Albisteak

Booktegik eta Nafar Ateneoak «Heptamerona» euskaratu nahi dute

Asteartea, 2021-07-13

Heptamerona, Margarita Nafarroakoak idatzitako liburua, euskaratzeko egitasmoa abiatu dute Booktegik eta Nafar Ateneoak. Diru-bilketa antolatu dute horretarako, itsulapikoa.eus atarian.

 

Heptamerona –Margarita Nafarroakoak idatzitako liburua– euskaratzeko egitasmoa abiatu dute Booktegik eta Nafar Ateneoak.


Heptamerona: liburu garrantzitsua Nafarroarentzat

Margarita Nafarroakoak Heptamerona idatzi zuen 1559an. Frantsesez idatzi zuen, eta lana ez da inoiz itzuli euskarara. Antolatzaileek adierazi dutenez, «itxialdi batean kontaturiko narrazioak biltzen dira, eta 2020ko itxialdian sortu zen euskarara ekartzeko egitasmoa». Guztira hirurogeita hamabi ipuinek osatzen dute liburua, eta zortzi egunetan antolatuta dago narrazioa.

Liburu itzultzeko hainbat motibo azaldu dituzte; batetik, «klasiko bat da» liburua, «Nafarroakoa», eta, horrexegatik, «gizarte osoarentzat berreskuratu nahi» dute, «baita nahi duten irakurle guztien eskuetara helarazi ere». Bestalde, egileak eta liburuak Nafarroan duten garrantzia «agerikoa» dela adierazi dute, eta, gainera, kontuan izanik «hainbat ipuinen ikuspuntu aurrerakoiak–besteak beste, genero-ikuspegitik–», iruditzen zaie liburua «erakargarria» bihurtzen dela gaur egungo irakurleentzat.

Itzulpen-prozesuari dagokionez, liburua osorik itzultzeko asmoa dutela esplikatu dute, urtero egun bateko ipuinak euskarara ekarriz: «Lehenengo eguna dagoeneko itzuli dugu, baita azala prestatu ere». Urtero, «jendaurrean» irakurriko dute itzulitakoa, eta irakurraldian «ahalik eta lagun eta erakunde gehienek parte har dezaten» ahaleginduko dira. Iruñean gauzatu nahi dute lehen irakurketa-saioa.

Liburua formatu digitalean argitaratuko da Booktegin.eus-en. Hala ere ez dute baztertzen paperezko formatuan ere plazaratzea: «ahal dela, horixe nahi genuke» amaitu dute.


Diru-bilketa martxan

Egitasmoa aurrera ateratzeko eta itzulpen-lana finantzatzeko, diru-bilketa bat abiatu dute itsulapikoa.eus atarian. 4.000 euro lortu nahi dituzte minimo gisa; halere, 6.000 euro litzateke kopuru optimoa. Uztailaren amaierara arte egin daiteke ekarpena, eta hiru motakoak egin daitezke.

Batetik, 10 euro emanez gero, argitaratuko den liburuan norbere izena azalduko da parte-hartzaile bezala. 20 euro emanez gero, berriz, norbere izena agertzeaz gainera, urriaren 2an Iruñeko Kondestablen gauzatuko duten irakurraldiko mokadura joateko gonbita jasoko du emaileak. Azkenik, nahi duenak diru gehiago eman dezake, eta bigarren modalitatekoen sari bera jasoko du.

Proiektuari laguntza eman nahi badiozu, jo hona.


 Albiste honen uberan

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)