Albisteak

Amélie Nothomben lanari begira

Ostirala, 2016-05-06

Urtero argitaratzen du eleberri bat idazle belgiarrak. Azkena, 2015ean: Le crime du Comte Neville [Neville kondearen krimena], Albin Michel argitaletxearen eskutik. Hainbat sari jaso ditu, eta haren bi lan dauzkagu euskaraz irakurgai. Xehetasun gehiag bildu ditugu erreportaje honetan. (Irudia: François Lo Presti/AFP)

1992an argitaratu zuen lehen liburua, Hygiéne de l'assassin [Hiltzailearen higienea], eta, orduz geroztik, urtero kaleratu du eleberri bat. Hogeita lau dira, honezkero. Egunero idazten du, goizeko lauretatik zortziretara, eta metodo horri esker lau eleberri amaitzen ditu urtean. Halere, bakarra ematen du beti argitara, beste hirurak intimoegiak ei direlakoan. Pertsonaia bilakatu da Nothomb honezkero mundu-mailan, hamaika hizkuntzara itzuli dituzte haren lanak.

Amélie Nothomb idazle belgiarrak ezagun du begirada umoretsua eta zorrotza, eta muturreko egoeretan jartzen ditu beti bere pertsonaiak. Idazten bizi aurretik, muturrean bizi izan zen autorea bera: anorexia izan zuen. Gai horren harira idatzi du liburu bat, Biographie de la faim [Gosearen biografia], eta, besteak beste, honakoak esan:

Edo atera edo betirako erori; ez zegoen beste biderik. Eta ni atera egin nintzen erabat. Orain, jan, eta plazera sentitzen dut. Nire ahizpari gehiago kostatu zitzaion; ez zen hain traumatikoa izan eta anorexia arin bat bizitza osoan eraman dezakezu, soilik apur bat jan...

Gaixotasunak asko irakatsi zidan. Ez dakit hura jasan gabe, gaur idazle izango nintzatekeen. Baina, horrela izanda ere, bestelako idazle eta pertsona bat izango nintzateke. Gauza asko ikasi nituen anorexiarekin.

Biografiaren misterioa

Amélie Nothomb 1966an jaio zen, Belgikan. Aristokraziako familia belgiar oso garrantzitsu baten alaba da. Hala ere, autoreak bestelako bertsioak zabaldu ditu bere jatorriari buruz, hain zuzen ere, Japonian jaio zela, Koben. Egia da, hala ere, Asiako hainbat herrialdetan bizi izan zirela, aitaren lanbideagatik. Unibertsitatean ikasteko itzuli zen Nothomb Belgikara, eta, gaur egun, bi hiritan bizi da: tarteka Parisen eta tarteka Bruselasen.

Hona hemen Amélie Nothomb, bere azken eleberria aurkezten:

Nothomb, euskaraz

Euskaraz, Amélie Nothomben bi eleberri irakur ditzakegu, eta Igela etxeak kaleratu ditu biak ere: Durduzaz eta dardaraz (2003) eta Katilinarenak (2006). Joxan Elosegi aritu da bietan itzultzaile-lanetan.

Durduzaz eta dardaraz

Hala deskribatzen dute Igela argitaletxekoek Nothomben lan ezagunenetako bat:

Munduko enpresarik handienetako bateko bulegari izan zenean bizi izan zuen amets gaiztoa kontatzen du nobela honetan Amélie Nothombek.

Mendebaldekoa eta emakumea izatearen desbantailak ederki ezagutzeko aukera izan zuen, nonbait, egileak Yumimoto enpresa japoniarrean: lan burugabeak, agindu txoroak, umiliazio negargarriak, eginbehar ernegagarri, itsusi edo eldarniozkoak.

 Durduzaz eta dardaraz agertu beharra omen zeukaten Japoniako Enperadorearen aurrera haren menpekoek, eta halaxe ibili behar izan zuen nobela honen egileak enpresa hartan.

Kutsu autobiografikoa sekula ukatu ez dion nobela honetan hartu zuen mendekua.

 Karlos del Olmok kritika idatzi zuen Berrian, eleberri honi buruz, gustatu baitzitzaion:

 Egileak Frantziako Akademiaren Saria eta internauten Internet Saria jaso izana ezin da adu hutsa izan. Ezin bestela jazo infernura jaisten denean ironia lagun, umorezko egilerik onenen ukitu marxista emendaturik. Sistemaren kritikatik ere badu. Eta kultur topeka deritzon herri kirol berria. Japonia eta Europa buruz buru. Europar emakumea eta japoniar emakumea. Ying eta yang, baina, zein da nor? Nor zein?Arrakasta gorabehera, Nothombek berak dioenez, ezer ez dakiela eta idatzi barik bizitzerik ez duela besterik ez dakien idazlea da bera. Umorezko nouveau roman? Rilkek harako poeta gazte hari idatzirikoak idazkuntzara erakarriko autodidakta Nietzsche zalearen ekarria dugu. Kritikak kritika, protagonistak dioenez, “leihoak izango diren bitartean, bere askatasun poxia izango du lurreko gizaki ttipienak”. Irakurle-san, sayonara!

