Albisteak

ADEL 21 topaketak egingo dituzte Aulestian hilaren 20tik 25era

Asteartea, 2021-09-14

Urtero bezala, Artedrama Euskal Laborategia antolatu dute Aulestian (Bizkaia). Antzerki-ikastaroak eskaintzeaz gainera, antzerki-emanaldiak izango dira egunero. Irudia: Atzerrian lurra garratz antzezlaneko eszena bat.

 

Irailaren 20tik 25era bitarte, Aulestian, antzerkiz beteko dira kaleak eta txokoak. Artedrama Euskal Laborategia antolatu dute; ikastaroak izango dira goizean, eta iluntzean, berriz, emanaldiak egingo dituzte.

Emanaldi guztiak frontoian izango dira; sarrerak, ordea, Aulestiako udaletxean edo 94 627 90 06 telefonora deituta erreserbatu ahal izango dira, irailaren 17ra arte, 09:00etatik 14:00etara. Izen-abizenak eta kontaktatzeko bide bat (telefonoa, emaila...) eman beharko dira hartzen den sarrera bakoitzeko.

Astelehenetik ostegunera bitarteko emanaldiak doakoak dira, ostiralekoa eta larunbatekoa, berriz, 5 euro truk.

Hona hemen egitaraua:


Astelehena, 20, 21:00

AMUA (Axut!)

Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?


 

Asteartea, 21, 21:00

ANTIGONE (Horman Poster)

Kuriosoa, oso kuriosoa gertatzen da moldaezina izanda 2.500 urtetan garai guztietara gehien moldatu den obra dela jakitea. Antigone omen dugu antzerkiaren historian gehien taularatu den antzezlana, baina gure herri txiki honi eragin gutxi egin diola dirudi. Ez da sekula inoiz euskaraz taularatu izan. Gu ere moldaezinak izango ote gara?Horrelako prologo baten bitartez, Anouilh-ek, Antigone hiltzera zihoan emakume bat bezala aurkezten zuen bere bertsioan. Zambranok, aldiz, profezia hitzarekin lotzen du Antigonaren presentzia. Gaur egun Zizek-ek, belardi trinkoaren erdian, bakarrik agertzen den arroka mehe eta harro bat gixa irudikatzen du. Brecht eta Sofoklesek, zuzenean ez dute prologorik idazten. Guk, beste batzuen hitzak bilduta, prologo arraro hau egin dugu.Dena esanda dagoela onartu, eta agian esanda eta idatzita dauden gauzak berriro entzun behar direlakoaren apologia eginez. Bestela, zertatarako obra klasiko batetik abiatu?


 

Asteazkena, 22, 21:00

LURRUN MINEZ (Mauma kolektiboa)

Hiru marikaren arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da Lurrun minez. Hiruki arrosa. Daviden Erreinua izeneko gizonezkoen sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Ustez anonimatuan gertatzen den sexu trukerako espazioa izango da hirurentzako elkargunea.Alexek, 30 urte ingurukoak, bertan lan egiten du. Bere buruari Mari Matraka Erregina deitzen dio. Oskarrek 44 urte inguru dituen institutuko irakaslea da, saunako ohiko bisitaria da. Jesusek 19 urte ditu eta lehengoz joango da gay sauna batera.Gabon gauean itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bere kabuz irekitzea erabaki du, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Beste pertsonaiak iritsi ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izango den lokarria sortu arte.


 

Osteguna, 23, 21:00

ILUNTZEN (Mairu)

Ibai baten ertzean dagoen herri batean bizi dira Erramun Joakin, Mari Pili eta Shepherd Jauna. Beraiekin dago Cristobal ere, ibaia gurutzatu nahi duen jendea laguntzeko prest dagoen erraldoia. Kezkaturik daude herria husten ari delako; jendez gutxitzen... Garai batean aberatsa izandako lekua, iluntzen ari da. Iluntasuna nagusitzen ari da. Ez da ontzirik gerturatzen aspaldian. Ez dute bisitaririk jasotzen. Eta Enara, argia ematen dien gaztea ere, kanpora joatekoa dela jakitean, etsipena eta kezka nagusitzen dira. Nola eragotzi herria itzaltzea? Nola biziraun?“Azkarregi doanarentzat geldirik dagoena desagertzen da; desegin.”Zaharkitzen dira herriak. Gazteek ihes egiten diote, halabeharrez, zerbait hobearen bila, edo ez dutelako bertan beraien lekurik aurkitzen. Garai batean aberatsa izandakoak, aberastasunak zabaldutakoa, kanpotik aberatsak ere erakarritakoak, isolaturik gelditzen ari dira; bizirauteko ia esperantzarik gabe. Bazterreko jendeari mugak itxi nahian ibiltzen gara, eta mugatuak bilakatu gara gu ere. Abiada bizian mugitzen den mundu honetan, bazterrean gelditzen dira lekuak; bazterrean gelditzen da jendea.


 

Ostirala, 24, 22:00

PORNO vs AFRODITA (Benetan Be Teatroa)

“Porno vs Afrodita (edo I love gorkaurbizu)” ikusle gazte eta ez horren gazte, heldu eta oraindik heltzear daudenentzat sortu dugu. Hainbat zalantza, grina, ezintasun, aseezintasun eta beste horrenbeste ergelkeria sexual eta afektiboez elkarrekin barre egiteko. Dena zuzeneko musikaz blai.Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute.Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean.Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi super cool, eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun gizaki gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.


 

Larunbata, 25, 22:00

ATZERRIAN LURRA GARRATZ (Huts Teatroa + Artedrama)

Aurora Mora bere instalazio artistikoari azken ikutuak ematen ari da, bere bizitza betirako aldatuko duen deia jasotzen duenean.Posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea?Posible, familia eta aberriaren zama gainean dugula, hegaldi propioari ekitea? Eta, gau batean, gure bizitzaren norabidea erabaki beharko bagenu? Esaera zaharrak dioen bezala:“Atzerrian lurra garratz, hońa ibini egik baratz”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)