Albisteak

Ostegun honetan egingo da "Publikoari gorroto" antzezlanaren estreinaldia

Ander Lipusen lan berriak Xabier Mendigurenen antzezlan bat du oinarri  Astelehena, 2012-10-29

"Lehen aldiz irakurri nuenean, horrelako inpaktu bat jaso nuen. Gutxitan gertatzen da testu bat irakurri eta hain inpresionatua geratzea", aipatu digu Ander Lipusek. Izenburuaren probokaziotik haratago, "uste dut bortizkeria eta ankerkeriaren inguruan badagoela gogoeta bat. Hori dena teatroaren jolasetik bideratua", aitortu digu. Xabier Mendigurenek adierazi digunez, "badu antzerkiari buruzko hausnarketatik zeozer abiapuntuan, baina ez da, edo ez du izan nahi behintzat, gogoetazko antzerkia: ikuskizun indartsu bat dago oinarrian, aktore lanean oinarritua; bigarren irakurketa batean, esan liteke hausnarketa horren xedea aldatu egiten dela, eta ez dela hainbeste teatroa bera, baizik eta boterearen jokaerak eta mekanismoak, giza harremanetan zein maila sozialean". Ostegunean egingo da "Publikoari gorroto" antzezlanaren estreinaldia, Luhusoko Harri Xurin (Lapurdin). Xabier Mendigurenek 1985ean idatzi zuen testu bat hartu du abiapuntu Ander Lipusen Huts Teatroa taldeak.

"Aktore bat, bi ikusle, agertoki bat. Besterik ez du behar antzerkiak". Horrela hasten da obraren sinopsia. Antzerkiaren inguruko hausnarketa egiten da akaso?

Ander Lipus. Esan behar da "Publikoari gorroto" 1985ean idatzitako antzezlan bat dela. Lehen aldiz irakurri nuenean, horrelako inpaktu bat jaso nuen. Gutxitan gertatzen da testu bat irakurri eta hain inpresionatua geratzea.

Egia da badagoela antzerkiari buruzko gogoeta bat lan honetan, baina haratago doa asuntua: ikusleak zertan bilakatzen garen ikuskizunaren aurrean. Pasiboak garen edo ez, edo zertan bilakatzen garen bortizkeria baten aurrean batez ere. Eta horren aurrean, nola geratzen garen blokeaturik, nola erreakzionatu jakin ezinik. Nik uste dut bortizkeria eta ankerkeriaren inguruan badagoela gogoeta bat. Hori dena teatroaren jolasetik bideratua.

1985ean idatzitako obra bere horretan taularatuko duzue ala egokitu egin behar izan al duzue?

Ander Lipus. Zorionez Xabier Mendiguren Elizegi oraindik bizirik dugu! Berak esaten du 1985ean idatzia dagoela eta oso punkia dela. Garai horretan punk-ak indar berezia zuen. Baina gure ustez merezi du garai hauetan ere taularatzeak. Gauza batzuk egokitu behar izan ditugu, baina Xabierrekin berarekin lan egin dugu.

Nik uste dut aberastu egin dugula; nik ditudan beste pertsonaia batzuekin osatuz. Taularatzerakoan ere, euskalkietara jo dugu. Badago Iparraldeko euskaran mintzo den pertsonaia bat; Donostiako euskara jator-jatorrean beste bat, bizkaitarraz ere bada hitz egiten duenik...

Orohar, indartu egin dugula uste dut. Bukaera lehen punkiagoa zen eta pixka bat goxotu egin dugu. Uste dut poetikoagoa dela orain bukaera, lehen ankerragoa zen.

Dagoeneko zuzenekoei ekiteko gogo biziz izango zarete. Hor hartzen zaiolako benetako neurria obra baten zuzenekoari, ezta?

Ander Lipus. Teatroak ez du zentzurik publiko baten aurrean ez bada eskaintzen. Beste tenperatura bat hartzen du obrak eta hor ikusten da zer funtzionatzen duen ondoen. Dena den, inportantea da agertokira igo aurreko lan guztia eta egiten duzun horrekin konbentzitua egotea. Zentzu horretan, hor dago Manex Fuchen zuzendari lana.


Izenburua eta probokazioa

"Publikoari gorroto" ez da izen oso komertziala antzezlan baterako (edo bai). Probokaziotzat har daiteke akaso?

Ander Lipus. Kar, kar.... Hasieran, nik ere horrela ikusten nuen. Titulu horrekin... Baina obraren izena hori da. Gainera, zerbait sor dezake izenak berak ikuslearen baitan, eta horrek ere badu bere indarra. Etortzekoak direnak, beraz, etor daitezela teatroaz gozatzera.

Hasi orduko, emanaldi ugari dituzue lotuta. Tamalez, ez da ohikoa ez antzerkian ezta beste kultur diziplina askotan. Pozgarria izango da, ezta? Zein da sekretua?

