Albisteak

Agirre, Alberdi, Garde, Garzes eta Lizarralde: 111 Akademiaren Sarirako hautagai

Ostirala, 2021-03-19

Martxan da, aurten ere, 111 Akademiaren Saria esleitzeko prozesua. Aste honetan iragarri dituzte 2020ko uztari dagozkion bost finalistak: Aireportuko musika (Luis Garde; Pamiela); Argiantza (Pello Lizarralde; Erein); Dendaostekoak (Uxue Alberdi; Susa); Mendiko gaitza (Idoia Garzes; Elkar) eta Nobela errealista bat (Joxean Agirre; Elkar). Lan horiei buruzko xehetasunak bildu ditugu albiste honetan.

 

Urtero bezala, 111 Akademiaren Saria emango du izen bereko erakundeak; Euskal Literaturzaleen Akademia da, eta era askotako edukiak eskaintzen dituzte beren webgunean: elkarrizketak, albisteak, irakurleen iritziak… Hain zuzen ere, irakurleen eta akademiakideen urteko liburu gogokoena hautatzen dute sari honen bidez. Horretarako, zenbait bozketa-txanda izaten dira; urtarrilaren erditik otsailaren 26ra bitartean, 92 akademiakideren botoak aintzat hartuta, bost liburuk jaso dituzte boto gehien: Aireportuko musika (Luis Garde; Pamiela); Argiantza (Pello Lizarralde; Erein); Dendaostekoak (Uxue Alberdi; Susa); Mendiko gaitza (Idoia Garzes; Elkar) eta Nobela errealista bat (Joxean Agirre; Elkar).

Bigarren txandan, bost liburu horien arteko bakarra hautatu beharko dute akademiakideek, martxoaren 26a baino lehen. Antolatzaileek adierazi dutenez, «bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2020ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke».

Jarraian bildu ditugu bost liburuei buruzko xehetasun batzuk:


Aireportuko musika

Uztailaren amaieran aurkeztu zuen Luis Gardek bere bigarren nobela: Aireportuko musika, Pamiela etxearen eskutik. Aurrenekoarekin –Ehiztariaren isilaldia–, Euskadi Saria eskuratu zuen. Orduko hartan, iraganari heldu zion; oraingoan, ordea, etorkizunean kokatu nahi izan du istorioa, etorkizun hurbilean. Gardek gogoa zuen «gure gizartea aurreratuxeago ikusteko edo aztertzeko». Idazlearen esanetan, gatazka politikoaren gaia jorratzen duten autoreei beti leporatzen zaie atzera begiratzen dutela, baina, berari «literaturan aztertzeko duina» iruditzen zaio biolentzia politikoaren gaia, eta horixe jorratu nahi zuen, «etorkizun hurbilari begira».

2029an, urte horretan kokatu ditu Gardek bere pertsonaiak. Narratzailea Frantziako hiri batean bizi da, erbestean. Bizimodu bakartia darama; halako batean, ordea, ohar anonimo bati segika, hitzordu batera joango da Cahorsera, eta dokumentu-sorta bat jasoko du. Dokumentu-sorta horretan biltzen dira Leyre Olcoz nafar politikari erregionalista eta eskuindarraren bahiketari buruzkoak. EHAS erakunde armatu berriak bahitu zuen Olcoz bi urte lehenago. Bahitzaileek baimena eman zioten Olcozi gutunak bidaltzeko, eta hark emazteari eta beste politikari batzuei idatziko die. Gutunez berez gainera, narratzaileak politikarien arteko elkarrizketen transkripzioak eta prentsa-ebakinak ere jasoko ditu, izan ere, hedabideek eta sareek toki garrantzitsua baitute nobelan, kasuaren eraikuntzan eta hari buruzko ikuspegian.

Hemen irakur dezakezue 111 Akademiako irakurle baten iritzia, liburuari buruzkoa.


Argiantza

Bere ibilbideko seigarren eleberria kaleratu zuen iaz Pello Lizarraldek: Argiantza. Erein etxearen eskutik eman zuen, eta, Iñaki Aldekoa editoreak azpimarratu zuenez, idazleak «mundu oso bat biltzeko gaitasuna» erakutsi du, beste behin ere.

Liburuaren protagonistak Ramon Beitia du izena, eta harreman estua du zinemagintzarekin, nahiz eta ez den zalea: zinema bateko gerentea da. Protagonista galduta dago. Lizarralderen arabera, hain zuzen, galdu aditzak markatzen du eleberri hau: «Sei egun irauten duen bidaia bat egin beharrean dagoen gizon bat dabil galduta, gainbehera datorren mundu bat begien parean duela, eta sinetsi ezinik, ulertu ezinik begiratzen du galtzen ari den guztia. Latza da inguratzen zaituen munduaren agonia ikustea eta datorren horretan zure arrastorik geratuko ote den ez jakitea».