 Mikel Garmendiak, aldiz, Garan:

 Halako drama goibel bat izateko arriskua du berez gaiak, baina Nothombek umorea tartekatzen du etengabe, ironiaz tratatzen ditu egoerarik latzenak. Gauzak neurriz kanpo aterako ditu, nahita, eta horrek egiten du erakargarri istorioa, protagonistarekiko halako identifikazio batera garamatza. Esajerazioak, hitz-jokoak, burutazioak, denetik dauka haren umoreak. Estilo zuzena darabil gainera, tarteka elkarrizketa ugarirekin. Esate baterako, Saito jaunak —enpresako buruetako batek— Tsutomeru izena jarri zion bere semeari, hau da, “lan egin”. Edota zuzenean aginduak ematen dizkion andre gazteak, zeinaren edertasuna miretsi eta izaera hotza arbuiatuko duen, Fubuki izena du, alegia, “elur-ekaitza”. Umore eta ironia fina, estilo zuzena eta elkarrizketen konbinazioak egiten du hain irakurgarri liburu hau, hasi eta bukatu arte segidan irakurtzen diren horietakoa.

Katilinarenak

Hala deskribatzen dute Igela argitaletxekoek Nothomben eleberria:

Bikote-bakardadea, hori zen Émile eta Juliette senar-emazteen ametsa. Basoaren barrenean etxe bat, bertan beren egunak bukatzeko, bata bestearen ondoan.

Auzo bat suertatu da, ordea, egoera perfektu hori hondatzeko: Palamède Bernardin. Hasieran bere burua aurkeztera agertu zen, gero arratsaldero etxean sartuko du bere muturra, lauretatik seiak arte. Ez du hitzik esango, edo ia. Eta eguneroko agerraldi kafkiano horiek egunean baino egunean itogarriago bihurtuko zaizkio bikote bakarzaleari.

Iratxe Retolazak, Berria egunkarian idatzitako kritikan, goretsi egin zuen Nothombek fikziozko mundu autonomoak sortzeko zeukan gaitasuna. Horrez gain, intrigazko eleberritzat jo zuen Katilinarenak, nahiz eta deskubritu beharrekoa gertakari bat, baizik eta pertsonaia misteriotsu bat. Halaxe dio:

Emile Hanzel senarraren ahotan harilkatzen da istorio miresgarri hau, narratzaileari berari ere ulertezin zaiona, nobelaren hasieran adierazi bezala. Honako hau kontatzen du Emile Hanzel irakasle aguretuak: urte luzetan latin eta greko irakasle ibili ondoren, erretiroa hartu du bere emaztearekin, eta mendialdean etxea hartu dute, ordura arte ezinezkoa izan zaien lasaitasuna eta bakea izateko asmoz. Baina, etxe eta paisaia baketsu hura berehala bilakatuko zaie itogarri senar-emazteei. Mendi giro baketsu hartan duten auzoko bakarrak, Bernardin mediku jaunak, itogarri egingo die egunerokoa. Izan ere, auzokoak egunero-egunero hutsik egin gabe egingo dio bisita bikote etorri berriari, eta ia hitzik esan gabe igaroko ditu bi orduko egunero-eguneroko egonaldi horiek. Hasiera batean bitxi egiten zaio jarrera hori Hanzel jaunari, baina, pixkana-pixkana auzokoarekiko sentimenduak eta jarrerak nahaspilatu egingo dira: bitxitasunak gupidari egingo dio bide; gupidak nazkari, eta nazkak enpatiari; eta abar. Nolanahi ere, Hanzel jaunak batez ere ezezagunaren eta ulertu ezin duen jarreren aurrean beldurra izango du, eta ez da gai izango egoera horiei aurre egiteko. Gainera, senar-emazteek ez dute jakingo hiritik kanpo auzokoen artean nolako harreman-sareak osatu behar diren, gizalegez nola jokatu behar den. Honela, hiriko egunerokotasunera ohituriko Hanzel jaunak bere burua egoera berri batean ikustean, bere burua ezezagun zaiola ohartuko da, bere jarrerak ezezagun zaizkiola. Hori dela eta, hasiera batean misterioa auzoko ezezagunaren inguruan harilkatuko bada ere, istorioak aurrera egin ahala, misterio kutsu hori pertsonaiarik pertsonaia egingo du jauzi, azken unean, narratzailea den Hanzel jauna bera bihurtuz misterio nagusi. Hanzel jauna, grisik ezagutzen ez duen pertsona da, eta horregatik, auzokoarekin duen harremanaren bilakaeran mutur batetik bestera ibiliko da, erdibideko bideari sekula aukerarik eman gabe, erdibideko arrazoibide eta sentimenduei zirrikiturik utzi gabe. Narratzaileak maisuki asmatu du irakurlea pertsonaia misteriotsu batetik bestera jauzika ibilaraztea, eta narratzaileak maisuki asmatu du bere buruaren erretratua egiten, Hanzel jaun misteriotsuaren erretratua egiten, alegia.

Tutuen metafisika

Euskaraz osorik argitaratu ez bada ere, Garazi Arrulak Tutuen metafisika eleberriaren puska bat euskaratu zuen Elearazi itzulpen-blogean. Hemen irakurri dezakezue. Hona, hala ere, amu txiki bat:

 Bizidunen begiek ondasunik txundigarriena dute: begirada. Ez dago hori bezalakorik. Izakien belarriei buruz ez dugu esaten “entzunkada” bat dutela, ezta sudurrei buruz “usainkada” edo “arnaskada” bat ere.

 Zer da begirada? Ezin da azaldu. Hitz bakar batek ere ezin du haren muin berezira hurbildu. Eta, hala ere, begirada existitu egiten da. Are, errealitate gutxi existitzen dira hura bezala.

 Zer alde dago begirada bat duten begien eta halakorik ez duten begien artean? Alde horrek badu izen bat: bizitza. Bizitza hasten da begirada hasten den tokian.

 Jainkoak ez zuen begiradarik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)