"Edozein gerraren aurkako aldarrikapen ozena da '14' eleberria"
Jean Echenozen azken nobela ekarri du euskarara Gerardo MarkuletakAsteartea, 2014-06-10"120 orrialde nahikoa zaio lau gerra-urte inguratzeko. Areago, egileak sarritan atrebentzia izaten du, izuaren erdian, eutsi ezineko umorea erabiltzeko". Arnaud Lapointe kritikariak Le Magazine Littéraire aldizkarian esana. Ezin hobeto adierazi, ezin hobeto islatu Jean Echenozen azken nobela, 14 (Meettok). Gerardo Markuletaren irudiko, "Echenozek asmo berarekin idazten jarraitzen du: giza bizitzaren absurdua islatzen, izan gerra bat –gerra txikirik ez da–, izan artista, atleta edo jeinu baten bizitza".

Honakoan, Lehen Mundu Gerra du hizpide Jean Echenozek. Sintesi ahalmen handia du eleberrigile frantsesak, Gerra Handia –hasi eta buka–irudikatzeko duelako 100 orrialde eskasetan. Epikotasunetik urruti, gerren absurdua agerian uzten duen liburua dela esan daiteke, ezta?
Bai, zalantzarik gabe: gerraren, edozein gerraren aurkako aldarrikapen ozena da eleberria. Ustezko heroismoaren patetikotasuna agerian jartzeko ahalegina. Hori bai, Echenozen estiloan, zuzenean adierazi gabe, datuak emanez eta egoerak deskribatuz, umorea bitarte, irakurlea bere kasa ohartzeko egokieran jarriz.
Umorea, ironia edo sarkasmoa, ez dakit oso ondo nola definitu, baina hori bada nobela labur honen osagai nagusi bat. Absurdutasuna nabarmentzera datorrena. Musika banda ere frontearen lehen lerroan aritu zen lehian... Eta emaitza, ba, onena liburua irakurtzea.
Egia, Echenozen umore mota ez da erraz definitzen. Musika banda lehen lerroan jotzen hasi, eta gertatzen den triskantza, eszena gogoangarria da. Protagonista eskuineko besorik gabe itzuli, eta ezkerrarekin masturbatzen laster ikasi zuela aipatzea bezalaxe. Edo kartetan ezker esku hutsarekin ikasi, eta “Anthimek mantsoago jokatzen zuen, noski, hankagabeek edo hankabakarrek baino, baina gaseztatuek baino arinago, ez baitzuten eskura braillezko kartarik” esatea legez. Umore beltza oraingoan, ezinbestez, baina beti ere inteligentea eta dotorea.
Pertsonaia historiko banarekin egindako nobelak dira Ravel, Lasterka eta Tximistak, Echenozen aurreko nobelak. Honakoan pertsonaia historiko bati baino, garai historiko bati heldu dio. Aurreko trilogiaren ildoan kokatuko zenuke 14 edota beste bat da Echenozek egin nahi izan duen ahalegina?
Kritikak esan du, “bizitza berridatzien” esperimentu narratibo horren ostean, 14 honekin Echenozek bide berri bati ekin diola. Baina beharbada ez da hain bide bestelakoa. Trilogian pertsonaia historiko banarekin egindakoa, hemen gertakizun historiko batekin egiten du: eleberria ez da nobela beliko bat, gerraren aurkako aldarrikapen zorrotza bada ere. Echenozen meritu handienetako bat horixe baita: ez du etsitzen eleberri-generoaren konbentzioekin, beti koska bat estuago dihardu, generoari zuku gehiago ateratzeko asmotan.
Nire irudiko, Echenozek asmo berarekin idazten jarraitzen du: giza bizitzaren absurdua islatzen, izan gerra bat –gerra txikirik ez da–, izan artista, atleta edo jeinu baten bizitza. Literatur estrategia antzekoak erabiliz, buruargitasun bera erakusten du giza bizitzaren azterketa kupidagabea eginez, espanturik gabe, lazgarrienean ere irakurlea irribarre bat ezpainetan irakurtzera behartuz.
Ravel, Lasterka eta Tximistak bezalaxe, 14 ere Gerardo Markuletak itzuli du eta Meettok argitaletxearekin eman du argitara.