Ander Lipus. Teatroa ez da pertsona bat, kolektibo bat da. Oso ondo dago aktoreen alde artistikoa lantzea. Baina hori bezain inportantea da beste zutabe bat, Artedramak betetzen duena: administrazio, kudeaketa eta banaketa lana. Urte hauetan hori lantzen ibili gara Artedraman, eta ikasi dugu asko HarriXuri eta Le Petit Theatre de Pain taldeen esperientzietatik. Nik uste dut hori dela gakoa.

Teatroa ez dela bakarrik ideia artistiko bikainak izatea, baizik eta lan talde hori sendotzea eta horretara dedikatzea. Azken batean, merkatu baten barruan zaude teatroa egiten. Zure obra eman egin nahi duzu eta jendea dago horretara lanean. Eta guk lan talde hori osatzea lortu dugu.

Huts Teatroa aurten sortu da, Artedramaren babesean (Arte Eszenikoen Plataformaren aterkipean). Zein beharrei erantzuteko osatu duzu Huts Teatroa?

Ander Lipus. Uste dut Huts Teatroarekin zigilu moduko bat sortzen ari garela. Ez ditugu obra bilingueak egingo, soilik euskara hutsean sortutakoak taularatuko ditugu. Eta mugak gaindituz, Iparraldean eta Hegoaldean eginez antzerkia.

Gure imaginario geografiko horretan, komunitate euskaldunari antzerki-lan bat eskaini nahi diogu. Gero komunitateak esango du maite duen edo ez.


Xabier Mendiguren: "Oso pozik nago zuzendari eta aktoreekin izandako elkarlanaz"

"Publikoari gorroto". Ez da izen oso komertziala antzezlan baterako (edo bai). Probokaziotzat har daiteke akaso?

Xabier Mendiguren. Idatzi nuenean, behintzat, komertzialtasuna ez zegoen nire kezken artean. 1985 aldean idatzi nuen, hogeita bat urte nituela, eta orduan barruko ezinegon edo amorrazioren bati eman nahiko nion aterabidea. Probokazio puntu bat du, noski, baina ez helburu komertzialarekin, gizartea zirikatzeko baizik.

"Aktore bat, bi ikusle, agertoki bat. Besterik ez du behar antzerkiak". Horrela hasten da obraren sinopsia. Antzerkiaren inguruko hausnarketa egiten al da? Zer topatuko du ikusleak?

Xabier Mendiguren. Bai, badu antzerkiari buruzko hausnarketatik zeozer abiapuntuan, baina ez da, edo ez du izan nahi behintzat, gogoetazko antzerkia: ikuskizun indartsu bat dago oinarrian, aktore lanean oinarritua; bigarren irakurketa batean, berriz, obrak aurrera egin ahala batez ere, esan liteke hausnarketa horren xedea aldatu egiten dela, eta ez dela hainbeste teatroa bera, baizik eta boterearen jokaerak eta mekanismoak, giza harremanetan zein maila sozialean.

Idatzitakoa taularatzeko garaian, maiz egokitzapenak egin behar izaten dira. Zentzu horretan, Manex Fuchs arduratu da zuzendaritza lanaz. Nolakoa izan da egokitzapen hori?

Xabier Mendiguren. Oso pozik nago zuzendari eta aktoreekin izandako elkarlanaz. Orain dela urte eta erdi pasatxo hasi ginen lanean. Lehenik eta behin, Manex, Iņigo (Ander Lipus) eta hirurok hiru bat eguneko lan-saio bat egin genuen, obra sakon irakurri eta zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez aztertzeko. Horren ondoren, hainbat zati aldatu nituen eta guztiaren idazkera goxatu, ahozkoagoa izan zedin. Hortik aurrera, antzezlana beraiek egin behar dutela esan diet eta askatasun osoa utzi, nahieran molda dezaten. Aukera izan dut prozesua ikusteko, ikuskizuna nola joan den handituz eta biribilduz, eta oso pozik nago emaitzaz, baina nik nahiago izan dut fase honetan atzean geratu.

Laster hasiko dira zuzenekoak eskaintzen (azaroaren 1ean Luhuson). Aktoreak bezala, obraren egilea ere gogo biziz al da une hauetan, noiz hasiko diren irrikitan?

Xabier Mendiguren. Ni pozik nago egindako lanarekin, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Noski, emaitzak arrakasta izatea nahi dut, nigatik baino gehiago antzezlanean parte hartzen dutenengatik, eta hala izatea espero dut. Poz, lasaitasun eta itxaropen horrekin joango naiz estreinaldia ikustera.

Entsegurik ikusteko aukerarik izan al duzu? Zer nolako inpresioa hartu duzu?

