Albisteak

Etzi abiatuko da Hi(zki)bridoak zikloa, Bilboko Euskararen Etxean

Asteartea, 2020-02-25

Hi(zki)bridoak izeneko zikloa antolatu dute Bilboko Euskararen Etxean, literatura mutanteak biltzeko. Ostegunean, hilak 27, Buztinezko etorkizuna izeneko emanaldia eskainiko dute Itxaro Borda idazleak eta Ibon RG musikariak. Ondoren, maiatzera bitarte, beste lau ekitaldi egingo dituzte. Albiste honetan bildu dugu egitarau osoa.

Hi(zki)briboak, literatura mutanteak izeneko zikloa antolatu dute Bilboko Euskararen Etxean. Literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak bilduko dituzte, “letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak”, izan ere, antolatzaileen esanetan, “mutaziorik gabe ez legoke aldaketarik, eta aldaketarik gabe ez dugu eboluzionatzen”.


 

Etzi, Buztinezko etorkizuna

Etzi, hilak 27, egingo dute lehenengo ekitaldia, ostegunarekin. Buztinezko etorkizuna izeneko emanaldia eskainiko dute Itxaro Borda idazleak eta Ibon RG musikariak, arratsaldeko 19:30etan hasita.

“Kolapsologoek aipatzen duten munduaren leherketa hurbila dauka ardatz Itxaro Bordaren idazkiak. Kutsadura, gaixotasunak, errepresio soziala, naturaren menderaketa osoa: gure altzairuzko, beirazko eta burdinazko planeta zati honen etorkizuna buztinezkoak baizik ez balitz funtsean? Idazlearen ahots apokaliptikoari sakontasuna ematen dio Ibon RG musikari ospetsuaren Korg sintetizadorearen auhen elektroniko kasik humanoak”.

156Irudia: Dani Blanco (Argia)


Egitaraua

Etzi hasita, zikloak maiatzera bitarte iraungo du, jarraian dituzue hurrengo ekitaldiak.

Martxoak 25

Muga

Anfetamiņa Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa

20:30ean.

Xabier Montoiaren Anfetamiņa liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiņa, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iņigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iņigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goņi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa. David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da historia…


 

Apirilak 23

Bertso saio literarioa

Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza

19:30ean.

Mari Luz Estebanek kantuan jarriko ditu Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio. Idazleak pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkie. Hiru ahots elkarlanean. Erregistro guztiak lantzeko ahalbidea ematen du. Bertso-saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da. Ahots mutazioak.


 

Maiatzak 15

Habiak

Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa, eta Anari taldeak Habiak joko du zuzenean

19:30ean

Musika eta artea lotzen dituen ekitaldia da, zeina Anariren Habiak diskoaren inguruan ardazten den: erakusketa kolektiboa izango da eta diskoan bildutako hamabi kantuen interpretazio plastikoak bilduko ditu –maiatzaren 30era arte izango da ikusgai-. Anari taldeak Habiak joko du zuzenean; denbora zeharkatuko duten soinuak. Booktegik, halaber, erakusketari buruzko katalogo-argitalpena plazaratuko du bere plataforma digitalean.


 

Maiatzak 28

Orainmenean

Txakur Gorria Sormen Kolektiboa

19:30ean

Bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)