Albisteak

Abian da Tene Mujika beka

Asteazkena, 2019-10-16

Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak Tene Mujika beka antolatu dute, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza hauspotzeko eta euskal literatura zabaltzeko asmoz. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu, eta abenduaren 9ra arte aurkez daitezke proiektuak. Albiste honetan bildu ditugu aurtengo deialdiaren oinarriak eta aurreko urteetako irabazleei buruzko xehetasunak.

Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak Tene Mujika beka antolatu dute, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza hauspotzeko eta euskal literatura zabaltzeko asmoz. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu, eta abenduaren 9ra arte aurkez daitezke proiektuak.


Oinarriak

1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:

a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.

b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…

c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.

4. Proiektuak, 2019ko abenduaren 9 arte bidal litezke helbide honetara:  artxiboa@deba.eus

5. Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak  osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2020ko urtarrila amaitu baino lehen.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Bekako diru-kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

9. Dirulaguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabakiko dute.


 

 Aurreko urteetako irabazleak: Gantzarain, Minera eta Aizpurua

Azken urteetan, besteak beste, Xabier Gantzarainek, Kattalin Minerrek eta Eneko Aizpuruak eskuratu zuten beka. Gantzarainek, hainbat artelanen bidez aztertu zuen euskal historia, eta Zuloa izeneko saioa argitaratu zuen iaz. Danele Sarriugartek elkarrizketatu zuen gure atarian. Minerrek, berriz, Aimar Elosegiren kasutik abiatuta kaleratu du, aurten bertan, Moio: gordetzea ezinezkoa zen liburua. Transexuala zen Elosegi, eta bere buruaz beste egin zuen 2007an. Maialen Akizu kolaboratzaileak elkarrizketatu du Miner gurean.

Aizpuruaren lanak datorren udaberrian ikusiko du argia. Bidasoa ibaiaren hondoan sedimentuak balira bezala metatu diren historiak azaleratuko ditu. 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)