"Antigone" taularatuko du Horman Poster kolektiboak
Asteazkena, 2020-11-04Antigone edo ezetzaren beharra taularatuko du Bilboko Horman Poster kolektiboak Arriaga antzokian. Antzezlana Sofoklesen Antigona testutik eta Antigonaren beste bertsio garaikide batzuetatik (Jokin Zaitegi, Jean Anouilh, Bertolt Brecht, Maria Zambrano, Slavoj Zizek eta Judith Butler) abiatutako idazketa kolektibo librea da.

Antolatzaileek diotenez, "historian zehar gehien taularatua izan den klasikoa bada ere, Euskal Herrian euskaraz antzoki nagusi batean taularatzen den lehen aldia izango da". Garaion sorgingunean aurrestreinaldia eskaini ondoren, azaroaren 5ean 19:30ean estreinatuko dute Arriaga antzokian. Ondoren, azaroaren 13an ikusi ahal izango da Azpeitiko Antzerki Topaketetan.
Kolektiboa eraberritzen
Horman Poster kolektiboaren apostu artistiko-kolaboratibo berria jendartean partekatzen da lehen ikuskizun honekin. Izan ere, Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta Jon Ander Urresti Dantzertiko graduatu berriek, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadrak hasitako kolektiboaren hamar urteko ibilbidea eraberritzeko prozesua hasi zuten 2019an. Sinbiosi honek esperientzia eta freskotasuna gurutzatzen dituen kolektiboa izateko helburua du. Euskal arte eszeniko garaikideetan Antigona bezalako klasikoak geureganatuz boterearen inguruko galderak, kezkak eta hausnarketak eguneratzeko ariketa luzatzen digu konpainiak.
Igor de Quadra-ren zuzendaritzapean Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro interpreteek sormen prozesuan erronka horri erantzun diote dramaturgia kolektiboaren ariketa burutu eta Antigone eszenikoki berridazteko. Horrez gain, sortze-prozesuan, diziplina ezberdineko artistak aritu dira: Alberto Sinpatron jantziteriaz arduratu da, Miriam Isasi eszenografia eta plastika orokorraz, Asier Errenteria soinuaren diseinua eta konposaketari dagokionez, Arantza Flores argiztapen diseinuan eta ikus-entzunezkoetan Arrigurik osatu du lana.
Alaia Martinek idatzitako sinopsia:
"Antigone obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea. Antzezlan hau, jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta hauek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua da. Pertsonaia poliedriko eta indartsuz hezurmamitutako festa distiratsu bat.”
Antzezlanaren aurkezpena, egileen hitzetan:
Zergatik Antigone?
Antigone. Anti: ezezkoa edo kontrakoa. Gone: Malgua, moldagarria. Antigone: Moldaezina.
Zeharo kuriosoa gertatzen da moldaezina izanda 2.500 urtetan garai guztietara gehien moldatu den obra dela jakitea. Antigona omen dugu antzerkiaren historian gehien taularatu den antzezlana, baina gure herri txiki honi eragin gutxi egin diola dirudi. Ez da sekula inoiz euskaraz taularatu izan. Gu ere moldaezinak izango ote gara?
Horrelako prologo baten bitartez, Anouilh-ek, Antigone hiltzera zihoan emakume bat bezala aurkezten zuen bere bertsioan. Zambranok, aldiz, profezia hitzarekin lotzen du Antigonaren presentzia. Gaur egun Zizek-ek, arroka zulatzen duen belar bakartia deitzen dio. Brecht eta Sofoklesek, zuzenean ez dute prologorik idazten. Horman Poster kolektiboak, beste batzuen hitzak bildu, dena esanda dagoela onartu, eta agian esanda eta idatzita dauden gauzak berriro entzun behar direnaren apologia egingo du. Bestela, zertarako obra klasiko bat taularatu?
Tragedia grekoaren eta mitoen gaurkotzeko gaitasunaz baliatu dira gizartean iraunkorrak diren eta zeharkatzen gaituzten gatazka etiko eta politikoetan sakontzeko. Feminismoaren eta pentsamendu desobedientearen mito politikoa berrikusi nahi izan dute, obedientzia eta desobedientziaren areko tarte laburra eta kontraesanak eszenaratuz. Horretarako beharrezko sentitzen zuten prozesua euskaraz burutzea, eta honen fruitu den Antigone edo ezetzaren beharra antzezlana historian gehien taularatu den obraren lehen euskarazko bertsioa izango da.
Antzezlanaren bereizgarritasunak
Antigone edo ezetzaren beharra testu originalaren interpretazio garaikidea da. Sofoklesen testu klasikoaren pertsonaiak eta gertakari nagusiak errespetatzen dira tramari dagokionez, baina antzezlanera hurbiltzeko egungo testuinguru eta gogoetatik abiatuz. Eta historian zehar idatzitako beste bertsio eta itzulpen batzuetan inspirazioa bilatuz (Anouilh, Brecht, Zambrano, Zizek, Butler, Zaitegi), lan taldea mito bilakatutako kontakizunaren barreneraino sartu da boterearen inguruko egungo gatazkak eta ikuskerak aztertzeko.
Hizkuntza eszeniko eta estetika ezberdinekin eraiki du kolektiboak antzezlan hau: off-eko narrazioa, arbola genealogikoa argitzen duten kartelak, gorputza eta ahotsa eraldatzen duten objektuak, mugimendu koreografiatua eta eszena koral nahiz bakarkakoak. Elementu guzti hauek, musika, argia eta jantziteria zainduz horniturik, ikuslea antzezlanaren traman murgiltzen dute, antzinako Grezia eta gaur egungo gizartearen arteko igurtzi katartikoa eraginez.
Zergatik “Antigone (eta ez “Antigona”) edo ezetzaren beharra”?
Jokin Zaitegik Sofokles-en Antigona grekotik euskarara itzuli zuen 1946an, Mexikon argitaratuz, “Antigone” izenarekin. Zaitegiren itzulpenak, nahiz eta ez zuen euskal filologo garaikideen begirunea jaso, lehenengo itzulpena eta bakarra izaten jarraitzen du. Bere idealismo eta euskal zaletasunaren omenez aukeratu du konpainiak “Antigone” antzezlanaren titulutzat eta jarraian “edo ezetzaren beharra” gehituaz, argi uzten zaio ikusleari bertsio bat dela, ez dela zertan Sofoclesen testu originala errespetatu eszenaratze hontan.