naizela. Orain artio euskaraz idatzi ei dut, orokorrean, nahiz eta era natural batean gaztelaniaz ere idatziak ditudan pare bat poesia liburu. Horietatik bat urte bukaeran emanen da argitara. Zuzenean gaztelaniaz argitaratuko didaten lehen liburua izanen da, eta libururik intimo, pertsonal eta hurbilena izanen da, familia eta landa eremuko haurtzaro horretan barna bidaia bat osatzen baitut zenbaitetan poema narratiboagoen bidez.
Azken urteetan gazteleraz eman dituzun lanak argitaletxe txiki samarrekin kaleratu dituzu. Nolakoa da argitaletxe txikien errealitate hori gazteleraren koordenatuetan?
Azken urteetan poesia argitara ematen duten zenbait argitaletxe eratu dira, eta horiek dira ahots berri eta gazteei atea irekitzen dizkietenak. Argitaletxe handiek sariren bat ez badago tartean ez dute orokorrean halako apusturik egiten. Gauzak horrela, badira hainbat argitaletxe txiki establezitutako kanon zehatz batetik kanpo diren Estatuko eta Latinoamerikako poetak argitaratzeko ikuspegi irmoa dutenak, zorionez, eta hor dago korronteen aniztasuna eta estetika berritzaileen presentzia.
Albiste honen uberan:
Elkarrizketa Hasier Larretxearekin 'Atakak' liburuaren harira
Hasier Larretxearen liburu gomendioa