Albisteak

Azokaren Uberan: Ekin eta joka, euskal antzerkiaz azken ikerketak

Osteguna, 2018-12-06

EHAZE antzerkizale elkarteak saiakera kolektibo berria aurkeztuko du Durangoko Azokan: Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz. Gaur bertan aurkeztuko dute liburua, 11:30ean Ahotsenean. Horrez gain, aurten publikatu dien Eztena-liburuak proiektuko nobedadeak ere eramango ditu bere standera.

Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz liburua hainbat ikerlariren ekimenez sortu den proiektua da. Azken urteetan egin diren sei ikerlanen bertsio laburrak elkarrekin argitaratzea zuten egileek asmoa, Amaia Alvarez Uriak koordinaturik. Bakoitza ikerlan banaren egile izanik, guztiek zuten kezka bera: euskal teatroaren testuinguruan azterketa eta gogoeta mailan dagoen hutsunea betetzen hastea, izan memoria historikoa edo teatro garaikidearen azterketa. Haiei hitzaurre eta hitzoste bana gehitu dizkiote ondoren, zortzi artikulu biltzen ditu beraz Ekin eta Joka liburuak.

EHAZE-EkinEtaJoka-azala

Egileak materiala antolatu eta ondoren jarri ziren EHAZE elkartearekin harremanean. EHAZEko kideek berehala ikusi zuten proiektu honen interes eta beharrezkotasuna, eta edizio prozesuari ekin zioten elkarrekin. EHAZEk duela bi urte ekin zion argitalpen ildo propio bat gauzatzeari. Orain arte bi ildo nagusi izan dute argitaratutakoek, testuak eta sormen prozesua batetik (Arrastoak, Stereo) eta saiakera bestetik (Arestiren nazioa, antzerkia).

Hauek dira liburuan bildu diren artikuluak eta haien egileak:

-Patri Urkizu, Hitzaurrea: Euskal teatroaren azken ikerketez gogoeta xume batzuk.

-Amaia Alvarez-Uria, Katalina Eleizegi, zurian beltz taulan hezur-mami.

-Ixabel Etxeberria, Piarres Larzabalen obra (1951-1982), euskal identitatearen paradigmak.

-Idoia Gereñu, Teatroan izan ginenaz. XX. mendeko hiru aro esanguratsu.

-Karlos del Olmo, Aresti, euskal antzerki garaikidearen harroina.

-Arantzazu Fernandez, 70. hamarkadako belaunaldia: Errautsak (2010). Antzerkigintzaren norabide aldaketa.

-Agus Perez, Hamaika puntu kardinalak.

-Jaime Valverde, Hitzostea: Memoriaren elkarlana.

Honela aurkeztu dute EHAZEko kideek liburua:

EHAZE-Antzerkizale elkarteak plazer handiz aurkezten dizue Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz liburua. Azken urteetan gauzatu diren sei ikerlanen edo ikerbideren laburpenak, eta haiei testuinguru historikoa jarri dieten hitzaurrea eta hitzostea. Denera zortzi izen euskal teatroaz gogoetan liburu bakarrean: Patri Urkizu, Amaia Alvarez Uria, Idoia Gereñu, Ixabel Etxeberria, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez eta Jaime Valverde. Egile hauek aspaldi zerabiltzaten gomutan euskal teatroaren ikerlan beharrak eta hutsuneak, eta, pausoz pauso, liburu hau osatu dute: bakoitzak bere esparrutik eta eginahaletik landu dituen gaiak batu eta horren bitartez euskal teatroari beste begirada bat luzatzen hastea izan dute helburu. Beraz, esku artean duzun hau ez da historia-liburu bat, baina bai ahalegin historiko bat.

Aurtengo antzerki nobedadeak

Ekin eta joka saiakeraz gain, 2018an beste lau tituluk gutxienez ikusi dute edo ikusiko dute argia. Urtero lau eta bost antzerki liburu plazaratu dira azken urteetan, izan testuak ala saiakerak. Kopuru oso txikia izanik ere, berpizte moduko bat iradokitzen du aurretik zegoenarekiko.

eztena-logo

Aurten hiru titulu Eztena-liburuak proiektutik etorri dira. Edizio xumeak dira Eztenarenak, nolabaiteko “gerrilla-liburuak” direla aipatu izan dute arduradunek, eta haien asmoa batez ere dramaturgia berriei eta proiektu arriskatuei bisibilidadea ematea. Liburu hauek EHAZEren standean egongo dira salgai, honatx tituluak:

-Zapatak, Joxemari Carrererena. Antzezlan hau 2009an estreinatu zen Eztena jaialdian bertan, eta egun oraindik ere antzezten da. Ainhoa Alberdi aktoreak eta Ainara Gurrutxaga zuzendariak eraman zuten oholtzara, eta haien arteko elkarrizketa bat ere badakar liburuak, sortze prozesua gogoetagai.

Ikus hemen Uberanen egileari eginiko elkarrizketa: "Neoliberalismoak eta kapitalismoak pizten dituzten gerra basatien kontrako testua da, funtsean".

-Aitaren larrua, Tripak kolektiboarena. Gasteizko lau sortzailek elkarrekin sortutako lehen lanaren testua. Lan esperimentala izan zen Aitaren larrua, beste arte diziplina batzuen eraginpean sortutakoa, eta bertan testuaz gain sormen prozesuari buruzko gogoeta labur bat ere plazaratu dute.

Ikus albistea Amuak atalean.

-Ametsen faktoria, Jose Martin Urrutia “Txotxe”rena. Txotxe euskal antzerki zuzendari eta idazle ezaguna izan da euskal teatroan, urte luzez Durangoko Karrika antzerki taldearekin elkarlanean jardun dena. Txotxe aurten zendu da, eta hori dela eta haren lana omentzea eta aldarrikatzea du xede liburu honek.

Ikus Anboto aldizkariak plazaratu duen artikulua: Ilusio handiz hartu dugu Txotxek idatzitako 'Ametsen faktoria' antzezlana liburura eramateko ideia.

Urteko beste argitalpenak

Oier Guillanek Donostia Hiria Kutxa Saria jaso ostean publikatuko du, abenduan bertan, Aire ikusezina antzezlana. Egileak berak udaberrian plazaratu zuen Zauri Bolodia lana Txalapartarekin, nobela gisa aurkeztua izan den arren antzerkiari buruzko saiakera bat izatetik oso gertu dagoena.

szenatokia_logoa

Szenatokia

Durangoko San Agustin antzokiak antolatua antzerki programazio oparoa antolatu dute egun hauetarako. HEMEN ikus dezakezue egitaraua osorik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)