Albisteak

Bidaia existentziala Siziliara

Osteguna, 2021-06-03

Solasaldia Sizilian argitaratu du Igelak, Elio Vittoriniren eleberria; Pello Lizarraldek itzuli du. Prentsaren aurrean aurkeztu ostean, bi aurkezpen berezi egingo dituzte, gaur bertan, Iruñean. Argazkia: Imanol Ubeda.

Vittoriniren bideak

Bizialdi gorabeheratsuak izan zituzten XX. mendeko europar askok: Elio Vittorini idazle italiarra dugu horren adibidez. Faxismoaren ernamuinetan, korronte horretako ezker hegal errotikoaren parte izan zen, sakonki antiklerikala eta antiburgesa. 1936ko gerrak, ordea, desengainua ekarri zion, ikusirik Italiako faxistek Espainiako frankistak –katolizismoaren aldekoak– babesten zituztela.

Vittorini, bada, faxismotik urrundu zen, eta gerraren nekea islatu zuen Solasaldia Sizilian nobelan: 1941ean argitaratu zen liburua osorik, aurrez atalka kaleratu ostean. Lander Majuelok, Igelako editoreak, azpimarratu du «harrigarria» dela liburua ia-ia bere horretan plazaratzea: zati gutxi batzuk zentsuratu zizkioten.

Testuak ez baizik irakurlegoak sortu zizkion arazoak idazleari, partisanoek eleberria letzen zutelako sartu baitzuten Vittorini espetxean. Horren ostean, Einaudi argitaletxean ibili zen, garaiko beste idazle ospetsu batzuekin batera –Natalia Ginzburg, Cesare Pavese–, hil arte. Halaber, literatur aldizkari batzuk zuzendu zituen.


Edizio-prozesu korala

Euskarazko itzulpenaren edizio-prozesua atsegina izan da, ordea. Aspaldi irakurri zuen Pello Lizarraldek liburua, eta haren ekina ezinbestekoa izan da argitalpena aurrera ateratzeko. Eskubideak ohiz kanpoko moduan eskuratu dituzte, idazlearen beraren semearekin tratua eginda: euskarara itzuliko zela jakinik, prezioa jaitsi zuen. Araiz Mesanzak egin dio azala, Oslon, eta Danel Agirrek maketatu du, Berlinen. Hitzaurrea ere badu eleberriak: Guido Bonsaver-ek idatzi du –italiar literaturako irakaslea Oxfordeko unibertsitatean–.


Bilaketa existentziala

Bidaia bat kontatzen da liburuan, Italiako iparraldetik hegoaldera. «Itzulera bat, bilaketa bat», Pello Lizarralderen esanetan. Silvestro protagonista bizilekutik sorlekura joango da, amarenean bazkaltzea baita bere bidaia existentzialaren xedea.

Lizarralderen arabera, liburuak hiru atal nagusi ditu, bost kapitulutan zatituta egon arren. Lehenengoan, Siziliara doa Silvestro, bera bezalako beste gizon mordo batekin batera. Gizon horiek «gogoz kontra» dagite bidaia, itxuraz behintzat, sorterria gorrotagarria iruditzen zaielako. Baina aski da hango zapore bat edo fruitu bat gogora ekartzea, lurraldeari «sekulako atxikimendua» diotela argi gera dadin, nahiz eta ez duten inoiz aitortzen.

Bigarren atala litzateke, berriz, liburuaren muina: ama-semeen arteko solasaldiak. Silvestrok, amari galde eta galde, argitu nahi du ea zertan den atzean utzi zuen hori, gogoan gorde duen hori. Bi pertsonaien artean «berdintasun» erabatekoa dagoela nabarmendu du Lizarraldeak: emakume zaildua da Silvestroren ama –irakurleak bere buruari galdetzeraino egiaz «maite ote duen semea»–, eta «txorakeriarik gabe», «hitz leunik gabe» azaltzen dizkio kontuak. Protagonistaren dilemari dagokionez, Lizarraldek honako ondorio hau aipatu du: «dena ezin da berreskuratu», baina jaio zinen lekuak arrasto bat utziko du, zure barnean egongo da «betiko».

Amarekin mintzatu ostean, kalera aterako da Sivestro, liburuaren azken atalean, eta hiru esku-langilerekin egingo du topo. Munduak mindu ditu denak, eta bakoitzak bere alternatiba eskaintzen du. Solasaldi horietan argi ikusten da faxismoak Sizilia gainean ezarri duen itzalaren zabala.


Aurkezpenak eta film-emanaldia, gaur

Astelehenean aurkeztu zuten prentsaren aurrean, baina liburuaren harira beste bi ekitaldi izango dira gaur bertan. 12:30etan, Nafarroako Liburu Azokan aurkeztuko dute liburua, eta 18etan, berriz, Nafarroako liburutegian. 19:30etan, ostera, Sicilia! filma (Huillet & Straub, 1999), liburuan oinarritzen dena, emango dute Nafarroako Filmategian. Sarrerak hemen eros daitezke.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)