Albisteak

Durangoko Azoka: Aldizkari uzta

Hiru literatur aldizkari eskuratzeko aukera, aurtenLarunbata, 2015-12-05

Hasi da Durangoko azoka, bete-betean. Landako gunean gertatzen ari den guztia jarraitzeko zailtasunik ez, hainbat hedabide ari baitira bertatik zuzenean berri ematen. Gure ahalegina, beraz, bestelakoa izango da, eta azokan topatuko dituzuen argitalpen eta ekimenen errepasoa dakarkizuegu, eguneko bat. Gaur: aldizkarian.

(Irudia: Lekore aldizkariaren azala)

Aurtengo azokan hiru literatur aldizkari lortzeko aukera dago. Horietatik bi honezkero ezagunak ditugu; bat zaharberrituta dator, ordea. Jarraian aipatuko dugun aldizkaria, aldiz, sortu berria da.

LEKORE

Orain gutxi egindako elkarrizketa batean aipatu zuten, aldizkari bat aurkeztekoak zirela. Eta, halaxe, Lekore sortu du ITU Bandak. Gazteek beren literatur piezak argitaratzeko gune izatea du asmo egitasmoak. Paperari ez ezik, euskarri digitalari ere eskainiko diote arretarik eta, hain zuzen, editorialaren puska batzuk zintzilikatu dituzte honezkero aldizkariaren webgunean:

"Esku artean dituzun paperotan egin dugu oka, irentsita zein irentsi gabe, zilegi da eskuak garbitzea. Hauek dira gure eztarri zulotik atera zaizkigun hitzak, erraietan, gogamenean, memorian, bihotzean eta usadioetan pilatzen joan direnak. Zure gustuko izan edo ez, hitzak neurtzeari utzi eta oka egitera gatoz".

HEGATS

Hegats, Euskal Idazleen Elkartearen aldizkaria ere aspaldiko ezaguna dugu. Aurten, baina, itxuraberrituta dator, azal eta mami. Aste honetan aurkeztu dute Donostian, Lander Garro ale honen zuzendariak eta Jasone Osore EIEko lehendakariak. Elkarrizketak bildu dituzte. Besteak beste, Samanta Schweblin, Jose Luis Otamendi eta Ixiar Rozasekin solasean aritu dira kazetari eta idazleak.

Gaur goizean Ahotsenean aurkeztu dute. Prentsarentzako lehenengo aurkezpenean esandakoak bildu ditugu guk bideo honetan:

MAIATZ

Aspaldiko ezaguna dugu Maiatza aldizkaria ere. 1982an argitaratu zuten lehenengo alea, otsailean, eta honako hitz hauekin laburbildu zuten beren asmoa: «Aldizkari bat, gurea. Gauza batzuk, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura». Urtero bina ale, bata udaberrian bestea neguan, eta horrela iritsi dira Azokan eskuragai izango den aldizkari berrira, 61. berau.

Itxaro Bordaren arabera, hauek dira aldizkariaren ezaugarrietako batzuk: «Gauza baikor eta heteroklito bat. Pixka bat orduko burbuila horren miraila. Adin eta belaunaldi ezberdineko idazleak. Genero ezberdineko idazleak. Poetak. Ipuin egileak. Artikulu egileak. Beltza [Emilio Lopez Adan] bezalako pentsamendu harilkatzaileak. Horiek denak batzen ditu Maiatz-ek. Eta, ene ustez, Maiatz-en ezaugarri nagusia hori izan da». Horrelakoxe zerbait topo egingo du irakurleak, nahi izatera, euskal literatur aldizkari beteranoenean.

Captura de pantalla 2015-12-05 a la(s) 13.07.31

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)