Barne iraultzen loraldia argitaratu du Amaia Lasak
Osteguna, 2017-01-19Hainbat urtez hainbat komunikabidetan argitaratutako artikulu eta zutabeak bildu ditu Amaia Lasak Barne iraultzen loraldia liburuan. Amagoia Mujika kazetariak lagundu dio bilketa-lanean eta Zortziko argitaletxearen eskutik kaleratu du lana. Irudia: Jon Urbe

Hainbat urtez, hainbat komunikabidetan idatzi ditu artikulu eta iritzi-zutabeak Amaia Lasa idazleak, besteak beste, Zeruko Argian, Eginen eta Euskaldunon Egunkarian. Orain, artikulu horietako asko bildu ditu, eta liburu-forman argitaratu, Barne iraultzen loraldia izeneko liburuan, Zortziko argitaletxearen eskutik.
Lasa poeta
Aurrez, poesia kaleratu du batez ere Lasak. 70eko hamarkadan argitaratu zituen bere lehen lanak: Poema bilduma (1971), Hitz nahastuak (1977) eta Nere paradisuetan (1979). 1988an, berriz, Malintxearen gerizpean narrazio-bilduma kaleratu zuen, Pamiela etxearen eskutik. 2010ean beste poema-liburu bat argitaratu zuen, Itsasoko izaki, Maiatz argitaletxearen eskutik. Horrez gainera, bere poemagintzaren bi antologia kaleratu dira: bata, 2000. urtean argitaratu zuen EHU/UPV unibertsitateak: Geroaren aurpegia. Bi eletan dago (euskaraz eta gaztelaniaz) eta Jose Luis Padronek eta Amaia Agirrek egin zituzten itzulpen-lanak. Lasaren poesiaren beste antologia, berriz, Susak argitaratu zuen urtebete beranduago, XX. mendeko poesia kaierak bildumaren barruan. Osorik irakur dezakezue hemen.
Lasa pentsalaria
Batez ere poesia-liburuak argitaratu arren, artikulugintzan ekin zion idazle-ibilbideari Lasak. Hain zuzen, Lasaren lanari buruzko saio bat eskaini zuten Josune Muñozek eta Lasak berak Literatura Eskolan 2013an eta hastapenetako artikuluen garrantzia azpimarratu zuen Muñozek (hemen irakurri dezakezue saio horri buruzko kronika). "Gazte naiz" zutabea izan zuen lehena, Zeruko Argian. Muñozen esanetan, gaur egungo terminologiaren arabera, testu hibridotzat joko genituzke bertan argitaratutakoak, lirikotasuna eta gai sozialak uztartzen baitituzte, hitz lauan. Lasarentzat ere izan ziren garrantzitsu artikulu horiek, betiere Literatura Eskolako saioan esandakoen arabera, izan ere, gogoko baitzuen poesiaren eta prosaren arteko mugak puskatzea, eta prosa poetiko bat sortzeko bidetzat hartzen baitzituen aldizkarietako lanok.
Liburuan bildutako lan horietan guztietan gai sozialak eta politikoak lantzen ditu Lasak, bai eta emakumeen zapalkuntzarekin eta borroka feministarekin lotutakoak. Iraultza egingo badugu, norbeere burua eta kontraesanak aztertzeko premia azpimarratu zuen Lasak BERRIA egunkarian.