“Edipo eta Yokasta” pieza laburra oholtzara gaur, Xabier Lopez Askasibarren testu batekin
Osteguna, 2020-02-20Lautan hiru antzerki jaialdiaren barruan Edipo eta Yokasta izeneko pieza estreinatuko dute gaur. Pieza honek Cafe Bar Bilbaok 2010ean saritutako Xabier Lopez Askasibarren pieza du abiapuntu, Piztu gabeko zigarroak.

Hiru piezekin osatu dute “Lautan hiru” zikloko hirugarren saioa:
Edipo eta Yokasta
Irati Agirreazkuenaga eta Arantzazu Sanz
Euskaltzaindia | 19:00 | 20ʼ
Bakean dagoena bakean utzi
Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena
Zazpi Katu gaztetxea | 20:00 | 25ʼ
ETAren agiri bulegoa
Galder Perez eta Ane Zabala
BIRA Kultura | 21:00 | 25ʼ
Hiru piezen arteko lehena, Edipo eta Yokasta antzerki laburrak, Cafe Bar Bilbaon saritutako testu bat du oinarri: Xabier Lopez Askasibarren Piztu gabeko zigarroak obrak saria jaso zuen 2010ari dagokion edizioan. Garai hartan elkarrizketa egin genion Uberanen egileari, eta honakoa esan zigun:
Ediporen mitoa gaur egunera ekartzea interesatzen zitzaidan; gainera, greziar tragedietan bakarrizketaren kontzeptua oso hedatua dago eta hori probestu nahi nuen. Gaur egungo hiri handi batean kokatuz eta pertsonaia marjinatuekin jokatuz, hitz egiteko modu lirikoa eta irudi poetikoak baztertu gabe. Ez dira erregeak edo jainkoak, baina ez dute galdu hizkuntza jasoan hitz egiteko aukera, agian hori delako geratzen zaien gauza bakarra lokatz artean murgilduta. Bakardadea, etorkizun eza eta geure bizitzen norabidea kontrolatzeko ezintasuna jorratu nahi nituen; gai horiek lantzeko, mito hau ezin aproposagoa iruditzen zitzaidan.
Gerora Booktegik ere plazaratu du testu hau, 2019an. Honatx sinopsiak dioena:
Dramaturgia estilo-ariketa moduan sortu zen Piztu gabeko zigarroak, hurrengo premisa hauek jarraituz: bi bakarrizketen bitartez istorio bakarra zeharkatzea, autore garaikide ezagun baten estiloa neureganatzea eta Ediporen tragedia famatua beste modu batean kontatzea. Beti izan baita aberatsa trabak jartzea idazketari, sorkuntzan bide berriak bilatzeko.
Gaur ikusiko dugun antzezpenean Edipo eta Yokasta izenburu hartu du lanak. Jatorrizko testuak hori zuen izen osoa, Piztu gabeko zigarroak. Edipo eta Yokasta, eta Mikel Martinezek egin duen jatorrizko testuaren moldaketan tituluaren bigarren partea hartu dute. Martinezen berak azaldu digunez, iaz Pabiloi 6an irakurketa dramatizatu modura aurkeztu zuten, eta oraingoan beste buelta bat eman diote antzerkiruntz bertsioruntz gehiago lerratuz.
Moldaketaren harira egin dituzten aldaketak ere azaldu dizkigu Martinezek "Testu originalean bi monologo independienteak dira. Bi pertsonaia pasarte bera kontatzen, hasi eta bukatu, lehenengo bat, eta gero bestea. Mondaketan monologoak lotu, inbrikatu, tartekatu ditugu, eta eduki batzuk (gutxi) aldatu. Horrez aparte aparte Prologo bat eta epilogo bat gehitu diogu. Obraren hasieran, prologoan, aktoreek azaltzen dute Piztu gabeko zigarroak, Xabier Askasibarrena “irakurriko” dutela", baina gero gauza joku teatrala bilakatuko da. Arantzazu Sanz eta Irati Agirreazkuenaga dira aktoreak, Martinezek berak zuzendu du pieza.
Goiatz Labandibarren Salaketa ere oholtzara
Ez da azkenaldian "Lautan hiru" jaialdian taularatu dute Cafe Bar Bilbao sariketako lan bakarra. Aurten saria jaso du Goiatz Labandibar idazlearen Salaketa obra laburrak, eta Mikel Martinezek eta Gaizka Chamizok irakurri zuten. Jarraian ikusi dezakezue irakurraldia osorik: