Albisteak

"Euskal antzerkiaren lekua" aztergai ostegunean Azpeitian

Asteartea, 2019-11-19

"Euskal antzerkiaren lekua" izeneko jardunaldia ant0latu dute hainbat eragilek Azpeitiko Antzerki Topaketen baruan, euskarazko teatroa gogoetagai izateko. Ponentziak, mahai-inguruan, aurkezpenak... Liburugintzari dagokionez, Ganbila (Susa-EHAZE) eta Garazin antzerki (Maiatz) proiektuak ezagutzeko aukera egongo da.

Honatx antolakuntzatik helarazi diguten informazioa:

"Euskal Herriko hainbat eragileren lankidetzari esker abian da egitasmo berri bat.

Euskarazko antzerkigintzaren topalekua, arnasgunea, babestokia, itsasargia izan nahi duen hitzordua proposatu nahi dugu, Euskal Antzerkiaren Lekua. Izan ere, euskarazko antzerkiak behar du bere leku berri bat gure lurralde zahar honetan, merezi du leku duinago bat gure kultur paisaian, eman behar zaio leku bereziago bat gure agendan, erabakietan, sormenean, hezkuntzan, maitasunean eta politikan...gure bizitzan. Eta zein hoberik Azpeitia baino guzti horri tokia emateko. Ia berrogei urtez Euskal Antzerki Topaketak euskara hutsean antolatzen, azken urteetan euskarazko antzerkigintzaren dinamika auspotzen eta antzerki sormenari bere abaroa eskaintzen dion herria. Azpeitia da euskal antzerkiaren lekua.

Lehen hitzordu honetan, euskarazko antzerkigintzan diharduten hainbat aritu eta aditu bilduko gara egun osoko jarduna partekatzeko. Euskarazko antzerkigintzako agente desberdinek osatzen dugun balio kate guztia agerian jarri eta guztiok biltzen gaituen argazki aberatsa osatu nahi dugu. Elkarrekin ditugun erronketaz solastu, gabezietaz hausnartu, lorpenak partekatu, ezagutzak batu eta lankidetza sareak osatu nahi ditugu guztiok batera bide berri bat marrazten hasteko. Ezagutzeko, gozatzeko, pentsatzeko eta batik bat eraikitzeko koordenadak adostera goaz.

Ordea, afera honetan ez gaude bakarrik, hainbat bidelagunekin indarrak batuz eskutik helduta goaz. Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Euskadiko Antzoki Sarea, Nafarroako Antzoki Sarea, Azpeitiko Udala eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatiba elkartu gara indar metaketa berri honetan. Ez gara gutxi eta gehiago izan nahi dugu, euskarazko antzerkigintzari bere lekua emateko.

Plazer handiz, gonbidatuak daude euskarazko antzerkigintzan diharduten antzezle, zuzendari, programatzaile, gidoigile, konpainia, banatzaile eta bestelako eragile oro.

Parte hartzea doakoa da eta izena eman beharko da HEMEN."

Jardunaldiko egitaraua osorik:

LEKUA_EGITARAUA

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)