Albisteak

Abian da Etxepare saria

Osteguna, 2021-01-14

Abian da Etxepare Saria, haurrei zuzenduriko album ilustratuak saritzen dituen lehiaketa. Nafarroako hainbat udalek antolatzen dute, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin. Lanak maiatzaren 7ra bitarte aurkez daitezke, eta albiste honetan bildu ditugu lehiaketaren oinarriak.

Hona hemen Etxepare sariaren oinarriak:

- Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara. Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak.

- Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.

- Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean. Egileek nahi beste lan aurkez ditzakete.

- Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte (bakarrik kontuan hartuko dira barneko orrialdeak). Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).

- Sari hau azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.

- Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Maketa pdf formatuan bidali beharko dute, lan osoa fitxategi bakarrean, info@etxeparesaria.eus helbidera (aholkatzen da fitxategiak ez izatea 10 mega baino gehiago). Horretaz gain, lanaren azken bertsio inprimatuta bidali ahal izanen dute posta arrunt bidez. Ez da maketa koadernatu beharrik, nahikoa da maketa modu xume batez jostearekin (grapekin, uztaiekin, espiralarekin etab.). Albumaren testua ere aurkeztu beharko dute, Word formatuan (posta arrunt bidez bidaliz gero, pendrive batean sartu beharko da). Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete posta arrunt bidez epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten.

- Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo dira. Lanak posta arrunt bidez bidaliz gero, lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango dituena eta barruan egilea edo egileen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edota pasaportearen fotokopia eta egilearen aipamen bio-bibliografikoa. Lanak e-posta bidez bidaltzen dituztenek egilearen /egileen datuak aparteko pdf batean bidali beharko dituzte info@etxeparesaria.eus helbidera.

- Lanak posta arrunt bidez bidaliz gero, helbide honetara bidaliko dira: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa).

- Originalak aurkezteko epea 2021eko maiatzaren 7an, ostiralean, itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2021eko ekainaren 30a izanen da.

- Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Udal eta mankomunitate antolatzaileetako teknikari batek idazkari lanak eginen ditu (hitza izanen du, baina ez botorik). Pamielak izendatutako pertsonak egon daitezke epaimahaiak egiten dituen bilkuretan (hitza izanen dute, baina ez botorik). Ez da saririk emanen epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

- Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.

- Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.

- Saria eman eta hilabeteko epean originalak itzuliko zaizkio eskatzen dituenari. Epe hori igarota, eskatzen ez diren lanak suntsitu egingo dira. Denbora tarte horretan argitaletxeren batek aurkeztutako lanak ikusi nahi baditu, baimena eskatu beharko zaio aldez aurretik egileari.

- Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzaren bat agertzen bada, epaimahaiak argituko du eta hark egiten ez badu udal eta mankomunitate antolatzaileek erabakiko dute. Sari honetan parte hartzeak oinarri hauek ezagutzea eta onartzea dakar.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)