Albisteak

"Arratiako Kalenturak" Ipuin Erotikoen Lehiaketa martxan

Asteartea, 2019-09-17

Literatur lehiaketen mapan erotismoak leku berezia izan zuen urte luzez, Basauriko eta Dimako deialdiei esker. Hari horretatik tiraka, Txalaparta argitaletxeak saritutako ipuinekin hainbat liburu plazaratu izan zituen (azkena argazkian doan Esku hori! bilduma, 2012an). Aurten Zertu Kultur Elkarteak, Igorreko Udalaren laguntzarekin, Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketa martxan ipini du. Lehiaketak Basauri eta Dimako ipuin erotikoen lehiaketen oinorde eta segida izan gura du. Lanak azaroaren 15era arte bidali ahal izango dira.

Honatx lehiaketan parte hartzeko OINARRIAK:

1- Hamasei urtetik gorako edozein pertsonak har dezake parte.

2- Lan guztiek argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.

3- Lanek ipuin erotikoak izan behar dute eta DIN A-4 orrietan makinaz tarte bikoitzean idatzita aurkeztu beharko dira. Lanen luzera lau eta zortzi orrialde artekoa izan beharko da.

4- Lanean ez da egilearen daturik jarriko, izenburua soilik. Egilearen datuak (Izen-abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren izenburua) gutun-azal itxi batean sartuko dira eta gutun-azal horren azalean lanean jarri den izenburu bera jarriko da.

5- Lan originala, hiru kopia, eta egilearen datuak dituen gutun-azala beste gutun-azal handiago batean sartuta honako helbide honetara bidali beharko da: ZERTU kultura elkartea, Herriko Plaza 24, 48142 Artea (Bizkaia). Posta elektronikoz bidaliz gero, atxiki bi artxibo, bat lanerako, bestea datuetarako, eta bidali honetara: begitu@topagunea.com

6- Hiru sari emango dira: lehena (600 €), bigarrena (400 €) eta Arratiako onena (250 €).

7- Lanak bidaltzeko azken eguna 2019ko azaroaren 15ean.

8- ZERTU elkarteak izendatuko du epaimahaia literatura munduko kideekin.

9- Sari ematea irabazleak bertan direla egingo da. Non eta noiz izango den aurrez iragarriko da.

10- Lan saridunak ZERTU elkartearen esku geratuko dira eta osorik zein zatika argitaratzeko aukera izango du, beti egilea nor den garbi adieraziz.

Antolakuntzaren hitzak

Hauexek antolakuntzatik lehiaketa martxan jartzeko azaldu dituzten motibazioak:

"Zergaitik Arratian

Aurreko beste baten esaten genduan lez, kasualidadea izan ala ez, begi kolpe baten konturatzen gara asko izan dirala ipuin erotikoen lehiaketetatik pasa izan diran arratiarrak edo-eta oin diran Arratiako bizilagunak. Holan, Igor Estankona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde, Janire Lopez, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalaga lan erotikoen egileak doguz. Horreetako batzuk aspaldi pasa ziran Basauriko Euskarabila alkarteak 1996. urtetik 2012ra arte antolatutako Ipuin Erotikoen Lehiaketatik.

Urte horreetan, hain zuzen be, Igor Estakona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde eta Janire Lopezen ipuinak sariak jaso ebezan aitatutako lehiaketan. Gaur Txalaparta argitaletxeak eginiko hainbat bildumatan topau geinkez euren ipuinak, Bero hezeak (2001), Basa gurina (2006) eta Esku hori! (2012) bildumetan hain zuzen be. Rafa Ugalderen Relax (2007) bildumea be ezin dogu aiztu. Beste batzuk, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalagaren lanak, oindino argitaratubakoak, atzen urteetan Diman antolatutako Dimako Kalenturak Lehiaketeari jagokoz.

Nabarmentzekoa Rafa Ugalde dimoztarrak egindako zubilana. Ipuin erotikoak idazle honeetako batzuen ibilbidean anekdotikoak izan arren, batzuentzat lehenengo lanak izan dira, horreekaz urten dabe euskal literaturearen plazara; eta ez honeek bakarrik, ugari dira gaur ezagunak diran euskal idazle gazteak horreetatik pasa izan diranak, lehiaketok euki daben arrakastea eta eraginaren seinale. Halanda be, bai Basauriko lehiaketeak, bai Dimakoak euren onenak emon ebezan aspaldi.

Atzen urteotan ez da Euskal Herri osoan genero hau kontuan hartu dauan lehiaketarik egon. Horregaitik, Zertu Kultur Elkarteak beste ahalegin bat egin gura dau ipuin erotikoen lehiaketeari eusteko, aurton, esan lez, Igorreko Udalaren laguntzeagaz; eta aurrerantzean, aukerea egon ezkero, Arratiako beste udal batzuakaz batera auzolanean.

Zergaitik erotikoak?

Belaunaldi bakotxak bere sexualidadearen irudia deskubriduteko jarkerea eukiten dau. Izan be, literatura erotikoak helburu estetikoa eukiteaz gainera -literatura guztiak daukan lez- sexu irakaspena be emon gura izan dau. Jendartearen sexu portaera eta fantasien erakuslea da. Areago, jendarteak sexuagaz zer hartu-emon daukan behin eta barriro erakusten deusku.

Literatura erotikoa literatura bera bezain zaharra da. Beti euki izan dogu sensualidadea, amodioa eta barruko sentimentu guztiak islatzeko beharrizana.

Zertu seguru dago antolatu izan diran ipuin lehiaketa guztiak, generoaren garapena ez eze, irakurle eta idazle barriak be ekarri dabezala gure euskal literaturara. Euskal literatureari ekarpen handia egin izan deutsie. Generoaren bilakaera be agerikoa da. Gaur erotismoaren agerpen hutsetik harago, nagusi da sexu-generoaren gaineko ikuspuntua emotea. Literatura erotikoaren mugak gaindituz erotismoa bera bestelango lanetara be zabaldu da, nabarmen-nabarmen gaur egungo idazle andrazkoen literaturan ikusi daikegun moduan."

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)