Itxialdian entzutekoak
Osteguna, 2020-03-26Abian da berrogeialdiko bigarren astea; ordutegia finkatu eta hainbat eratako jarduerak egitea gomendatu dute psikologo eta adituek. Besteak beste, egunotan, irakurtzeko aukera izango dute hainbat herritarrek (ez denek). Liburutegira ezin joanda, liburu-dendara ere ez… Sarean eskuragai dauden baliabideak bilduko ditugu datozen egunetan.

Konfinamenduak iraun bitartean ezin gara joan liburutegira ez liburu-dendetara, baina irakurgaiak eskuratzeko hainbat bide badira sarean. Hona entzuteko literaturaren gida txiki bat.
Booktegi
Hitzen Uberan atarian maiz aipatzen ditugu Booktegi proiektuari buruzkoak. 2017an jarri zen martxan euskarazko liburuan doan eskaintzen dituen plataforma digitala. Ia urteko ibilbidean, baina, liburu digitalak ez ezik, era askotako material literarioak kaleratu dituzte: besteak beste, Amaia Ezpeldoiri buruzko solasaldiaren bideoa, Zanbuia! liburu eta dokumentala, Elkarrizkatea…
Egunotan etxean gaudenok aukera bikaina daukagu Booktegiren webgunera jo eta bertan kuxkuxeatzeko. Debalde eskaintzen dituzte audio eta bideoak, debalde deskarga daitezke liburuak, baina nahi duenak donazioak egin ditzake.
Xerezaderen Artxiboa
Xerezaderen artxiboa izeneko podcastak entzuteko literatura eskaintzen du. 2011n sortu zuten Jasone Larrinagak eta Ana Moralesek, eta urtez urte jarraitu dute euskarazko literatura, jatorrizkoa zein itzulitakoa, gure belarrietara ekartzen.
2014an, hala azaldu zuen Moralesek podcastaren funtsa, Elearazi atarian egin zioten elkarrizketa batean:
“Podcasta gure kuttuna da, ilusio handiz (eta ordu asko emanez) egiten dugun gauza. Audioa asko gustatzen zait. AEBetan egon nintzenean ikusi nuen zenbat literatura dagoen han entzungai, eta zenbat irakurketa publiko egiten den, eta asko zaletu nintzen. Betidanik gustatu zait irakurketa ozena, bai irakurtzea eta bai entzutea ere. Badago jende asko kostatu egiten zaiona irakurtzea, edo nagia daukana, edo beldurra ematen diona liburu-denda batera sartzeak. Nahi nuena zen, alde batetik, niri horrelako atsegina ematen didan gauza baten jendearen esku ipintzea, eta, bestetik, ohitura handirik ez daukan jendeak ere gozatu ahal izatea narrazioez eta literaturaz oro har. Gure beste asmo bat da ezagutzera ematea jada eginda dauden gauza pila bat. Guk asko itzultzen dugu podcasterako, baina erabiltzen ditugu baita ere itzulita dauden gauzak. Literatura Unibertsalaren bildumarekin gertatzen da lan pila bat daudela eginda, batzuk oso-oso onak, baina edizioak agortuta daudela, edo jendeak ez dituela ezagutu ere egiten. […] Gauza jakingarri bat da gure podcastean daudela entzungai beste inon euskaraz ez dauden literatur pieza batzuk”.
Egunotan aukera paregabea daukagu, begiak apur bat deskantsatu, eta munduko zein bertako literaturaz gozatzeko. Aski duzu Xerezaderen artxiboan arakatzea.
Zirriborroak eta gero
Otsailaren erdialdean, artean koronabirusa urruneko gaitz bat iruditzen zitzaigunean, Zirriborroak eta gero proiektuaren berri eman genizuen. Azala kreazio espazioak bideratu du egitasmoa, etorkizuneko munduei buruzko fabula espekulatiboak sortzeko asmoz. Honako hau da proiektuaren muina: Arabako egitasmo sozio-ekologikoetatik abiatuta, fabula bat idazteko eskatu diote hainbat idazleri. Oraingoz, hiru zenbaki argitaratu dituzte.
Lehenengoa, Loratze-perimetroa, Katixa Agirrek idatzi zuen, Errekaleor auzo okupatua abiapuntutzat hartuta. Irakurrieran irratsaioan hari buruzko elkarrizketa egin zioten Agirreri berari eta Ixiar Rozas Azalako kolaboratzaile ohiari. Ipuina hemen deskargatu dezakezue, eta hemen entzun. Marrazkiak Josune Urrutiak egin ditu.
Aurtengo edizioan, Iban Zalduak Bisita bat arma museoraizeneko fabula kaleratu du, Gerrarako Eusko Label Armak plataformaren lanetik abiatuta. Fabulari buruz galdetu genion gure atarian, eta, besteak beste, “utopia anbiguoen bidetik jotzen” ahalegindu dela kontatu zigun. Ipuina hemen deskargatu dezakezue, eta hemen entzun. Marrazkiak Gorka Olmok egin ditu.
Hilabete honetan bertan, hirugarren izenburua argitaratu dute. Lumínica Ambiental enpresaren lanari tiraka –argiaren kutsaduraren gaineko kontzientziazioa eta argiztapen jasangarria bultzatzen dituzte– Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan? Izeneko fabula argitaratu du Danele Sarriugartek, “fabula bat hiru ekitalditan”. Ipuina hemen deskargatu dezakezue, eta hemen entzun. Marrazkiak Maite Caballerok egin ditu (jarraian agertzen dena, besteak beste).
Irakurrieran
Entzuteko literaturaren errepaso txiki honetan, ezin bazter utzi Irakurrieran irratsaioa, Bizkaia irratiak eta Euskal Idazleen Elkarteak elkarlanean garatzen dutena. Gure atarian bertan topa ditzakezue azkenaldian Irakurrieran irratsaioan egin diren elkarrizketak: Amets Arzallus eta Unai Elorriaga, Yurre Ugarte, Izaskun Gracia… Bestalde, hemen aurki ditzakezue azken bi ikasturteetako irratsaio guztiak: 2018-2019 eta 2017-2018. Irudian, Garazi Albizua eta Leire Palacios, saioaren gidariak.