Bihartik aurrera, «Linguae Vasconum Primitiae» liburua aztertuko dute Bilbon
Astelehena, 2021-03-01Bihartik aurrera, Bilbo Zaharra Forumean, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua hartuko dute hizpide. Besteak beste, Patri Urkizu, Xabier Amuriza eta Itxaro Borda arituko dira hizlari lanetan. Lau saioak Bilboko Plaza Barrian egingo dira, Euskaltzaindiak duen egoitzan.

Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen irakurketa bat proposatzen du urtero. Aurreko urtetan, besteak beste, Zergatik, panpox? (Arantxa Urretabizkaia), Otto Pette (Anjel Lertxundi) eta Obabakoak (Bernardo Atxaga) landu dituzte; oraingoan, ordea, liburu zaharrago bat aukeratu dute: Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, «Euskara, jalgi hadi plazara» lelopean.
Euskarazko lehen testu inprimatua dugu Etxepareren hau. Erlijioa, maitasuna eta emakumeen gaineko olerkiak biltzen ditu, eta euskarari gorazarre egiten dion azkenik. Jatorriz 1545an argitaratu zen; Euskaltzaindiak, ordea, faksimilea kaleratu zuen 2013an.
Klasikoen irakurraldia ekainean egingo dute Bilbo Zaharra Forumekoek; edonola ere, prestaketa gisa, hiru ekitaldi antolatu dituzte aste honetarako:
Martxoaren 2an, asteartearekin, Patri Urkizu eta Iñaki Aldekoa gonbidatu dituzte. Etzi, berriz, martxoaren 3an, Xabier Amuriza eta Korrontzi taldearen txanda izango da. Azkenik, martxoaren 4an, Itxaro Borda eta Ibon RG igoko dira oholtzara. Ekitaldi guztiak 19etan hasiko dira, eta Bilboko Plaza Barrian egingo dituzte, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Albiste honen uberan
Aurreko urteetako ekitaldien berri izan nahi baduzue, Bilbo Zaharra euskaltegiak material mordo bat dauka bere webgunean. Hemen aurkituko duzue.