Xabier Mendiguren. Bai, bai. Obraren hainbat fasetan ikusi ditut, eta gero eta lan mamituagoa, biribilduagoa, osoagoa zeukatela ikusi dut. Hasieran testuari lotuagoak ziren, baina denborarekin aktoreek bere egin dute testua, zuzendariarekin batera erabaki ausartagoak hartu dituzte, eta testutik bereizten den guztia egin zait niri behintzat erakargarriena.

Ander Lipus, Iņaki Ziarrusta eta Miren Tirapu dira zure idatzia gorpuztuko dutenak. Horrela imajinatzen al zenituen pertsonaiak?

Xabier Mendiguren. Idatzi nuenean, 20 urte inguru nituenez, ikusle burgesak 30 urtekoak imajinatzen nituen; 30 urte nituenean, 40koak irudikatzen nituen; orain, 48 urte ditudala, hobe ezer ez imajinatzea.

Puntako aktoreak dira. Idazle batentzat, ohore handia izango da behin batean idatzitako hura aktore hauen ahotan entzutea, ezta?

Antzerki-idazle batek taula gainean ikusi nahi du berak asmatutako hura, eta aktore onen eskutik eta zuzendari on baten ikuspegitik baldin bada, askoz hobeto.

Antzerkiak garai hobeak ezagutu zituen gurean (euskarazko produkzioaz ari naiz). Garai batean, antzezlan gehiago argitaratzen ziren susmoa dut. Loraldi berri baten aurrean gaude akaso ala inpresio hutsala baino ez da?

Xabier Mendiguren. Antzerki-argitalpenak aspaldian dabiltza oso eskas. Argitaletxe komertzialek lekurik egiten ez dietenez, testuak publikatzeko euskarri nagusia sariketak ziren, eta hauek ere desagertzen ari dira. Horrez gain, krisiarekin, obra bat muntatzea eta zabaltzea zailago ari da bihurtzen. Loraldirik... nik ez dut ikusten, baina antzerkia beti egon da krisian, nik oroitzen dudanez geroztik, eta hortaz, iruditzen zait arte mota hau maite dugunok ahaleginak egingo ditugula horretan jarraitzeko.

"Publikoari gorroto"

Azaroak 1 Luhuso (Lapurdi) Harri Xuri 20.30

Azaroak 2 Azpeitia (Gipuzkoa) Soreasu Antzokia 21.30

Azaroak 3 Usurbil (Gipuzkoa) Sutegi Aretoa 20.00

Azaroak 4 Ondarroa (Bizkaia) Kafe Antzokia 19.00

Azaroak 8 Leioa (Bizkaia) Kultur Leioa 20.30

Azaroak 9 Zornotza (Bizkaia) Zornotza Aretoa 21.00

Azaroak 10 Elorrio (Bizkaia) Arriola Antzokia 20.00

Azaroak 11 Durango (Bizkaia) San Agustin Kulturgunea 19.00

Azaroak 14 Bilbo (EHU-Bak)  

Azaroak 16 Zumaia (Gipuzkoa) Aita Mari Antzokia 22.00

Azaroak 17 Donostia-Gazteszena Gasteszena Egia K. E. 20.00

Azaroak 18 Donostia-Gazteszena Gasteszena Egia K. E. 20.00

Azaroak 23 Bergara (Gipuzkoa) Zabolategi Aretoa 22.30

Azaroak 25 Irurita (Baztan, Nafarroa) Damaso Zabaltza Bilgunea 19.00


III. Antzerkizale Eguna, Usurbilen

Klown Tailerra

10:00 Potxoenean, May Gorostiagaren (Intujai) eskutik. Iraupena: 3 ordu. Plaza mugatuak: txerriki@gmail.com

Idazketa tailerra

11:00 Potxoenean, Galder Perezen eskutik. Iraupena: ordu eta erdi. Plaza mugatuak: txerriki@gmail.com

Kalejira prestatzera!

15:00 Arratsaldeko kalejira prestatzera. Izen ematea: txerriki@gmail.com

Kultura plazara

17:00 "Kultura plazara" antzezlana: Irrien Lagunak. Tokia: Kaxkoan (Mikel Laboa plazan edo frontoia).

Kalejira

18:00 Euskal Herriko antzerki taldeekin kalejira mundiala!

Manifestua

19:00 2012ko Antzerkizale Eguneko manifestuaren irakurketa. Jarraian, "...Eta behia agertu zen": Aldatzen Laguntzen antzerki taldea.

Antzerkia

20:00 "Publikoari gorroto": Huts Teatroa. Sutegin.Sarrerak: 8 euro ohiko tokietan, egunean bertan 10 euro. Bazkideek aldez aurretik 6 eurotan.

Antolatzaileak: EHAZE (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), NOAUA! Kultur Elkartea eta Txerriki Antzerki taldea.

Laguntzailea: Usurbilgo Udala.

Babesleak: Kutxa Gizarte Ekintza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo Udala.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)