Eneko Barberena kolaboratzaileak Lizarralde elkarrizketatu zuen gure atarian, nobelaren harira; hemen irakur dezakezue emaitza: Argiantzan oso zaila da zer datorkigun ikustea.


Dendaostekoak

Dendaostekoak izeneko liburua argitaratu zuen irailean Uxue Alberdik, Susa argitaletxearen eskutik. Denda baten «kronika literarioa» osatu du, hain zuzen ere, Alberdik. Denda konkretu bat da: Pitxintxu, Elgoibarreko San Frantzisko kalean kokatua. Bi ahizpa dira bertako nagusi eta langileak: Izaskun eta Mari Jose Estibaritz. 1978. urtean zabaldu zuten, «askatasuna praktikatzeko», Alberdiren esanetan, eta era askotako gauzak saltzen dituzte bertan: liburuak, diskoak, idazteko materiala, opariak, pitxiak… Gainera, dendaostean, joste- eta brodatze-lanak ere egiten dituzte.

Leire Ziluaga editorearen arabera, denda jakin bat izan arren, «beste denda asko»ren itzala nabaritzen da liburuko orrialdeetan. Gainera, «herrian gertatzen dena, dendan sartzen» baita, liburuak aipagai du garai bat, eta «ez bakarrik tiroak». Manifestazioak, heroinaren zabalpena, ikastolen publifikazioa, abortua… hamaika gai agertzen dira liburuan.

Hemen irakur dezakezue Alberdiri liburuaren harira egin genion elkarrizketa: Dendaostean, gauzak perfektu egitea baino garrantzitsuagoa da gauzak egitea.


Mendiko gaitza

Agustin Zubikarai bekari esker kaleratu du Mendiko gaitza eleberria Idoia Garzesek. Nobela beltz atipiko bat da, egilearen beraren esanetan: «krimena argitzeko beharra, errealismoa, eta idazkera eta elkarrizketa zuzen eta biziak» agertzen diren arren, «ez da oso kanonikoa, hasteko protagonista emakumea delako eta nahiko berezia gainera».

Hain zuzen ere, Arlet Anaut deitzen da Garzesen proiektuko pertsonaia nagusia: «Punky bat [da], destroier bat, haize kontra doana beti. Mendizale porrokatua. Buruargia, ironikoa eta intuizio handikoa. Baina akaso hasi beharko nuke esaten Asperger sindromea duela. Hau da, giza elkarrekintzarako eta komunikaziorako “zailtasunak” dituela (…) Gainera autoritatearekiko alergia patologikoa du».

Garzesen liburuak iritzi positiboak jaso ditu 111 Akademiaren webgunean, hemen irakurri ditzakezue.


Nobela errealista bat

Zarautzen, Argiñanoko terrazan jarri eta itsasora begiratuz gero ikusten den parajea, horixe erakusten du Joxean Agirreren Nobela errealista bat liburuaren azalak, eta toki horrexetan garatzen dira liburuko hainbat eszena.

Eleberri ugari argitaratutakoa da Agirre; oraingo honetan, ordea, bere ohiko ezaugarri literarioez gainera, berritasun batzuk ere ekarri ditu. Lehena, errealismoa, nobelaren izenburuak berak dakarren moduan. Izan ere, liburuko protagonistetako batek, Agirrezabala idazle zarauztarrak –zeina autorearen trasunto bat omen baita, Agirrek berak esan zuenez–, behingoz nobela errealista bat idazteko enkargua jaso du. Esan eta egin, Mikel Lejarza El Lobo poliziari buruzko nobela bat idatziko du Agirrezabalak, baina testua bukatu eta berehala, hil egingo da, modu misteriotsuan.

Horren ondoren, nobelak oihartzun eta ondorio handiak ekarriko dituela pentsatzen dutenez, argitaletxeak eleberria ixteko eta Agirrezabalaren heriotzari buruzkoak argitzeko eskatuko dio Loiuko taxilari bati –bi gizonen arteko lotura, emakume bat: taxilariaren emaztea, izan ere, Agirrezabalaren maitalea baitzen–. Taxilariak enkargua onartuko du, eta argitaletxeko langile baten laguntzarekin –Leire–, kasua ikertzeari ekingo diote.

Hemen irakur ditzakezue nobelak jaso dituek iruzkinak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)