Albisteak

"Euskaraz idatzitako liburuei buruz izanen da Nobela Beltzaren Astea"

Astelehena, 2014-11-10

Aurreko astean jaso genuen albistea. Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatuko da Baztanen. Urtarrilean izango da (egitaraua fintzen ari dira egunotan), baina dagoeneko aurreratu dute Astearen nondik norakoa: "mahainguruak, liburu aurkezpenak, ipuin-kontaketak, bertso tramak... eta abar ez dira faltako", Baztango Irakurle Taldeak hala eman du aditzera. Hitzen Uberan jakin dugunez, mahainguruetako batean Jon Alonso eta Itxaro Borda idazleek hartuko dute parte.

Euskal Nobela Beltzaren Asteak euskarazko obrei erreparatuko die, ezta?

Baztango Irakurle Taldea: Bai, ideia sortu zenean, garbi genuen euskal idazle eta euskaraz idatzitako nobelei buruz izanen zela. Euskal Nobela Beltzaren Astea soilik euskaraz izanen da beraz.

Gaur egungo literaturari erreparatuko zaio edota ikuspegi historiko batekin osatuko duzue egitaraua?

B. I. T.: Denetarik izango da. Astean zehar ekintza desberdinak izanen dira, geroa eta oraina lotzen dutenak: Mariano Izetarekin lotua egongo da bat, gaur egungo literaturarekin lotuta besteak.

Ilbeltzak 24 larunbaterako adibidez, Euskal Nobela Beltzaren mahai-ingurua izanen da. Baieztatzen ahal dizugu bertan Jon Alonso eta Itxaro Borda izango ditugula (hirugarren bat egonen da, baina lotzeke dugu).

Beraien planteamendua izango da Nobela Beltzaren ikuspuntu teoriko-historiko orokor batetik abiatzea (nobela ereduak munduan zehar, pertsonaien ezaugarriak...), eta euskal nobelaren berariazko ezaugarriez eta garapenaz solastea.

Erran bezala, laster izanen dugu dena lotuta eta zehaztasun guztiekin.

Partehartzaile izateko asmoarekin antolatu duzue. Ekitaldiak irekiak izango dira, beraz,  interesa agertzen duten ororentzat.

B. I. T.: Bai noski, jendeak ekintzetan parte hartzea dugu helburu. Horixe nahiko genuke dudarik gabe! Jendea guregana etorri eta kide beltzak elkarrekin gozatzea!


ilbeltza

EUSKAL NOBELA BELTZAREN ASTEA

Irakurle hori;

Baztanen gainerako euskal lurraldeetako letrazaleekin euskal nobela beltzari buruz gozatzeko topaketa egin nahi dugu. Bertze kulturetan hain hedatua dagoen eta sekulako onarpen soziala duen genero literario hori ardatz harturik, idazleen eta zaletuen elkargunea sortu nahiko genuke, gure letrei eta mintzoari hauspoa emanez. Hala,  hain emankorra den eta hainbertze jarraitzaile dituen nobela beltzari gurean ere toki berezia eskainiko genioke. Horretarako urtarrilaren hondarrerako aste osoko egitaraua prestatzen ari gara eta zuongan pentsaturik, bereziki interesgarria izan nahiko lukeen asteburua, zeinean mahai-inguruak, liburu aurkezpenak, ipuin-kontaketak, bazkaria, bertso tramak e.a. ez baitiren faltako. Halaber, asteburu pasa etorriko zaretenok jakin ezazue  Baztango landa-etxeekin eskaintza berezia eginen dugula.

Euskal nobela beltzaren topaketa urtarrilaren 20tik 25erako astean eginen dugu, eta gonbitea, bereziki, 23tik 25ko astebururako egiten dizuegu.

Urtarrila eta ilbeltza gauza bera baitira gurean, egun laburreko eta gau luzeko negu hotzean. Solasen berokian hazten da giza-irudimena, gaurgero historia diren kontu beltzak edo etortzeko diren istorio gorriak. Bailararen sakonean laino hertsia dago, argi mozketa izan da eta dena ilun dago...

Luze baino lehen egitarauarekin hurbilduko gatzaizue.

Laster arte. Besarkada bat,

Baztango irakurleen taldea

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)