Albisteak

Euskal Herriko historia emakumeen bitartez kontatua, "Baginen" liburu ilustratuan

Osteguna, 2020-06-11

Cira Crespo Cabillo historialariak eta Elena Ziordia Dominguez ilustratzaileak elkarrekin osatu dute Baginen liburua, "Euskal Herriko historia emakumeen bitartez". Txalaparta argitaletxearekin publikatu dute liburua.

Azken asteetako egoeraren ondorioz, oraingoz ez dute liburua aurrez-aurre aurkeztuko, baina liburu-dendetan eskuratu daiteke jada. Honatx liburuaren aurkezpenak dioena:

"Izan ginela badakigunez, nor izan ginen eta zer egin genuen galdetu behar. Horiei erantzun nahian, artxibo lan zorrotza egin dute Cira Crespo historialariak eta Elena Ciordia ilustratzaileak kutsu literarioko azterlan hau eraikitzeko. Historiaurretik abiatu eta gure garaira arte, berrogeita hamar emakume baino gehiago aurkezten dizkigute, norbanakoak eta taldeak, betiere bizirik ez daudenak, bizi direnak beren historia idazten ari baitira oraindik. Helburua, argia: zenbait emakumeren bizitza ezagutarazte hutsetik harago, historia kolektibo bat eraikitzeko oinarriak jartzea, hots, Euskal Herriko iruditeria zimenduetatik eraberritzea.

Norbanakoen eta kolektiboen izenen bitartez, historiari identifikazio bat jartzen zaio, eta horrek irakurleari lagunduko dio harekiko posizio bat hartzen; ilustrazioak, berriz, tresna historiko aparta dira emakumeon presentzia gorpuztuaren kontzientzia hartzeko eta garai jakin batekin lotzeko. Horrela, ordena kronologikoan aurkezten zaizkigu baronesak, hiltzaileak, bertsolariak, eraikuntzako langileak, inprimatzaileak, kontrabandistak, medikuak, tabernariak, artistak, bai eta senide, alaba, alargun eta amak ere. Dibulgaziozko lan ilustratu hau historia birpentsatzeko oinarri ezinbestekoa da, ahalik eta kontaketa osoenaren bidean."

cira_liburuarekin

1980 Bartzelona (Barcelona, Països Catalans)

Historian doktorea da, Antzinaroa adarrean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Badira hamar urte Euskal Herrian bizi dela, eta bertan hasi da beste gai batzuk lantzen. Amatasunaren eta emakumearen historiaren dibulgazioan jardín du batez ere; ildo beretik, besteak beste, Maternalias. De la historia de la maternidad (Ed Obstare, 2013) monografia kaleratu du, eta Mujeres que cambiaron la Historia (2018) eta La mujer en la Antigüedad Clásica (2015) kultur ikastaroak prestatu eta eman ditu Gasteizko gizarte-etxeetan. Amen artean tailerrak ere antolatu ditu Jabetze Feministarako Eskolan. Hainbat hedabidetan parte hartu du; azkenaldian, esate batera, Alea astekariko zutabegile dabil.
elena_liburuarekin

1964 Ortuella (Bizkaia, Euskal Herria)

Ortuellan jaio bazen ere, Gorlizen bizi da azken 20 urteotan. Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, pintura espezialitatearekin, eta hainbat erakusketa egin ditu, bai berak bakarrik eta bai taldean (Bartzelona, Madril, Bilbo, Valentzia, Valladolid eta abar). Norbanakoentzat eta zenbait museo eta instituziotarako lanak egin ditu, esate batera, Naif Arteko Nazioarteko Museoa (Jaen), Posta eta telegrafo Museoa (Madril) eta Bilboko Ospitalea. Azken urteotan, ilustrazioa landu du gehienbat; bide horretan, zenbait liburu ilustratu ditu, kasurako, Guggenheim Bilbao Experience (Guggenheim museoa), 30 emakume ahaztezin (Emakunde) eta IV. BizkaIdatz Txikia (Bizkaiko Foru Aldundia).

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)