Albisteak

Ana Urkizaren eta J. M. Olaizola «Txiliku»ren liburu berriak

Osteguna, 2021-03-25

Liburu bana argitaratu dute Ana Urkizak eta J.M Olaizola «Txiliku»k: Garen hori eta Zeruak eta infernuak, hurrenez hurren. Elkarren eskutik eman dituzte, eta albiste honetan bildu ditugu bien lanei buruzko xehetasun zenbait.

 

Liburu bana argitaratu dute Ana Urkizak eta J.M. Olaizola «Txiliku»k: Garen hori eta Zeruak eta infernuak, hurrenez hurren. Jarraian dituzue biei buruzko xehetasun zenbait.


 

Euskal nortasuna zedarritzeko ariketa

Garen hori izeneko liburua argitaratu du Ana Urkizak, euskal nortasunari buruzko hainbat gogoeta biltzen dituena. Izan ere, euskal balioak zeintzuk diren galderari erantzun «nahiak edo balizko erantzunera ahalik eta gehien hurbildu nahi izateak» bultzatu du autorea honako liburu hau egitera, Urkizak berak hitzaurrean dioenez.

Jende askorengana jo du xede horretarako. Liburuaren lehen zatian, «arte edertzat kontsideratuta dauden diziplina bakoitzeko euskal artista bana» elkarrizketatu du. Hauek dira: Irati Jimenez (literatura), Carmelo Ortiz de Elguea (pintura), Jon Maya Sein (dantza), Xabier Barrutieta (arkitektura), Dora Salazar (eskultura), Jon Garaño (zinema), Juan Carlos Perez (musika) eta Xabier Paya (bertsolaritza.

Liburuaren bigarren zatian, berriz, jakinik-eta badirela beste alor asko eta asko […] herri honen irudia eraikitzen dutenak, eta euskal izanaren eta kulturaren komunikazioan edo transmisioan lan egiten dutenak egunero», beste zortzi lagunen hausnarketak bildu ditu, kontrastea erakutsi nahian. Hauek dira: Josu Bergara (publizitatea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritza), Olatz Legarda (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (moda), Elena Arzak (sukaldaritza) eta Iñigo Ucin (enpresa).


 

Giza zeruak eta infernuak

Zeruak eta infernuak, giza jendearen «ametsak» eta «beldurrak», bildu ditu J.M. Olaizola «Txiliku» idazleak bere liburu berrian. Argitaletxearen esanetan, «bidaia» proposatzen du zarauztarrak, 45 piezaz osaturiko bilduma honetan, eta aipagai hartzen ditu «Grezia eta Erromako mitologiak, Txinako poemak eta Arabiako lurrinak, animalia misteriotsuak zein landare bitxiak, liburu zaharren orri artetik erreskataturiko pasadizo xelebreak eta kondaira gogoangarriak, garai bateko ohitura galduak eta tresna ahaztuak…», betiere Txilikuren «umore sotilaren eta gizatasun sakonaren» galbahetik pasata.

Lehen piezan, autoreak berak aitortzen duenez, «halako entziklopedia bitxi bat egiteko asmo bitxia» izan zuen duela urte batzuk, eta idatzi ere idatzi zituen atariko bat eta dozena-erdi bat sarrera. Edonola ere, «denborak epeltzen ditu[enez] harrotasunak», balizko entziklopediaren asmoak beste bide bat hartu du. Hala, «gauza ugariren oroitza» bildu du Txilikuk, denak ere «Pittosporum loratuen azahar-usain sarkorraren azpian irakurtzeko modukoak. Arinak, biribilketa edo arin-arin baten gisakoak».

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)