Alsina, joan-etorrian
Osteguna, 2016-10-06Alsina izeneko eleberria argitaratu du Xabier Mendiguren Elizegik Elkar etxearen eskutik. Atzo aurkeztu zuten lana, Donostian. Nobelan bi garai lotzen eta korapilatzen dira: 1980eko hamarkadaren amaieran, AEBetatik sorterrira dator emakume bat. 40 urte lehenago, haren gurasoek egin zuten alderantzizko bidea, Euskal Herritik Amerikarakoa hartuta. Hemen irakur dezakezue liburuaren aurrerapena.

Bi garairen lilurapean
Bi garaik idazlearengan sortutako lilularen fruitua da Xabier Mendigurenen azken eleberria: Alsina. Batetik, Espainiako Gerra Zibila amaitu eta Francoren diktadura abiatu zeneko garaia, 40eko hamarkada; bestetik, 80eko hamarkada, sasoi gorabeheratsua izan baitzen Euskal Herrian.
1941: Idazle askok paratu dute beltza zurian Gerra Zibilaren osteko lehen hamarkadaz eta Mendigurenen "gertakari" zehatz bati erreparatu dio, Alsina itsasontziari. 1941ean abiatu zen ontzi hura Frantziako kostatik, diktaduratik ihes egin nahi zuten jendez beteta. Besteak beste, Nestor Basterretxea artista eta Telesforo Monzon idazle eta politikaria zihoazen ontzi horretan. Mendigurenen arabera "oso giro berezia zegoen ontzian, eta iruditzen zitzaidan bazeukala nobela bat idazteko nahiko mami". Beste zenbaitek ere idatzi ditu itsasontziaz, tartean Arantzazu Amezagak, Bingen Amezaga idazlearen alabak, haiek ere bidaiatu baitziren Alsinan.
1981: Deia egunkariko Ortzadar gehigarrian argitaratutako artikulu baten pasarte bat irakurri du Mendigurenek, eta horren bidez azaldu zergatik sortzen dioten halako zirrara urte horretako gertakariek.
Gauza jakina da nerabezaroan egindako deskubrimenduak barrurago sartzen zaizkigula beste edozein baino; horregatik iruditzen zaizkigu liluragarriago gure gazte garaiko musika, pelikulak, kirolariak edo zinema-izarrak. Lege ia unibertsal horri ezin ihes egin, eta, data berezi bat hautatzeko eskatu didatenean, berehala etorri zait bat gogora: 1981eko otsaila.
Zer gertatu zen ba hilabete horretan? Zer ez!?, esan beharko. Inongo hemerotekatan begiratu gabe, oroimen ariketa hutsez, Euskal Herriko historia goitik behera astinduko zuen gertakari-sorta bat topatzen dugu, zorabiozko segida batean:
Hilaren hasieran Juan Carlos Borboikoa etorri zen Euskal Herrira, EAEko autonomia onartu ondorengo lehen bisitaldian, eta Gernikako juntetxeko ekitaldi solemnean Eusko Gudariak kantatuz hartu zuten Herri Batasuneko hautetsiek.
Egun horiexetan, ETA militarrak, Lemoizen eraikitzen ari ziren zentral nuklearraren kontrako kanpainan, bertako ingeniari-buru Jose Maria Ryan bahitu, eta ultimatuma eman zuen, egun gutxian zentrala eraisten ez bazuten hil egingo zutela. Manifestazio handiak izan ziren, baina ETA-k bere hitza (edo mehatxua) bete zuen. Protestazko greba orokor bat izan zen, eta Iberduerok aurrera jarraituko zuela agindu arren, handik gutxira (beste ekintza odoltsu batzuen ondoren), bertan behera geratu zen betiko proiektu nuklearra.
Bitarte horretan, Madrilen atxilotu zuten ETAm-ren komando bat, eta, lege antiterroristaren babespean hamar egunez DGS-n torturatu ondoren, “pneumoniaz” hil zen Joxe Arregi. Gorpu txikituaren argazkiak zabaldu ziren (Zizurkilgo hilerrian eginak, berriki jakin dugunez), eta bigarren greba orokorra izan zen astebetean.
Handik egun gutxira, otsailaren 23an, estatu-kolpe saiakera bat izan zen, aski ezaguna denez beste xehetasunik eman gabe utziko dudana.
Eta hilabete labur hura amaitzeko, ETA politiko-militarrak su-eten bat eman zuen, erakundearen behin betiko desagertzearen atariko izango zena.
Hiru hari, elkarri lotuta
Bi sasoi horiek lotzeko, hiru hari erabili ditu Mendigurenek. Batetik, Alsina izeneko emakumea daukagu. 40 urteren bueltan dabil, noraez existentzialean. Guraso biak hil zaizkio: aita, aspaldi, eta ama, berriz, berriki. Gurasoen sorterrira itzuliko da, AEBetatik Euskal Herrira, bere sustraiak ezagutu nahian. Amari eta amaren gurasoei buruzkoak ezagutuko ditugu hari honi tiraka, batez ere. Bestetik, alderantzizko bidea egin zutenen haria dago, Alsinaren gurasoena. Elorrioko familia honek Iparraldera egin zuen ihes tropa frankistak Bilbora sartu eta berehala. Deserriko Eusko Jaurlaritzan egiten zuen lan aitak. Azkenik, denboran gugandik gertuago dauden bi pertsonaiaren arteko solasaldia daukagu. Ez dakigu nor diren A ala B, baina mahai baten bueltan daude bazkaritan, jatetxe dotore batean, eta galdera batetik abiatuta ekiten diote solasari:
A: Noiz izorratu zen hau den?
B: Izorratu zer?
A: Hau dena. Gure... zera.
Hala, elkarrizketa horren bidez, errepasoa egiten zaio 1981z geroztik Euskal Herrian gertatutakoei.
Eleberri baten bide korapilatsua
Aspaldi idatzi zuen Mendigurenek eleberri honen lehen zirriborroa, orain 19 urte hain zuzen. Eleberriaren ia muin osoa idatzi zuen garai hartan, baina gustura geratu ez, harietako bat asko garatu baitzuen (Alsina itsasontziari buruzkoa), eta 1981koa, berriz, herren geratu zen, alderaketan. Hainbat urte pasata, 2009 inguruan, eleberriari buelta batzuk ematea erabaki zuen Mendigurenek, eta, halaxe, solasaldiaren haria txertatu zuen. Ezer baino gehiago, "lasai" geratu da Mendiguren eleberria kaleratu ostean. "Normalean ipuinak idazten ditut, eta ez banaiz gustura geratzen erraz baztertzen ditut; baina eleberri hau ezin nuen baztertu ez burutik kendu. Gustura ez dakit, baina lasai geratu naiz. Orain irakurleek esan behar dute zer iruditzen zaien".