Albisteak

"Ele emez" izenburupean, Hitzen Lihoa ekimena antolatu dute bigarrenez Oiartzunen

Asteazkena, 2019-11-20

Iaz Xabier Leteri buruzko monografikoarekin abiatu ostean, aurten "urteetan ezkutuan utzitako euskal kulturaren hari solteei" jarri nahi diete arreta, "emakumeek irundakoei". Jarraian ikus dezakezue egitaraua osorik.

Jarraian antolakuntzako lagunek bidali diguten azalpena, eta egitaraua:
HITZEN LIHOA 2019: ELE EMEZ

Literaturaren, musikaren, antzerkiaren, bertsolaritzaren… kulturaren hariei korapilo zaharrak begiratzeko eta berriak katramilatzeko helburuz sortu genuen, Oiartzunen, Hitzen Lihoa ekimena. Bigarren edizio honetan, urteetan ezkutuan utzitako euskal kulturaren hari solteei jarri nahi genieke arreta: emakumeek irundakoei. Alde batetik, atzera begira jarrita, orain arte kulturgintzan aritu izan diren zenbait sortzaile emakumeren lanak gogoratu nahiko genituzke eta, horrekin batera, gaur egun ari direnenak erakutsi. Txirikorda osatzeko hirugarren haria herritik jaso nahi genuke eta herriko sortzaileek euren eskuz ondutako lihoen uzta bildu. Emakumeen begiradaz, ahizpen doinuz, amen mugimendu eta alaben oihuz… ele emez irun nahi genuke euskal kulturaren lihoa, ehunari zuloak eta zauriak ixteko.

Emakumeek sortutakoak gogoratzeko ekarri ditugu aurtengo egitaraura Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox nobelaren irakurraldia -euskal literaturan emakume batek plazaratutako lehen nobela-, eta lan horretan oinarritutako filmaren emanaldia; Memoriatik erbesteratutako sortzaile emakumeak berreskuratuz: 36ko Gerra aurreko mugimenduak mahai-inguruan arituko dira Aurkene Astibia, Gurutze Ezkurdia eta Iratxe Retolaza, Goiatz Labandibarrek gidatuta; Muga deitzen da pausoa dokumentala, Maider Oleaga zinegileak Elvira Zipitria lehen ikastolaren sortzaileaz egiten duen bilaketa azaltzen duena; Andre eta Jabe ikuskizuna, euskal emakume poeten bizitzak eta ahotsak plazaratuko dituzte Eider Perezek eta Leire Etxezarretak; eta Hariak sentikaria, Joseba Peñaren izen bereko nobelan oinarrituta, gure amak eta amonak lotzen dituen hariaz hausnartzera garamatzana. Egun sorkuntzan ari diren emakumeen lanei ere lekua egin diegu -tartean dira herritarrak-: Ainara Lasaren Aldarea instalazio-performanceak hasiera eta zentzua emango die Begoña Bergaretxeren organoko doinuei, AMAK taldeko trikitilarien emanaldiari eta Zuberoako plazetan emakumeak izan ez duen lekua aldarrikatzen duen Topa Noka-ko dantzariei; Ines Osinagaren kontzertua; eta Goiatz Labandibar idazle oiartzuarraren Behin mundua berea izan zen lanean oinarritutako antzezlana, Lohizune Telletxea eta Luix Mitxelena oiartzuar gazteen eskutik.

 

IMG-20191118-WA0010

Hauxe da egitaraua osorik:

Azaroak 23:

19:00etan, San Esteban Elizan: Aldarea instalazio-performancea, musika eta dantza emanaldia. Ainara Lasa Perez, Begoña Bergaretxe, AMAK eta Topa Noka.

Azaroak 24:

10:00etan, Udalbatza Aretoan: Zergatik, panpox irakurraldi ozena.

10:00, 11:00 eta 12:00etan, Bibliotekan: Zergatik, panpox filmaren emanaldia.

Azaroak 28:

19:00etan, Udalbatza Aretoan: Memoriatik erbesteratutako sortzaile emakumeak berreskuratuz: 36ko Gerra aurreko mugimenduak  mahai-ingurua. Hizlariak: Aurkene Astibia, Gurutze Ezkurdia eta Iratxe Retolaza. Gidaria: Goiatz Labandibar. 

Azaroak 29:

19:00etan, Udalbatza Aretoan: Muga deitzen da pausoa dokumentala.

22:00etan, Bibliotekan: Andre eta Jabe ikuskizuna.

Azaroak 30:

22:30ean, Udalbatza Aretoan: Ines Osinagaren kontzertua. Sarrerak Kastro Berrin egongo dira salgai, 8€an (egunean bertan 10€).

Abenduak 1:

18:00etan,  Udalbatza Aretoan: Behin mundua berea izan zen antzezlana. Luix Mitxelena eta Lohizune Telletxea. Jarraian: Hariak sentikaria. Sarrerak egunean bertan, 5€an.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)