Albisteak

Babel errezitaldi musikatua eskainiko dute Bilbon eta Gasteizen

Asteazkena, 2019-09-11

Patxi Zubizarretaren azken nobela oinarri hartuta –Julien Vinsonen hegaldia–, errezitaldi musikatua eskainiko dute idazleak berak, Maddi Oihenartek eta Pello Ramirezek. Datorren astean, hilaren 19an, Bilbon izango dira, eta, bi aste barru, hilaren 26an, Gasteizen.

Udaberrian publikatu zuen Patxi Zubizarretak bere azken nobela: Julien Vinsonen hegaldia, Alberdania etxearen eskutik. Orain, udazkenarekin, liburuan oinarrituriko errezitaldi musikatua eskainiko du Bilbon eta Gasteizen: Babel: Julien Vinsonen hegaldia. Lagun izango ditu Pello Ramirez musikan eta Maddi Oihenart ahotsean.

Zubizarretak adierazi digunez, "euskara irakasle, euskaldunberri jendea omentzeko modu bat ere izango da; eta, bide batez, Gasteizko Aldecoa kultur etxeko bibliotekariak". Izan ere, euskara aztertzera nahiz ikastera atzerritik Euskal Herrira etorritako pertsonaiek osatzen dute liburuaren muina.

Errezitaldiak iragartzeko, honako testu hau helarazi dute:

Julien Vinsonen hegaldia nobelak badu poesiatik –globo bat hegan poema bisual baten antzekoa da–, badu historiatik eta folkloretik, badu linguistikatik –hizkuntza bat ikasteak bi aldiz bizitzeko aukera eskaintzen du—. Beharbada XIX. mendean horrexegatik izan ziren hain ugariak orduko bascologue edo euskalariak. Simetrietan eta paralelismoetan aurrera, gaiak eta garaiak txirkordatuz, hemen dauzkazu Saturno aerostatoaren gorabeherak eta menturak, oraingoan nobelaren paperetik zeure belarrira xuxurlatuak.


IRAILAK 19

Bilbon, Bidebarrietako liburutegian

19:30etan

*Saioa streaming bidez jarraitzeko aukera izango da, kulturguneatb.eus helbidean


IRAILAK 26

Gasteizen, Ignacio Aldekoa kultur etxean

19:30etan

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)